Guztiontzako eskola Guztiontzako herria

2015-05-01

550 pertsona inguruk hartu dute parte Hik Hasi-ren 20. urteurrena dela-eta, apirilaren 24an eta 25ean Donostiako Kusaalen egin ziren "II. Herri hezitzailea, eskola

herritarra" jardunaldietan. Aniztasuna izan da jardunaldia lotu duen hari-muturretako bat: alde batetik, haur guztiak barne hartuko dituen ­eskolak eta herriak izan beharko lituzketen ezaugarriak bistaratu dira; eta bestetik, haurra bere osotasunean hauteman eta garatzeko bidea irekiko dion ingurunearen gakoak plazaratu. Hala, Finlandiako, Kataluniako nahiz Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan da.

Bestalde, duela bi urte Francesco Tonucci pedagogo eta “Haurren hiria” egitasmoaren

sortzailearekin hasitako bideari jarraipena eman nahi izan zaio jardunaldiarekin. Hala, haur eta nerabeen aisialdi parte-hartzailea sustatzeko bost liburuxka
argitaratu dira eta herri hezitzaileen sarea sortu eta ezagutarazi da.

 
 

Dibertsitatea ardatz

 “Munduan ez daude bi pertsona berdin, eta, gainera, egunetik egunera ezberdinak gara”, hala mintzatu zen Koldo Saratxaga Hik Hasi-k bere 20. urteurrenaren harira, apirilaren 24 eta 25ean Donostiako Kursaalen egin zituen “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldietan. Taldean lan egiteko eta gaur egungo gizartearen erronkei erantzuteko aniztasunari tokia egitea ezinbestekoa da enpresariaren esanetan,

eta zeregin horretan hezkuntzari berebiziko garrantzia ematen dio.
Horretantxe saiatzen dira, zehazki, Finlandiako eskoletan. Hango hezkuntza ereduaren berri eman zuen Leo Pahkin Finlandiako Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko kideak eta hark azaldu bezala, aniztasunaren kudeaketa eta ­ekitatea dira hango heziketaren bi zutabe nagusiak. Kalitatezko heziketa emateko haur bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzen dituzte eta ume bakoitzaren ezaugarri horiexek jartzen dituzte eskolako eguneroko jardunaren erdigunean. Beste horrenbeste egiten dute Kataluniako Ripollet herriko El Martinet ikastetxean ere. Hasi 3 urtetik eta 12ra bitartean proiektuka lan egiten dute, adin guztietako ikasleek nahasian, testulibururik eta irakasgaika ­banatutako ordutegi hertsirik gabe, haurren gaitasunetan oinarrituz, haien interesetan eta egiten dakiten horretan arreta jarriz, eta bakoitzaren erritmoak errespetatuz. (Informazio gehiagorako, 188. hik hasi aldizkarian agertu zen Koldo Saratxagari egindako elkarrizketa; 195.ean El Martineten inguruko erreportajea; eta ekaineko zenbakian azkenik, Leo Pahkinen elkarrizketa argitaratuko da).
Aniztasuna izan da jardunaldia ­lotu duen hari-muturretako bat, hain zuzen ere: alde batetik, haur guztiak barne hartuko dituen eskolak eta herriak izan beharko lituzketen ezaugarriak bistaratu dira; eta bestetik, haurra bere osotasunean hauteman eta garatzeko bidea irekiko dion ingurunearen gakoak plazaratu. Hala, Finlandiako, Kataluniako nahiz Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan da jardunaldian. Orotara 550 pertsona inguruk hartu dute parte, eta Pahkin zein Saratxagaren hitzaldiak entzuteaz gain, beste hainbat egitasmo ezagutzeko parada ere izan da; hala nola, aniztasuna kudeatzeko Topagunearen harrera plana euskararen ikuspegitik; Gaztematika; Pasaiako Haur eta Nerabeen eskubideak bermatzeko plana; Herrietako ondare kulturala lantzeko programak; Harremonak egitasmoa; ­edota elkarbizitza eskolan.
Horretaz gain, izenburuak iradoki bezala, duela bi urte Francesco Tonucci pedagogo eta “Haurren hiria” egitasmoaren sortzailearekin hasitako bideari jarraipena eman zaio jardunaldiarekin: batetik, haur eta nerabeen aisialdi parte-hartzailea sustatzeko bost liburuxka argitaratu ditu “Herri hezitzailea, eskola herritarra” taldeak eta horiek aurkeztu dira; bestetik, berriz, herri hezitzaileen sarea sortu eta ezagutarazi da.

