Gorila baten lezioak

2014-02-01

‘Kibubu’ obra estreinatu du Marie de Jongh konpainiak, errespetuaren eta askatasunaren aldarria egiten duen antzezlana

 
 
Marie de Jongh konpainiaren laugarren proiektua da ‘Kibubu’, Jokin Oregik idatzi eta zuzenduriko antzezlana. Publikoaren eta kritikaren onespena jaso zuen aurreko obra hura bezala –Alabatxo!–, hitzezko elkarrizketarik gabeko antzezlana da Kibubu, keinuen bidezko dramaturgia lantzen baitu. Oraingo honetan, Coco ­eta Xebas klown artistak eta gorila bat dira protagonistak (Tomas Fernandez Alonso, Ana Meabe eta Javier Renobales aktoreak).
Cocok eta Xebasek zirku bat egin nahi dute. Ilusioa sobera dute bai, baina arrakasta ekarriko dien zera hori falta dute oraindik. Bikote artistikoa ­ikuskizun berria prestatzen ari dela, Xebasek ideia bat izango du: gorila bat ekarriko dute, horrek ekarriko baitizkie hainbeste desiratzen dituzten txaloak.
Hirugarren eskuko gorila zigortu bat erosten du Xebasek, Kibubu izenekoa, eta entsegu-lekura eraman eta ikuskizun artistiko bat egin ahal izateko, gutxieneko teknikak irakasten hasten zaio. Cocok ez dio zentzurik ­ikusten gorila bat erosteari, eta Xebas bakarrik utziko du, animalia otzandu eta etxekotzeko ahaleginean. Kibubu  bera ere ez da ongi sentitzen egoera horretan, aske bizitzeko jaioa izaki, kartzela batean bezala sentitzen baita entsegu-lekuan.
“Antzezlan hau errespetuaren eta askatasunaren aldeko aldarria da, batez ere animaliekikoa”, adierazi du ­Oregik. Hasiera batean ikusleen txaloak jasotzeko helburuz erositako gorilak, azkenean, inoiz ahaztuko ez duten irakaspena emango die klown artistei. Komedia tonuan, hausnarketarako hainbat gai planteatu nahi ditu zuzendariak obra honen bidez. “Gai nagusia askatasunari eta errespetuari loturikoa da, baina beste hainbat gogoetagai ere zabaltzen ditu; besteak beste, hezkuntzari buruzko galderak ere jarri nahi ditugu mahai gainean: nola hezi nahi dugu pertsona bat, zigorra eta indarra erabiliz ala maitatuz?”. Ikuskizunean zuzenean entzun ahal izango den pieza batek, Txoriak Txori-k, hainbat arrasto ­ematen ditu egileen ikuspuntuari dagokionez. ­Ikuskizun honek galderak planteatzen ditu, eta, ondoren, ikusleak etxera edo ikastetxera joan daitezen eta ­erantzunak bilatzeko gogoeta eta elkarrizketa egin ditzaten gonbidatzen ditu zuzendariak.
Hitzik gabeko antzezlana izanagatik ere, gogoeta eta hunkipena eragiten dituen antzezlana da Kibubu, ­egilearen esanetan. “Umorea baduen arren, une gordinak ere baditu”, azaldu du Oregik. Horregatik, 6 urtetik gorako pertsonentzat ikusten du ­aproposa zuzendariak lan hau. “Ez dugu esaten haurrentzako obra bat denik, haurrekin doazen helduentzat ere interesgarria eta gustagarria izan dadin saiatu baikara”. Eta guztiak harritzeko moduko amaiera prestatu dute.
Abenduaren 29an estreinatu zuten obra Bilboko Alondegian, eta sarrera guztiak agortu ziren. Otsailean eta martxoan, hainbat emanaldi dituzte programatuta antzokietan, baina ikastetxeentzat ere ateak irekita dituzte.
Sariak eta aitorpena jaso dituen konpainia
Egunerokotasunak dakartzan zailtasunei aurre egiten laguntzeko tresna gisa ulertzen du Marie de Jongh konpainiak teatroa. Keinu bidezko dramaturgia lantzen dute, eta aurreko hiru lanak sarituak eta aitortuak izan dira, bereziki azkena, Alabatxo!. Espainiako Feten jaialdiko antzezlan ­onenaren saria jaso ostean, Europako eta AEBko hainbat antzokitan eskaini zuten Laida, Martin eta Tomasen historia.