Zer garrantzia du literatura heziketak eta zein dira horren gakoak?

2014-02-01

Literaturaren irakaskuntzaz jardutean, batik bat irakurzaletasuna izan ohi da hizpide gaur egun, eta ikasleak ­irakurketara zaletzeko bideak dira eztabaidagai. Alabaina, Ur Apalategik (2011) ohartarazi bezala, irakurzaletasuna eta literaturazaletasuna ez dira gauza bera: azken batean, irakurketa literarioa irakurketa-modu askoetariko bat baizik ez da. Heziketa literarioak, bada, literarioki irakurtzeko gaitasunak izan behar ditu jomugan (Jover 2008). 

 
 
Literaturaren funtzioen inguruan gogoeta egiteko Joseba Sarrionandiak Hitzen ondoeza  (Txalaparta, 1997) libururako idatziriko bi sarrera ekarriko ditugu gogora. Batetik, “Haur literatura” sarrera azaltzeko erabiltzen dituen zehaztapenak, eta bestetik, “Irakurtzea” definitzeko erabilitako adierazpenak. “Haur Literatura” sarrerak honako hau dio:
“HAUR LITERATURA
Sehaska kanten ondoren, haur literatura hiru motatakoa izan daiteke:
- Haurrari lo eginarazteko
- Haurrari amets eginarazteko
- Haurra ernarazteko
Sailkapenak, helduentzako literaturarentzat ere balio du”.
Joseba Sarrionandia, Hitzen ondoeza  (Txalaparta, 1997)
Sarrera horretan agertu bezala, literaturari hiru funtzio egozten dizkio Sarrionandiak: loaraztea, amets eginaraztea, eta ernaraztea. Batzuetan, loarazi egiten gaituzte, irakurketak eta irakurbideak ikasaraziz, baita testuen irakurketak instituzionalizatuz ere. Beste batzuetan, ordea, irakurketa kritiko eta askerako bideak eskuratzen ditugu, ­eta kasu horietan, literatura bada amets egiteko bide, eta ernarazteko bide. Azken horren alde egiten du batez ere Sarrionandiak “Irakurtzea” sarreran dioenari kasu eginez gero:
 
“IRAKURTZEA
“Munduko gauzak irakurtzen ditugu, letrak irakurtzen hasi baino lehenago” (Paulo Freire)
“Irakurtzea arriskatzea da. Garena eta duguna babesik gabe uztea” (George Steiner)
“Idazten dudalarik, idatzi egiten naiz. Irakurtzen duzularik irakurri egiten zara”.
Joseba Sarrionandia, Hitzen ondoeza  (Txalaparta, 1997)
Ondorioz, Joseba Sarrionandiarentzat irakurtzea nork bere buruaren ezagutzan sakontzeko bidea da, ikuspegi ezberdin gehiagotarako bideak eginez, eta mugak zabalduz. Jakina, heziketa literarioak ez luke loaraztea izan behar xede, ez eta amets eginarazte hutsa ere. Literatura ez da nork bere burua ezagutzeko bide huts, bada ere imajinario kolektiboa (Jover 2008) eta kode kultural zenbait ezagutzeko modua (baita haiek auzitan jartzeko tresna ­ere). Zentzu horretan, aurretik aipatu dugun gisan, heziketa literarioak ernarazi egin behar du, nahiz eta azken aldian, irakurzaletasunaren bidetik, plazeraren eta gozamenaren ideien aldeko jarrera den nagusi, “loaraztetik” eta “amets eginaraztetik” hurbilago dena.
Irakurketa literarioan trebatzeko hizkuntza-kode eta genero-kode berezitu batzuetan gaitu behar dute ikasleek. Hona hemen komunikazio literario horren giltzarrietariko batzuk:
a) Mundu ikuskerak: balio estetiko eta literarioak aldakorrak direnez –historikoki zein kulturalki–, literatura-lana kritikoki jasotzeko –eta literatura-lanean eraikitako mundu ikuskera identifikatzeko– ezinbestekoa da testuinguru kulturala eta soziopolitikoa kontuan hartzea. Ildo horretan, testu literarioak  gizarte-gaien inguruan hausnarketa ­egiteko bide ere badira. 
b) Testuartekotasuna: zenbait testu literariotan eginiko aipuak, erreferentziak edo keinuak ulertzeko, irakurleak (edo hartzaileak) testu literarioen arteko zubiak eraikitzeko tresnak barneratzea bereziki garrantzitsua da.
c) Mundu sinbolikoak: irakurleak (edo hartzaileak) testu literarioetan proposaturiko sinboloez jabe daitezen, literatura baliabideak identifikatzeko eta interpretatzeko lanabesak garatu behar dituzte.
