LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki

2015-05-01

Aniztasunarekiko arreta proposamen zaharragoetara eta bereizketa eragiten dutenetara bideratzen du LOMCEk

 
 

Hiztegi bat hartu eta aniztasunaren esanahia begiratzen badugu, bi adiera nagusi aurki ditzakegu RAEren arabera: ­ugaritasuna, ezberdintasuna; eta, oparotasuna, gauza ugariren kantitate handia.

Pertsona bati arreta ipintzen badiogu ohartuko gara gauzak egiterakoan ez duela beti ilusio bera izaten eta politika, erlijio, kultura, gizarte eta abarren inguruko gaietan iritziz alda dezakeela. Hortaz, “aldatu egiten gara" edo "ezberdinak gara" une eta egoeren arabera, eta "ugaritasun" hori "oso oparo" eta "aberatsa" izan daiteke pertsona bakoitzaren arabera. Era berean, giza taldeetan aniztasun hori nabariagoa da, izan ere, pertsona bakoitza ezberdina da, eta bitxia dirudien arren, ezberdintasun horrek ­oinarri biologiko komun zabala du. Gainera, ikastetxeetara begiratuz gero ez dugu zalantzarik izango horietan aniztasun, ugaritasun eta pertsonen arteko ezberdintasun asko daudela, eta ezberdintasun horrek aukera ugaritasuna eta aberastasuna eskaintzen dio Hezkuntza Komunitate osoari.
Landareen pistilo hodian landarea beraren polena beheratzea galarazten duten proteina batzuk aurkitzen dira ­eta, horrenbestez, polena bertakoa dela hautematen dutenean “zelulen heriotza” izenekoa gertatzen da autopolinizazioa saihesteko.
Beraz, laburbiltzeko esan daiteke ­aniztasuna ez dela ez ona ez txarra, baizik eta gizakiarekin egiaztatutako errealitatea. Ikuspuntu horretatik, ez du merezi “aniztasunaren trataera” lantzea, bai ordea pertsonak eta gizarteak garatzeko hortaz baliatzen jakitea. Are gehiago, aniztasunean ez da soilik zenbat “bultzatu eta sustatu” behar den landu” behar, horrek pertsona eta gizarte bakoitza den bezalakoa, egiazkoagoa eta onuragarriagoa, izatea ahalbideratzen baitu.
Azken urteetako legeak aztertzen hasiz gero, LOGSE (1990) legea dugu lehenengoa eta, bertan xedatzen denez, bigarren artikuluan  jada aniztasunaren inguruko ideia orokor batzuen ­araberako plangintza bat egiten du: gizon eta emakumeen arteko eskubide-berdintasuna, era guztietako diskriminazioaren gaitzespena eta kultura guztiekiko errespetua (2§2 artikulua).  Seigarren artikuluan ideia orokor hori zehazten du: oinarrizko irakaskuntzan zehar hezkuntza komuna bermatuko da ikasle guztientzat. Hala ere, azken urteetan edukien aniztasun egokia ezarriko da (6§1 artikulua). Horrela, ulermenaren bidezko hezkuntza izenekoa sortu zen.
Ikuspegi horren barruan bi atal azpimarratu behar ditugu: ulermenaren ­bidezko hezkuntza (“hezkuntza komuna” ikasle guztientzat) eta aniztasunarekiko arreta eta ebaluazioaren arteko ­harremana, ebaluazioaren emaitzak detektatzen direnean pentsatzen baita horretan. Zoritxarrez, egoera batzuetan ­ebaluazioa amaieran egiten denez, ­egiatan ez zaio arreta egokia ematen.
ELO (2006) da aniztasunaren trataera modu zehatzagoan lantzen duen lehen legea. Hitzaurrean jada legea beraren bigarren printzipio gisa hartzen du:
“Beharrezkoa da, beraz, ikasleen ­aniztasunari erantzutea eta aniztasun horrek sortutako erronkei eta zailtasunei aurre egiten laguntzea. Azken batean, ikastetxe guztiek (titulartasun publikoa duten ikastetxeek zein itunpeko ­ikastetxe pribatuek) hezkuntzarekiko gizarte-konpromisoa beren gain hartu eta bazterketarik gabeko eskolatzea eskaini behar dute.”
Hitzaurre berean ere gaia modu sakonagoan zehazten du: “Aniztasunerako arreta oinarrizko irakaskuntza osoa zuzendu behar duen funtsezko printzipio gisa ezartzen da, ikasle guztiei beren ezaugarrietara eta premietara egokitutako hezkuntza eskaintzeko”. Ulermenaren bidezko hezkuntzari dagokionez, ELO eta LOGSEren arteko lehen ezberdintasuna ikus daiteke: kontua ez da ikasle guztiei hezkuntza bera ematea, baizik eta ikasle bakoitzaren errealitatearekin bat datorren hezkuntza eskaintzea. Hala ere, aniztasunarekiko arreta soilik “egoera ematen denean” lantzeko ikuspuntuarekin jarraitzen du, hau da, ebaluazioaren datuak eduki ondoren. Gainera, II. tituluan hezkuntzan berdintasuna zaintzeko planteamendua egiten du.
Nahiz eta horrek funtsezko hobekuntza bat ekarri —beharrezkotzat hartzen baitu hezkuntza komuna aniztasunari erantzuteko modu egokiarekin lotzea— aniztasunarekiko arreta ez da hasierako planteamendu bat bezala azaltzen (planifikazioari, helburuei eta metodologiari lotuagoa), ebaluazioaren ondorengoa baizik.
Sarrerari amaiera emateko, beharrezkoa da hezkuntza inklusiboaz hitz egitea, pertsonen eskubideekin errespetu handiagoa duen aniztasuna lantzeko proposamen gisa. Ideia hori honela definitu zuen Ramon Flecha adituak: haur guztiei behar adina ematea ­inork bere heziketan atzera egin ez dezan (2013). Planteamendu horren arabera, aniztasuna aukera bat da ikasle guztiek ikastaldia ahalik eta gehien garatzeko, hau da, haur guztien gaitasun guztiak ahalik eta gehien garatzeko.

