Ikastetxeen autonomiak ba al du eraginik ­ eskola-arrakastan?

2012-10-01

Aditu askoren iritziz, irakatsi eta ­ikasteko prozesu nagusiak biltzen dituen oinarrizko gunea da ikastetxea, herritarron hezkuntza-eskubideak gauzatzeko eremua, hain zuzen. Izan ere, hezkuntza-prozesu asko eskolan gertatzen dira. Hortaz, hezkuntza-­aukera eraldatzaileak zehazteko eta kalitate-maila gorena lortzeko testuingurua da eskola. Eskola onak izatea, ­eskubidea izateaz gain, helburua ere bada, herritarron, administrazioaren ­eta hezkuntza-sistemen ukaezinezko helburua.

 
 
Gauza jakina da ikastetxe bakoitzean garatu beharreko hezkuntza-ildoa eta, neurri batean, eskola-emaitzen ­arloan ikastetxeen artean egon daitezkeen aldeak hainbat aldagairen mende egon daitezkeela: ikasleen askotariko kultura-ondareak, egoera sozialak eta linguistikoak eta horrelakoek zeresan handia dute horretan. Beraz, hezkun­tza-ekimena testuinguru jakin batean planifikatu eta bideratu behar dugu.
Europako Hezkuntza Batzordeak txosten bat argitaratu zuen 2007an. ­Txosten horren arabera, Espainiako ­estatuko eskolek autonomia gutxi edo oso gutxi dute. Halaber, eskolaren autonomiaz ikerketarik edo esperimentaziorik ez dela egin dio.
Euskal Herrian ezagutzen dugun eskolak ez du autonomia nahikorik. Garai bateko eredu zentralista ez da funtsean aldatu. Erabakigune geografikoa aldatu da; ez, aldiz, eskolaren fun­tzionamendua ulertzeko modua. Ikastetxe batean eragiten duten erabaki asko Gasteizen (Lakuan), Iruñean edo Parisen hartzen dira, ez eskolan bertan. Bestalde, esan behar da eskola-komunitateko kide askoren iritzia bat datorrela eredu neozentralista horrekin: ­bakoitzak eguneroko erantzukizuna ­eta ardurak bereganatu beharrean, ­askotan ez da txarra izaten Lakuako eta Iruñeko “errudunak” egurtu ahal izatea.
Aitzitik, txosten eta ikerketa berriek hauxe azpimarratu dute, behin eta berriz: eskola-sistema arrakastatsuetan, eskolen autonomia eta “accountability” sistemak daude hobekuntzaren eta arrakastaren muinean. ­Artikulu honetan, ildo biak defendatuko ditut, autonomia eta erantzukizuna (ebaluazioa), nire uste apalean, biak batera ulertu behar baitira. 
 