Euskal literaturaren kasuan, gainera, bereziki azpimarratzekoa da irakaskuntzak literarioki irakurtzeko gaitasuna landu behar duela. Sarri askotan aipatu izan den moduan, literatura-testuen irakurketa gehienetan hizkuntza trebatzeko erabili ohi da, eta ez literarioki irakurtzen gaitzeko. Harkaitz Zubirik (2013) egin berri duen euskal irakurleen erradiografiari erreparatuta, literaturazale elebidunek joera gutxiago dute euskaraz literatura irakurtzeko (kopuru hori, aldiz, beste irakurketa-modu batzuetan ez da hain nabarmena: esaterako, prentsa irakurtzeko ohituran). Alegia, eskolak eta gainerako kultur erakundeek ez dute asmatu euskal literaturaren transmisio egokia egiten. Komeni da, beraz, euskal literatura irakasteko moduez eta bideez hausnarketa zenbait egitea. Artikulu honetan, komunikazio literarioaren hiru ardatz horiek lantzeko proposamen batzuk eskaintzea da gure asmoa. 
1. Mundu ikuskerak eta ibilbide literarioak
Ibilbide literarioak espazio fisiko-geografikoarekin lotzen du abstraktuagoa eta imajinarioagoa den espazio literarioa: ingurunea baliatuz literatura lantzea du helburu. Irtenaldi literarioen bitartez ikasleak ohiko komunikazio-egoeratik aldenarazi eta testuinguru komunikatibo berrietara hurbilarazteko ahalegina egiten da, eta irakurketarako testuinguru berriak sortzen dira (Jover 2008). Herri edo hirietako kaleak, tabernak, liburutegiak, dendak, euskaltegiak… Edozerk balio dezake, baldin eta literaturarekin zerikusi zuzena badu. Hala, ikastetxea kokaturik dagoen herri edo hiriak literatura nola baliatu duen ikus dezakegu: kaleak izendatzeko, monumentu batez idazle bat omentzeko, obra baten izenburuarekin denda bati nortasuna emateko etab. Espazio geografikoak esango digu zer zentzutan bizi den literatura gure artean, eta hori mundu ikuskerak lantzeko jarduera ezin hobea da. 
Baina zer egin dezakegu irakasleok horrekin? Bada, ingurune hori heziketa literariorako aprobetxatu. Ibilbide literarioak aukera asko eskaintzen dizkigu: alde batetik, normalean lekuan lekuko idazleen izenak hartzen dituzte kaleek  eta, beraz, herrian jaiotako ­idazleen berri jakiteak espazioarekiko lotura estuagoa ahalbidetzen du. Kalea gure sentitzen laguntzen digu. Hain zuzen ere, sentimendu hori baliatu dezakegu idazle horien obretara gerturatzeko. Gainera, posible izan daiteke testu horietan herriko edo idazlearen garaiko ezaugarriren bat topatzea, zeinak lagun diezagukeen obra hobeto interpretatzen. Halako proiektuen adibi­deak aurki ditzakegu Saturnino de la Peña Sestaoko institutuan edota Mungia­koan. 
