Asteko protagonista

2013-11-01
Guztiok dugu talde bateko kide garela sentitzeko beharra, eta haurrek ere bai. Horregatik, irakasleak erne egon behar du, eta gelan inklusioaren ikuspegitik lan egin behar du. Horrek esan nahi du haur bakoitzak leku bat izan behar duela taldearen barruan, eta aintzat hartzen dutela sentitu. 
 
 
Hori dela-eta, duela urte batzuk, Haur Hezkuntzako 3 urteko gelan, Protagonistaren astea izeneko proiektua egitea erabaki genuen (Arturo Kanpion HLHI, gaur Bernart 
Etxepare). Helburu nagusia zen haur bakoitzak bere lekua aurkitzea eta izatea gelaren barnean, eta gelako kide sentitzea. Alde horretatik, familiaren eta eskolaren arteko lankidetza onak haurraren ongizatean eragin positiboa duela jabetuta, familiek gelan parte hartzea ahalbidetuko zuten estrategiak planteatzea erabaki genuen. Esperientzia ezin aberasgarriagoa izan zen guztiontzat (irakasle, haur eta familientzat). Proiektu horretan egindako ahalegina 2009an aitortu zioten, Nafarroako Gobernuko Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak deitutako Bizikidetzaren inguruko berrikuntzako saria eman baitzioten.  2012-2013 ikasturtean, Nafarroako beste ikastetxe batzuetan aurkeztu dugu proiektua (NHBBZko Hezkuntza-laguntzako taldea ematen ari den Barnean hartu mintegiaren barruan). Prestakuntza horretan parte hartzen ari diren ikastetxe askok 
(Olaztiko Domingo Bados HLHI, Iturmendiko Arrano Beltza HLHI, Arbizuko Ikastetxe Publikoa, Iruñeko Cardenal Ilundain HLHI, Berriozarko Mendialdea1 HLHI, besteak beste) esperientzia hau abian jarri dute, eta egin duten balioespena hain izan da positiboa, non artikulu hau idaztea erabaki baitut, Maider Razkinek eta biok hasieran egin genituen jarduera nagusien laburpenaren bidez. 
Proiektuaren laburpena
Astero haur bat izan da gelako protagonista, eta jarduera guztiak egokitu egin dira, haurrak hori senti dezan. Familia guztiek hartu dute parte, beren interesen araberako lantegi bat eginez. Korridorean paratutako argazkien bidez, bizipen horiek gainerako haur eta familiei aurkeztu dizkiegu. Era berean, ipuin pertsonalizatu bat egin dugu, eta dosier bat guztien istorioekin, “ipuin ibiltari” gisa etxez etxe pasatu dena.
Helburuak
• Haurrak bere buruaren irudi positiboa izatea, "protagonista" gisa izandako bizipenetik abiatuta “norbanako berdingabe” eta, aldi berean, "talde bateko kide" sentituz, haurraren gizartekoitasuna eta autonomia pertsonala sustatzeko. 
• Familiaren eta eskolaren arteko harremana indartu eta hobetzea, irakasle garen aldetik badakigulako bien arteko lankidetza onak haurraren ongizatean eragina duela.
• Bizikidetzaren eta gizarte-harremanen arauak ezarri eta barneratzea, hainbat jardueraren bitartez ikasleak, familiak eta geletako tutoreak elkar ezagutzea ahalbidetzeko.
• Hezkuntza-erkidegoa osatzen duten kide guztien parte-hartzea 
ahalbidetzea, eskola-giroa hobetzeko eta elkar ongi tratatzeko kultura sustatzeko. 
Jardueren deskribapena 
Haur bakoitza protagonista izan da astebetez. Aste horretan, ondoren azaltzen diren jarduerak egin dira.
1. jarduera: haur bakoitzak bere istorioa kontatu du
Astelehenetan, asteko protagonistak bere istorioa kontatu digu, bere familiak aldez aurretik prestatutako ipuin batean oinarrituta. 
• Bestearekiko errespetua indartzen saiatzea: arreta jartzea besteak hitz egiten duenean.
• Entzutea. 
• Bestearen familiarekiko interesa izatea.
• Jendaurrean hitz egiten ikastea, lotsa gaindituta.
• Enpatiarako gaitasuna lantzea, alegia, bestearen tokian jartzeko gaitasuna.
• Ulertzea nola sentitzen den bestea entzuten ari zaizkionean, edota ez zaizkionean entzuten ari.
2. jarduera: nire silueta
Astearteetan, plastikako lan bat 
egin dugu taldean; “SILUETA” izena ipini diogu. Niki de Sant Phalle artistaren lanean oinarritu gara, baina astero silueta desberdina eginez, batetik bestera haur protagonista eta erabilitako teknika aldatzen zirelako. Beraz, haur bakoitzak silueta bakar eta errepikaezina du, eta guztiekin erakusketa bat egin dugu ekainean. Familiak gonbidatu ditugu erakusketara eta askari batera.
• Talde handian lan egitea. Taldean gozatzea. 
• Talde handian plastikako ataza bat lantzea, benetako erronka baita, bizikidetzako oinarrizko arauei dagokienez.
• Txanda gordetzen ikastea, eta besteen tokia errespetatzen, elkarri bultza ez egiten, xede komun batekin taldean lan egiten, norberarentzat izan ordez ikaskide batentzat izanen den artelana denen artean egiten...
• Plastikako hainbat teknika ikastea, bereziki curriculumeko helburu direnak landuz, besteak beste: moztea, itsastea, puntzoiekin zulatzea, papera itsastea, oihalak, askotariko materialak, estetikarekiko gustua lantzea...