 

Haurrak eta gazteak ahaldunduz

 “Haurra pertsona da. Ez etorkizunekoa, baizik eta gaur egungoa. Umea ez da helduon desioen asebetetzaile, baizik eta bere helburuak edo nahiak beteko dituen pertsona osoa”. Lorea Agirre Huhezi-ko Sorgunea ikerketa taldeko kide eta Jakin aldizkariko zuzendariak azaldu bezala, premisa horretatik abiatzen dira “Herri hezitzailea, eskola herritarra” taldea osatzen duten eragileak, uneotan OinHerri izenaren pean batzen direnak.

2010ean Oarsoaldean abiatutako proiektu bati jarraiki, 2012an beste forma bat hartu eta jende gehiago integratu zen taldean eta uneotan 14 eragilek osatzen dute: Irrien Lagunen Kluba, Lizarrako eta Iruñeko udal haur-eskolen taldea, Hik Hasi pedagogia-ekimena, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Topagunea, Sorguneak ikertegia (Huhezi, MU), Ikastolen elkarteko aisialdiko taldea, Tabakalera, Amarauna Sarea, Pil-pilean euskara elkartea, Kukumixo, Arrasateko Txatxilipurdi euskara eta aisialdiko elkartea, Urtxintxa Bizkaia Eskola eta Ttakun Kultur Elkartea.
“Herri hezitzailea, eskola herritarra” egitasmoaren oinarria hainbat kontzepturen bidez laburbil daiteke, xedea haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzea baita. Zazpi hitz horiek harilkatuz egitasmoaren ideia orokorra azaldu zuen Agirrek jardunaldian. Haurra hitzarekin abiatuz, umeak herritar eskubidedun eta betebehardun, herritar iritzi eta proposamen egile, erabakiak hartzeko gai, erabaki horiek gauzatzeko unean parte-hartzaile direla adierazi zuen: “Umea pertsona dela esateak esan nahi du desboteretua boteretzea. Alegia, umea bada gu guztion, beteretze prozesu baten protagonista izan beharko genukeenon, metafora”. Agirrek esplikatutako eran, haurra herritarra da, “guztiok herritarrak garelako”. Bere esanetan, herritar izateak elkarlanerako bokazio bat edukitzea esan nahi du, komunitate bati begira jardutea, talde edo komunitate bateko kide izatea.
Alegia, “pentsatu, eztabaidatu, adostu, gauzatu, partekatu, alde egin, kontra
egin eta ekimen-gune, funtzio-espazio guztietan harremanetan jarri, eta hor sortzen den horretatik herritar gisa indartzea, eta komunitate baten baitan pertsona bezala garatzea”.
Herritar izatea parte-hartzearekin zuzenean dago loturik Agirreren irudiko. Parte-hartzea egiten den bide bat dela adierazi zuen, ez dela lehenengoan ateratzen, baina egin ahala gero eta benetakoagoa dela. Eta gaineratu zuen, egiteko modu horrek jakintza modu guztiak berdintasunaren planoan onartzen dituela, pertsona guztiek
 ahalmen eta gaitasun desberdinak izanagatik, balio bera dutela: “Parte-hartzeak eskatzen du entzutea, entzuten ­ikastea, eta adieraztea, azalpenak ematea, sentitzen den hori adieraztea, eta erabaki guneak konpartitzea, borondatea eta helburuak izatea, eta horregatik espazio publiko guztiak umeei —eta horrenbestez, metafora gisa, pertsona guztiei— zabaltzea, taldean jardutea eta adostutako konpromisoak betetzea”.
