JON ARTANO: Hezkuntza onaren zimenduak

2015-05-01

Hezkuntza onaren zimenduak

 

 
 

Onenak emandako Brasilgo futbol izar ipurterre batek baino kontratu gehiago sinatuta nengoen ni 34 urte betetzerako. Hamaikatxo enpresa, programa eta proiektu komunikatibo pasata. Onenak emandako Brasilgo futbol izar ipurterre batek egin ohi duen moduan, Ipar Amerikara luzatu nuen pausoa. Brasileiroek esaten dute ‘erronka berrien premia’ asetzeko ekiten diotela abenturari. Bada, nik ere bai; nik, ordea, egiatan.

Igeltsero sartu nintzen. Ikasketarik gabeko hirurogeitaka urteko bi zokor-mazo irakasle. Bata: desintoxikazio zentro batetik atera berria zen alkoholiko estakhanovista ilehoria; bailara zoko laiotzenean zaildutako baserritar mutu bat baino lakonikoagoa. Bestea: duela 40 urte herrialde hartara emigratu zuenetik lana baino egin ez duen gizaseme beltzarana; lanaren lanaz, fortuna bat irabazi eta familia galdutako txiste kontalaria. Biek zaindu egin ninduten, biek eginez ikasarazi zidaten. Esku ahurrak ondo kailatu orduko, ikaslea pozarren jardun zedin bikote hark formula bat ondu zuela konturatu nintzen. Xinplea. Hormigonerara palakada bana bota behar da bakoitzean. Palakada bana errespetutik, pazientziatik, konfiantzatik eta, last but not least, umoretik.  
Kanadara arribatu eta aldamioan gora hastea inoiz egin dudan mudantza erradikalena izan da baina, lehenago ere esan dut, ez naiz behin ere izan bertan goxo betikotzekoa. Halabeharrez batzuetan eta motu proprio bestetzuetan, lan-talde askotan aritu izan naiz. Eta horregatik zortekoa naizela uste dut. Ezegonkortasun horri alde on bat ikusi izan diot betidanik, motxean esanda, hauxe: ideia, lan-molde, ingurune eta lankide berrietara egokitzeko ahaleginean asko ikasten dela.
Ameriketatik etxera, eta ohiko langintzara, itzuli naiz. Zorionez, ideia interesgarriak dituen jendea ezagutzea tokatzen zait egunerokoan. Azken aspaldian arrastorik sakonena utzi didaten zenbaitek antzeko mezua darabilte: bizi dugun aroak bultzatzen gaitu dagokigun zereginean hiperespezializatzera. Eta horrek, akaso, ekoizpen makineriak azkarrago lan egitea ekarriko du, baina ez zoriontasun indizea haztea.
Jakina, ez dago bide-orririk den-denontzat balio duenik. Baina, urte batzuez behin, aldatzen saiatzeak ez al liguke askotxori on egingo? Sinetsita nago berez dakarkigula noranahiko talentua eta egokitzeko gaitasuna. Eta dohain horiek inausita bezala,
ikusezin, geratu ohi zaizkigula helduarora ailegatzerako. Eta zer nahi duzue esatea? Zein gauza ederra iruditu zaidan estatistikoki dagokidan mundualdi erdia jana dudala, berriz zerotik hasi beharra!