Eskola eta familiaren arteko harremanak, haurraren garapen osorako lagungarri:

2013-11-01
Familiak osasun arloan bakarrik ez badaude, zergatik utzi bakarrik hezkuntzarenean?
 
 
“Eskola eta familiaren arteko harremanak” izeneko jardunaldiaren baitan egin zen 0-3 zikloko hezitzaileen formaziorako urriko saioa. Gaiaren inguruko sarrera egin eta marko teorikoa ezarri zuten Elena Lopez de Arana eta Alexander Barandiaran Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Huhezi fakultateko Hazitegi ikertaldeko kideek. 
Urie Bronfenbrenner-en erreferentziatik abiatuta, umearen garapen sistemez hitz egin zuten, irakasle bien esanetan, garrantzitsuena pertsona nola garatzen den baita, hau da, pertsona sistemen eraginpean dago eta eragin horien arabera garatzen da. Lau sistema mota deskribatu zituzten: mikrosistema, mesosistema, exosistema eta makrosistema.
Sistemaren erdian munduarekin harremanak izateko gaitasunak dituen umea dagoela azalduz hasi zuen hitzaldia Barandiaranek, eta gaitasun horiek garatzea sistema bateko edo besteko helduen esku dagoela. Lehendabiziko harremanak familiarekin izango ditu haurrak, eta bigarrenik, eskolarekin. Beraz, horiek biak mikrosistemaren parte dira, haurrak gertuen dituen helduekin eratzen dituen erlazioei egiten baitie erreferentzia mikrosistemak: “Familiako pertsonek umeari ematen dioten erantzunen arabera, 
umeak era bateko harremana edo beste era batekoa eraikiko du. Harreman horiek umearengan eragina duten lehen harremanak dira eta bere bizitzan izango dituen harremanik esanguratsuenak. Beraz, zein da familiaren helburua eta egitekoa? 
Umeak dituen behar fisiko eta emozionalak asetzea eta atxikimendu segurua eraikitzea. Ikasteko baldintza da, ez du ikaskuntza-prozesurik izango baldin eta seguru sentitzen ez bada”.
Guraso batzuk, aitzitik, umearen hezkuntzari dagokionez desorientatuta eta bakarrik sentitzen dira Barandiaranen ustez. Izan ere, gurasoek informazio zabala dute, baina maiz informazio hori kontrajarria da eta hezteko moduaren inguruan ematen zen transmisioa ere eten egin da: “Gaur egun gainera gizartearen presioa ere izugarria da, munduko onena izan behar duzu, ez da nahikoa pertsona hutsa izatearekin, izan behar zara izugarria”. Beraz, Lopez de Aranak gaineratzen duen moduan, hainbat gurasok, zenbait funtzio betetzeko eskolarengan delegatzen dute, hezitzaileak direlako profesionalak eta haiek daukatelako jakintza: “Desorientatuta daudela diogunean ez dugu esan nahi gaizki egiten dutenik. Bakarrik esaten dugu zalantza askorekin egiten dutela egiten duten hori, eta gainera eurek badakite lehen urteak oinarrizkoak direla haurraren garapen egokirako. Beraz, gainean zama handia sentitzen dute askok eta hori arintzeko eskolarekin partekatzen dute euren ardura, horrek lasaitasuna ematen die-eta”.
Familiaren atzetik, beraz, haurraren hurrengo mikrosistema eskola da. Umeen arteko erlazioak eraikitzeaz gain, umearen eta hezitzailearen arteko harremanak eraikitzen dira bertan. Barandiaranen esanetan, familiako helduekin gertatu bezala, eskolako hezitzaileek umeei ematen dieten erantzunaren arabera umeek eraikiko dute harreman mota bat edo beste euren erreferentziazko bigarren irudi horrekin: 
“Atxikimendu segurua lortzea ezinbestekoa da eskolaren kasuan ere. Batzuek hori etxetik ekartzen dute. Ez dakartenen kasuan, ordea, funtzio konpentsatzaile hori bete behar du eskolak. Hori horrela dela bermatzeko bi irizpide izango ditugu kontuan: bat, umea besteekin harremanetan dago lotura positiboak eginez; bi, umeak esploratzen du. Zantzu horiek ageri ez baditu, akaso, garapenean blokeoren bat izan dezake eta horrek ziurrenik familiarekin izango du zerikusia”.