Josi beharreko beste hitz bat aisialdia da. Borondatez eta gogoz egiten den hori da aisia, “herri hezitzailea, eskola herritarra” egitasmoaren arabera. Agirrek azaldu bezala, goitik behera egituratutako aisialdia ez da aisialdia, baizik eta aisialdia denbora librea da, denbora askea, denbora galtzea. “Eremu askeen beharra dugulako, eremu askeen paradigma aisia izan daitekeela sinesten dugulako. Eskola ere aisia izan litekeela sinesten dugulako eta pentsatzen dugulako”. Eta aisiaren, eskolaren, bizitzaren oinarrian jolasa dagoela gaineratu zuen, jolasa baita bizitzaren eskola, umetan zein heldutan.
Aisialdiarekin eta jolas librearekin lotuta, bada beste ezaugarri oso garrantzitsu bat ere “Herri hezitzailea, eskola herritarra” egitasmoaren filosofiaren oinarrian: hain zuzen ere, haurtzaroaren kultura propio bat existitzen dela onartzea. Horrek esan nahi du haurrek euren modu etiko, estetiko eta poetiko propioa dutela mundua ikusteko eta euren bizitzari, existentziari zentzua emateko, hipotesiak egiteko, teoriak eta metaforak eraikitzeko.
Era berean, aisialdiak hezitzailea ­izan behar duela erantsi zuen Agirrek, eta horixe da, hain juxtu, egitasmoa harilkatzen duen beste ezaugarrietako bat. Haren arabera, aisialdiak hezitzailea izan behar du eta guztientzat onak ­izango diren balio eta ekimen partekatuak bilatu behar ditu: “Mundu juxtuago bat, osasungarriago eta bizigarriago baten beharra bilatzen dugulako, eta behar hori badagoelako, eta horren lorpenean bideak, urratsak, lekuak, espazioak, arnasa hartzeko tokiak ireki ­behar direlako”.
Azken ezaugarria, baina ez horregatik garrantzi txikiena duena, aisialdia euskalduna izatea da. Arrazoi asko eman zituen Agirrek hori defendatzeko: euskara inklusiboa dela; hemen eta orain euskara normalizatzea mundu juxtuago bat eraikitzea dela; eta haurrei, alegia, pertsonei, alegia, desboteretuen metafora diren horiei aitortu nahi zaizkien eskubide sozial eta politiko guztiak —herritar direla partaidetzaren eremuetan, erabakietan eta konpromisoetan— euskarari ere aitortu behar zaizkiola; euskal hiztun izatea herritar izateko modu bat baino ez dela. “Ez dugu kapritxorik eskatzen, berdintasuna eta demokrazia baizik”.

Bost liburuxka kalean

Lorea Agirrek “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldian azaldu zuen marko teoria jasotzen duen Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen liburuxkaz gain, beste lau liburuxka ere argitaratu ditu OinHerri taldeak: Nola sustatu haurren parte-hartzea ikuspegi feministatik, Nola egin udaleku parte-hartzaileak, Nola egin ludoteka parte-hartzailea eta Parkeak bizitzeko modu berriak. Beroiek aurkezteko ere probestu zuen jardunaldia OinHerri taldeak.