Eskolen autonomia: zergatik eta zertarako
Eskola-autonomiak honako onura hauek ekar diezazkioke ikasleen irakasteko eta ikasteko prozesuari:
1. Desberdintasuna modu berezian kudeatzeko aukera: ikastetxe guztiek beren ezaugarriak dituzte hizkuntzaren, kulturaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetan. Horren ondorioz, askotariko erantzunak behar dituzte, arrakasta (kalitatea) eta gizarte-kohesioa (ekitatea) lortzeko.
2. Aukera-berdintasunerako eta ekitaterako lanabes ahaltsua: askotariko abiapuntuak aitortuta, izaera berdintzailea duten ekintza zehatzak eta proposamenak bidera ditzake autonomiak.
3. Eskolako kudeaketan arduraz eta ­erantzukizunez parte hartzeko aukera: eskola-komunitatearen proiektuari garrantzia ematen dio.
4. Partaidetza ikastetxeko erabakietan: ikasle, irakasle eta gurasoen partaide­tzari zentzua ematen dio. Aipatutako ­erabakiek, gainera, hezkuntza hobe­tzen lagunduko dute. Hala ere, partaidetza soilaren kulturatik erabakimen arduratsurako urratsa egin behar dugu. Nire aburuz, ezinbestekoa da partaidetza, baina ez da nahikoa; nahitaezkoa da erabakimenari lotutako partaidetza.
5. Irakasleen gaitasun profesionalaren aitortza: haien esku utziko ditu planifikazioa, azterketak, ebaluazioa eta hezkuntza-ekintzak hobetzeko tresnak.
6. Administrazioaren eta eskolaren arteko konfiantzaren adierazle: eskolako profesionalen, eskola-komunitateen eta ikastetxeen konpromisoan eta ­erantzukizunean oinarrituko den eredua hartzen du abiapuntutzat.
Horiek guztiak aldez aurretik adierazita, beste zerbait gehitu nahi dut. Eskolak autonomia izan behar du, dudarik ez. Baina, eskola on batean, lehentasunez, kalitatea eta hobekuntza eraman behar ditugu ikasgelara. Izan ere, gela barruan bideratzen diren ekintzek eskola orokorrean hartuta baino eragin handiagoa daukate ikaslearen emaitzetan (Stoll, L.; Fink, D., 1999//Elmore, R., 2010). Eta, horretarako, eskola autonomoagoak behar ditugu.
Bost proposamen eskolaren autonomiaren gainean
Aurreko iritziak eta esparrua kontuan hartuta, hainbat proposamen ­egingo ditut autonomia izateko, hots, eskola autonomoagoaren bidea susta­tzeko. Norbaitzuei gehiegikeria irudituko zaie. Dena den, beharrezkotzat jo­tzen dut hainbat mamu eta pentsamolde baztertzea, eztabaida pizteko. Horra hor proposamenak:
1. Akordioak eskola bakoitzarekin: ­ikastetxeen autonomiaren eraikun­tzak, haien izaera instituzionalak, aldez aurretik hainbat baldintza betetzea eskatzen du, besteak beste:
- Ikastetxe bakoitzaren eskumenen zehaztapena, haien proiektuaren eta titulartasunaren bidez.
- Administrazioaren eta ikastetxeen arteko esparru partekatua erabakitze-prozesuetan.
- Ikastetxeen gardentasuna eta eraginkortasuna bermatuko dituzten kanpo-ebaluazioa eta kontrol soziala.
Bistan da ikastetxe bakoitza errealitate bizia eta besteengandik bereizia dela, testuinguruen arabera beharrizan zehatzak dituena. Beraz, ezin dira kudeatu halako sasi-berdintasun baten bidez erabat edota modu esanguratsuan desberdinak diren egoerak.
Administrazioaren eta ikastetxe bakoitzaren arteko AKORDIOaren bidean, aurrera egin dezakegu: herri-baliabideez hornitzen diren hainbat titulartasunetako ikaste­txe guztiei, publikoei, pribatuei edo ­herri-onurakoei, zabal dakiekeen bidean aurrera.
Akordio horien bidez, berariazko proiektu horiek egitea eta gauzatzea bultzatuko litzateke. Era berean, haien kalitatea eta ekitatea indartzea bultzatuko litzateke, betiere, ikastetxe bakoi­tzaren eta sistemaren lehentasunak kontuan hartuta, eta administrazioaren eta ikastetxeen arteko erantzukizun partekatua bultzatuta.
2. Ikastetxeen autonomian oinarritutako sistema: hezkuntza-sistemak ikaste­txeen autonomian oinarritutako sistema izan behar du, gizarte-helburu orokorrak abiapuntutzat hartuta eta ikastetxeen titulartasunari erreparatu gabe. Aldarrikatutako autonomia horren arabera, ikastetxeek beren buruaren kudeaketa gauzatu behar lukete demokratikoki, curriculum-arlokoa eta pedagogikoa, antolaketa-arlokoa (zuzendaritzaren izendapena barne), langileen arlokoa, administratiboa eta ­ekonomikoa; hau da, izaera instituzionala ahalbidetzen duten oinarrizko ­osagai guztiena. Maila horretan, eskola-komunitatearen sektore guztien partaidetzak isla izan beharko luke titulartasunean: aukera hori eskola pribatuetan gauza liteke; ez, ordea, administraziopeko ikastetxeetan. Horretarako, ­legeriari aldaketa esanguratsuak egin beharko litzaizkioke. Horrek guztiak ­urrats kualitatibo bat eskatuko luke: ­lehentxeago esan bezala, partaidetzaren kulturatik erabakimenaren kulturara jauzi egitea, hain zuzen.
Titulartasunaren gaian sakonduz, gaur egun herri-titulartasuna duten ­ikastetxeek eskatuko balute, nolabaiteko nortasun juridikoa izateko bidea zabal liteke. Aukera horrek ikastetxearen ezagutzan eta hurbiltasunean oinarritutako kudeaketa parte-hartzaile eta arduratsua bultzatuko luke: “Aldaketa horiek gauzatzeko, udal-fundazioetan edo antzeko erakundeetan pen­tsa liteke. Beste aukera ausartago bat, aurrekoarekin bateragarria, herri-­eremuko izaera garatzea litzateke, ez estatu-eremukoa; estu araupetuta dagoen arlo batean diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte-elkar­teek osatuko lukete; elkarte horiek, ­udaletan burutzen ari garen instituzionalizazioaren bidez, ikastetxeen kudeaketaz arduratuko dira. Bitarteko aukera titulartasun mistoa edo nahasikoa litzateke; hots, publikoa ­edo soziala”. (LONGO, Francisco in Propuestas de rediseño del modelo de gobernanza de los centros del servicio público educativo en Cataluña, 215. or.).
Halako proposamen batean sakonduz, hausnartu beharreko bidea da ­administraziopeko edo herri-onurako ­ikastetxeen titulartasunean udalek izan dezaketen partaidetza. Bistan denez, beste eredu bat ere izan daiteke.
 
