Zer ekarpen egin diezaioke eskolan diharduen irakasle edo hezitzaile bati Gestalt ildoko prestakuntzak?

2013-11-01
 
 
Richie Hering-en arabera, 250 psikoterapia mota daude; horiek guztiak hurrengo hiru korronte hauetan sartzen dira:
1- PSIKOANALISIA EDO TEORIA DINAMIKOA
2- JOKABIDE-TERAPIA
3- PSIKOTERAPIA HUMANISTA
Hiru korronte horien sailkapena sortu ziren unearen araberakoa da; beraz, psikoterapia humanista da berriena. Errepresio sexualak utzi zituen ondorioei aurre egiteko jaio zen psikoanalisia. Geroago, XX. mendearen hasieran, teknologiaren bilakaerak bultzatuta, makinak pertsonen lekua hartzen hasi ziren. “Antsietatearen aroa” eragin zuen horrek, eta hala sortu zen jokabide-terapia. Azkenik, XX. mendearen amaieran, gizakiaren despertsonalizazioak eta gizagabetzeak “alienazio-aroa edo aisialdiarekin lotutako aspertze-aroa” ekarri zuen, eta psikoterapia humanista sortu zen hortik. Psikoterapia humanistak sentimenduei, emozioei eta bizipenei ematen die lehentasuna. 
Psikoterapia humanistak ez ditu kontuan hartzen norbanakoaren aurrepentsamenduak, ezta haren iragana ere. Ikuspegi horretako hainbat psikoterapia motaren arabera, pertsona bizi den minutu bakoitzean ari da bere etorkizuna sortzen. Horren ondorioz, psikoterapia humanistek bizitzako berehalako unean jartzen dute arreta eta energia guztia. 
Psikologia humanistaren oinarrizko printzipioa da ekintza terapeutikoaren bidez bultzatzen diren aldaketak bizipen-prozesu baten bitartez gertatzen direla. Hiru prozesu hauen bidez gertatzen da hori: “konturatzea”, “erne egotea” eta “kontzientzia hartzea” (awareness).
Psikoterapia humanistaren barnean, Gestalt terapia azpimarratu nahi dut. Gestalt terapia Fritz eta Laura Perlsek sortutako psikoterapia da, garapen pertsonala lortzeko metodoa. Hauek dira Gestalt terapiaren oinarrizko printzipioak:
1. Orainean oinarritzea: terapia-egoeran “gaur egun” (orain) eta “espazio honetan” (hemen) nabarmentzen dira. 
2. Esperientziarekiko arreta eta onespena: "konturatze" fisikoa, emozionala eta mentala. 
3. Norberaren erantzukizuna: “konturatze” horren ardura hartzea.
Prozesu terapeutikoa hiru arlotan oinarritzen da: kontzientzia, esperientzia eta harremana. Pertsonari kontzienteago izaten laguntzen dio, hau da, bere burua hobeto ezagutzen, horrela, bere beharrak argi eta garbi identifika ditzan eta terapian zein kalean esperientzia berri eta sendatzaileak bizitzeko aukera izan dezan.
Fritz Perls psikoanalisian aditua zen, eta soilik korronte horri buruzko prozesuak lantzen zituela sentitzen zuen, emozioak eta sentimenduak landu barik utzita. Horregatik, Gestalt terapiak, alde batetik, psikoanalisia izan zuen oinarri, eta, bestetik, ekialdeko erlijioen eragina, taoismoarena eta zen budistarena, hain zuzen ere. 
Gestalt terapiak nork bere burua hobeto ezagutzera bultzatzen du. Banakako terapiaren bidez edo talde-terapiaren bidez lantzen du hori.
Gestalt ildoko prestakuntzak eskolan diharduen irakasle edo hezitzaile bati egin diezaiokeen ekarpena:
Gestalt terapiak beharrezkoa ikusten du terapeutak bere indar eta ahuldadeen kontzientzia izatea eta norberaren mugak, pertsona den heinean, ezagutzea. Terapeuta bakoitzak, beraz, bere prozesu terapeutikoa du. Bere ahalmena ezagutzeko eta lantzeko aukera emango dio horrek.
Gestalt terapiak harremanean jartzen du indarra. Terapeutak eta paziente edo bezeroak sortuko duten harremanean oinarrituko da terapiaren indarra. Alde horretatik, paziente edo bezero bakoitzarekin tratamendu berezia egingo da. Gestalt terapiaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat malgutasuna da; hemen eta orain aurrera jarraitzeko muga zein den jakiten laguntzeko terapeutak unean-unean egokienak diren teknikak erabiliko ditu, eta une eta pertsona bakoitzarekin berezia eta esklusiboa izango da.
Bestetik, aurretik esan dudan moduan, Gestalt terapiaren oinarrietako bat ekialdeko filosofia da. Horren arabera, inork ez daki norberak baino hobeto zer behar dituen eta behar horiek zelan ase ditzakeen. Terapeutak organismoari entzuten eta hura ezagutzen lagunduko dio paziente-bezeroari, beti ere giltza paziente-bezeroak berak duela jakinda.
Gestalt terapiaren arabera lan egiten duen terapeutak ez du bilatzen paziente-bezeroa manipulatzea haren jokabidea aldatzeko, oraindik ezagutzen ez duen horri argia ematea baizik. Alde horretatik, terapiara datorren pertsonak berarentzat egokia den hori aukeratzea bilatuko du terapiak, eta egokia ez dena uxatzea.
Horregatik guztiagatik, beste pertsona batzuk zaintzen lan egiten duen edozeinentzat izan daiteke lagungarri Gestalt terapian aditua izatea. Batetik, pertsonari kontzienteago izaten laguntzen diolako, eta hala, laguntzen, hezten edo zaintzen ari den pertsona edo pertsonak modu osoagoan ikusteko aukera izango duelako hezitzaileak; eta, bestetik, pertsona horiek modurik egokienean gidatzeko baliabideak emango dizkiolako terapiak.
Irakaskuntza alorreko hezitzaileak bitan sailkatuko nituzke: alde batetik, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan dihardutenak, eta, bestetik, DBH eta Batxilergokoak. Lehenengo bietan haurrak heztea da lan nagusia; beste bietan, aldiz, nerabeak hezteaz gain, prestakuntza akademikoak indar handiagoa hartzen du. Bietan da baliagarria Gestalt terapia. Jakin beharko dugu zein diren norberak, pertsona den heinean, dituen ahalmenak eta mugak, eta horixe indartu hezitzaile-lanean. Egokiena, espezialitatea aukeratu aurretik, prozesu horretatik pasatzea izango litzateke, baina, tamalez, oso gutxitan gertatzen da hori. Hezitzaile bakoitzak leku eta etapa egoki bat izango ditu, bere izaeraren eta dituen ahalmenen eta mugen arabera. Egokiena hori kontuan hartzea izango litzateke. Gehienetan, ordea, aukera hori egiterakoan beste faktore batzuk hartzen dira kontuan; beraz, Gestalt terapiaren helburuetako bat irakaslea egokituko zaion taldera ahalik eta modurik egokienean moldatzea izango da. Horretarako, 
irakasleak, bere buruaz dakiena baliatuta, taldearen indarrak eta mugak ezagutu beharko ditu, eta horiek landu. 
Nire esperientziaren arabera eta nire bulegoan ikusten dudanaren 
arabera, terapiara datozen lagun askok pertsonei laguntzen edo horiek hezten edo zaintzen lan egiten dute.