Herri hezitzaileen sarea

Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra marko teorikotik abiatuta, eta tokian tokiko herrigintzak, hezkuntzak eta udalak bat eginik, herri-hezitzaileen sarea sortu dute Euskal Herriko zortzi herrik: Donostiako Egia auzoak, Soraluzek, ­Arrasatek, Agurainek, Otxandiok, Dimak, Baztanek eta Baigorrik.
Herri horietako bakoitzean “herri hezitzailea, eskola herritarra” egitasmoa martxan jartzeko eman dituzten pausoak azaldu zituen Txatxilipurdi euskara eta aisialdi elkarteko kide Mireia Bazek jardunaldian. Bere esanetan, lehen urratsa herria ezagutzea da, bakoitzaren beharrak eta errealitatea ezberdinak direlako, eta gainera, “behetik gora” eraikitako ekimena delako. Bigarren egitekoa da tokian tokiko eragileei eta norbanakoei egitasmoa azaltzea eta hortik talde sustatzaile bat sortzea: “Horretarako, ezinbestekoa da herrigintzaren, hezkuntzaren nahiz ­udalaren presentzia, proiektuak denboran iraungo badu hiru sektore horiek norabide berean jardutea funtsezkoa baita”.
Izan ere, OinHerri taldeak hauteman duen auzietako bat da, herri askotan parte-hartze prozesu ugari egin direla azken urteetan, baina haurrak eta nerabeak oso gutxitan hartu direla kontuan, edota behintzat, zuzenean ia ­inoiz ez zaiela iritzia galdetu eta hitza ­eman.

 

 Herri hezitzaileen hainbat esperientzia

 OinHerri-ren nahia da hainbat herritan egiten ari diren praktika onak ikusaraztea eta herri horien arteko saretze-lana egitea. Horrexegatik, jardunaldietan Baztango, Dimako, Arrasateko, Aguraingo eta Soraluzeko ordezkariak izan ziren herri bakoitzeko egitasmoak aurkezten.

BAZTAN: 15 herri txikik osatzen dute Baztan eta bertan auzolana nahiz gobernatze eredu herrikoiak ez zaizkie arrotz. Herri antolatua da eta parte-hartze herritarra eguneroko praktika. Giro horretan, Baztan herri hezitzailea izanen zela erabaki zuten. Nora Salboltx bertako ordezkariak adierazi bezala, “udaberriarekin batera loreak sortzen hasi dira zenbait herritan”: Lekarozen haurren herri-batzarrak egiten hasi dira umeek eurek antola dezaten bestetako haurren eguna; Amaiurren badute nerabeendako lokal bat eta hemendik aurrera gazteek eurek eginen dute lokal horren kudeaketa; Berroetan auzolanaren inguruko lan bat egitera doaz; Elizondon haur-parke bat zaharberritu behar dute eta lan horretan haurrak arkitektoarekin batera elkarlanean ariko dira; etab.
DIMA: biztanle gutxi izan arren, hedaduraz handia da Dima. Haur eta gazte asko herrigunetik aparte, auzoetan bizi dira. Eta eskolara herrira bertara joaten diren arren, aisialdian, sarri, behin autoa hartuta, kaxkoan gelditu ordez, inguruko herrietara joan ohi dira. “Arazo bat daukagu, haur eta gazteek eskola dutelako topagune bakar, baina gero aisialdia beste leku batzuetan egiten dutelako”, azaldu zuen Dimako zinegotzi eta irakasle Ibon Izak. Behar horretatik abiatuta, haurrekin nahiz gaztetxoekin parte-hartze prozesuak hasi dituzte eta partaide kopuruarekin nahiz haien balorazio positiboarekin gustura daude oraingoz.
ARRASATE: ikuspegi hezitzailetik elkarrekin Arrasate hobetzeko bidea egiteko “Arrasatek Hezi” proiektua jarri dute abian. Amaia Etxabe proiektuaren arduradunetako batek jardunaldian esplikatu zuenez, Arrasate hobetu gura dute herri-eredu juxtuago baterako bidea egin nahi dutelako eta horretan hezkuntza ardatz hartu nahi dute: “Hezkuntzaren ikuspegi integralaz hitz egin nahi dugu. Eta hori guztia elkarrekin egin nahi dugu. Norbanako eta eragile desberdinak kontuan hartuta, sarea osatuz eta sarean lan eginez”. Irailean abiatu zuten egitasmoa eta orain artean hezkuntzaren inguruko kezka eta beharrak diagnostikatzen aritu dira, errealitatearen lehen argazkia egiteko. Orain, lehen urrats gisa, Arrasateko herri-antolamenduan eragiteari ekingo diote.
AGURAIN: parte-hartze prozesu ugari egin dituzte azken denboran Agurainen, baina hutsune nabarmen bat izan dute, bertako alkate Maider Garciaren arabera: haur eta gazteen parte-hartzea ez dute bultzatu; “beraientzako lan egin dugu, baina ez beraiekin”. Horrexegatik erabaki dute “Herri hezitzailea, eskola herritarra” egitasmoan parte hartzea eta uneotan haurrei eta gazteei iritzia galdetu eta erabakiak hartzea ahalbidetuko dien prozesuak bultzatzen ari dira. Horren erakusle da, adibidez, Garcia bera eskolako haurrekin elkartu izana haiei Udala zer den azaltzeko, beraientzako ere tresna bat delako eta ezagutu behar zutela iruditu zitzaiolako.
SORALUZE: duela bi urte egin ziren “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldien ondotik, hainbat aldaketa txertatuz joan dira Soraluzeko Kukumixo aisialdi taldearen filosofian: haur eta gazteei programazio guztia egina eman beharrean, erabakietan parte hartzen eta horiek aurrera eramateko antolaketan parte hartzen hasi dira;
oinarri moduan asanblada ipini dute; lau pareten artetik atera eta kalea ere jolasleku bilakatu dute; adinak nahastuta jarduten dute; etab. Uneotan, berriz, Maite Quintanilla Kukumixuko kideak adierazi bezala, herri mailako hezkuntza proiektu bat egiten dihardute haurrei eta gazteei ere zuzenean parte-hartzeko bideak eskainiz.