3. jarduera: erretratuen nire koadernoa
Asteazkenetan, protagonistaren erretratua egin dugu. Mahaiak biribil erdi bat osatuz paratu ditugu, eta erdian protagonista eseri da, aulki batean, denek ongi ikusteko moduan.
• Haren fisikoari begiratzea, bereziki erretratuari dagokionari; alegia, burutik sorbalden gaineko alderaino: ile luzea ala motza duen, belarritakoak daramatzan, kopeta-ilea duen...
• Haurren arteko antzekotasunei eta aldeei erreparatzea (ile motza du, ...-k bezala).
• Adina lantzea (grafia eta kopurua). Haur bakoitzak idatziko du, horretarako propio prestatu dugun “erretratuaren fitxan”. Eranskinean, fitxaren eredu bat sartu dugu. 
• Idazkera ere lantzea: haur bakoitzak protagonistaren izena idatzi behar du.
• Guztiarekin koadernotxo bat osatzea, gero protagonistak etxera eraman dezan.
• Lagun bati behatuz eta haren irudia marraztuz gozatzea eta ikastea norberak egindako lan bat ematen, eskuzabalak izaten.
4. jarduera: nire familia eskola-egun batean
Ostegun edo ostiraletan, haurraren familia eskolara etorri da, eta aldez aurretik prestatu duten jarduera garatu dute beren seme-alaben ikaskideekin. 
5. jarduera: haur bakoitzaren dosierra prestatzea
Tutoreok egin dugu jarduera hau. Gutako bakoitzak ipuin bat egin du Word formatuan, aste osoan zehar ateratako argazkiekin eta jarduerek 
iradoki digutenarekin. Edozein modutan, azpimarratu behar dugu lan hau oso atsegina izan zaigula, besteak beste ikusi dugulako ikasgelako haurren familien eta gure arteko konfiantza-giroa sendotzen joan dela, eta jarduera guztiak giro polit eta jostagarrian bizi izan ditugula.
6. jarduera: aurreko asteko protagonistaren horma-irudia
Astero, aurreko astean gelan gertatutakoa laburtzen duten argazkiak paratu ditugu, familiak elkar ezagutzen joan daitezen. Beraz, uste dugu nolabait ere parte hartu dugula gure geletako familien artean egun dauden giro ona, elkar ezagutza eta errespetua nagusi izan dutenean.
7. jarduera: ipuin bidaiaria
Datorren ikasturtean, dosierrak familiaz familia bidaiatuko du, “ipuin bidaiaria” balitz bezala. Asmo hauekin:
• Gogoratzea haur bakoitzari zer ekarpen egin dion asteko protagonista izateak.
• Gogoratzea protagonistaren familiak denbora eman zuela haurrekin eta irakasleekin batera lanean.
• Familien elkar ezagutza indartzea, dosierrean jasota daudelako izenak, anai-arrebak, aitona-amonak, familiaren anekdotak...
Proiektuaren baliospena
• Curriculumeko arlo guztiak landu ditugu. Beraz, curriculumeko helburuak betetzearen inguruko balioespena ezin da positiboagoa izan.
• Haur askoren autoestimua areagotu da. Gainera, ikasleen, irakasleen zein familien enpatia eta bestearekiko errespetua garatzen lagundu da. Besteari buruz jakiteko, bestea ezagutzeko edota sakontzeko jakin-mina areagotu da. Gureaz gain, familia eredu gehiago daudela ikasi dugu 
eta, orobat, horiek errespetatzen.
• Azpimarratu nahi dugu proiektu honek aukera paregabea eskaini digula kultura-aniztasuna lantzeko. Gure gelako haur guztien jatorria ezagutu dugu. Orain, badakigu non dauden Bolivia, Brasil, Ghana, Angola, Etiopia, Errusia, Alemania…, egunerokoan arraza-desberdintasunak eta hizkuntza guztiekiko errespetua bizikidetzaren ikuspuntutik bizi ditugu, erabateko normaltasunez.
• Familiek esan digute ikasturtean gelan izan duten parte-hartzea oso bizipen positiboa izan dela, gelako dinamikara hurbildu direlako eta, hartara, tutoreekiko zein, oro har, eskolarekiko konfiantza areagotzeko balio izan dielako. Ikasturtearen bukaeran proiektua idatziz balioesteko eskatu dugu, eta hori guztia jasota geratu da. 
• Proiektuaren helburu nagusia gizartean jarduteko gaitasuna garatzea bazen ere, sortu den dokumentazioa bera landu diren gainerako gaitasunak ebaluatzeko tresna bihurtu da. 
• Haurrek eskatuta, gu ere izan gara protagonista astebetez; oso esperientzia aberasgarria izan da.
• Era berean, nabarmendu nahi dugu proiektuaren alderdi ludikoa, hainbat unetan oso dibertigarria izan baita. 
• Familiak oso originalak izan dira beren jarduera antolatzeko orduan. Oso trikimailu onak erabili dituzte haurren arreta bereganatzeko eta, horren ondorioz, familiek ere gure eskola-dinamika aberasten lagundu dute, oso ideia on eta berriekin. Haiei behatzen gauza asko ikasi dugu.
Bukatzeko
Egiaztatu dugu hezkuntza-esperientzia honek, lehen eskolatze-urtean eginda, haurraren eta ikastetxearen arteko lotura afektiboa sortzen laguntzen duela. 
Balioetsi dugu familiaren eta eskolaren arteko lotura indartzea hezkuntza-erkidegoko kide guztientzat dela onuragarria, elkarrekiko ezagutza errazten duelako eta kide guztien parte-hartzea sustatzen duelako, bizikidetzan, gizarte-harremanetan eta eskola-giroaren hobekuntzan eraginez. Zalantzarik gabe, horrek oso ondorio positiboak ekarriko ditu etorkizuneko hezkuntza-etapetan.