Euskararik gabe ezin izan, ezin bizi

2013-11-01
Ikasleen artean euskara sustatzea helburu duen ‘Euskaraz Bizi’ proiektuaren bidez, euskararen erabilera %95etik gorakoa izatera iritsi da Tolosako Laskorain ikastolan.
 
 
Aritz Larreta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko psikopedagogiako ikasleak eta Izarne Olano Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleak karrera amaierako proiekturako Euskaraz Bizi egitasmoak Tolosako Laskorain ikastolan izan duen bilakaerari buruzko ikus-entzunezko dokumentala egin dute. Laskorain 
ikastolako ikasle ohiak dira biak, eta Larreta uneotan bertako irakasle ere bai.
Euskaraz Bizi proiektuaren inguruan ibilitako hainbat aditu, irakasle, guraso, ikasle eta teknikariren testigantzekin osatu dute dokumentala. Euskararen sustapenerako Laskorain ikastolan egin den lana bildu eta proiektuaren eraginkortasunaren gakoak agerian jartzeaz gain, beste ikastetxeei hizkuntza-normalizazioan esku hartzeko ideiak eskaintzea du xede dokumentalak. Horrez aparte, Laskorain ikastolako hezkuntza-komunitate osoa txalotu eta animatu nahi izan dute Larreta eta Olanok, 
orain arte bezala, aurrerantzean ere, hizkuntza-normalizazioan eragiten jarrai dezaten: “Benetako protagonistei lekua egin eta hitza eman nahi izan diegu, eta egin duten lana aitortu eta goraipatu”.
Larretak azaldu digun moduan, Laskorain ikastola 1967an sortu zen euskarazko irakaskuntza eskaintzeko, euskarari eta Euskal Herriari begirako ikastola nahi baitzuten Tolosako hainbat  guraso euskaltzalek. “Euskarazko ikastola sortu zen eta gela barruan euskaraz egiten zen, baina ikusi zen, handik kanpo, gaztelaniara jotzeko ohitura handia zegoela, euskaraz ikastea ez zela nahikoa euskaraz bizitzeko. Gelaz kanpo, % 40k soilik erabiltzen zuten euskara. Zerbait egin beharra zegoen”.
1985. urte inguruan, egun batez, Emeterio Zaldibia Laskorain ikastolako irakaslea Lizarrara joan eta erabat harrituta geratu zen umeak euskaraz entzunda: “Tolosan ez, eta hemen Lizarran bai, nola liteke?”, eta jakin zuen Jose Luis Gorostidik Euskaraz Bizi proiektua sortu zuela, konduktismoan oinarrituta, sari eta errefortzu bidez, ikasleen artean euskara sustatzeko. Dokumentalean ageri denez, handik ideia hartuta, 1986-1987 ikasturtean, Emeterio Zaldibia zuzendaritzara iritsi zenean, Euskaraz Bizi proiektua martxan jarri zuen Laskorain ikastolan. Hasieran, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eta, gero, goragoko mailetan. Helburua zen euskararen erabilera bultzatzea, baina ez ikastolan soilik, baita hortik kanpo ere, era naturalean ikasleek euskararen aldeko hautua egin zezaten. Halaxe azaltzen du Zaldibiak berak dokumentalean: “Nik proiektu hau ezagutu nuenerako Lizarran bost bat urte martxan zeramatzan. Eta denbora horretan izugarrizko aldaketa egin zuen Lizarrako ikastolak. Ni txundituta sentitzen nintzen han umeek euskaraz egiten zutelako”. 
Zer da ‘Euskaraz Bizi’?
Larretaren hitzetan, Euskaraz Bizi euskararen erabilera bultzatzea helburu duen eskola esparruko egitasmoa da. 1980an sortu zuen Lizarran Jose Luis Gorostidi zenak, ikasleen euskararen erabilera bultzatu nahian. Hasieran, lau ikastola soilik sartu ziren proiektuan: Lizarra ikastola, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola, Gasteizko Toki Eder ikastola eta Laskorain bera. “1991tik aurrera, berriz, proiektua Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren esku geratu zen eta ikastola gehiagotara zabaldu zen. 2000. urtean Ikastolen Elkarteko Eleanitz eta Euskaraz Bizi proiektuak marko bakar batera 
ekarri ziren: Ikastolen Hizkuntza Proiektua. Hala ere, Euskaraz Bizi proiektuak bere bidea jarraitu zuen eta era askotako korronte teorikoetatik edanaz uneko errealitatera 
egokituz joan zen. 2006an Euskaraz Bizi proiektuaren lan proposamena gaurkotu zen, ikuspegi eklektikotik”.