 

 Aniztasuna: ondorioa baino, abiapuntua

 Aniztasuna izan dugu herri hezitzailea jadunaldietan aurkeztutako eduki guztien arteko lotura egin duen hari-muturra. Eta, larunbatean, hain zuzen ere tarte bat hartu zen ordu arte hainbesteren ahotan ibilitako aniztasuna kontzeptua zer den azaltzeko. Horretarako, EHUko Antropologia irakasle Jone Miren Hernandezek hartu zuen hitza, “aniztasunaren inguruko ideia batzuk zirriborratzen ahalegintzeko”. Izan ere, bere eguneroko jardunaren parte du Hernandezek aniztasuna: alde batetik, irakasle bezala gelara sartzean “aniztasunarekin topo” egiten duelako egunero; eta, bestetik, antropologiaren ikuspegitik landu egiten duelako gaia.

Antropologian aniztasunaren kontzeptua nola ulertzen den azalduz hasi zen Hernandez. Izan ere, jendartean aniztasuna aberastasun gisa edo arazo moduan har daiteke, ondorio gisa baloratuta beti ere, baina antropologiaren ikuspegitik, aniztasuna abiapuntua da, oinarrizko errealitate bat: “Mundua zerbait bada, anitza da. Kontua da gaur egun presenteago dagoela aniztasuna gure komunitateetan, eta horren aberastasunaz jabetzen hasi garela”.
Dena dela, ez da beti horrela izan, bere esanetan. XV. eta XVI. mendeetan azaleratzen da, batik bat, gizakiaren aniztasuna, eta areagotu egiten da kolonialismoaren ondorioz. “Bestea agertzen da, kultura eta gizaki desberdinak”. Kolonialismoaren aktore nagusi diren europarrentzat, arraroa, harrigarria eta ezezaguna da beste hori, eta arazo bezala hartzen da. Gaur egun, “globalizazioak hartu duen abiaduraren ondorioz”, ageriagokoa da gizakiaren aniztasuna, eta horren inguruan egiten dugun interpretazioa ere zabaldu egin da, Hernandezen ustez.
Hain zuzen aniztasuna hainbat ikuspegitatik landu daitekeelako, tipularen metafora erabili zuen Hernandezek kontzeptua azaltzeko, “geruzaz geruza kontu batzuk argitzeko”. Tipularen lehen geruza, azalekoena, munduarekin parekatu zuen, “non kultur komunitate desberdinak dauden. Eta aniztasun hori gustatzen zaigu, turismoa egiten dugu aniztasun hori ezagutzeko.” Horrela, bestea ezagutzera goaz, eta, lehen bezala, gaur egun ere harridura sortzen du besteak eta bestearen ohiturek. “Harridura sortzen digute, baina horrela ere ez dugu lortzen geureaz hausnartzea. Besteak gauzak modu batera egiteak harritzen gaitu, baina ez diogu geure buruari galdetzen geuk zergatik egiten ditugun gauzak modu jakin batean.” Kultura hain zuzen arazo edo egoera bati erantzuteko modua litzateke, beste hainbat gauzaren artean, eta, beraz, egoera jakin baten aurrean konponbide berriak bilatzeko aukera izan daiteke bestearena ezagutzea, Hernandezen arabera. Era berean, “kultura bakoitzak bere konponbideak aurkitu ditu egoera edo arazo jakinei erantzuteko, eta egoera horiek aldatzen doazen heinean, baita horiei emandako konponbideak ere. Malgua da, beraz, kultura”.
Bestalde, “beste nonbaitetik etorritako norbait ikusten dugunean, kultura ikusten dugu, desberdintasuna, baina gehiago kostatzen zaigu ikustea, adibidez, pertsona hori bere herria uztera bultzatu duten arrazoi ekonomikoak. Esan bezala, kultura ikusten dugu, desberdintasuna, eta askotan aurreiritziak horretan daude oinarrituta, kulturaren desberdintasun horretan”. Gainera, hedabideek ere aurreiritzi horiek sakontzen “trasmisio-lana” egiten dutela uste du: “Harresiak ikusten ditugu, eta pertsonak harresi horietatik jauzi egin nahian”. Eta, irudi horien errepikaperaren ondorioz, aniztasuna harresiekin, pertsonekin eta arazoekin lotzen dugula uste du.
