UNIBERTSITATEA ETA ERALDAKETA SOZIALA
Hezkuntza, praktika moral eta politikoa
Azken ikasturteetan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (FIHEZI) irakasle, ikertzaile eta ikasle talde batek “Unibertsitatea eta eraldaketa soziala” izeneko jardunaldiak antolatu ditugu, eta jardunaldi horietako zenbait jarduera blog batean bildu ditugu (unibertsitateraldaketa.wordpress.com). Esperientzia horretatik ateratako ideia garrantzitsuenak biltzen ditu honako testu honek. Testuaren lehenengo zatian, “eraldaketa soziala”ri buruz arituko gara orokorrean, eta, bigarrenean, unibertsitateak zeregin horretan egin dezakeen ekarpena eztabaidatuko dugu.
Eraldaketa soziala
Ikuspegi kritikotik, teoria ekonomiko liberalaren ondorioz eratzen den eredu sozioekonomikoa, hau da, kapitalismoa, zalantzan jarri eta kritikatu beharra dago. Izan ere:- Gainbalioen bilaketaren eta antzeko mekanismoen bidez, gizartearen gehiengo baten esplotazioan oinarritzen den sistema da (esplotazioaren kritika).- Beharrezkoa du etengabeko hazkundea, eta logika horren ondorioa da arazo ekologikoa. Hau da, kapitalismoak natura ere ustiatu egiten du, eta, horren ondorioz, sistema honek ezin du garapen iraunkorra ziurtatu (kritika ekologikoa).- Kapitalismoa ez da batere demokratikoa, aberastasun ekonomikoaren eta boterearen kontzentrazioa bultzatzen baitu (kontzentrazioaren eta demokrazia ezaren kritika).- Kapitalismoak denonak eta publikoak diren baliabideak pribatizatzen ditu (pribatizazioaren kritika).- Desberdintasun handiak sortzen ditu, modu bidegabean, gainera, bai gizarte industrial eta postindustrialen barnean, bai munduko herrien artean ere (desberdintasunaren kritika).Postkapitalismorako trantsizioa pentsatzen eta prestatzen hasi beharra dago, beraz. 2012ko II. Jardunaldietan Joseba Azkarragak “hazkunde osteko garaia” esaten zion horretarako prestatzen, transition mugimendua eta horrelako erreferentziak erabiliz horretarako (transitionnetwork. org).Garbi eduki behar dugu, adibidez, gure garaiko bi arazo sozial nagusiak bidegabeko eta gehiegizko desberdintasun sozialak eta ekologia direla. Desberdintasun sozialei dagokienez, honako hau da azken urte eta hamarkadetan Nazio Batuen datuek behin eta berriro errepikatzen duten eskema: 1.000 milioi pertsona kontsumoaren gizartean bizi gara, herri industrializatu edo postindustrializatuetako gehienak eta beste herrietako eliteak; beste 5.000 milioi pertsona gizarte horretan sartzeko desiratzen bizi dira, munduan “errenta ertaina” edo “baxua” esaten denarekin (per capita errentak ematen duen batez bestekoaren arabera); eta 1.000 milioi pertsona miseria larrian bizi dira (gosea pasatuz, edateko urik gabe, erraz senda daitezkeen gaixotasunen ondorioz hilez, etab.). Ekologiari dagokionez ere, diagnostikoa ezaguna da: jendarte industrialek (bai kapitalistak eta bai sozialistak) baliabide natural gehiegi gastatzen dituzte, eta kutsadura nahiz hondakin gehiegi produzitzen dute.Eta, izan daitezkeen irtenbideen bilaketan, biak erabat loturik daude: une honetan, mugatuak eta finituak diren baliabideen % 80 gutxiengoak kontsumitzen dugu (kontsumoaren gizartean bizi garen 1.000 milioi pertsonak), eta bizimodu horrekin arazo ekologiko larriak sortzen dizkiogu planetari. Beraz, nabarmena da jende guztiak (7.000 milioi pertsonak) ezin duela horrela bizi, ezin dela bizi-estilo hori unibertsalizatu. Ez dago denontzat. Aritmetikak, ariketa matematiko soil batek, erakusten digu hori, ekologistek “aztarna ekologikoa” deitu duten horrek. Zer aukera ditugu? Proposamen klasiko eta modernoago ugari dauzkagu egungo sistema gainditzeko:- Jabetza pribatuari espazioak lapurtzea, aberastasunaren banaketa (zerga-politiken bidez) eta ekonomiako sektore estrategikoen kontrol publikoa proposatzen dizkigu Marxismoak.