Berrikuntza: oinarriak sendotuz

2013-12-01
Gaurko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko euskal curriculuma indartzea, irakasleak ongi prestatzea eta  haur kritiko eta sortzaileak heztea dira giltzarrietarik hiru. ‘Hezkuntza Euskal Herrian atzo eta gaur’ jardunaldietan hiru oinarri horiei buruz mintzatu dira Paulo Iztueta, Miren Camison, Agurtzane Azpeitia eta Matilde Sainz, hik hasi-k antolaturiko tailerrean.
 
 
GARAIAN ikerketa taldeak antolatuta, azaroaren 14an eta 15ean Donostiako  "Hezkuntza Euskal Herrian atzo eta gaur" jardunaldiak egin ziren, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko areto nagusian, eta jardunaldien barruan Hezkuntzak arduratzen gaitu tailerra egin zen, hik hasi-k antolaturik. Bertan, bizi ditugun hezkuntza-garai konplexu eta ­erronkaz beteriko hauetan, hik hasi-ren aburuz, euskal hezkuntzaren kalitatea bermatzen duten oinarriei buruzko esposizioa egin zuten Paulo Iztuetak, Miren Camisonek eta Agurtzane  Azpeitia eta Matilde Sainzek. Euskal curriculuma; pentsamendu kritikoa eta sortzailea eta hirugarrenik, ­irakasleen prestakuntza izan zituzten hizpide hurrenez  hurren Iztuetak, Camisonek eta Huheziko Azpeitiak eta Sainzek. Hiru zutabe horiek baitira, hik hasi-ren iritziz gaurko eta biharko hezkuntzaren oinarriak, guztia komunitate ikuspegi baten barruan landurik.
Euskal curriculuma
Paulo Iztueta EHUko Filosofia saileko irakasleak hezkuntzaren izaera politikoa nabarmenduz hasi zuen bere hitzaldia. “Gaur egungo edozein estatuk hezkuntza-sistema erabiltzen du bere gizarte-eredua gauzatzeko orduan. Gobernuan aldaketak ematen diren bakoitzean, ohikoa izaten da hezkuntzan berrikuntzak egitea. Horren arrazoia da bortxa sinbolikoaren besoa bortxa fisikoarena baino askoz harago joaten dela gizarte-ordenaren kontrolean. Batez ere hezkuntza formalaren bidez gauzatzen baita, eta egun inoiz baino gehiago hezkuntza ez formalaren bidez, zehazki, komunikabideen bidez. Horrela, aldian aldiko gobernu zentralak, berak aldarrikatzen duen gizarte-ereduari eusteko, belaunaldi berriak balio horietan hezteko bide eraginkorragorik ez du”. Werten lege proiek jari zuen esandakoaren adibidetzat. 
Curriculumaren garrantziaz hitz egiteko garaian, irakaskuntzaren hizkuntzari ere erreparatu behar zaiola dio Iztuetak. Eta horretarako datu ­esanguratsuei begiratu zien, “eta horiek ez dira kontsolagarriak”. EAEn batxilergoa amaitzen dutenetatik %44k A ereduan egiten du, eta D ereduan % 53,7k. “Datu horiek are okerragoak dira Nafarroako Foru Komunitatean eta Iparraldean”. Iztuetaren arabera, euskal lurralde barruko zatiketa administraboak eragiten dituen “ondorio txarrak” gainditzeko proposamen zehatzik  ez da egiten klase politikoaren eta instituzio politikoen aldetik,  “eta etorkizunean norabidez aldatzeko zailtasunak baino ez dira aurreikusten”. Esparru legala hori izanik ere, Iztuetaren iritziz, mereziko luke esparru murriztu horren barruan “euskarazko irakaskuntzaren alde ­ahalegin gehiago egitea 3 administrazioen arteko hezkuntza hitzarmenak bideratuz, edo beste zerbait asmatuz”. 