Aniztasuna LOMCE legearen arabera

LOMCE (2012) legeak aurretik aipatutako printzipio guztiak hausten ditu eta aniztasunarekiko arreta proposamen zaharragoetara eta bereizketa eragiten dutenetara bideratzen du: “Ikasle guztiek dute talentua, baina bakoitzaren talentua desberdina da. Ondorioz, hezkuntza-sistemak talentu hori antzeman eta indartzeko behar diren mekanismoak izan behar ditu. Ikasleen trebetasun eta itxaropenak anitzak direla aitortzea da lehen urratsa ibilbide ugari aintzat hartzen dituen hezkuntza-egitura bat garatzeko”; eta lerro batzuk beherago aniztasunaren oinarria lantzen du: “Hezkuntzari etekina ateratzeko arazoak dituzten ikasleek programa espezifikoak behar dituzte sisteman jarraitzeko dituzten aukerak hobetzeko”. Beraz, ­onarpenaren eta aniztasunaren sustapena bultzatu beharrean, arazo gehien dituzten ikasleak  beste ikaskideengandik bereiztea xedatzen du, eta ondorioz, aniztasunerako eta ikasleek elkarrengandik ikasteko aukera galarazten du. Bitxia eta nolabait iskanbilatsua da “aniztasunaren gestioaz” hitz egitea, hau da, hezkuntza homogeneizatzaileaz eta berdintzaileaz, bidezkoaz hitz ­egin beharrean.
Horrez gain, Gobernu zentralaren esku utzi ditu irakasgai ezberdinetan ­ageri behar diren edukien ezarpena. Ez da gaitasunez hitz egiten, baizik eta ­edukiez, egoera askotan horiek izanik ikasleen irakastaldiaren benetako oztopo arkitektonikoak.
Beste alde batetik, derrigorrezko hezkuntzako laugarren mailan, ikasleen emaitzen eta etorkizunean ikasten jarraitzeko aukeren arabera bi bide ­ezartzen ditu. Aniztasunarekiko arretaren aurkako erasoa osatu da, hamabost urterekin ikasleak ofizialki etiketatzen baitira.
Laburbilduz, aniztasunari erantzuteko proposamenak LOGSEren ulermenaren bidezko hezkuntzarekiko ­atzerapauso bat dakar, eta inklusioa ­edo hezkuntza inklusiboa hitzak lau ­aldiz agertzen diren arren ez ditu ideia horien printzipioak errespetatzen: gaitasun guztiak pertsona guztiek garatzea ikastaldirako ingurugiro anitz eta inklusiboetan. Jakina ustezko aniztasunarekiko arreta ebaluazioarekin eta ­ikasleen emaitzekin lotzen ditu, 79 bis artikuluan adierazten den bezala.
Dena den, uste dugu lege horrek ­ezin duela benetako hezkuntza inklusiboaren alde egin dugun apustua galarazi, izan ere, horren aldeko apustuak ere emaitzen hobekuntzarekiko konpromiso bat dakar, LOMCEren helburu dena.
112 bis artikuluaren arabera ulertzen dugu aniztasunarekiko arreta inklusiboaren esparruan egin dugun proposamenak euskarri legala baduela: “Kalitatezko hezkuntza-proiektuak ­ikastetxeak espezializatzea ekarriko du, eta, besteak beste, honako hauei buruzko jarduerak jaso ahal izango dira proiektu horretan: curriculuma espezializatzea, bikaintasuna lortzea, irakasleak prestatzea, eskola-errendimendua hobetzea, nola hartu hez­kuntza-laguntzen berariazko premiak ­dituzten ikasleen arreta eta plataforma digital partekatuetarako baliabide didaktikoen ekarpenak”.
 
