Gasteizko BIBAT Museoa. Museo berrian, historiarik zaharrena

2012-10-01

Gasteizko museorik berriena da, baina, hiriko, eta are gehiago, Araba osoko lekukotasun zaharrenetakoak erakusten ditu. Berriena da Bibat, Arkeologia museoa eta Karten museoa zirena —Arabako Arkeolo­gia Museoa eta Fournier Karta Museoa— batu ondoren ireki baitzituen ateak Bibatek, Gasteizko bihotzean, Aiztogile eta Pintoreen kaleen artean, 2009ko martxoaren 29an. Beraz, eraikin berean, bi bidaia egiteko proposamena egiten du Bibat museoak, batetik, Arabaren —eta beraz, Euskal Herriaren— antzinatera eta, bestetik, Gasteizentzat hain bereizgarria izan den Heraclio Fournierren bildumara, munduko bost bilduma garrantzi­tsuenen artean dagoen karten sorta ezagutzera. Guztia, azken finean, ondare beraren zati da, Arabaren historiaren zati.

 
 
Alde Zaharreko bihotzean, Santa Maria katedrelerako bidean, Bendaña jauregi ederra eraberritu du Patxi Mangado arkitekto nafarrak Bibat museoa egiteko. Eraldaketak eraldaketa, ezaugarri gotiko eta errenazentistak mantendu ditu eraikinak, Gasteizko historiaren parte garrantzitsu dela erakusten baitu. Alde Zaharreko zurrunbiloan ­atseden gune bat da museoa. Bertan, ­ikusleak nahi duen solairutik has dezake Arabako ondarea ezagutzeko bisita: Kartak bezain gauza fin eta artistikotik, edo kristo aurreko laugarren mendeko xabalinak edo sastakaiak ikusiz, adibidez. Museo bakoitza bere aldetik bisita bailiteke. 
Arkeologia museoan, kasurako, 4.200 metro koadroko azaleran, denborak atzera egiten du arrapaladan. Brontzezko xaflez inguratua, kanpotik kutxa trinko eta hermetikoa dirudi museoak, eta barrutik iradokitzailea eta magikoa da, eta sartzearekin batera, antzinatera egingo du bidaia haurren —eta helduen— irudimenak, Paleolito garairaino. 
Lehen solairuan, arkeologia bera ­ezagutuz hasten da bisita, lan metodoak ezagutzeko aukera baitago. Ondoren, menderik mende, Euskal Herriko ingurune hauetan bizi izan ziren jendarteek eta haien bizimoduak izan duten garapenaren berri ematen da Arabako ondare arkeologikoaren bidez. Lehen solairuan Brontze Aroa bitarteko materialak ikus daitezke. Bigarren solairuan Burdin Aroak lurraldean izan zuen garapena ikus liteke. La Hoyako nahiz kristo aurreko antzeko beste zenbait herrixkatako materialak ikus litezke solairu horretan, Arabako indusketa garrantzitsuenetan ateratako lanabesak, etxeko tresna, edota bitxiak, eta baita hilobi bat ere. Azken gunean erromatarren garaiak dauka protagonismoa, eta bizitza militarraren arrastoak ­ikus litezke, haiek erabili zuten material militarra adibidez, edota legionarioek eguneroko elikagaia lortzeko erabil­tzen zuten errota eramangarri bat, besteak beste. Horrez gain, antzinateko azken garaiko nekropoli bat ikus liteke —Aldaietakoa, VI-VII. mendeetakoa—, eta, bisitaren amaieran, Erdi ­Aroraino ­iritsiko da ikuslea.
Antzinatetik Erdi Aroraino, ehunka pieza daude ikusgai Bibat museoaren bigarren eta hirugarren solairuetan, eta gaur eguneko arkeologia jardueretako tresnak gehiturik, orotara, 1.500 pieza baino gehiago daude ikusgai. Tokian tokiko indusketetan berreskuraturiko benetako materialak ikusteaz gain, ­Arkeologia museoak horien erabilera ulertzen laguntzeko, eta ondorioz historiaurreko nahiz antzinateko arabarren historia interpretatzeko ikus-en­tzunezkoen, idatzien eta ilustrazioen bidez historiaren narrazioa osatu du.
Kartak ere, ondare
Fournierren bilduma da  jauregi honetako bigarren museoa, eta berau, 
esan bezala, munduko karta-sorta garrantzitsuenen artean dago sailkatua. Museoan 250 karta sorta daude ikusgai, karta itxurarik ez duten kartak, irakatsi eta ikasteko erabili izan direnak, eta joko eta iragarpenerako erabil daitezkeen kartak, besteak beste. Alabaina, kartak ez ezik, ekoizpen prozesua eta Gasteizko Heraclio Fournier etxearen historia ere ­ezagutzeko bidea ematen du, ibilbide historiko, tematiko eta teknikoa baitago ikusgai Bibaten. 
Munduko kontinente guztietako kartak ezagutzeko ibilbidea Bendaña jauregiko patioan hasten da. Erdi Aroko karta batzuk daude han ikusgai, Italian eta Alemanian eginiko bi sorta, hain zuzen ere.