Kasu horietan eskolak paper garrantzitsua jokatzen duela dio Barandiaranek, eta komunitateko familien gurasotasun osasuntsua bultzatuko duten testuinguruak eraiki beharko lituzkeela uste du. Vicenç Arnaizen hausnarketa bat ekartzen du gogora: “Familiak osasun arloan bakarrik ez badaude, zergatik utziko ditugu bakarrik hezkuntzarekin erlazionatutako gaietan?  Eskola batek gurasoen topagune edo foroak sortuko balitu, zer emango lieke familiei?”. Hasteko eta behin konpententzia sentimendua eta autoestimua areagotzea ekarriko luke Barandiaren aburuz, gurasoek ere antzeko kezkak izaten baitituzte: guraso ona naiz? Ondo egiten dut? Eta nola dakit ondo egiten dudala? “Hori guztia partekatu ahal izatea oso aberasgarria litzateke familientzat. Familiak badaki bere egitekoa dela umearen hezkuntza, baina hori partekatzea eta komunitateko partaide sentitzea inportantea litzateke”.
Mikrosistemen arteko harremanek osatzen dute mesosistema, hau da, eskolak eta familiak dituzten harremanak lirateke. Lopez de Aranak adierazi bezala, harreman horietan umeak ez du zuzenean parte hartzen, baina harreman horiek umearengan eragina dute. Gauza berbera gertatzen da exosistemarekin (adibidez, gurasoen lanbidea) eta makrosistemarekin (esate baterako, hezkuntza sistema) ere, hainbat erabaki hartzen dira eremu horietan, umeak ez du parterik hartzen, baina umeari zuzenean eragiten diote.
Funtsean, eskolak eta familiak helburu berbera dutela dio Lopez de Aranak , umearen ongizatea eta garapena, hain zuzen: “Helburu bera dutenez hainbat funtzio partekatzen dituzte. Testuinguru bietan dauden helduen betebeharra da umeen atxikimendu segurua. Hori umearen zaintzaren eta babesaren bidez egiten da”. Xede bera dutenez, bestalde, eskolak familia babestu behar duela uste du eta alderantziz, biak elkar ulertzera behartuta daudela, gainontzean ez delako modurik egongo umearen garapena eta ongizatea ziurtatzeko. “Eskolaren eta familiaren ikuspegia berbera ez izatea, gainera, ez da kaltegarria umearentzat. Testuinguruen artean ezberdintasunak badaude, umeak gaitasun ezberdinak abian jartzeko eta bere burua askoz hobeto ezagutzeko aukera izan dezake. Askotan, ordea, familiei eskolaren ikuspegi berbera izateko eskatzen diegu, eta ez gara konturatzen eskaera hori mugatzailea izan daitekeenik”.
Sarritan, eskolaren eta familiaren arteko harreman horrek ez duela ez alde bat ez bestea asebetetzen dio Lopez de Aranak, eskolatik gurasoei inplikatzeko eskatzen bazaie ere abiapuntuko xedea eskolaren beharrak asebetzea dela: “Familiekin harremanak izaten ditugu horrek erraztasunak ematen dizkigulako 
umea ulertzeko eta eskolako bizimoduan kokatzeko. Eta familiekin eratzen ditugun harreman horietan hartu bakarrik egiten dugu, edo eman gutxi edo ematen duguna ez dator bat familiek eskatzen duten horrekin”.
Beraz, egoera horren aurrean, familia zein eskolaren asebetetzea helburu hartuta, hauxe da Mondragon Unibertsitateko irakasleek egiten duten proposamena: eskolak bere ateak zabaltzea eta komunitatean dauden maila guztiei zuzenduriko elkargune testuinguruak eratzea, gurasotasuna lantzeko: “Ez dugu irudikatzen formazio moduan, baizik eta esperientzia gisara. Eskolak gurasotasunaz hitz egiteko espazioak eratzen baditu, prebentzioan eragiten ariko da. Kontuan izan behar dugu familia  guztietan arazoak egon direla, daudela edo egon daitezkeela eta horregatik gonbitea guztiei zabaldu behar diegu. Orain zailtasunak eduki ez arren, etorkizun batean izan ditzakete. Prebentzio horrek gizarte osasuntsuagoa eraikitzen lagunduko liguke. Umearen ongizatea ez da soilik familia eta eskolaren egitekoa, baizik eta gizarte osoaren inplikazioa behar da”.