- Korronte libertarioek autoeraketa edo autokudeaketa defendatu izan dute, estatuaren zain egon gabe aldaketa gaur eta hemen hasiz.- Mugimendu ekologistak “lurraldearen defentsa”, “garapenkeria edo desarrollismoaren aurkako borroka”, “deshazkundea” eta antzeko proposamen interesgarriak egin ditu azken urteotan.- Ekonomia feministak “bizitza” zentroan jartzea proposatzen digu, espezieak bizirik irauteko beharrezkoa duen “bizitzaren ugalketa” zentroan jartzea, “zaintza”ri lehentasuna emanez eta lanak banatuz. Azkeneko ildo hau azaltzeko, Amaia Pérez Orozco izan genuen gurekin 2011ko I. Jardunaldietan. “Feminismo antikapitalista”ren barnean kokatzen du Pérez Orozcok bere burua, eta ezker klasikoaren planteamendua baino sakonagoa eta zabalagoa da, gure ustez, haren ikuspegia: ezker tradizionalarentzat, gatazka sozialen artean garrantzitsuena kapitalaren eta lanaren artekoa zen (lanaren ordez enplegua esan beharko litzatekeen arren); ikuspegi berri hauetan, ordea, gatazka sakonagoa da, kapitalaren eta bizitzaren artekoa.Unibertsitatea eta eraldaketa soziala
Beste edozein erakunde soziali bezala, unibertsitateari ere badagokio galdera honi erantzutea: zein da bere helburu nagusia, dagoenaren erreprodukzioa, edota eraldaketa soziala? XX. mendeko hezkuntza-aditu nagusiek errepikatu dutenez, hezkuntza-prozesuetan geure buruari egin behar diogun lehendabiziko galderetako bat hauxe da: “zertarako hezkuntza?”. 2011ko I. Jardunaldietan, gurekin izan zen Montserrat Galceran, eta, haren iritziz, adibidez, azken urteotako hezkuntza-erreformaren eta politiken atzean, unibertsitatea “ezagutzaren kapitalismoa” deituriko horretan integratzeko prozesua dago, esparru horretan negozio-aukera ikusi delako. Batetik, munduan zehar milioika pertsona dabilelako unibertsitateko titulu baten bila eta ezagutzaren gizartean enplegu duin bat izateko beharrezkoa den prestakuntzaren bila; eta, bestetik, kapitalismo berrian, informazioa, ezagutza, komunikazioa, ikerketa, berrikuntza, garapena eta horrelakoak jendartearen eta ekonomiaren funtsezko ardatz bihurtu direlako.Modernitatearen hasieratik unibertsitateek izan duten garapena hauxe litzateke, ikuspegi horretatik: lehendabiziko unibertsitate europarren sorreratik XX. mendearen erdira arte, “eliteko unibertsitate”en garaia izan zen, elite batzuentzat pentsatutako unibertsitateak baitziren; XX. mendearen bigarren erdian, “masa-unibertsitatea” hasi zen zabaltzen, langile-klasearen seme-alabak iristean gainjendeztatzen hasi baitzen unibertsitatea; eta, azken urte hauetan, “enpresa-unibertsitatea” da nagusitzen ari den eredua.Prozesu horren adibide bat ikerketaren esparruan gertatzen dena litzateke: bioteknologia eta horrelako jakintza-arloak lehenesten dira, merkatuari (kasu honetan industria farmazeutikoari) horrela interesatzen zaiolako, hor inbertitzen den diruak gero irabazi ekonomikoak ekarriko dituelako. Eta, logika horretan, Gizarte Zientziak bigarren mailan geratzen dira, noski, zuzeneko eta epe motzeko itzulera ekonomiko bat ikusten ez zaiolako arlo horietan ere egin beharko litzatekeen inbertsioari.Boaventura de Sousa Santos soziologoarentzat, unibertsitatea ez da agian horren hegemonikoa izango XXI. mendean, baina oraindik ere beharrezkoa izango da. Haren