0-3. Hezitzaileen formazioa

2015-05-01

Bestearen begiradaren beharra, haurraren portaeran interpretazio objektiboagoa lortu ahal izateko

 
 

Zein garrantzitsua den haurraren portaera behatzea eta, ondoren, behatutako hori interpretatzea azaldu die Alfredo Hoyuelosek, ­NUPeko irakasle eta Iruñeko haur-eskoletako taileristak, martxoko formazio-zikloan parte hartu duten profesionalei, Loris Malaguzziren filosofian sakonduz. Eztabaida interesgarria piztu da parte-hartzaileen artean, zalantzak sortu baitira objektiboki behatzeko gaitasunaren eta interpretazioaren mugen inguruan. Hain zuzen, guztion begiradan ­dagoen subjektibotasuna aitortu, eta interpretazioak taldean partekatzera gonbidatu ditu Hoyuelosek, horrela haurraren portaeraren interpretazio objektiboagoa osatzeko guztien artean. 

“Nire begirada partziala da, eta ondorioz nire interpretazioa subjektiboa. Bestearen begirada behar dut, bion artean haurren interpretazio objektiboagoa lortzeko”. Loris Malaguzzik landutako ideia hori zabaldu nahi ­izan zuen ikasleen artean Alfredo Hoyuelosek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle, Iruñeko haur-eskoletako tailerista eta Hik Hasi-ren formazio-zikloko koordinatzaileak, matxoko formazio-saioan. Hain zuzen ere, “Behaketa eta interpretazioa” izan zuten asteburu horretako gaia, eta bi ariketa horiek egitearen garrantzia azaldu zien: bai bakoitzak bere aldetik, bai taldean. Horretarako, bere lanean sortutako esperientzia errealak partekatu zituen ikasleekin.

Lehenengo eta behin, Iñaki izeneko haur baten egunerokoan oinarritutako dokumentala aurkeztu zien ikasleei. Bertan, unez une “behatu” zituzten Iñakiren eguneroko urratsak, bai haur-eskolan bai etxean ateratako argazkietan oinarrituta: esnatzen den momentua, eskolara izebarekin doanekoa, ­ikasgelan beste umeekin jolasean ari denekoa, bazkalordua, komunera joateko momentua bikote pedagogikoko ­kide bakoitzarekin, etxera bueltan ­amonarekin elkartzen denekoa, afalordua, oheratzea... Pertsona desberdinekin harremanetan, edo bakarka, Iñakiren eguna osatzen duten ekintzak, alegia. Dokumentalaren amaieran, Iñakiren errutinaren parte diren pertsonek galdera bati erantzun behar zioten: nolakoa da Iñaki? Galdera bakar horrentzat hamaika erantzun ­agertu ziren dokumentalean: “burugogorra eta genio bizikoa” da batzuentzat, “alaia eta maitakorra” besteentzat, “alfer samarra” batzuentzat, “oso saiatua eta gauzei ­arreta handia eskaintzen diena” besteentzat... Galderari erantzun dion lagun bakoitzeko Iñaki desberdin bat ezagutu dute.
Izan ere, Hoyuelosen esanetan, norbanako bakoitzaren begirada beti da partziala, oinarritua dago pertsona horren usteetan, bizipenetan, jarreretan... Alegia, begirada beti izango da subjektiboa, eta, ondorioz, baita behatutakoaren inguruan egindako interpretazioa ere. Horregatik da Hoyuelosentzat hain garrantzitsua haur-eskoletan bikote pedagogikoka egitea lan: bi begiradaren bidez, haurraren argazki osatuagoa egin daiteke, objektiboagoa nolabait.

Noraino eraman dezakegu interpretazioa?