Gure herriak ibilbide bat egiteko ­adina eskaintzen ez badigu, baina, zer egin dezakegu? Mungiako institutuan, esaterako, idazle bati eskainitako kale bakarra zutela ohartu ziren (Lauaxetari eskainia). Horrekin ibilbide bat osatzea ezinezkoa zenez, haren biografiari nahiz testuei loturiko espazioak bilatu zituzten. Esan nahi baita, ibilbideak markatzeko hainbat modu daude, eta horietako bat obra literarioan bertan ­agertzen diren lekuak baliatzea da. Euskal literaturan bada non arakatu: Saizarbitoriaren 100 metrok Donostian zehar bidaiatzeko aukera ematen digu, Gabriel Arestik XX. mendeko Bilbotik ibiltzeko gonbita luzatzen du, Xabier Montoiak Gasteizko kaleetan barna garamatza Gasteizko hondartzak-eko ­ipuinetan, Jokin Muñozen Atlantidara biajia gida aparta izan daiteke Nafarroan zehar osteratxo bat egiteko, eta Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi pertsonaia literarioa lagun Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Behereko hainbat txoko ezagutu ditzakegu; batzuk aipatzearren. Narrazioez gain, beste genero literarioak ere erabil ditzakegu asmo berberaz: esate baterako, Unai Iturriaga ­eta Alex Sanviren Udaberririk Ankerrena komikia, zeinak Durango baitu kokaleku. Modu horretan, literatura erabilgarri egiteaz gain, geografiara eta historiara ere hurbiltzen gara, zehar-lerroak sortuz.
Aipatutako ibilbideak irakasleak gida ditzake, baina ibilbide literarioak beste era batera ere plantea daitezke, ­izan ere, espazioak birsortzeko aukera ematen digute: leku geografiko horiek testuekin, abestiekin edota poema musikatuekin lotzeko eskatu ahal diegu ­ikasleei, gune bakoitzak zer iradokitzen dien adieraz dezaten. 
2. Testuartekotasuna eta ibilbide ­tematikoak
Ibilbide tematikoek beste noranzko bat dute, irakurleei liburuen edo irakurketen arteko loturak egiten irakastea baitute helburu. Liburu batetik abiatuta ate gehiago irekitzen dituzten bideak dira. Alegia, obra bat abiapuntu hartuta beste lan batzuetara jauzi mota ezberdinak egiteko balio digute:
a) Idazlearen obren arteko loturak: idazle baten lan batetik bestera zubiak eraikitzea ez da zaila: pertsonaia antzekoak, gertalekuak, istorioen gaiak, paratestuak… Gainera, izan badira mundu literario propioa sortu duten idazleak ­(Atxagaren “Obaba”, kasu). 
b) Gaiaren araberako loturak: literatur testuak lantzeko bide emankor bat gaika eginiko irakurketak dira. Askotariko gaiak izan daitezke. Hona hemen multzorik erabilienak: 
-Gertakari historikoak:  Gernikako bonbardaketa, Sarajevoko setioa… 
-Gai filosofiko, antropologiko edota sozialak: maitasuna, heriotza, gorputza, bikote-harremanak, amatasuna/aitatasuna, belaunaldiak… 
-Gai literarioak edota kulturalak (mitoak edo motibo literarioak): Peneloperen mitoa, Holandes herratuaren mitoa, Don Juanen mitoa… 
Gaiaren araberako geltoki horiek, aldi berean, beste irakasgai batzuetarako zehar-lerroak eraikitzeko aukera ­ematen dute (Historia, Filosofia, Artea…).
c) Aipu-katea: obretan azaltzen diren aipu literarioen araberako ibilbide literarioa osa daiteke, eta modu horretan, lan horien arteko harremana interpretatzeko jarduerak proposatu.Irakurgairik irakurgai saltoka ibiltzeko irizpidea irakasleak erabaki dezake. Irakurgaien hautaketa, aldiz, bi modutara egin daiteke: irakasleak berak irakurketa-ibilbide hori egiteko obra-multzoa proposatuz ala ikasleei askatasuna eman eta, emandako irizpidea erabiliz, irakurgaiak bila ditzatela, nork bere ibilbidea osatuz. 12-16 urteko ikasleekin lan egiteko ibilbide gidatuak dira egokienak, eta ibilbide askeak 16-18 urteko ikasleekin egin daitezke, ordurako ibilbide gidatu zenbait burutu dituztelarik eta ­ibilbideak sortzeko irizpide eta aukerez jabetu direnean.