Tipularen bigarren geruzara etorrita, Mendebaldeko kulturarekin edo Europarekin identifikatzen du Hernandezek. Pertsona bat edo komunitate bat bere gunetik kanpora ateratzen bada, egoera edo arazo jakinentzako konponbide bila ateratzen da, Hernandezen esanetan; baina, Europarren kasuan, kanpora ateratzen direnean, XV. eta XVI. mende horietan hain zuzen, “nahiko modu bortitzean egiten dute”, kolonialismoari erreferentzia eginez. Paradoxikoa deritzo Hernandezek, hain zuzen Europaren baitan herritarrentzat askatasuna eta berdintasuna aldarrikatzen hasten diren garaietan, europarrak izatea mundu mailan desberdintasunak sortzen eta areagotzen ari zirenak, sasoi hartan.
Hain zuzen ere, azaldu zuenez kolonialismotik datorkigun joera bat geureganatu dugu aniztasuna kudeatzerakoan: lehenengo, ezarritako normaltasun eredutik (adin ertaineko gizon zuria) kanpo dagoena desberdina da, edo desberdintzat hartzen dugu, hain zuzen izatez aniztasuna besterik ez dagoen tokian desberdintasuna sortuz. Eta, gero, desberdintasun hori mailakatu egiten dugu: desberdin diren horien artean, batzuk besteak baino hobeak iruditzen zaizkigu. Bere ustez, gauza bera gertatzen da ikasgelan ere: desberdinak diren ikasleak mailakatzeko joera dugu, batzuk hobeak bezala sailkatzen ditugu eta besteak txarragoak bezala. Mailaketak egitea Mendebaldeko kulturetan oso erroturiko praktika dela uste du Hernandezek.
Tipularen 3. geruzan herria edo komunitatea kokatu zuen Hernandezek; 2.go geruzan, alegia, Mendebaldeko kulturan, desberdintasunak sortzeko eta mailakatzeko joera ikusten bazuen, 3.go geruza honetan homogeneitatearen idealizazio eta guztia berdintzeko joera ikusten zuen. “Gure komunitateetan uste zabaldua da bertako kideak zenbat eta berdinago, homogeneoago izan, bizikidetza orduan eta errazagoa izango dela”. Bere ustez, Mendebaldeko estatuek pertsonen homogeneizazioa bultzatu dute, gizarte homogeneoa kudeatzeko errazagoa dekakoan, eta hezkuntza horretarako tresna baliotsua izan da. Baina, Hernandezen esanetan, ez da biderik eredugarriena ez baliagarriena, eta Frantziako kasua jarri zuen adibidetzat: bereziki hezkuntzaren bidez herritarren homogeneizazioa bultzatu bada ere, bizikidetzan ez dituzte izan esperotako emaitza positiboak. “Hala ere, guk ere barneratuta daukagu identitate bat partekatzea garrantzitsua dela bizikidetzarako. Zenbat eta adostasun zabalagoa egon, orduan eta erosoago sentitzen gara. Desberdintasunek ikaratu egiten gaituzte”.
Eta tipularen azken geruzara iritsi zen Hernandez: norbanakora. Puntu honetan, bestearen azalean jartzeko, bestearen bizipenak izaten saiatzeko gomendatu zuen Hernandezek. Izan ere, kultura bada taldeak sortzen duen konponbidea egoera jakinen aurrean, orduan aniztasunetik konponbide asko lor daitezke egoera jakinetarako, bere ustez. Hor, beraz, aniztasunaren aberastasuna.

