Familiei eta komunitateari irekia

2014-02-01

Arbizun, Nafarroako Sakanan dago Kattuka haur-eskola. 0-3 urteko haurrak hartzen dituzte han, eta, Arbizuko nahiz Lakuntzako ­familiei ez ezik, Sakanako beste hainbat ­herritakoei ere eskaintzen die ­zerbitzua. Hirugarren ­ikasturtea besterik ez badu ere, herriko zein bailarako zutabe garrantzitsu ­bilakatu da. Etengabe prestatzen aritzea eta familiei ­irekita egotea dira eskolako ­hezitzaileen premisa nagusiak. 

 
 
Legez sei unitate izateko baimena du Kattukak, hau da, 16 titiko (0-1 urteko haurrak), 26 ibiltari (1-2 urteko haurrak) eta 38 nagusi (2-3 urteko haurrak) har ditzake. 8 kideko taldea ari da Kattukan lanean. Horietatik bost arreta zuzeneko hezitzaileak dira, haiei laguntzeko beste hezitzaile bat ere badute, eta askotariko zerbitzuak  deiturikoan beste bi ari dira ­lanean. Horiek biak jangelaz eta garbiketaz arduratzen dira nagusiki. Baina guztiek ordutegi berberean jarduten dute, eta horri berari ere garrantzia ­ematen diote. Izan ere, Eider Garde ­eta Izaskun Larrion haur-eskolako hezitzaileek azaltzen dutenez, jangelan nahiz garbiketan lanean aritzen direnak ere haurrentzat erreferente dira, eta harremanetan daude etengabe. 
Pedagogiari dagokionez, Loris Malaguzzi eta Reggio Emiliako ereduan nahiz Emmi Pikler eta Lóczy Institutukoan oinarritzen dira Kattukan. “Saiatzen gara, ahal dugun neurrian eta gure errealitatera egokitut –ratioak ere oso kontuan izan behar baititugu–, teoria horiei kasu egiten”, dio Gardek. Eskolan, hiru adin-tarteetarako aretoak ez ezik, bestelako txokoak ere badituzte, hala nola psikomotrizitatekoa, argi-lantegia, artekoa, jolastokia, jangela eta sukaldea, mozorroena… eta baita hainbat lantegi eta jolas egiteko aukera ematen dien pasabide zabal bat ere. Horrek talde txikitan banatu eta haurrak euren ohiko aretotik ateratzeko aukera ematen die hezitzaileei: “Guk haurrei aukera ematen diegu euren ohiko gelatik ateratzeko eta bestelako txokoren batera joateko, eta, normalki, oso gustura ateratzen dira. Piklerren ildoko zenbait hezitzailek eta adituk ez dute hori ulertzen. Esan izan digute gela dela haurra babesten duen espazioa, eta ea zergatik egiten dugun hori. Guk dugun errealitatea dugu, eta gure ratioekin iruditzen zaigu agian haurrak babestuago sentitzen direla talde txikian, beste espazio batean”, gaineratu du.
Antolaketari dagokionez, ordea, ez dute ordutegi itxirik. Arratsaldean ume gutxiago egoten direnez, malgutasun handiagoarekin jokatzen dute eta umeek eurek uneoro erabaki dezakete nora joan eta zer egin nahi duten. Goizez aukera ez da hain zabala ­izaten, adin-tarte bakoitzeko haurrekin bi heldu daudelako eta zenbait ­ekintza egin ahal izateko taldea egituratzea komeni izaten delako. Adin-tarte bakoitzeko haurrak bi taldetan banatzen dituzte, eta bi talde horietako bakoitzak bere heldu erreferentea du. Beraz, talde txikiko ekintzak normalki erreferentziazko hezitzailearekin egiten dituzte. “Edozein kasutan ere, talde txikiko lantegiak antolatzen ditugun arren, saiatzen gara haurrei galdetzen joan nahi duten edo ez. Beraz, joatea erabakitzen badute, talde txikian euren heldu erreferentearekin ateratzen dira gelatik, eta, gainerakoan, beste haurrekin eta erreferentziazko helduarekin geratzen dira gela barnean. Normalean, gelatik atera nahi izaten dute, gelan gatazka gehiago sortzen direlako”, azaldu du Larrionek. 
