Txotxekin eraikitako mundu berriak

2012-06-01
Urretxuko Lourdesko Ama ikastola izan zen nire aurreneko eskola, duela berrogei urte pasatxo. Eta garaiak kontuan hartuta, esatea daukat eskola berritzaile batean ibilitakoa naizela: euskaraz eginiko testu-liburuak izan genituen; euskal literatura ezagutu eta ber­tsotan trebatu ginen; gure historia eta kulturaren berri jaso genuen; Euskal Herriko mapa fisikoa eta politikoa marrazten genuen ia egunero –nik neuk Euskal Herria urez inguratutako uhartea bat zela irudikatzeraino–; euskal kantagintzaren errepertorio osoa ikasi genuen; ordura arte mutilentzat bakarrik ziren kiroletan zaildu ginen neskak; elastiko zuri-berde-gorria estreinatu genuen; antzerkia egin genuen; dantza talde bat eta abesbatza bat osatu genituen, euskaraz alfabetatu ginen… Heziketa guztiz berria eta berritzailea, zalantzarik gabe. 
Lastima, ez gara sexu-heziketa jaso zuten belaunaldikoak izan! 
Atzera begira, ordea, eskola garaiko oroitzapen bat daukat batez ere nik gogoan: hiruzpalau urte nituenekoa ­izango da, ume tropa handi bat, ni tartean, lurrean eserita denbora luzean txo­txekin jolasten ginen. Orduan, orain bezala, txotxekin letrak osatzen saia­tzen nintzen ni. Beste batzuek kamioiak eraikiko zituzten, edo etxeak, ­edo espazio-ontziak; baten batek izango zuen ilaran jarri eta txotxak zenba­tzeko joera; leihotik begira denbora-pasa egongo zenik ez zen faltako, edo aldamenekoa zirikatzen, eta baita baloiari ostiko batzuk emateko kalera irteteko amorratzen ere. Guztiok genuen lekua gela hartan.
Urteak ez dira alferrik igaro, eta ­txotxa-saio haiek hasi dira beren fruituak ematen; gaur egun, letrak osatzeaz gain, ipuinak idazteko gauza ere banaiz.
Gure seme-alabak Urretxu-Zumarragako ikastolara joaten dira gaur ­egun, ni ibilitako eraikin berera, futbol-zelai berean jostatzen dira, eta euren andereño batzuk nireak izandakoak dira. Eta nik ez diot eskola berritzaile bati uko egin. 
Horregatik pentsatzen dut edozein heziketa lanarekin batera, haurrari hazten lagunduko dion eskola lehenetsi behar dugula. Hazteak geure buruaz ­eta munduaz dugun irudia gorpuztea, forma ematea, eraikitzea eskatzen du. Sormen ariketa horretan trebatzeko haurrak garatu beharko ditu baliabi­deak, gaitasunak eta konpetentziak. Baina, gainera, ezinbestean landu beharko du irudimena. 
Irudimena gure errealitatetik abiatuta, mundu berriak sortzeko gaitasuna dela dio hiztegiak. Eta nik esango nuke gure mundua birsortzeko premia handia dugula.
Hori dela eta, ikastolak, akaso, berraztertu beharko luke adin guztietako ikasleak lurrean eserita jarri, eta irudimenari bide emanez, txotxekin josta­tzeko denbora hartzea.