Euskara Gasteiz eleanitzean

2013-12-01
Aurreko batean, seme-alabak ikastolan utzi ondoren, bilera batera abiatu nintzen. Gasteizen izanik, kotxea garajean utzita, tranbian joatea erabaki nuen. Bi geltoki aurrerago, ikasle-talde bat sartu zen bagoian. Zalapartaka, oihuka, alarauka. Gazteleraz garrasika, ondoan dagoen D ereduko institutuko ikasleak izanagatik. Tranbia berriz abiatu zen eta Legebiltzarreraino joan nintzen bidaide zaratatsuekin. 
Gazteleraz aritu ziren ibilbide osoan. Nahi gabe ere, institutuko neska-mutilek esaten zutena entzun behar izan nuen. Bitartean, lehiotik begira jarri nintzen eta hizkuntza paisaiari erreparatu nion. Une batez, Zaragozan edo Burgosen egon nintekeela pentsatu nuen.
Ohartu gabe, nire ikasle garaietara bueltatu nintzen. Seguru asko, duela hogeita hamar bat urte, geu izango baikinen horiek bezain zalapartatsuak…  Garai hartan, nire inguruan gaztelera zen hizkuntza bakarra eta ia ez nuen euskararen presentziarik hautematen. Hiru hamarkadetan asko aldatu gara denok. Kasu honetan, Gasteizko bilakaera soziolinguistikoa ere esanguratsua izan da. Hobera egin du, zalantzarik gabe, eremu guztietan, formaletan batez ere. Hala ere, gaur egun, gasteiztar askorentzat gaztelerak segitzen du izaten hizkuntza eta errealitate bakarra [gasteiztarren % 93,1ek gaztelania erabiltzen du etxean; % 1,9k euskara. Euskara zein gaztelania erabiltzen dituztenen kopurua gehitzen badiogu, % 5,5era heltzen da]. 
Datu soziolinguistikoen arabera, Gasteizen, 5 eta 30 urte bitarteko biztanleen erdia baino gehiago elebiduna da dagoeneko. Horren ondorioz, adin horretako elebidun hartzaileen eta erdaldun elebakarren ehunekoak gutxituz doaz. Are gehiago, 10 eta 14 urte bitarteko haur-gaztetxoen artean hirutik bi euskaldunak dira. Adin horretan euskara batere ez dakitenak %10 inguru dira.
Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, gasteiztarren % 15,5 elebidunak dira eta % 18,7 elebidun hartzaileak. Ah, eta kontuan izateko eta nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen, Bilbon eta Iruñean bezala, gaztelania ez diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla. Beste hizkuntza horiek, euskarari ez ezik, gaztelaniari ere eragin diote.
Gasteizko argazki hori ikusita, erraza da ondorioztatzea euskarak ez dituela betetzen gaztelerak betetzen dituen funtzioak. Ume askok euskara ikastolan jasotzen dute, bikote euskaldunen ehunekoak gora egin badu ere. Jakina da irakaskuntzak berebiziko garrantzia duela hizkuntzaren transmisioan eta normalizazioan. Hezkuntza sistemaren bitartez, Wert gora-behera, pertsona euskaldun eleaniztunak sortu eta hezi nahi dira. Baina eremu formal horretatik kanpo, erabilera jaitsi egiten da… Ikasle hauen gaitasuna nahikoa ez izateagatik, hiztun-dentsitatea behar bestekoa ez izateagatik, gurasoon utzikeriagatik, garatzen ari diren politikak eznahikoak direlako, gaztetxoentzat eredu direnek beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituztelako, etab. 
Gasteizko gaztetxo gehienentzat gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea, normala dena. Esfortzu apartekoa egin behar dute gaztelera ez den hizkuntza bat erabiltzeko, eta horretarako motibazio berezirik ez badute, ez dute erabiliko. Hezkuntza sistemak bakarrik ez du lortuko gizartea euskalduntzea, euskararen erabilera orokortzea. Hezkuntza sistemaren ekarpenaren ondorioz, gaztetxo horientzat guztientzat, euskara ez da arrotza, euskaraz aritzeko gaitasuna badute, eta ez da gutxi, baina hortik hizkuntza erabilera-ohiturak errotik aldatzeko urratsa egiteko funtsezkoa izango da alor eta estamentu guztiak inplikatzea, bai eta hauen arteko koordinazioa, elkarlana eta osagarritasuna ere. 
Tranbia Legebiltzarreko geltokian gelditu zen. Handik jaitsi ziren, zalapartaka, institutuko ikasleak Ignacio Aldecoa kultur etxean dagoen Badu Bada erakusketara bisita egiteko… Euskara mundu eleanitzean.
Hemendik gutxira, gure seme-alabak ere tranbia horretara igoko dira bere lagunekin ikuskizun, hitzaldi edo erakusketa batean parte hartzera. Hau al da seme-alabentzat eraikitzen ari garen mundu eleanitza?