Bazkalordua ere modu berezian antolatzen dute Kattukan. Titikoek gelan bertan jaten dute, Piklerren eskalari jarraituz. Lehenik soinean, eta gero, pixkanaka, bikoteka bazkaltzen hasten dira. Ibiltarientzat ere gelan bertan daukate atonduta jateko tokia. Bi itxitura dituzte, eta horietako batean egiten dute bazkaria. Batzuek banaka jaten dute, baina beste batzuk hasi dira dagoeneko binaka edo hirunaka jaten. Nagusiek, azkenik, jangelan bazkaltzen dute, bi txandatan. 11:30ean bazkaltzen du lehen taldeak, eta haiek amaitzean, bigarrenak. Nagusien gelan, orotara, 14 haur daudenez, antolaketa horren bidez bermatzen dute jangelan hezitzaile bakarrarekin asko jota zazpi haur egongo direla. Jatordu duin bat egin ahal izateko asko hausnartu eta barne-lan handia egin dutela dio Gardek. ­“Orain nagusien gelan dauden haurrak titikoen gelatik daude gurekin, ­eta titikoen gelan jada txandak egiten hasi ginen. Hala, haur bakoitzak bazekien noren atzetik zihoan. Txanda horiei beraiei eutsi diegu bai fardel aldaketarako eta bai bazkaritarako. Iaz bi mahaitan jaten zuten; aurten, ordea, guztiok mahai bakarrean jatea ­erabaki dugu, hezitzailea eta haurrak mahai beraren bueltan direla. Aldamenean ikasmahai bat ere badago, haurren batek taldean jan nahi ez badu ere han esertzeko aukera izan dezan”. Hezitzaileek ere txandak egiten dituzte. Hala, aste batean haurrekin jangelara doana hurrengoan fardelak aldatzeaz arduratzen da. Beraz, fardela beti hezitzaile erreferenteak aldatzeko ohiturari ez diote beti eusten, baina haurrek badakite aste bakoitzean nor den fardel-aldaketako arduraduna eta nor jangelakoa. “Ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara, baina gauza batzuk aurrera eraman ahal ­izateko, beste batzuk alboratu egin behar ­izaten ditugu”, adierazi du Larrionek.
Siestarekin ere antzera jokatzen dute. Haurrek ez daukate siesta-ordurik, eta hezitzaileek ere ez dituzte lotara behartzen. Umeek eurek badakite ohe txikietara edo sehasketara ­igotzen, eta, nekatuta daudenean, han jarri eta lo egiten dute, bakoitzak bere beharraren arabera. 
Kattukan saiatzen dira haurren profilaren oinarri nagusia autonomia izan dadin. Haurrek badakite uneoro eurek erabaki dezaketela, baina hainbat unetan hezitzaileek autonomia hori moztu behar izaten dute. Gardek esplikatutako eran, aurten oso hausnarketa interesgarria ari dira egiten, ­ikusten baitute titikoen mailan hasita nagusienera arte eurekin egon diren haurrek nolako garapena izan duten: “Ikusten dugu izugarrizko aldea dagoela gurekin titikoen gelatik dauden haurren eta geroago hasi diren haurren artean. Mugimenduari eta hizkuntzari dagokienez nabaritzen dugu hori batez ere. Mugimendu garatuagoa dute, hizkuntza aberatsagoa, eta konplexutasun handiagoko mugimenduak nahiz esaldiak egiteko gai dira. Nik benetan uste dut eskolak familiak eskaini ezin dituen hainbat gauza eskaintzen dituela. ­Egia da talde-bizitza hain txikitatik ez dela egokiena, baina, azken finean, gaur egun amatasun-bajak 4 hilabete irauten du, horixe da errealitatea”.