3. Lan ataleko kudeaketarako autonomia: administraziopeko ikastetxeetan, bi mailatan aurreratu beharko litzateke batez ere:
- Alde batetik, lan saila haien beharrizan eta proiektuen arabera diseinatu ahal izatea, beharrezko profilak adierazita eta horien inguruko erabakietan ­ikastetxearen eta haren gobernu-organoen partaidetza bermatuta.
- Beste alde batetik, gutxieneko epe jakin baterako, 6 urterako, esate baterako, hezitzaile taldeen egonkortasuna bermatzea, inplikatuta dauden lagunentzat erakargarria izan dadin irizpide horien aplikazioa, eta, hala balegokie, beste era bateko pizgarriak ezarrita.
Horien guztien osagarri gisa, honako neurri indartzaile hauek aurreikus daitezke:
- Langileen beharrak hala eskatuta, eskola-orduz kanpoko jarduerak burutzeko langile gehiagoren edo enpresen kontratazioa; beharrizan bereziak dituzten ikasleen kasuan, edota hizkuntza indartzeko, etxeko lanak egiteko eta berdintasun-aukera bultzatzeko jardueretarako, esate baterako.
- Ordezkapenak betetzeko langileak: irakasleen eskubide-berdintasuna eta kudeaketa-prozesu horren azkartasuna bermatzeko.
Bestalde, administrazioek funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietako hezitzaileen eta zerbitzuetako langileen oinarrizko diru-hornigaiak eta soldatak bermatu beharko lirateke, eta baita finantzazioan berdintasunez jokatzea ere.
 