3. Mundu sinbolikoak eta literatur ­lantegiak
Literatur lantegiek ikaslearen sormena lantzea dute helburu, eta baita begirada sinbolikoak lantzea ere. Víctor Morenok (2008) adierazi bezala, ­imitazioa eta berridazketa sormena lantzeko jarduera egokiak dira, bi ­urrats eskatzen dituztelako: lehenik, ­abiapuntutzat harturiko obraren interpretazioa garatu behar du ikasleak; eta ondoren, interpretazio hori bere egin ­eta modu sortzailean transmititu (Moreno 2008). Hona hemen sormena lantzeko erabil daitezkeen bideetariko batzuk:
a) Testu literarioa irudi bihurtzea: poema bat edo narrazio bat hartuta, ­ikasleek fotopoema bat edo fotonarrazio bat ­egin edota komiki egokitzapen bat sor dezakete.
b) Testu literarioa bideo bihurtzea: poema bat edo narrazio bat abiapuntu izanik, ikasleek bideopoema bat edo bideonarrazio bat osa dezakete.
c) Literatura eta collagea: hainbat testu literario hartu eta collage bat egin dezakete ikasleek, testu berri bat osatuz.
4. Azken hitzak
Literatura irakasteko planteatu ditugun bide horietan sakondu aurretik, baina, ezinbestekoa da komunikazio-testuingurua kontuan hartzea, alegia, ­ikasleen profila; eta proiektua ikasleen ezagutza-maila horretara egokitzea. Víctor Morenok dioen moduan (2008), egokitze hori egiten errazagoa da orainalditik abiatuz (egungo adierazpide literario hurbilekoetatik) eta, ondoren, pixkanaka begirada historikoa landuz. Halaber gogorarazten digu Roger Chartier-ek (2008) egun ikus-entzunezko kultura eta interneteko unibertsoa ezagutzen dituen irakurlea izan behar dugula buruan (Chartier, 2008); eta baita ahozko kultura ezagutzen duen irakurlea ere. Hasierak horixe ­izan behar du, adierazpide horietatik ­idatziranzko zubiak egiteko. Horregatik, oso garrantzitsua da testu literarioen hautaketa egiterakoan zertarako ­erabiliko diren argi izatea (Moreno 2008). Beraz, corpusak malgua izan behar du, ikasleen eta taldearen beharrei erantzuteko (Moreno 2008).
Azken batean, ikasleak irakurle autonomo bihurtzea izan behar luke helburu hezkuntza sistemak (Jover 2008; Moreno 2008), eta horretarako nahikoa gaitasun literario eskaini behar lituzke. Horiek gabe zaila baita literaturaz gozatu ahal izatea, baina, are zailago pentsamendu eta irakurketa kritiko autonomorako gaitasunak garatzea. Ikasleei lerro-artean irakurtzen irakatsi behar zaie, begirada sinbolikoak antzemateko tresnak emanez eta, horrekin batera, literatur obra jakin baten aurrean sentitu dutena adierazteko baliabideak eskainiz, komunikazio literarioak subjektu artekotasun horretan baitu funtsa.
BIBLIOGRAFIA
Apalategi, Ur (2011). “Irakurzaletasuna hezkuntza sistemaren helburu?”, Egan  3/4, 99-119.
Chartier, Roger (2008). “Aprender a leer, leer para aprender”, in José Antonio Millán (koord.), La lectura en España. Informe 2008, 23-42.
Hainbat autore, (2010-). “Callejeros literarios” (proiektua). Online: https:// sites.google.com/site/callejerosliterarios/ [kontsulta: 2014-01-23]
Jover, Guadalupe (2008). “Se está haciendo cada vez más tarde (Por una literatura sin fronteras)”, Textos literarios y contextos escolares. La escuela en la literatura y la literatura en la escuela, Graó: Bartzelona.
Moreno, Víctor (2008). “Literatura para ser leída, imitada y transformada”, Textos literarios y contextos escolares. La escuela en la literatura y la literatura en la escuela, Graó: Bartzelona.
Zubiri, Harkaitz (2013). “Euskal literaturaren irakurleak zenbat eta nolakoak diren aztergai. Soziolinguistikako datuetatik eta irakurketa-ohiturei buruzko ikerketetatik abiatuta”, Uztaro 87, 2013ko urria-abendua, 51-68.