Behaketa subjektiboaz eta elkarren begiradekin kontakizun objektiboago bat osatzearen garrantziaz jabetzeko, ariketa bat proposatu zien Hoyuelosek formazio-zikloko parte-hartzaileei: Iruñeko haur-eskoletan sortutako ikus-entzunezko laburra ­eman zuen gelan, Viaje a ninguna parte izenekoa: Iruñeko haur-eskolako ikasleak eta horien gurasoak, hezitzaileekin batera, txangoa egitera ­atera dira Iruñetik egun euritsu batean, eta haurrak putzuetan saltoka ibili dira, hezitzaile eta gurasoen begiradapean. Taldetxotan jarrita, behatutakoa interpretatu behar zuen bakoitzak, eta taldekoekin partekatu, interpretazio bakoitza aurrekoaren desberdina izateko baldintzarekin. Taldetxotan landutakoa talde handian partekatzeko unean etorri zen eztabaida, ordea.
Izan ere, zalantzak zituzten formazio-saioko parte-hartzaileek: “Ez al da arriskutsua umearen inguruko interpretazio bat egitea bakoitzaren beldur eta aurreiritzietan oinarrituta?”; “Ez ote da sortuko haurraren ­irudi faltsu bat?”; “Zertarako interpretatu, ez al da hobe bakoitzak behaturikoa ahalik eta modurik objektiboenean azaltzea?”
Hoyuelosek Loris Malaguzziren esperientziatik ateratako ondorioa aurkeztu zien: nekez lortuko da guztiz objektiboki behatzea haurra, beti sortuko da subjektibotik eta interpretaziotik zerbait. Eta, hori erakusteko, beste ariketa bat proposatu zien: haur baten argazkia erakutsi zien, eta ikusten zutena ahalik eta modurik objektiboenean deskribatzeko eskatu. Iñakiren egunerokorean inguruan egindako ariketan bezala, hemen ere kontakizun bakarrik ez. Deskribapen bakoitzak ñabardura berri bat erakusten zuen, aurrekoak ikusi ez zuena, interpretaziotik ere bazuena; edo beste puntu batean jartzen zuen atentzioa. Ondoren, haur baten negarra entzun, ezer ikusi gabe, eta entzundakoaren deskribapen objektiboa egiteko eskatu zien berriz. Antzekoa gertatu zen, hamaika kontakizun sortu ziren, eta, kasu honetan, nabarmenagoa ­izan zen deskribapenen karga subjektiboa. Ustez objektiboa dena askotarikoa izan daitekeela erakutsi nahi ­izan zien Hoyuelosek.
Horregatik, gomendatu zien printzipio etiko gisa hartzeko honakoa: zalantzan jartzea beti behatutakoa eta horren gainean norberak egin duen interpretazioa. Horretarako, eraginkorrena taldean partekatzea dela uste du Hoyuelosek, eta horregatik dela hain garrantzitsua talde pedagogikoetan lan egitea. Taileristaren, hezitzaileen, sukaldarien… bakoitzaren begirada subjektiboa konpartituz eta kontrastatuz, haurraren irudi objektiboagoa lortuko da,  osatuagoa.
Gainera, behatzea eta interpretatzea egin beharreko ariketak direla nabarmendu zuen, garrantzitsuak hezitzaileak haurra ezagutu ahal izateko eta honekin enpatizatzeko eta harremana sortzeko.
Baina, behatzen ere ikasi egin ­behar da, Hoyuelosen esanetan. Zeri erreparatu? Nondik hasi? Behaketa galdera batetik abiatzea iradoki zien: Zer egin nahi du? Zein da bere asmoa une horretan? Zer lortu nahi du? Eta, horrekin batera, taldean partekatzen eta guztien artean interpretazio osoagoa egiten ere, trebatu egin behar ­direla azaldu zien. Izan ere, formazio-zikloan ikusi bezala, ariketa hori egiteko ohiturarik izan ezean, zailtasunak izan daitezke besteak esandakoari zerbait gehitzeko, edo baita desadostasuna agertzeko ere. Hori dela ­eta, behatzen, interpretatzen eta horiek taldean osatzen trebatzeko hamaika ariketa egin zuten Hoyuelosekin, bakoitzaren subjektibotasunetik denen artean objektibotasunera hurbiltzeko.