ezaugarrietako bat orainaldia epe motz eta luzearekin harremanetan jartzea da, ekoizten dituen prestakuntza eta ezagutzen bidez eta eztabaida ireki eta kritikorako sortzen duen espazio publikoaren bidez. Baina jende askori ez zaio epe luzea interesatzen, eta beste batzuei ez zaie gustatzen beraien interesak eta boterea kritikatzea edo zalantzan jartzea.Unibertsitatearen eta enpresa-munduaren arteko harremana ez da, gainera, berdinen arteko harremana. Ikuspegi kritiko batetik, gertatzen ari dena zera da: unibertsitatea enpresen interesen menpeko bihurtzen ari da, eta helburu nagusia unibertsitatean ekoizten den ezagutza ekonomikoki errentagarria izatea da.Noski, hor kokatu behar da enpresek unibertsitatea diruz laguntzea ere, alegia, finantzaketari buruzko eztabaida. Helburuak hauek izango dira: 1) dirua emango duen ezagutzak topatzea; eta 2) merkaturako langile gaituak prestatzea.Dinamika horiek beste arlo askotara ere zabaltzen dira, noski. Ikaslea, adibidez, zerbitzu baten erosle edo kontsumitzaile bihurtzen da, eta hor kokatzen dira tasen garestitzea, beken ordez maileguak ematea, lehiakortasuna, etab. Eta, horrez gain, enpresa-kudeaketa nagusitzea; dirua eman duten enpresetako ordezkariak gizarte-kontseiluetan egotea; kalitate-agentziak eta etengabeko sinestamenduetarako kultura edota rankingak suspertzea.Erreforma horiek mundu osoan ari dira gertatzen, gainera. 1990eko hamarkadatik aurrera, Munduko Bankuak eta Munduko Merkataritza Elkarteak “goi-hezkuntzaren merkatu globala” sortzea dute helburu. Bide horretan, Europako unibertsitateak atzean geratzen ari ziren, eta hori da, ziurrenik, Bologna prozesua abian jartzeko arrazoietako bat. UNESCOren arabera, adibidez, 2,8 milioi ikasle zeuden matrikulatuta beren jatorrizko estatutik kanpoko unibertsitateren batean 2007an, aurreko urtean baino % 4,6 gehiago. Eta ikasle gehien jasotzen zituzten herrialdeak Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Australia… ziren. Ikerketa ere globalizazio-prozesu horretan sartu da, eta Ikerketa Espazio Europarraren sorrera da horren adibideetako bat. Helburuak “bikaintasuna” izan beharko luke, baina, ikuspegi kritiko batetik, gehiago da zentralizazioa, elitizazioa eta merkatura begirako ikerketa sustatzea. Zeren jende guztia izan liteke lehiakor, oso lehiakorra den sistema batean? Erantzuna, nabaria denez, ezezkoa da. Klaseen arabera banatuta dagoen jendarte baterako liberalismoak saltzen duen “meritokraziaren logikan oinarritutako mugikortasun sozial indibiduala”ren mitoarekin gertatzen denaren antzeko zerbait gertatzen da hemen ere: gutxi batzuentzat bakarrik da posible, eta sistemak gutxi horiek erabiltzen ditu bere burua zuritzeko. Ikerketarako Europako Esparru Programetan, adibidez, unibertsitatean lan egiten duten zientzialari gutxi aurkezten dira, eta horietatik % 10ek lortzen dute diru-laguntza. Horixe da sistema bat oso lehiakorra (eta oso ona) izatea, diskurtso ofizialen arabera. Eskema horretan, ezagutza eta lan-merkatua jendartearen eta pertsonen segmentazio eta hierarkizaziorako erabiltzen dira. Kontuan izanda unibertsitateko titulazioa ez dela nahikoa izango prestakuntza maila on bat, enplegu duin bat, estatusa eta jendartean leku bat bilatzeko; horrez gain, oso garrantzitsuak izango dira beste hainbat alderdi, hala nola zer unibertsitatekoa den sinestamendu hori, zer ikasketetakoa den, edota zer mailatakoa (gradua edo masterra…). Eta ez dugu ahaztu behar unibertsitatean bertan ere informazioaren, komunikazioaren eta ezagutzaren arloko langile askok edo gehienek bizi duten prekarizazioa eta esplotazioa.Egoera horren aurrean, erresistentzia-adierazpen nagusiak ikasleen mugimenduarenak izan dira: unibertsitatea merkatuaren logikara erabat integratu nahi dutenen aurrean, denontzako kalitatezko hezkuntza bat defendatu dute, ezagutza “ondasun komuna” dela defendatuz.