Irakaskuntzaren hizkuntzari dagokionez, Iztuetak ez luke “euskararen ezagutza osoa ziurtatuko ez duen eleaniztasunik ez onartuko”, edo positiboan esanda, “eleaniztasuna euskarazko irakaskuntzaren bidez bermatuko da” gisako formulazioa onartuko lueke. Haatik, Eusko Jaurlaritzak 2013ko iraileko datarekin prestatu duen ‘Oinarrizko hezkuntzarako euskal curriculumaren eredu pedagogikoaren markoa gauzatzeko plangintzaren hastapena’ izenekoan, metodologiaz ari delarik, euskaran ardazturiko norabidea formula eskaintzen da, eta hori ez da aski Iztuetarentzat. “Egungo hezkuntza eleaniztasunaren kasuan kontraesan garbi bat dago: ikasleen ia erdia gaztelaniaz eskolatzen den eredu pedagogikoan, eleaniztasunari ematen zaio sarrera, kasu honetan ingelesari; bestalde, gauza jakina da albo hizkuntzan gaztelania eta frantsesa gure kasuan, gizartean bertan ikasten direla, areago oraindik, beren ama hizkuntza direnean. Euskarazko irakaskuntza ziurtatua dagoen kasuan, orduan bai desiragarri litzateke aberasgarri delako beste hizkuntza bat ikastea. Baina nire ustez, hautaketa ez litzateke egin behar interes ekonomikoengatik soilik, orain bezala, baita eta bereziki kultura horrengatik ere”. 
Curriculumak unibertsala izan dadin, bere oinarrian partikularra izan behar du ezinbestean Iztuetaren hitzetan. “Herrietako hezkuntza komunitateetan aurkitzen dira partikulartasun ezaugarriak dauzkaten elementu  mota desberdinak: linguistikoak, kulturalak, historikoak, geografikoak, ­ekonomikoak etab. Espezifikotasunak areagoko zehaztasun bat ematen dio partikulartasunari. Beraz, euskal curriculumaren barruan, eremu unibertsalean sartzen diren eduki mota oro sartzen dira, gizarte eta giza zientzietan zein tekniko-zientifikoetan sailkatu ohi ditugunak.
Etorkizunari begira jarrita, eta Gernikako Estatutuak “emateko zuena jadanik emana duela ikusirik eta ­EAErako baino ez denez, Iztuetaren ­iritziz, “hezkuntza politika estatu independente batera hurbildu edo eraman gaitzakeen testuinguru juridiko posible baten aurrean kokatu beharko litzateke”. Helburu hauek aurrera eramateko, hezkuntza elebidunean oinarritzen diren eta oraindik ere indarrean dauden marko juridiko autonomikoak gaindituz, irakaslearen ­aburuz, “egoera instituzional eta politiko berria eraiki beharra legoke bere zentzu oso eta betean, estatu independente batean bakarrik izango lukeena”.
 Irakasleen prestakuntza
Gaur eguneko eta etorkizuneko ­ikasleei erantzun ahal izateko, haien beharrak ase ahal izateko, irakasleek ondo prestatuak egon behar dute, eta horretan burubelarri ari dira Huheziko Agurtzane Azpeitia eta Matilde Sainz. Gaur egun irakaslegaiak -eta formazio iraunkorra jasotzen duten ­irakasleak- ikuspegi gogoetatsutik formatzen dituzte, teoriaren eta praktikaren artean dagoen “amildegia” gainditzeko modu eraginorrena deritzote. “Garai batean erreferentzia teoria zen, eta ondoren teoriatik praktikara transferentzia egiten zen, hau da, teoria hori aplikatzen zen —azaldu zuen Sainzek—. Gero ikusi zen hori ez zela batere eraginkorra, eta bigarren saiakera izan zen materiala sortzea eta material hori gelara eramatea, didaktikaren magiaren bidez. Baina horrek ere ez du erantzun oso ona ­eman, irakasle bakoitzak material hori bere modura erabiltzen baitu. Hirugarren bidea izan da, gela barruan zer gertatzen den aztertzea, arreta irakasleengan jarrita”. Ikuspuntu honetatik begiratuz ari dira orain lanean Huhezin.
Donald Shönek 1983an mahaigaineratu zuen praktika gogoetatsuaren kontzeptua. Lan horrek, Sainzen aburuz, “didaktikari eta irakaslearen formazioari eta prestigioari sekulako biraketa eman zion, kuasi paradigmatikoa”. Shönek azaldu zuen irakaslea ez dela teoriaren aplikatzaile hutsa, baizik eta  erabakiak hartu behar dituela, gogoeta egin behar duela.  
Huhezikoek gogoeta hori autokonfrontazioaren teoriaren bidez ­egiten dute. Hau da, irakaslea  klasea ematen ari dela grabatu egiten da, eta ondoren, pertsona horrek tutore batekin  —edo berdinkide batekin eta tutorearekin —gogoeta egiten du bere jardueraren gainean. “Hori egiteak aukera ematen du,  ulertzeko pertsona horrek zergatik jokatzen duen modu horretara, eta bere jardueraren gainean hausnartzen eta eraikitzen jarraitzeko aukera du”.
