Muturreko esperientziak, segurtasun osoz

2014-05-01
Baztango ingurune ederrean, Beartzunen, Baztan Abentura ­Park-en lehen azpiegiturak ­zabaldu dituzte, soka-zubi ­erraldoiak, behar bereziak dituzten pertsonentzako egokituriko ­penduluak… eta askoz gehiago 
 
 
Bizi, esperientziak bizi, sentitu, norberaren gaitasunak eta mugak ­ezagutu, arriskatu, kontrolatu… Gela bateko lau hormek sekula irakatsi ­ezin duten hori erakusten du naturak. Bizipen horiek guztiak modu seguruan eta antolatuan egiteko egokiera berria daukagu Aste Santu honetatik aurrera Nafarroan: Baztan Abentura Park.  
Baztan Abentura Park izeneko azpiegitura berri hau Beartzunen dago (Elizondotik 3 kilometrora). Abentura-parkea berria izanagatik ere, esperientzia handiko lantaldea dauka ­atzean, sustatzaile gisa,  kirol-abenturazko ekintzak eta naturarekin lotutako aisialdi eta denbora libreko egitarauak antolatzen 20 urteko esperientzia duen BKZ Nafarroa Abenturak taldea izan baita parkearen diseinatzaile eta bultzatzailea. BKZ-k  antolatzen dituen egitarauen artean, natura-ekintzen eskola-kanpaina edo Aste Berdea nabarmen daitezke. Kirol-­abenturazko ekintzez gain, bi aterpe ere kudeatzen ditu BKZ-k, bata Narbarten eta bestea Legasan.
Baztango ingurune ederrak kirol-ekintzak egiteko eskaintzen duen ­abagunea baliatu du BKZ-k Baztan ­Abentura Park pentsatzeko eta diseinatzeko. Nabarmentzekoa da, gainera,  abentura-parke berriak Baztango Udaleko alderdi politikoen nahiz Elizondo eta Beartzungo herritarren babesa izan duela, egitasmo bateratzailea baita, ingurumenarekiko iraunkorra, eta, aldi berean, inguruneko garapen sozioekonomikoari lagunduko diola ikusten da.
Mexiko, Costa Rica edota Zeelanda Berriko azpiegiturak ezagutu ondoren diseinatu eta egokitu dute Baztango abentura-parke hau. Behin bi faseak gauzatu ondoren eta azpiegitura osoa abian dagoenean, gisa honetako abentura-parke puntakoenetakoa bihurtuko da Baztangoa munduan, soka-zubiek, penduluek nahiz arroila-jauziek eskaintzen duten altuera, segurtasun eta ikuspegiengatik.
Aste Santu honetan, proiektuaren lehen faseko honako azpiegitura hauek ireki dituzte:
• Ikuspegi zoragarria eskaintzen duten bost soka-zubi tiroldar erraldoi, 300 eta 460 metroko luzera eta 120 metroko altuerakoak. Soka-zubi erraldoi hauek behar bereziak dituzten pertsonentzako egokituta daude.
• Beartzungo errekaren gainean, lau soka-zubi txiki (3 urtetik gorako haurrentzat), 40-45-50 eta 65 metroko luzera eta 20 metroko altuera dutenak.
• Arroilako ur-parke naturala: Zankako presan ur-parke natural bat egin dute. Txirristak, 2-4-7 metroko jauziak, 8-10-12-16 metroko rappelak eta txikientzako via ferrata bat daude. 200 metroko arroila-jaitsiera egiteko aukera dago, jauzi eta txirristekin.
• Ikuspegi zoragarria eskaintzen duen 200 metroko via ferrata  handia: ekintza horren bidez haitz handi bat igotzeko aukera dute 10 urtetik gorako haurrek: horman jartzen diren grapa eta soken bidez, denbora guztian lotuta joango da haurra, hala, haren segurtasuna erabat bermatzeko.
• Pendulu txikia: puenting antzeko salto bat da, 30 metroko altuera duena, eta arroilako ur-jauzien aldera egiten da saltoa.
• Ausartenentzat, pendulu handia. 100 metroko altueran kokaturik dagoen plataforma bat da, eta, beraz, jauzi ikusgarri bat egiteko aukera ­ematen du, 140 metroko hegaldia egitekoa. Gainera, behar bereziak dituzten pertsonek ere pendulu handi horrekin gozatzeko aukera izango dute, behar bereziak dituzten pertsonentzat ­egokituta baitago.
• Ibilbide panoramikoa: ireki diren bideak erabiliz, Beartzunen barrena ibilbide bat egin daiteke,  ikuspegi ikusgarriekin.
Bigarren fasean, 1.300 metroko hiru soka-zubi egiteko asmoa dago, mega-super mailakoak, eta, era horretan, sei kilometroko soka-zubien ­ibilbidea egitea lortuko da. Behin hori eginda, munduko soka-zubien zirkuiturik handienetariko bat izango da. Bigarren fase horretan, halaber, begiratoki bat, ibilbide berriak eta ­uraren ibilbidea egingo dituzte.