“Merkaturako prestakuntza”ren garrantzia defendatzen dutenen aurrean, hauxe galdetzen dute erresistentzia-mugimendu horiek: ba al du zentzurik eskola-ibilbidean gero eta diru gehiago inbertitzeak, gazteen zati handi bat lan gabe badago, eta gainerakoetatik gehienak enplegu prekarioa badute? Borrokan ari diren sektore horiek unibertsitateko hezkuntza modu zabalagoan eta desberdinean ulertzen dute: ez soilik lan-merkaturako prestakuntza edo instrukzio gisa, curriculuma egiteko bitarteko gisa, beharrezkoa den eraldaketa sakonerako ezagutza eta hezkuntza gisa baizik. Horren guztiaren adibideetako bat izan daiteke Espainiako “suminduen” mugimenduarekin lotuta agertzen den “Universidades Indignadas de Madrid” kolektiboa (tomalafacultad.net). Zentzu horretan, irakasle suminduen idatziak ere topa genitzake azken urteotan, eta horietako batzuek, gainera, desobedientzia akademikorako deia egiten dute.Erresistentzian eta borrokan oinarritutako bestelako unibertsitate bat aldarrikatzen da, beraz, errealitate sozialetik eta beste modu bateko herri-mugimendu kritikoetatik gertuagokoa eta haiekin elkarlanean arituko dena.Subjektu eta subjektibotasun berri bat hezi eta eraiki nahi da, ez merkaturako errentagarria, otzana, pragmatikoa eta postideologikoa, ekintzarako, militantziarako eta parte-hartze soziopolitikorako prestatua baizik.Diskurtso kritiko horietako batzuetan, ez da krisi aurreko unibertsitate publikoaren defentsa edo aldarrikapena egiten, eta aipatzekoa da hori ere. Batetik, lehendik ere utzita zeukalako unibertsitateak eduki beharko lukeen konpromiso soziala; eta, bestetik, estatua bera izan delako gaur egungo prozesuak bultzatu dituena. Unibertsitate publiko baino gehiago, estatuaren unibertsitate deitu behar genioke, beraz, unibertsitate hari, boterean dauden eliteekin eta sistema kapitalistaren interesekin lotuta zegoelako erabat. Unibertsitate horren defentsa egin beharrean, bestelako unibertsitate bat eta bestelako ikerketa bat aldarrikatzen dira: ezagutza eta ikerketa militantea, eta politikoki kokatua. Ahalik eta objektiboen izaten saiatu behar dugu unibertsitatean, horretarako teoria, metodo eta teknika zientifikoak erabiliz; baina horrek ez du esan nahi neutralak izan behar dugunik.Zentzu horretan, Alex Callinicosek eta beste zenbaitek “intelektual publikoa” defendatzen dute, bere gizarteko eztabaida sozialetan parte hartzen duena (Frantzian, Zolak, Sartrek eta Bourdieuk bete duten papera, adibidez); eta, urrunago joanez, baita “intelektual organikoa” ere, herri-mugimenduarekin eta alderdi politikoekin batera lan egiten duena.Ikerketaren eta militantziaren arteko mugetan kokatzen dira Observatorio Metropolitano (observatoriometropolitano.org) eta besten zenbait behatoki, Instituto de Ciencias Económicas y de la Autogestión eta antzeko ikerketa eta irakaskuntzako institutuak (iceautogestion.org), eta Universidad Nómada (universidadnomada.net), Universidade Invisíbel (invisibel.net), Universidad Libre Experimental-ULEX (ulexmalaga.blogspot.com), Universitat Lliure La Rimaia (unilliurelarimaia.org) edota Hego Ameriketako Mugimendu Sozialen Unibertsitate Popularra eta antzeko beste unibertsitate batzuk.Laborategi eta