Sorgin-ehizatik jaiotako eskola

2014-02-01
Liburutegiko apaletan hautsa kentzen, topatu berri ditut bi koaderno eskolakoak; 1963-1964 ikasturtekoak dira, hamar urtetik hamaikarako bidea egin nuen kurtsokoak. 
Tintaz hasieran, boligrafoz gero, testuak urdinez, gorriz izenburuak eta azpimarratu beharrekoak, badaude aritmetika edo geometriako ariketak, gramatikakoak eta natur zientzietako lezioak, baina toki nagusia, kopuruz eta tratamenduz,  Espainiako historiako pasarteek eta erlijio katolikoko gaiek hartzen dute; gainera, testuaz gain marrazkiak ere badaramatzate, alpino arkatzekin pintatuak.
Ikasturtea hasi eta berehala hor ageri da, urriaren 12an, “Día de la Hispanidad” harro bat, Kolonen karabela eta guzti. ­Azaroaren 20an: “Día del dolor. Viendo los gobernantes republicanos que la inteligencia y patriotismo de José Antonio ­impedían conseguir sus propósitos, de­cidieron acabar con él”. José Antonio, jakina, Primo de Rivera, Falangearen sortzailea.
Handik egun gutxira, abenduaren 3an, dictado batean, testuinguru hartan gorriz markatuta egon behar lukeen esaldia harrapatu dut: “En Huesca se ha declarado la huelga de los trabajadores del hierro”.  Huescan 1963an ba ote zen burdin langile grebalaririk? Bistan da, esaldiaren helburua zen  h-ak non jarri erakustea, eta hortik Huesca eta huelga kidetze hori. 
Ordurako huelga hitza ezagutzen genuen, Beasaingo CAFen 1961ean izana baitzen huelga; orduan ikasi genuen hitz arrotz horren esanahia, ez eskolan, etxeko sukaldean baizik, krisi hitza ezagutu genuen bezala. Izan ere, eskolan, hurbilekoa apenas existitzen zen. Gogoan daukadan erreferentzia bakarra hauxe da: behin maistrak esan zigula Ernio mendia zela Gipuzkoaren erdi erdia. Gainerakoan, geografian, penintsulako mendikate guztiak ilaran, edo Miño- Duero- Tajo… ibaien zerrenda eta bakoitzaren ibilbide osoa, kantatuz ikasten genituen;  aipamenik ere ez, ordea, eskolaren albotik pasatzen zen errekari, Orian ­isurtzen den Eztandari, edo han barre­nean, zerumugan ekialderantz ageri zen Aralar mendikateko Txindokiri.
Ikasturtea bukatzear, ekainaren 25ean, azaltzen da “Lección ocasional” bat, ezohikoa erabat. Burgosko Lora eskualdera garamatza  –ondo genekien ordurako Lorako paramoaren berri- eta kontatzen du nola Valdeajosen petrolioa topatu duten, eta nola albisteak “…ha llenado de alegría no solo a los vecinos de Valdeajos sino también a todos los españoles”. Valdeajosen arrastorik ere ez, interneten ikusi dut 1964ko aurkikuntza hark izugarrizko oihartzun mediatikoa izan zuela, No-Dotik hasita. Hor dago salbuespenezko lezio haren zergatia: eskolan ez zen historia partzial eta fosildua bakarrik ematen, Fraga Iribarne ministroaren propagandari ere adi zegoen gure maistra.
Zaplazteko bakarra jaso nuen eskola garai osoan, eta hura izan zen  arratsaldea betetzen zigun laboreetako klasean. Beste ikaskide batzuek okerrago pasatu izan zuten, zigorrak  solte eta irainik ere ez zen falta izaten: zote, pelotón de los torpes… cabeza de chorlito zen kalifikatiborik xuabeena. Urtetara, Andrés Sopeñak El florido pensil liburua argitaratu zuenean –gero Tanttakakoek antzerkira eraman zutena- hartu genion mendekua, umorea arma, jasatea suertatu zitzaigun eskola hari.
Orain, Nafarroako agintariek D ereduaren inguruan muntatu duten sorgin-ehizaren berri entzutean, halako hotzikara bat sentitzen dut bizkarrezurrean. Maisu-maistren gerra osteko garbiketatik jaiotakoa zen gure eskola mota hura; hainbat maisu-maistraren odolaren gainean eraikia. Urbasatik pasatzean, aldiro kontatzen zigun aitak,  1936an hara amilarazitako maistra baten oihuak egunetan entzun omen zirela; hala esaten omen zuten ingurukoek. Aurtengo udaberrian, Aranzadikoek Urbasako leize batean ­topatu dituzten hamar gorpuen artean, Camino Oskoz izeneko maistra errepublikarrarena izan omen daiteke bat.