 
Nola txertatu zen Laskorain Ikastolan?
Bideoan aipatzen den eran, Emeterio Zaldibiak Lizarrako eredua aurkeztu zien Laskorain ikastolako irakasleei eta euskara bultzatzeko ekimen baten beharraz kontzientzia piztu zien. Hala, esku-hartze plan jakin bat diseinatu zen irakasle, ikasle eta gurasoei begira. Honela gogoratzen dute irakasleek garai hura: “Ikusita gure ikastolan zein zen errealitatea, Emeteriok bere egin zuen Lizarrako egitasmoa”; “Lizarran posible baldin bazen, Tolosan zergatik ez? Proba behintzat egin beharra zegoen”; 
“Emeteriok Lizarrako eredua ekarri zigunean kontzientziatu egin gintuen aurrera atera behar zela proiektu hori”; “Gogoratzen naiz klaustroetan-eta hasi zitzaigula esaten bere konbentzimendu osoz beste molde bateko esku-hartzea hasi behar genuela”.
Argitxo pertsonaia mitikoa
Lehen-lehenik Argitxo pertsonaia sortu zuten, euskararen ikurra. Panpina bat zen eta txotxongilo erara erabiltzen zuten. Ume txikientzat pertsonaia magiko bilakatu zen: “Argitxo oso txikia zela eta edozein txokotan gordetzen zela esaten zitzaien, eta horregatik, haurrek egiten zuten guztia ikusi eta esaten zuten guztia entzuten zuela. Berarentzat oso inportantea zela lagunartea eta euskara bakarrik ulertzen zuela eta besteei entzutean haiek esaten zutena arrotz bazitzaion eta entenditzen ez bazuen oso triste jartzen zela. Beraz, umeek euskaraz egiten zuten Argitxo pozik egon zedin”, hala kontatzen du irakasle batek dokumentalean. 
Bideoaren egileen hitzetan, aurreneko momentutik euskararekin eta oro har haurren bizitza osoarekin loturik aurkezten da Argitxo eta haurtzaro guztian zehar irauten duen erlazio berezi bat sortzen da haurraren eta panpinaren artean. 
Kanpainak
Proiektuaren baitan, euskara bultzatzeko kanpaina zehatzak ere egin izan direla azaldu digute Larreta eta Olanok, bai ikasleei begira, bai familiei begira eta baita kalera begira ere: “Kanpainak beti ludikoak izaten dira, euskaraz egiteak saria izan dezala, pozgarria izan dadila, ez karga bat gehiago”. 
Dokumentalean ageri diren irakasleek nahiz ikasle ohiek gogoratzen duten moduan, gela barrura begirako kanpainetan egiten zen ekintzetako bat partxis antzeko joko bat zen. Taula baten bidez, ikasleek egunero aztertu behar zuten nola hitz egiten zuten, euskaraz eginez gero, egunaren amaieran berdez margotzen zuten taulan, norbaitek erdararaz zerbait esaten bazuen, gorriz. Berdez zeuzkanak saria izaten zuen. 
Bigarren Hezkuntzan, berriz, Euskara Elkartea sortu zen euskara bultzatzeko. Hala adierazi dute Larretak eta Olanok: “Adin batetik aurrera, ikasleak ekintza eta konpromisoaren bidez motibatzen dira batez ere. Helburu nagusia hauxe litzateke: ikasle multzo ahalik eta handiena euskararekin konprometitzea eta bere mailako ikastola ordu barruko eta kanpoko ekintzen ardura bere gain hartzea”.