Kristau Eskolaren jarrera
Kristau Eskolak identitatezko hautabide hartu eta uste osoa du gero eta ugariagoak diren hezkuntza ingurugiroetan ikasle guztiei ahalik eta gehien garatzea ­ahalbidetzen dieten benetako hezkuntza inklusiboaren aldeko apustua egiteari dagokionez.
Aldi berean, hezkuntza inklusiboak hezkuntzaren inguruko ikerkuntza zientifikoaren eta ikasleen ikastaldiko emaitzen babesa duela uste dugu.
Ezin dugu esan gure ikastetxeetan ­egiten den lan guztia erabat inklusiboa denik, hezkuntza inklusiboa ez baita ­ezer edo guztia hartzen duen kontzeptu manikeo bat. Bide bat da, hots, hezkuntza inklusibo horrekin duen konpromiso zuzen baterako prozesua.
Gure ustetan, hezkuntza inklusiboak oinarrizko eta berezko lau ezaugarri hauek ditu:
- Ingurugiro anitzak. Ez dizkiegu gure hezkuntza komunitateko parte
izan nahi duten ikasle guztiei ikastetxeetako ateak itxi nahi eta, gainera, aniztasun hori onuragarria dela uste dugu bertako pertsona guztientzat.
- Benetan inklusiboak diren plangintza eta metodologia. Desegokia iruditzen zaigu aniztasunarekiko arreta irakasleen programazioa egin aurretik gauzatzea; “porrota planifikatzen” ari garela dirudi, denek arrakasta lortuko ez dutela jakinda gauzatzen baita. Aniztasunari erantzuteko gauzatu dugun proposamena denen garapen
osoa ­ahalbideratzen duten helburuen eta jardueren planifikazioarekin hasten da. Hezkuntza inklusiboa ez dugu ebaluazioaren erantzun gisa hartzen, baizik eta ikasleek euren lekua aurkitzea eta arrakasta lortzea errazten duten metodologiekin lotzen dugu. Beharrezkoa da ­jarrera baikorra edukitzea eta ikasleen egiatako gaitasunetatik abiatzea. Horretarako, gure begirada bertute edo gaitasunetara bideratu beharko dugu, arreta ahultasunean ipini beharrean. Horrenbestez, bertute horiek aurkitu, ezagutu, sustatu eta oztopoak gainditzeko lana ­egin beharko dugu, ikaslearen ahalmen eta garapenari etiketarik edo mugarik jarri gabe.  
- Irakasleen arteko koordinazioa ­eta hezkuntza eragile guztien parte-hartzea. Hezkuntza inklusiboak irakasleen artean koherentzia eta koordinazioa edukitzea eskatzen du, baina gainera ikaslea bera xede duten eta familiek era aktiboan eta konstruktiboan parte hartzen duten metodologiak proposatu behar dira. Zentzu horri jarraiki, beharrezkoa iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzaren aholkuak gogoan edu­kitzea:
“Hezkuntza-jardunean, ikasleek jasotzen duten laguntza banakakoa eta bereizia izan ohi da. Eskola inklusiboan, ordea, laguntza kontzeptuak zabalagoa izan behar du; ezinbestekoa da ­irakasleek eta profesionalek elkarla­nean jardutea, ikaskuntza-metodoak ­ikasle guzti-guztien beharrei erantzutea eta irakasleek prestakuntza jasotzea; izan ere, prestakuntza oso garrantzitsua da hezkuntza-jarduna gero eta inklusiboagoa izan dadin. (Eusko Jaurlaritza, 2012, 18. or).”
- Hezkuntza errefortzurako neurri errealen diseinu konprometitua. Nahiz eta gure plangintza eta metodologiak denen arrakasta lortzea helburu duen, pertsona batzuek lan
egiten jarraitu behar izanez gero hezkuntza errefortzurako bi irizpide nagusi adierazten dira: ohiko ikasgeletan egotea galarazten ez duten ordutegietan egitea, eta irakasleek koordinazioarekiko eta norberaren ardura profesionalarekiko benetako konpromisoa hartu ondoren gauzatzea.
