Familia, ikastetxearen aliatua

2013-11-01
“Umearen ongizatea ez da soilik familia eta eskolaren egitekoa, 
baizik eta gizarte osoaren inplikazioa behar da. Prebentzio horrek gizarte osasuntsuagoa eraikitzen lagunduko liguke”
 
 
Asko eskatzen zaio eskolari. Konpententziez jabeturiko haurrak osatzeaz gain, kritikoak, solidarioak, hezkidetzaileak, euskaldunak... izan daitezen eskatzen zaio. Eta 
ikastetxeak ba al du horretarako tresnarik, baliabide ekomonikorik, jenderik, espaziorik...? Badu haurrak hezten lagunduko dion aliatu bat eskolak: familia.
Haurraren ongizatea eta garapena lehenesten dituzten bi sistema dira ikastetxea eta familia, helburu berbera duten bi sistema, beraz. Sarri, baina, bizkar emanda aritzen dira lanean. Aurreko hik hasi-n ikusi ahal izan genuen eran, batzuek besteez susmoak dituzte: familiak eskolak berari buruz iritzi txarra duela uste ohi du, eta alderantziz. Joxe Amiamaren tesiak erakutsi duenez, ordea, gauzak bestela dira: ondo dakite biek elkarren beharra dutela konpartitzen duten helburu hori aurrera atera dadin. Eta sistemek uste baino iritzi hobea dute bata besteari buruz.
Hik Hasi-k Haur Hezkuntzari eskaintzen dizkion jardunaldietan familien eta eskolaren arteko harreman osasuntsu bat bideratzeko klabeak eman zituzten hizlariek. Hasteko, Ategorritxo haur-eskolako hezitzaile Leire Garrok eta Josune Belamendiak gogoratu zuten eran, haurra bere familiarekin dator eskolara, eta “haur bakoitza onartua sentiarazi behar dugu bere familia-ereduan”. Nola? Myrtha Choklerrek eman zuen erantzuna: Elkar ezagutuz. “Inork ez du errespetatzen ezagutzen ez duena. Ezagutzen ez duguna etsai bihurtzen da, amenazu. Horrek esan nahi du elkar ezagutzeko denbora hartu behar dugula”.
Ikastetxeak komunitateko parte dira, eta familiei eta komunitateari zabalik egon beharko lukete. Eskolak topagune izan behar duela esan zuten behin eta berriz hizlariek. Zer nolako jendartea eraikiko dugu bizi garen komunitate horri bizkar emanda, itxita, lan egiten badugu?
Gurasoek ikastetxearen beharra dute. Baina ikastetxeek ere familien premia dute, haien babesa, errekonozimendua eta oroz gain sostengua behar dute. Orain —krisi egoeran, murrizketen erdian, LOMCEren mehatxupean— inoiz baino gehiago.
Familiaren eta ikastetxearen arteko harremana, alabaina, ez da beharrezkoa Haur Hezkuntzan soilik. Hortik aurrera, LHn eta DBHn ere espazioak, denborak eta zubiak 
eraiki behar dira eragile guztiok partekatzen dugun helburua aurrera atera dadin. Nork beretik jarriz, eskolak eta familiak, baina baita gizarteak eta administrazioek ere. Huheziko Elena Lopez de Arana eta Alexander Barandiaran irakasleen hitzak geure egiten ditugu: “Umearen ongizatea ez da soilik familia eta eskolaren egitekoa, baizik eta gizarte osoaren inplikazioa behar da. Prebentzio horrek gizarte osasuntsuagoa eraikitzen lagunduko liguke”.