unibertsitate horietako batzuk Edu-Factory izeneko nazioarteko sarean biltzen dira (edu-factory.org), “ikerketa eta ekintza politikorako” sarean, ikasleek eta langile prekarioek ez baitute ordaindu nahi unibertsitatearen krisia eta krisi finantzario globala. Horregatik, krisia eraldaketa sakonak eragiteko aprobetxatzea proposatzen dute, unibertsitateak bere orain arteko historia osoan zehar oso gutxitan erakutsi duen konpromiso soziala aldarrikatuz. Lehenago aipatu dugunez, faltsua iruditzen baitzaie unibertsitate publikoaren defentsaren eta erreforma neoliberalen arteko eztabaida eskematikoa, azken urteotan estatua bera izan baita unibertsitate-enpresa globala (corporate global university) eta arlo publikoaren kudeaketa (new public management) bultzatu dituena. Azken batean, ongizate-estatuaren desmuntatze-prozesuaren barnean kokatzen dira erreforma horiek guztiak, eta horretan bat egiten dute neoliberalek eta sozialdemokratek. Iraganarekiko nostalgiarik ez genuke eduki behar, beraz. Marfilezko dorretik eta dorrerako katedradun mandarinek kudeatutako unibertsitatearen nostalgiarik ez genuke eduki behar.Eztabaida klasiko eta handi horietako batera eramango gaitu horrek guztiak: posible ote dira benetako aldaketa sakonak sistemaren barnetik, edo, horretarako, kanpora atera behar dugu, eta erabat gauza berriak abian jarri? Euskal Herriko testuingurura etorrita, EHUk eta UEUk ordezka litzakete “barne/kanpo” ardatzak… Gure jardunaldietan, eraldaketa kanpotik eta barnetik bultzatu behar dela dioten iritziak nagusitu dira, ahalmenen arabera. Zenbaitentzat, ordea, estatuaren unibertsitate publikoek ez dute aukerarik ematen benetako eraldaketarako, sistemaren eta boterearen logika eta dinamiketan erabat harrapatuta daudelako. Horien ustez, mugetan kokatzen diren unibertsitateak behar dira, beraz, mugimendu sozialen, herriaren, hiriaren eta zientziaren arteko mugetan kokatuko diren laborategi eta zentro berriak.Edozein modutan, badirudi unibertsitateak herriarekin elkarlanean aritu beharko lukeela, jendartearentzat lan egin beharko lukeela, beharrezkoa den eraldaketa sozial sakonerako. Ikerketa-gaiei dagokienez, adibidez, mainstream agenda akademikotik kanpo geratzen diren arloak landu daitezke (prekarietatea izan daiteke adibide bat, etxebizitzaren arazoa beste bat, mugimendu sozialen borroka hirugarrena, etab.). Eta lan egiteko beste modu batzuk ere proba daitezke: ezagutzaren eraikuntza kolektiboa jabetza pribatuaren aurrean (copyright-copyleft eztabaidak, software askearen adibidea…), bestelako metodologia batzuk erabiltzea (ikerketa, ekintza eta horrelako gehiago, non subjektu eta eragile sozialek ere parte hartzen duten), etab.Amaitzeko
Eraldaketa sozial sakon eta erradikala beharrezko eta posible dela esan dugu. Helburua ez da, beraz, 2007. urte aurreko egoerara itzultzea (ongizate-estatu kapitalista mendebalde industrial edo postindustrialean). Zalantzan jarri behar dira gure zibilizazioaren oinarrian dauden ideia nagusietako batzuk: etengabeko hazkundearen beharra; gero eta epe laburragoan gero eta gehiago produzitu beharra; merkatua jendartearen zentroan jartzea eta merkatuaren logikak jendartearen espazio guziak kolonizatzea…Zenbaiten ustez (Althusser lehenago, García Olivo edo Rodríguez Mora orain), eraldaketa hori ezin da bultzatu eskolatik edo unibertsitatetik, Estatuaren eta kapitalismoaren erreprodukzio-tresnak direlako. Gure ustez, ordea, unibertsitateak ere bultza dezake beharrezkoa den eraldaketa soziala. Unibertsitatea ere beste borroka-zelai