Festak eta ospakizunak
Dokumentaleko testigantzetan aipatzen den eran, helburua zen, modu positiboan era bat bilatzea haurrak euskaraz egiteko beharra senti zezan. Larretaren hitzetan, Euskaraz Bizi betidanik saiatu da bizitzaren arlo ludikoa euskararekin elkartzen eta bide hori jarraituz, antolatzen diren kanpaina guztiek dute jolas giroko konnotazio bat. “Ikastola barruko eta ikastola arteko ospakizunak egin izan dira. Kontuan izan behar da gizarteak betidanik ospatu izan dituela festa giroan bere lorpen guztiak”. Hala, euskararekin lotutako hainbat festa ospatzen hasi ziren: ikasturte amaierako festa, Ikastolen eguna, Inauteriak, Herriko Festak, Eguberriak, Santa Ageda, Kilometroak, etab. Horrez gain, hasieran Euskaraz Bizi proiektua martxan jarri zuten lau ikastolen artean Kirol Olinpiadak edota mendiko irteera bat egiten zen eta gaur egun ere oraindik urtero egiten da eta Argitxoren gutunontzi bat jartzen da Euskal Herriko mendiren batean.
Ikastolaz kanpoko eremuak
Laskorain ikastolako irakasle batek dokumentalean aipatzen duenez, proiektuak ez zuen eskola tartea bakarrik hartzen, baizik eta ikaslea harrapatu nahi zuen bere esparru guztietan. “Horrexegatik, ikastolako orduz kanpo edo horren inguruan gelditzen den denborak garrantzi handia izan du beti Euskaraz Bizi proiektuan. Afektiboki mundu hori da ikaslearentzat balio handiena duena: kirola, jolasa, denbora librea…”
Horren baitan, kontuan izan dira jantokia, autobusa, ikastolaz kanpoko ekintzak, etab. Hala, 1987an Euskaraz Bizi-ren baitan, ikastolaz kanpoko esparruak euskalduntzea ildo estrategikoa dela eta, Laskorain Kirol Elkartea sortu zen eskola kirola kudeatzeko eta Tolosa mailan oso erdalduna zen esparruan euskararen erabilera sustatzeko. 1990-91n, berriz, Kazkabarra aisialdi taldea eratu zen, ikastolaren gidaritzapean, ikasleen aisialdi ekintzak ikasturtean zehar eta udalekuak antolatuz. Monitoreak Batxilergoko ikasleak eta ikasle ohiak dira. 
Emaitzak 
Sekulako emaitzak lortu ditu Euskaraz Bizi proiektuak Laskorainen. 
Ikasleek eurek hizkuntza neurketak egin ohi dituzte eta gero neurketa horiek Udalak egiten dituen neurketekin alderatzen dira. Antzeko datuak ematen dituzte biek:  % 95etik gorakoa da euskararen erabilera. Halaxe dio gaur egungo Laskorain ikastolako zuzendari Jone Urteagak: “Nik uste, harrokeriaz ez, baina harrotasunez, esan dezakegula, emaitzak oso onak direla, azken zortzi urteetan ez garelako jaitsi % 95eko erabileratik”.
Emaitza hain onak izanik, Larretaren ustez, Euskaraz Bizi proiektuaren inguruan aurrera begira duten lehen erronka nagusia da orain artekoari eustea: “Baina kanpainetan euskararen erabileratik harago dauden esparruak ere hartu nahi ditugu eta euskal kulturarekin zerikusia duten alderdiei modu sakonagoan heldu. 
Etorkizuneko beste helburuetako bat gurasoen euskara erabileran gehiago eragitea da, baina eremu horretan esku hartzea ez da batere erraza”.
Euskaraz Bizi proiektuaren arrakasta ikusita, Larretak eta Olanok Laskorain ikastolako esperientzia ezagutarazi nahi izan dute. Horrexegatik, dokumentala Laskorain ikastolan bertan nahiz Ikastolen Elkarteko HIZPRO mintegian aurkezteaz gain, Interneten ere zintzilikatuko da kontsultatu edo erabili nahi duen ororentzat eskuragarri. Izan ere, dokumentalaren amaieran Kike Amonarrizek dioen moduan, Euskal Herrian bakarrik ez, Europa mailan nahiz mundu osoan ere erakusteko moduko eredua da Tolosakoa.