Tratu onak eta hezkidetza

Hernandezek eskainitako marko teorikotik lur hartuz, Arremanitz taldeko Asier Bagliettok eta Haizea Egigurenek Harremonak proiektua aurkeztu zuten. Ekimen horrek, hain zuzen sexu-aniztasuna, parekidetasuna eta tratu onak sustatzea du helburu; osagai borobilak aniztasuna kudeatzeko.
Bilboko Udalarentzat hasi ziren tratu txarren gaia lantzen gaztetxoekin, baina konturatu ziren erresistentzia handiak zeudela, batik bat mutil gaztetxoen artetik.  Orduan, enfokeari buelta bat eman eta, tratu txarrez beharrean, tratu onez mintzatzea erabaki zuten; hortik sortu zen Harremonak proiektua. Egun, udaletan ez ezik hainbat ikastetxetan ere ari dira lanean.
Horietan, Harremonak proiektuaren bidez hezkidetza dute helburu. Horretarako, pertsona osoak, anitzak eta libreak sortu behar direla uste dute; eta, hori lortu ahal izateko, abiapuntua “geure buruan sinestea da: gutako bakoitza izaki zoragarri dela konturatzea”. Horrekin batera, tratu onak sortzen entrenatzeko beharraz hitz egin zuen Bagliettok, eta geure burua ezagutzeko eta ondo tratatzeko moduetako bat sexualitatea lantzea dela gogorarazi.
Bestalde, benetako hezkidetza, izatekotan, egungo gaztetxo diren belaunaldien eskutik iritsiko dela uste dute, eta horrenbestez, gaztetxo horiek jendartearen erdigunean jartzea proposatu zuten: “Gaztetxoak erdigunean jarri eta hitza eta erabakia eman behar diegu, protagonista egin behar ditugu”.