Udako Topaketak 4.000 eurorekin?

2014-02-01

Hezitzaileen formazioa izan da sorreratik Hik Hasi-ren helburuetako bat: hezitzaile prestatuak izatea, etengabe formatzen ariko direnak eta gizarteak parean jartzen dizkien egoera konplexuei irtenbidea eman eta modu egokian aurrera egingo dutenak.

 
 
Hainbat ikastarorekin eta jardunaldirekin, pedagogoen bisitekin nahiz beste hainbat formazio-saiorekin hasi dugu 2014. urtea.
Hezkuntzako kideon artean, eta jendartean, oro har, formatzen eta hobetzen joateko beharra somatzen dela dirudi. Ondorengo belaunaldientzako mundu hobea nahi bada, hausnarketa sakona egiteaz gain, aldaketarako gakoak zein diren asmatu behar dugu, hezitzaileon artean hitz eginez, baina baita ikasleekin, gurasoekin nahiz herrietako eragileekin gogoeta egin eta neurriak hartuz ere.
Adituek diote haurraren autonomia eta iniziatiba garatzen laguntzeko ahalegin handiagoa egin beharko genukeela, haurrak izan behar lukeela bere heziketa-prozesuaren protagonista. Behin eta berriz entzun dugu beren buruaren jabe izango diren pertsona kritikoak behar ditugula, etengabe aldatzen ari den errealitatean, eta uneotan nolakoa izango den imajinatu ere ezin dugun etorkizunean, malgutasunez eta sormenez aurrera egiteko gai izango diren gazteak. Azken batean beraz, denontzat hobea izango den mundu baten alde egingo duten pertsona arduratsuak heztea dagokigu. 
Orain dela urte batzuk baino bitarteko tekniko indartsuagoak eta ahalmentsuagoak dauzkagu horretarako, baina zertarako eta nola erabiltzen ditugu aurrerapen teknologiko horiek? Pertsonaren eta gizateriaren zerbitzura jartzen al ditugu?  Pertsona kritiko eta autonomoak hezteko, ez da nahikoa puntako baliabide materialak eskura izatearekin, hezitzaileek ere formazioa behar dute, hezkuntza modu integralean ulertu eta alderdi zientifiko-teknikotik ez ezik, humanistikotik ere aurrera egiteko bitartekoak.  
Horixe bera zioen orain dela egun gutxi Francesco Tonuccik Donostian, Eskola Txikiek antolatutako jardunaldietan. Eta beste hainbat adituren ustez ere prestakuntza da haurren formazioan aritzen diren heldu horien jarduna eraginkor egiteko erremintetako bat.
Sorreratik beretik horixe da Hik Hasi-ren helburu nagusia, hezitzale prestatuak izatea, etengabe formatzen ariko direnak, eta gizarteak parean jartzen dizkien egoera konplexuei irtenbidea emango dietenak. Horregatik, urte hauetan zehar, hainbat ikastaro antolatu ditugu irakasleen formaziorako, arrakasta handiz.
Azken urteetan ordea, kezkatuta gabiltza, lau urtean 14.000 eurotik 4.000 eurora jaitsi baitigu Eusko Jaurlaritzak Udako Topaketak antolatzeko diru-laguntza. 
Aurten 15 urte beteko dira topaketa horiek egiten hasi ginenetik eta arduratuta gaude. Posible al da 4.000 eurorekin hezitzaileen beharrei erantzungo dien 20 ikastarotik gora antolatzea?