Espazioen antolaketa eta espazio horietan dagoen materiala nahiz lantegiak behin eta berriz aldatzen eta moldatzen dituzte Kattuka haur-eskolan. Haurren nahi eta interesetan oinarritzen dira horretarako. “Ikusten badugu haurrek interesa dutela material batekin, igual lantegi bat antolatzen dugu material hori erabil dezaten, eta ikusten badugu aspertu egin direla, kendu egiten dugu. Horretan ­irekiak gara, ­eta material-aukeraketan ­ere bai”. Egituratu gabeko materiala erabiltzen dute beti. Haur-eskolan bertan biltegi handi bat dute, eta noizbehinka haurrak biltegi horretara eramaten dituzte, nahi duten materiala aukeratu eta gelara eraman dezaten: “Ez da eskola librea, gainerakoan guk dauzkagun hainbat antolaketa modu ezingo bailirateke egin, baina saiatzen gara ­umeen erabakitzeko eskubidea kontuan izaten une eta maila guztietan, hala nola materiala aukeratzerakoan, fardelak aldatzerakoan, jangelara ­lehen edo bigarren txandan joan erabakitzerakoan, lantegietara mantalarekin edo mantalik gabe joan erabakitzerakoan, etab.”. 
 
Prestakuntzaren garrantzia
Lantalde egonkorra eta motibatua da Kattuka haur-eskolakoa. Hezitzaileen artean hausnarketa nahiz esperientzia asko partekatzen dituzte, eta taldean egiten dute lan. Euren eguneroko jardunean aurrera ahalik eta modu egokienean egin eta uneoro egokitu ahal izateko gakoa, ordea, etengabeko prestakuntzan dagoela uste dute hezitzaileek. Inbertsio handia ­egiten dute urtero langile taldearen prestakuntzan, eta horrek bere fruituak ematen dituela uste dute: “Prestakuntza jasotzen dugu lehenik, ondoren horren gaineko hausnarketa ­egiten dugu bakarka nahiz taldean, ­eta, azkenik, gure funtzionamenduan eta antolaketan aldaketaren bat sartzea beharrezkoa dela ikusten badugu, sartu egiten dugu, eta, gero, ­horren gaineko balioespena ere egiten dugu”, esplikatu du Gardek. ­Berak sekula ez du hezkuntza-praktika ordutegi baten barnean hauteman, eta ez du ulertzen hezitzaile batek, arratsaldeko 16:30ean lanetik ­ateratzean, nola utz diezaiokeen hezitzaile izateari, “Hezitzailea hezitzaile da gau, egun eta asteburu”. 
Ezkutatzeko ezer ez
Guztiaren artetik, agian, familiekin gatazka gehien sortzen duena siestaren kontua da. Baina familiekiko harremana asko lantzen dute, eta saiatzen dira haiei beste ikuspuntu bat eskaintzen. Izan ere, Kattukan familiei ­irekita daude erabat, ez daukate ezer ezkutatzeko. Haurrek zenbait ordu ­ematen dituzte eskolan, eta familia askoren kezka izan ohi da euren seme-alaben eskolako jarduna: “Zertan ariko ote dira eta nola egongo ote dira gurekin ez dauden tarte horretan?”. Zalantza horrek sor dezakeen mesfidantza saihesteko, ahalik eta gardentasun handienarekin jokatzeko ahalegina egiten dute Kattukan, ­eta ateak beti zabalik izaten dituzte. Haur baten amonaren kasua ekarri du gogora Larrionek: “Etxarri Aranazkoa zen andre hura, eta ia egunero paseoan etortzen zen honaino. Gu konturatu ginen haurra ikusi nahi izaten zuela, eta bera guri ezer eskatzera ausartzen ez zenez, egun batez ea sartu nahi zuen galdetu genion. Harrituta geratu zen. Kafea ere eskaini ohi genion, eta ea umeari fardela aldatu nahi ote zion galdetu. Hasierako mesfidantza erabat apalduz joan zen, eta, azkenerako, haren konfiantza osoa ­irabazi genuen”.
Gardentasunez jokatzeaz gain, familien eta eskolaren arteko harremana lantzeko beste hainbat alderdi ere kontuan izaten dituzte Kattukan. Sekulako esfortzua egiten dute, adibidez, haurren harrera egokia eta umeentzako ahalik eta goxoena izan dadin. Protokolo eta epe batzuk zehaztuta dituzten arren, haur eta familia bakoitzaren beharretara egokitzen dira, “batek hamabost egun nahikoa baditu, ongi, eta beste batek hiru hilabete behar baditu, bada, denbora hori ­errespetatzen da”. Iaz, haurrei harrera egiteko, lehendik haur-eskolan zebiltzan umeak eta haur berriak nahasi ­egin zituzten, hasiberriak zaharrekin errazago egokituko zirela pentsatuta; konturatu ziren, ordea, batzuen eta besteen beharrek ez zeukatela zerikusirik. Horrexegatik, aurten, haur-eskolan lehendik zebiltzan ­ikasleen harrera eta haur berriena bereizita ­egin dituzte, eta aldaketarekin asmatu dutelakoan daude: “Nola zaharren hala berrien harrera hobea ­izan dela uste dugu”.