bat da, eta, horretarako, “kanpo/barne” eskema hautsi beharko litzateke, zirrikituak edo pitzadurak irekiz borroka sozial eta politikoak unibertsitatera ekartzeko, eta unibertsitatea borroka horietan buru-belarri sarrarazteko. Unibertsitateak eraldaketa sozialerako hezi beharko luke, beraz, eta aldaketa soziala bultzatzeko ikertu beharko luke, azken urte eta hamarkadetako erreformak justu aurkako norabidean doazen arren. Unibertsitatearen funtzio sozial nagusia bere garaiko arazo sozial garrantzitsuenei erantzutea da: gehiegizko desberdintasun sozialak, ekologia… Horrekin erakutsi behar du konpromiso soziala, hor eduki behar du inpaktua eta eragina. Izan dadila unibertsitatea hausnarketa, kritika eta aldaketarako espazioa, eta ez dagoenaren erreprodukzio mekanikorako makineria soilik. Lan-merkaturako prestakuntzarekin edo gaikuntzarekin batera, konpromiso sozialerako hezkuntza ere eskaini behar du.Kontzientzia eta konpromisoa behar dira horretarako, helburua garbi edukiz. Botereak ezkutatu egin nahi baitu eraldaketa sozialaren beharra, ezkutatu egin nahi baitu gatazka soziala. Unibertsitateak eta ikerketa militanteak, aldiz, horixe egin behar dute, ikusarazi krisi globala eta zapalkuntza nahiz menderatze-estrategiak (objektiboak: langabezia, prekarietatea, bazterketa soziala, pobrezia…; eta subjektiboak: beldurra eta konformismoa, Anaia Handia eta Mundu Zoriontsua, makila eta azenarioa).2013ko udazkenean izan ziren III. Jardunaldietan, horiexek izan ziren gai nagusiak: zapalkuntza, menderatzea eta kontrol soziala. Horretarako, espetxea erabili zen adibide nagusi gisa, espetxea azalduz gure egunerokotasuna ere esplikatu baitaiteke: kartzelaren bidez lortzen den kontrol soziala, kanpokoak ere beldurtuz eta, beraz, haien askatasuna mugatuz; bakartzearen garrantzia, eta horri aurre egiteko norbera bakartze horretara ohitzea (menderatzearen barneratzea); egiturarekiko dependentzia, etab. Sistema horretan, askatasuna ez da eskubidea, boterearen esku geratzen den karitate-jarduera baizik. Eta logika hori errepikatu egiten da, baita kartzela “terapeutiko” bihurtzen denean ere, hau da, baita botereak menderatzea eta zapalkuntza goxatzen dituenean ere. Kasu horretan, kartzelako zaindaria terapeuta bihurtzen da, eta presoek biltzarrak, antzerkia eta yoga egiten dituzte. Edo unibertsitatean irakasle aurrerakoiak metodologia aktiboak eta aurrerakoiak erabiltzen ditu. Baina hori ez da nahikoa gure helbururako. Horrela adierazten du Henry Giroux-ek: “Nik praktika moral eta politiko bezala ulertzen dut hezkuntza, zeren hezkuntzak beti eskatzen du etorkizunaren ikuspegi bat edukitzea (…) Hezkuntza beti da politikoa”. Imanol Galfarsororen ustez ere, lan intelektual eta akademikoa defendatu beharra dago, “arazoak” sortzeko lan egitea beharrezkoa baita. Unibertsitatea jendarteko benetako arazoetatik urrun bizi dela? “Mandarinak” bazter guztietan daude: unibertsitatean bai, baina baita kalean, alderdi politikoetan, mugimendu sozialetan eta abarretan ere (Frankfurteko eskolak termino hori erabiltzen zuen errealitatetik urruti bere marfilezko dorrean lasai bizi den intelektual diruduna izendatzeko). Euskal Herriak behar du unibertsitatea, unean uneko eta lekuan lekuko jakintza onena eta puntakoena eskaintzeko. Oraindik garaiz gabiltza, beraz, eskuak zikintzeko. Egon gaitezen hemen bertan, Euskal Herrian zentratuta, hemengo borroka partikularretan borroka unibertsala besarkatzen, eta unibertsitatean bertan ere borroka partikularrak eta unibertsalak besarkatzen.