Hezkuntza inklusiboari buruzko ­ikusmolde hori ikasgelako lanean zehazten da eta, bertan, ikaslea bera da bere ikastaldiko protagonista eta helburua. Ikasgelan gauzatzen den lan hori emaitza arrakastatsuak eskaintzen dituzten hezkuntza-jardueren bidez babesten da, arrakastazko metodologien bidez baino gehiago. Ideia horrekin ­adierazi nahi dugu, adibidez, adimen ­anitzeko metodologiek besterik gabe ez dutela arrakastarik, baizik eta emaitza arrakastatsuak lortzeko horiek gauzatzeko moduen bidez eskuratzen da. Ramon Flechak (2015) dioen bezala, bi ebidentzia oso egiaztatuta daude: ­emaitzen hobekuntza ez dago erabilitako metodologia aukeren baitan; eta, metodologien arteko borrokek eta metodologia aukeren enfasiak  emaitzak okertzen dituzte. Proiektuen bidezko ­ikastaldia (beste edozein metodologia bezala edo flipped classroom bezala)
oso ongi dago arrakastarako ekintzen bidez egiten bada eta oso gaizki porroterako ekintzen bidez egiten bada.
Arrakastarako metodologiaren ­ekintzak garatzeko, hiru baldintza hauek beharrezkoak direla uste dugu: egiaztatutako ikerketa zientifikoetan oinarritzen dira, horien helburua da ­ikaslea eta ikasleen errealitate eta bizi esperientziara ahalik eta gehien hurbiltzen dira. Hirugarren baldintza hori betetzeko, IKTek aukera oso esanguratsuak eta emankorrak eskaintzen dituzte. Horretarako, beharrezkoa da giza baliabideak (tutoreak eta hezkuntza-laguntzaileak, gainontzeko ikasleak ­eta familiak) edukitzea, antolatzea eta koordinatzea. Hortaz, ikasgelako lana metodologia malguen eta arrakastatsuen bidez landu ahal izango da eta ­emankorra izango da haur guztientzat, hain zuzen ere, ahultasun eta desabantaila egoera dauden horiei laguntzeko. Hona hemen Eusko Jaurlaritzak gaiaren inguruan argitaratutako ideia gehiago:
“Ikastetxeetan praktika inklusiboak garatzeko, irakasleek gogoeta  bateratua egin beharko dute, eta, ikasgela ­abiapuntu hartuta, honako oinarrizko hiru alderdi hauek azpimarratuko dituzte: inguru inklusibo batean zerk funtzionatzen duen eta zerk ez aztertu behar da, nola eta zergatik funtzionatzen duen jakin behar dugu; hau da, inklusioa gertatzeko zer baldintza egon behar diren jakin behar dugu (Eusko Jaurlaritza, 2012, 15. or).”
Aniztasunaren arretarekiko dugun proposamena amaitzeko asmoz, HEZIBERRI programa aipatu nahiko genuke eta honela laburbiltzen da bere pedagogia markoan:
“Laburbilduz, hezkuntza inklusiboak hauxe esan nahi du: ikasle guztientzat kalitatezko hezkuntza bidezko eta justiziazko bat lortzearen aldeko jokabide eta konpromisoa hartzea. Haur eta gazte guztiekin du zerikusia. Haien parte-hartze errealean ardazten da, bai eta balioztatutako emaitzen araberako lorpenetan ere, eta bazterketa ‐egoera orori egiten dio aurre, sekula amaitutzat jo ezin daitekeen prozesu bat izateaz batera (Heziberri, 2014:27).”
Aniztasunarekiko arreta inklusiboaren barruan ebaluazioa eta metodologia bereiztea ez dela komeni uste dugun ­arren, Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena egiatako hezkuntza inklusibo egokiarekin bat datorrela deritzogu gure ezberdintasun eta espezifikotasunetik begiratuta.
Espezifikotasun horien artean, eta gehiegi sakondu gabe, honako esparru hauen alde egin ditugun aurrerapausoak nabarmendu ditzakegu: Ulermenerako Irakaskuntza, adimen anitzak, irakaspen kooperatiboa, irakaspenerako plataforma digitalak, eskolen artean sareko lankidetza, hezkuntza-praktika ­onak partekatzea, irakaspen komunitateen ereduak sakontzea…

