Nahierara pintatzeko eta osatzeko ilustrazioak

2013-11-01

KoloreKolore proiektuak eguneroko bizimoduari loturiko nahiz euskal gaien inguruko ilustrazioak Internetetik doan jaisteko aukera ematen die haur, guraso eta hezitzaileei. Proiektuaren helburua kalitate oneko eta dohainik eskura litezkeen ilustrazioekin haurren eta gazteen sormena piztea eta lantzea da.

 
 
Olentzero edo Mari Domingiren afixa bana margotzeko; urtebetetze on! opatzeko; aitona-amonak agurtzeko; maitasuna adierazteko... hamaika arrazoi egon litezke posta-txartel bat koloreztatzeko, mozteko edo artistikoki osatzeko. Horixe da KoloreKolore webguneak eskaintzen duena. Eguneroko bizimoduari eta pertsonaiei nahiz Euskal Herriko ohiturei edo berezitasunei loturiko ilustrazioak daude eskuragarri ww.kolorekolore.com webgunean, nahi dituen orok, izan haur, guraso edo hezitzaile, erabiltzeko.
Nerea Garmendia diseinatzaileak sortu zuen KoloreKolore proiektua. Alde batetik, Olentzero, Mari  Domingin edo Euskal Herriko paisajeei, festei eta ohiturei loturiko ilustrazio gutxi eskaintzen zituelako Internetek, eta bestetik, zeuden gutxi horiek kalitate gutxikoak zirelako. Orain beraz, kalitate onean eta dohainik eskura litezke ilustrazioak haurren eta gazteen sormena piztu eta lantzeko prest. Garmendiaren helburua ilustrazioen tematika zabaltzen joatea da, eta baita tematika bakoitzaren barruan ere aukera zabaltzen joatea.
Adimen emozionala lantzea, helburu
Momentuz, zorion agurrei loturiko ilustrazio bilduma zabala dago webgunean, urteberriak, urtemugak, Eguberriak... zoriontzeko baliagarriak diren fitxa ugari daude; baita maitasun-mezuak dituztenak ere... Beste atal batean, Euskal Herriko paisajeak eta ohiturak margotzeko aukera ematen dute ilustrazioek, Donostia, Olentzero, Mari Domingin... Baina badira, horiez gain, tematika unibertsalagokoak ere, hala nola, pailazoak, sorginak, animaliak, loreak... margotzeko eta osatzeko aukera eskaintzen dutenak, guztiak ere.
Fitxa hauek istoriak marrazteko gonbidapena luzatzen diete haurrei, alde batetik, sormena lantzeko prestaturiko galderak eta proposamenak eskaintzen dira, batzuk zuri-beltzean pintagai; eta beste batzuk koloretakoak dira, haurrek osa ditzaten.  Bestetik, aurrerago, argibide sinple batzuen laguntzarekin, adimen emozionala garatzea helburu duten fitxak egongo dira eskura. Atal hori Edurne Saizar psikologo eta hezitzailearen laguntzarekin prestatzen ari da diseinatzailea.
Garmendiarenak dira une honetan webgunean dauden ilustrazioak, baina diseinataile, ilustratzaile eta eduki sortzaile orori ateak irekiak ditu proiektuak, asmoa haurrei euren sormena garatzen laguntzeko ahalik eta material onena eta ugariena sortzea baita. 
Irudi hauek jaistea eta erabiltzea oso sinplea da. Webgunean Din-A4 tamainako fitxak daude eskegita, eta inprimatzeko prest daude, koloretan edo zuri-beltzean, etxeko inprimagailu arruntetan inprimatzeko prest. Eskainitako ilustraizoak erabilera pribatu edo hezitzailerako daude baimenduak.