Gainera, irailean harrera-fasea hasi aurretik, uztailean, haur berrien gurasoekin bildu ziren hezitzaileak, banaka, familia bakoitzari behar zuen denbora eskainiz elkar ezagutzeko. “Aurrez familia guztiekin batera bilera bat egiten genuen uztailean, baina han sekulako zurrunbiloa sortzen zen. Horregatik, aurten familia bakoitzarekin banaka elkartzea erabaki dugu, eta funtzionatu du. Atsegina izan da lehen kontaktu hori, eta gurasoek ere eskertu dutela uste dugu”. Baina hasierako bilera eta harrera-fasetik haratago, egunerokotasunak ematen die hezitzaileei eta gurasoei elkarrekin egoteko aukerarik handiena. “Haurren familiakoekin egunero ­egoten gara, batzuek di-da egiten dute hemengoa, baina beste batzuek denbora gehiago hartzen dute eta gurekin hitz egiten dute. Hori oso aberasgarria da”. 
Gurasoekin harremanetan egoteko eta eskolan egindakoa haiei erakusteko beste baliabide bat ere badute Kattukan: egunerokoa, hain zuzen ere. Koaderno horretan, egunero gelan egindakoa eta gertatzen diren gauza bereziak jasotzen joaten gara. Eta astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan haurrek etxera eramaten dute, txandaka: “Sarritan eskolatzearekin daukagun kezka nagusia da ez dakigula haurrek zer egiten duten eskolan daude bitartean. Hortaz, egunerokoa une horiek islatzeko bitarteko bat iruditzen zaigu”. 
Berriketaldiak eta beste
Kattukako haurren gurasoak eskolako ekintzetan oso inplikatuta daudela diote hezitzaileek. Urtean zeharreko ekintzak antolatzen parte hartzeaz gain, hainbat material edota lantegi prestatzen ere laguntzen diete; edota euren ekimenez txangoak nahiz eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzte, Larrionek azaldutako eran: “Adibide bat jartzearren, guraso bat abeltzaina da, eta, iaz, larunbat batez bere lanbidea erakusteko bisita antolatu zuen etxaldera. Egun ­itzela pasa genuen”.
Haur-eskolak ere jartzen du bere alea familiei nahiz komunitate guztiari begira. Izan ere, berriketaldiak antolatzen dituzte haurren zaintzarekin lotura duten hainbat gairen inguruan, hala nola: loa, mugimendu autonomo askea, esfinteren kontrola, haurren erregresioak… Gaiak zerrendatzen dituzte eta gurasoei pasatzen dizkiete, zein lehenesten dituzten galdetzeko. “Saio horiek eskolan bertan ­egiten ditugu, eta geu lantzera ausartzen ez garen gairen bat badago, kanpoko adituren bat ekartzen dugu. Saioak irekiak izaten dira, eta ikusi dugu nahiko arrakasta ari direla izaten”, argitu du Gardek.
Horrez gain, euren informazioa ­eta eskuratuz doazen jakintza partekatzeko helburuarekin, haurrengan eragina duten beste hainbat kolektibo edo profesionalekin ere kontaktuan daude Kattukako hezitzaileak. Pediatraren kasua kontatu du Gardek: “Pediatrak gurasoei esaten zien lau hilabeterekin haurrak esertzen has zitezkeela, kuxinak alboan jarrita. Eta gurasoek guregana jotzen zuten esanez guk gauza bat esaten geniela eta pediatrak kontrakoa. Hala, pediatrarekin hitz egin genuen, mugimendu librearen inguruko informazioa pasa genion eta benetan eskertu zigun. Jada ez du horrelako gomendiorik egiten. Orain, ginekologoarekin ere harremana lantzen hasi nahi genuke, badakigulako erditzeak nolako eragina izan dezakeen haurrarengan. Azken batean, jasotzen dugun informazio guztia besteekin partekatu nahi dugu”.