4. Ikastetxeetako zuzendaritzen zeregina: ondoren aipatuko ditudan proposamenek aldaketa sakonak eskatzen dituzte eskola-zuzendaritzen zereginetan, eta, agian, baita gaur egungo legerian ere. Hauxe dio Francisco Longok gai horri buruz, lehen aipatutako ­txosteneko 218. orrialdean: “Herri-ekimeneko ikastetxeetako zuzendariek kudeaketa-arloan erantzukizun gorena izan behar lukete, berariazko gobernu-organoaren ikuskaritzapean, betiere. Horrek kudeaketa-arloko ardura eta eskumenak haren eskuetan jartzea eskatzen du; gaur egun horrelako proposamena arras kontrakulturala dela jakin behar dugu. Eginkizuna zuzendarien eskuetan jartzeak hauxe adierazten du:
a. Ikastetxeko hezkuntza-proiektuaren zuzendaritza exekutiboa.
b. Kudeaketa-kontratuaren gauzatzeaz arduratzea, bereziki, aurrekontuen gauzatzeaz.
c. Ikastetxeko zerbitzuak antola­tzea eta zuzendaritza-taldea osa­tzea, taldekide bakoitzari dagozkion ardurak esleituz.
d. Ikastetxeko giza baliabideak zuzentzeko zeregina hezitzaileengana eta zerbitzuetako langileengana zabaldu behar litzateke, berariazko eskumen guztien bilakaera barnean hartuta: esate baterako, kontratazioa, lanaren antolaketa, ebaluazioa, mailaz igotzea, eta abar.
e. Ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Sailari eta ikastetxeko gobernu-organoari ikastetxearen kudeaketari buruzko kontuak ematea”.
Gaur egungo immobilismo-egoera kontuan izanik, aldaketa izugarri horiek pixkanaka-pixkanaka ezarri beharko direla aurreikusten dugu.
5. Ikastetxeen ebaluazioa eta kontrol soziala: autonomiarekin batera, horixe da txanponaren beste aldea: ezin ditugu izan autonomia duten ikastetxeak ­edota administrazioarekiko akordioz ezarritakoak, ebaluaziorik eta kontrol sozialik gabe. Halaber, ez dute zentzurik emaitzen hobekuntzarik ahalbide­tzen ez duten ebaluazio-prozesuek. ­Ebaluazioak hainbat norabide  ­ditu:
- Kontrolatzeko helburua adierazita, hezkuntzaren esparruko herri-zerbitzu batean guztiz onargarria baita.
- Hezkuntza-sistemen funtzionamendua, ikastetxeetako ikasleen jarduera eta irakaslanaren ezagutza hobetzeko asmoa duena, batez ere.
Horregatik guztiagatik, oinarrizkoa da ikastetxeen ebaluazioa errazten duten politiken eta jardueraren garapena. Askotariko aukerak har daitezke kontuan:
5.1. Autoebaluazioa eta barne-ebaluazioa: eredu ezagunak ezarrita eta ikastetxe bakoitzaren errealitateari begira, beharrezko egokitzapenak eginez. Ahalegin horretan, baliagarria izan daiteke kanpoko adituen laguntza.
5.2. Kanpoko ebaluazioa, hainbat norabidetan:
* Maiztasun jakin batekin, adibidez, 4 urtean behin, ikastetxeen funtzionamendua ebaluatzea. Horretarako, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzarekin ­adostutako adierazleak erabiliko dituzte, ikuskarien lana tarteko, ebaluazioaren prestakuntza-izaera eta hobetzeko helburuak azpimarratuz.
* Ikasleen ebaluazio diagnostikorako proben aplikazioa; proba horiek erkidegokoak edo nazioartekoak izango dira, eta ikastetxeetan ezagu­tzen diren ohiko ezaugarriak eta prozedurak ezarriko dituzte. Maila horretan, nahiko ari gara aurreratzen azken urteotan.
* Aldian-aldian, irakasleen gaitasunen eta haien irakaslanaren kanpoko ­ebaluazioa: autoebaluazioa osatzeko eta ohiko hezkuntza-jardunari lotuta, gelako lanaren behaketa burutzeko kanpoko adituen partaidetza aurreikusten da. Uste dugu ezinbesteko ­urratsa dela talde profesionalekin, irakasleekin eta haien ordezkariekin aldez aurretik ebaluaziorako irizpideak, adierazleak eta ildoak adostea.
* Kostuen eta herri-baliabideen kontrola: lege-parametro batzuen arabera, urtero ikuskatuko dira kontuak, pixkanaka herri-baliabideen bidez sostengatutako ikastetxe guztietara zabalduz.
* Hezkuntza-administrazioak ere bere zerbitzu guztien ebaluazioa egin beharko luke.
5.3. Borondatezko esperientzia pilotuak ­eta esperimentazioa, ikastetxe bakoitzaren “balio erantsia” neurtzeko: denbora jakin batean (etapa, zikloa, derrigorrezko eskolaldia) ikasleen batez besteko aurrerapena neurtzen duen adierazlea izango da kasu honetan balio erantsia, lagin bereko eta antzeko egoera sozioekonomikoko beste ikastetxeekin alderatuta. Horrela, ikastetxeen emaitzak alderatu egiten dira, eta ikastetxe bakoitzak ­ikasleen aldez aurretiko ezagutzei ­eman dien bultzada neur daiteke; halaber, antzeko ezaugarrietako ikastetxeak neurtzen direnez, egoera horietarako hezkuntza-estrategia eraginkorrak edo eraginkorrenak bereiz daitezke.