Myrtha Chokler: Harremanen garrantzia haurraren garapen osorako

2013-11-01
“Haur-eskola topagunea da, ez irakasleak planifikaturiko ekintzak egiteko lekua” 
 
 
Elena Lopez de Aranak eta Alex Barandiranek euren hitzaldiaren amaieran azaldu zuten ideia bat, hau da, elkargune-testuinguruak eratzeko premia, ekarri zuen Myrtha Choklerrek  bere hitzaldira, topaguneez aritu baitzen Psikologian doktore, psikomotrizista eta Pikler pedagogian aditua.
Hasteko, haurrarengan jarri zuen fokua Choklerrek. Nola bizi du haur txiki batek etxetik eskolarako esperientzia? “Haur txiki bat, Maria, Jose, Juan, Patricia... haur txiki bakoitza, zama emozional eta afektibo handiarekin munduratzen da. Motxila horrekin familiaren mundutxoan bere lekua eraikitzen hasiko da, bere ekintzarekin, jakinminarekin, negarrarekin.... egunean 24 orduz lan eginez. Egun batean, bere erabakiz ez, baizik eta familiaren erabakiz, leku ezezagun batera eramango dute haur txiki hori”. Eskola, lehen aldiz zapaltzen duen haur batentzat zeinen arrotza den adierazi zuen Choklerrek: “Bat-batean, gauzek dirudite baina ez dira, bertako materiala ez da erreala; ordu zehatz batean, beste haur guztiekin batera egin beharko du txiza eta kaka, haur horrek behar fisiologikorik izan ez arren...”.
Familiaren eta eskolaren arteko harremanez hitz egiteko garaian, beraz, haur bakoitzak esperientzia hori nola bizi duen behatzetik eta hausnartzetik abiatzea proposatu zien Choklerrek hezitzaileei. “Haur bakoitzak ahal duen bezala bizi du esperientzia hori, bere heltze prozesuaren, erritmoaren, konpetentzien, beldurren, angustien... arabera”.
Alabaina, helduek badute egitekorik haurraren esperientzia hori ez dadin hain bortitza, hain gogorra, hain traumatikoa izan. Horretarako, topagunearen pedagogia proposatu zuen Choklerrek, elkar ezagutzearen pedagogia. “Haur-eskola topagunearen lekua da, ez da irakasleak planifikaturiko ekintzak egiteko lekua. 10:15etatik 11:15etara margotu egin behar da, ondoren ontziz aldatuko ditugu materialak eta,  azkenik, jolas librerako ordubete izango dute. Zergatik? Eskola erlazio  berriak eraikitzen diren ingurunea da, non errealitate berri bat ezagutzen eta ikasten duen haurrak”. Choklerrek proposatzen du haurrek gauza bat edo beste ikas dezaten ekintza zehatzak planifikatu baino, irakasleak lehendabizi haur bakoitzari zer interesatzen zaion hausnartu behar duela.
Baina familia askok emaitzak ikusi nahi dituzte, margoa, eskulana..., “eta irakasleek gurasoek espero duten hori egiteko presioa sentitzen dute, beraz, irakasleak haurrei laguntzen die egunean egokituriko margoa, mozorroa edo dena delakoa egiten”. Choklerrek dio, ordea, horrek ez diola umearen beharrari erantzuten, gurasoen nahiari baizik; eta, gainera, umeak ez duela ikasten era horretan. “Haurrek ez dute ikasten egitera behartzen dituztenean, baizik eta ikusten dutenean, saiatzen direnean... eta helduak testuinguru egoki bat prestatzen dionean”. Horixe da, Choklerren ustez, hezitzailearen egitekoa haur-eskolan: testuinguru egokiak prestatzea haurrak, bere erritmoaren arabera, heltze prozesua aurrera eraman dezan.