Ondorioa

Pere Pujolás (2012) irakasleak oso metafora aproposa marraztu zuen aniztasunarekiko arreta egokia definitzeko: denbora asko igaro ondoren, bi lagun aurkitu eta gazteetako beste lagun batzuekin afaltzeko hitzordu bat adosten dute. Eskualdeko berezitasun eta gozotasunez beteriko menu bikain bat prestatu ondoren, afariaren arduraduna konturatu da lagunak ezin duela prestatutako plater askotatik jan. Egoera horren aurrean hiru aukera ditu: lagunari deitu, egia kontatu eta sentitzen duela baina hurrengo batean berarentzat egokiagoa izango den beste afari bat antolatuko duela kontatzea; edo, prestatutako platerez gain, lagunarentzat ­barazki batzuk eta arraia plantxan prestatzea, horrela gutxienez besteekin ­berriketan aritzeko aukera izango baitu; edo azkenik, prestatutako guztia ­izozkailuan sartu eta eskualdeko eta urtaroko produktu onenekin denek goza dezaketen beste menu bat prestatzea.
Zein da aniztasunaren benetako ­erantzun inklusiboa? Guztientzat den kalitatezko hezkuntza bermatu behar dugu eta, beraz, argi dago ezin dugula ­inor gure eskoletatik atera, ezta hasieran zailtasunak dituzten ikasle horiek baztertu edo bereizi ere. Gure erantzun etiko eta profesional bakarra ikasle guztien arrakasta eta gaitasunak ahalik eta gehien garatzea mesedetzen duen hezkuntza-menu bat eskaintzea da.
Aniztasunarekiko arreta inklusiboaren gakoa ikaslea ikastaldiaren helburu eta protagonista autonomoa egitea dela esan baldin badugu, sine qua non kondizioa gure irakasle eta hezitzaileen profesionaltasuna da. Ezin ditugu gure buruan dauden zenbaki batzuk ­onartu: eskola-porrotaren datuak; beste eskola batzuetan ikasten jarraitzen duten ikasleen ehunekoa; ikasle eta familia batzuen atsekabe maila; alderdi pertsonalaren, emozionalaren, erlazionalen eta abarren gainetik adimenaren, ahozkotasunaren edo matematikaren garapen partziala eta nagusia… adibide batzuk esatearren.
Kristau Eskolaren ustez irakasleak dira tresnarik aproposenak hezkuntza inklusiboa garatzeko, eta horregatik, zor diegun begirune pertsonaletik eta onarpenetik abiatzen gara eta prestakuntzaren eta profesionaltasunaren aldeko apustua egiten dugu.
Benetako aniztasunarekiko arreta besteen desberdintasunak errespetatzean eta horiengandik, baita ikasleengandik ere, beti ikasteko jarrera irekian datza. Nahitaez jarrera hori pertsona bakoitzarengandik eta aniztasun horri buruz duen balorazio positibotik hasi behar du.