Pentsamendu kritikoa eta sortzailea
XXI. mende honen konplexutasunari erantzuteko, egunean egunean hezkuntzak dituen erronkei aurre egiteko, beharrezkoa da Miren Camisonen aburuz jendarte kritikoa eta hausnarkorra heztea, “bere kabuz pentsatuko duena, arduratsua izango dena”. Autonomia intelektuala —eta baita autonomia morala, emozionala eta afektiboa— lantzeko haur filosofiaren  proiektua proposatzen du Camisonek. “Gaur egun haurrek eskoletan pentsamendu kritikoa eta sortzailea gara dezaten bermatzen al dira baldintzak? Hausnarketa eta sormena  modu etiko batean lantzeko espazioak sortu behar dira”.
Pedagogia dialogikoarekin zerikusia duten 70eko hamarkadako bi proposamen aipatu zituen Camisonek, Paulo Freireren Zapalduaren pedagogia eta Matthew Lipmanen haur filosofiako curriculuma. “Hezkuntza bankarioa” alboratzeko proposamena egin zuen Freirek, non bere hitzetan, batek, dakienak, ez dakienari botatzen dion diskurtsoa. “Hezkuntza kontzientizatzailea” indartu behar dela zioen Freirek, Camisonek gogoratu zuenez. Pentsamendu kritikoarekin, sortzailearekin eta herri mugimenduarekin zerikusia dauka Freireren proposamenak. 
Lipmanen Haur filosofiak haurrek eta gazteek euren kabuz pentsatzea du helburu, “berez hala egiten dutebaina  aukera gehiago ematen badizkiegu, hobeto trebatu daitezke”, azaldu zuen Camisonek. “Pentsatzeko daukaten gaitasun horri espazio ­eta aukera gehiago ematea proposatu zuen Lipmanek,  metodologia filosofikoaren bitartez”. Borobilean eseri eta elkarrekin pentsatzen da metodo­logia filosofikoaren laguntzarekin, ­ikerketa, elkarrizketa eta komunikazio enpatikoaren bidez.
Gelak ikerketa komunitate filosofiko bihurtzea proposatu zuen Lipmanek, non haurrek elkarrekin ikertuko duten interesa duten gaiei buruz. Horretarako elkarrizketa eta ikasketa komunitate bat sortzea proposatu zuen. 
Elkarrizketa filosofikoaren helburua, Camisonek azaldu zuenez, ez da bestea konbentzitzea, eta bata ez da besteari arrazoia inposatzen saiatzen. “Taldean egiten dugun eta egiten dudan gogoeta pertsonal bat da, gogoetarako espazio bat da, etsaitasunik gabeko konfiantzazko eta errespetuzko espazio bat”. Elkarrekin solasten dugunean, ideiak eta gogoetak partekatzen ditugunean, nahiz eta ez egon beti ados, esanahi partekatua eraikitzen dela dio hizlariak, elkarrekin hobeto pentsatzen baita. “Descartesek esaten zuen ‘nik hobeto pentsatzen dut bakarrik,’ baina Vigotskyri esker badakigu hobeto pentsatzen dugula bestearekin. Besteak badu ikuspuntu bat guk ez duguna, eta erronka bat da beste ikuspuntu hori barneratzea eta gurea azaltzea; horrek sakonago pentsa dezagun eragingo du; besteak, guretzako, erronkak intelektuala dira”. 
 Irakaslea eta ikasleak elkarrekin lan egiten dute Camisonek proposatzen duen ikerketa komunitate horretan, eta biak dira ikerketaren subjektu aktiboak. “Irakaslea ez da bitartekari bat (ez baita eztabaida bat), baizik eta irakasleak prozesuak erraztu behar lituzke umeen eta gazteen interesetatik abiaturik, baina iritzi propiorik ­eman gabe”. Haurren sormena eta kritikotasuna landu eta garatu ahal ­izateko, irakasleek  pentsarazteko galderak egitea da giltzarria, “Sokrate txiki bat bezala. Trebatu behar dugu, beraz, galdera ziztagarriak egiten. ­Beraz, hezkuntza bankariotik hona ­irakaslearen rola nahikotxo aldatzen da”. Galderaren pedagogiarekin batera, entzutearen pedagogia goraipatu zuen haur filosofiako irakasleak: “ez badugu elkar entzuten ez dago komunikaziorik”.