Fokua haurrarengandik helduarenera —irakaslea nahiz gurasoa— pasaz, Choklerrek adierazi zuen helduek haurrei buruz duten irudiak berebiziko garrantzia duela honekiko tratuan. “Haurraren ze irudi daukagu? Pertsona aktibo, bizi, jakinminez betearena ala estimulatu beharrezko izaki pasiboarena, gero jakin dezan guztia helduak irakatsi behar diona?”. Haurrari egiten irakasten dion hezitzailearen eta haurrari testuinguru 
egokiak prestatu eta iniziatiba har dezan uzten dion hezitzailearen artean, bakoitzak buruan duen haur mota bereizten du Choklerrek, hau da haur aktiboa edo pasiboarena.  Piklerren teoriak ekarriz, hizlariak adierazi zuen irakaspenak eta prozesuak aurreratzen zaizkionean haur bati, porrotak aurreratzen zaizkiola. “Aski heldurik ez dagoen gorputz bati irakaspenak aurreratzen badizkiogu, gaizki egingo du, eta gaizki egiten ikasiko du; ezgauza dela sentiaraziko dugu”.
Galderaren pedagogia
Topagunearen pedagogiarekin batera, galderaren pedagogia aldarrikatu zuen. “Umeari galdetu egin behar zaio, ez agindu. Gainontzean, pasiboki helduaren agindua betetzera behartuko dugu. Baina ez dakigu zein ume dagoen osasuntsuago, sumisoki aginduak betetzen dituena edo errebelatzen dena. Pasiboki egokitzen dena gaixotu egiten da; egokitzapen aktiboa, berriz, ikaskuntzarako bide da”. 
Haurraren garapenean atxikimendu-loturak duen garrantzia nabarmendu zuen Choklerrek, lehenago Lopez de Aranak eta Barandiaranek egin zuten bezala. Lotura horrek familiaren eta eskolaren harremanean duen garrantzia azaldu zuen: “Haurra, babestuko duen heldu horrengana lotzeko prest dator. Eta lotura horrek  beldurrak, eta ezezagunarekiko tentsioak baretzen lagunduko dio. Haurra deskubritzeko irrikaz dago, baina, era berean, ezezaguna den horrek beldurra eragiten dio. Haatik, helduak hasieratik babesa eman badio, haur horrek barrenean eramango du helduarekin izaniko esperientzia eta helduleku bat izango du ezezagunari aurre egiteko, baita beraz, haur-eskolarako urratsa egiteko ere”.
Objektu trantsizionalak edo lagungarriak –burkoa, hartzatxoa, zapiak...— lehen atxikimendu figuraren luzapena izaten dira haurrarentzat eskolako testuinguruan, karga emozionala eta afektiboa ezarri baitio haurrak etxeko elementu horri, eta ezezagun duenaren aurrean beldurra eta antsietatea lasaitzen lagunduko dio. 
Haur-eskolako testuingurua errespetuzkoa eta komunikaziozkoa den kasuetan, haurra bigarren atxikimendu figura bertan aurkitzeko gai sentituko da. Baina Choklerrek zehaztu zuen komunikatzea ez dela soilik informatzea, baizik eta heldu hori prest egon behar dela haurrek —eta horien gurasoek— adierazten diotena ulertzeko. 
Errespetua norabide anitzekoa izan beharko lukeela adierazi zuen Choklerrek, haurrarenganakoa, eskolarenganakoa eta familiarenganakoa. Baina errespetua edukitzeko, derrigorrezko jo zuen elkar ezagutzea: “Inork ez du ezagutzen ez duena errespetatzen. Ezagutzen ez duguna etsai bihurtzen da, amenazu”. Ezagutza, errespetua eta konplizitatea elkarrekin doazen hiru berba dira Choklerrentzat. “Horrek esan nahi du elkar ezagutzeko denbora hartu behar dugula”. Konfiantza eta konplizitatea eraikitzeko, baliabideak jarri behar direla azaldu zuen: “Espazioak, tresnak eta denbora behar dugu haur-eskola hori haurrarekin eta familiarekin elkartu dadin, elkar ezagutu dezaten”.