Javier Onrubia

2015-05-01

Aniztasunaren kudeaketa ez da irakasleok ditugun egitekoen artean ekintza bat gehiago, hezkuntza-diseinu egoki baterako abiapuntua baizik

 
 

Ikastolen Elkartearen XXII. Jardunaldi Pedagogikoetan hartu zuen parte Javier Onrubia Goñi Bartzelonako Unibertsitateko Katedradunak Psikologia Ebolutiboan eta Hezkuntzan. "Aniztasunari eta eskola praktikaren hobekuntzari erantzuten" izeneko hitzaldia eman zuen eta ‘hik hasi’-k aukera hori baliatu zuen aniztasunaren kudeaketaren gainean aditua elkarrizketatzeko. Bere esanetan, hezkuntzak pertsona ingurune konplexuetan funtzionatzeko hezi behar badu, ez dauka zentzurik pertsona batzuek ikasteko balio dutela eta beste batzuek ez dutela balio pentsatzeak: "Ulertu behar dugu guztiok laguntza mota diferenteak behar ditugula ikaskuntza-prozesuko ibilbidea egiteko".

 

Hezkuntza-arloan, aniztasunaren kudeaketan aditua zara. “Aniztasuna” diozunean, zer sartzen duzu kontzeptu horren barruan?

Askotan, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak etortzen zaizkigu burura “aniztasuna” esatean. Eta irakasleen kezka nagusia ere horixe da maiz. Baina, “aniztasuna” diogunean, “aniztasun” mota guztiez ari gara: genero-­aniztasunaz, kultura-aniztasunaz, gizarte-aniztasunaz… Horren guztiaren arabera, pertsona guztiok desberdinak gara, eta era batera edo bestera iristen gara hezkuntzara; beraz, askotariko laguntza motak beharko ditugu ikasteko eta aurrera egiteko.

Azken urteetan, aniztasunaren kudeaketa hezkuntzaren erronka nagusienetariko bilakatu da. Eskola gehienek txertatu dute euren proiektuetan “inklusio” kontzeptua. Baina, benetan, zer-nolako arreta ematen zaio aniztasunari?

Aniztasunaren kudeaketa ez da irakasleok ditugun egitekoen arteko beste ekintza bat. Kontua ez da irakasleok eskolak programatzea, gelan ordenari eustea, azterketak prestatzea, ariketak zuzentzea, familiekin harremana izatea eta aniztasuna kudeatzea. Segur aski, horrela transmititu dugu batzuetan, ­aniztasunaren kudeaketaren esanahia orain arte egin dugunaren elementu ­osagarria balitz bezala. Nire ustez, ordea, hezkuntza-diseinu egoki baterako abiapuntua da aniztasunaren kudeaketa. Inklusioak izan behar du gaur egungo irakaskuntzaren ardatza, eta argi ­izan behar dugu hori.

Sarri, baina, molde jakin baten barnean sartzen ez ziren ikasleak bereizi egin dira.

Tradizioz, nolabaiteko uniformetasun baten barnean sartzen ez ziren ikasleak bereizi eta baztertu dituen eredu batetik gatoz. Gure egitekoa da eredu hori eraldatzea. Nahitaezko hezkuntzak pertsona ingurune konplexuetan funtzionatzeko hezi behar duela uste badugu, ez dauka zentzurik pertsona batzuek ikasteko balio dutela eta beste batzuek ez dutela balio uste izateak. Pentsatu behar dugu guztiok askotariko laguntza motak behar ditugula ikaskuntza-prozesuko ibilbidea egiteko.
Helburuak bete nahi dituen edozein hezkuntza-sistemak aniztasunarekin egingo du topo, eta era askotako pertsonak izango ditu aurrean. Horren ondorioz, irakasleak proposamenak prestatzen dituenean, ezin du buruan ­ikasle estandar bat soilik izan; aitzitik, oso ikasle talde heterogeneoetan pentsatu behar du. Horrek mentalitatea aldatzea eskatzen du. Izan ere, kalitatezko hezkuntzak ez du esan nahi selektibitatea ikasle askok nota onekin gainditzea, ikasle guztientzat ahalik eta ­ikaskuntza-esperientzia onenak eskaintzea baizik.

Posible da eskola bat osoki inklusiboa izatea?

Ez dakit, baina horrek ez liguke gehiegi axola behar. Inklusioa hezkuntza-proiektu bat da, baina ez hori bakarrik, proiektu sozial bat ere bada. Nik ­ahalik eta jende gehienak parte hartzeko aukera duen gizarte bat nahi dut; ­ahalik eta jende gutxien baztertzen duen gizarte bat; generoagatik, jatorri sozialagatik, klaseagatik, kulturagatik… jendea bereizten ez duen gizarte bat. Gizarte mota hori gaur-biharretan lortuko dugu? Ez. Baina horregatik borroka egiteari utziko diogu? Ezta ere. Inklusioa jomuga bat da, proiektu bat, bide bat. Sarri esan ohi dugu ezinezkoa dela inklusioa lortzea , baina gizartea hobetzea ezinezkoa dela esatea bezala da hori. Guri ez zaigu axola ezinezkoa den edo ez; benetan inklusioan eta gizarte hobe batean sinesten badugu, saia gaitezen hori lortzen.

Aniztasunaren kudeaketan, dena ez dago egiteko; bidea urratuta dago.

Bai, hala da. Nik aldaketaz hitz egiten dudanean, ez dut esan nahi egiten dugun guztia gaizki egiten dugunik; baina, ziur asko, beti daukagu zer hobetua. Horregatik, iruditzen zait egiten dugun horretatik abiatu behar dugula, gure jardunaren gainean hausnartu eta, hortik hasita, aurrera egiteko.
Azken batean, aniztasunaren kudeaketaz hitz egitea transformazio-prozesuez hitz egitea da; eta, berorien bidez, haur nahiz gazte, gero eta pertsona gehiago izango dira eskoletan nahiz geletan sortzen diren testuinguruetan, eta gero eta gehiagok parte hartu ahal ­izango dute. Horixe da hezkuntza inklusiboak planteatzen duen erronka ­eta eskoletan babestu beharreko proiektua.

Tradizionalki, “aniztasun” hitza “zailtasun” hitzari hertsiki lotuta agertu izan da.

Bai, eta horrexegatik da garrantzitsua zailtasunak nola ulertzen ditugun eta aurre nola egiten diegun konturatzea. Sinplifikatuz, eta sinplifikatzeak dakartzan arriskuak neure gain hartuz, zailtasunak −eta, beraz, ikasteko zailtasunak− ulertzeko bi modu nagusi daude. Horietako baten arabera, norbaitek zailtasunen bat duenean, zailtasun hori esplikatzen duten faktoreek pertsona horrekin dute zerikusia: “Gaitasun-arazoak ditu, aurretiko ezagutzak falta zaizkio, ez du interesik, motibazio urria du, estrategia falta zaio…” Azken batean, arazoa pertsonarena da. Hori da zailtasunak ulertzeko modu tradizionala. Horren aurrean, heziketa inklusiboaren ikuspegitik, ikasteko zailtasunen gaineko eredu sozial bat planteatzen dugu. Eredu horrek ere onartzen du pertsonaren ezaugarriek eragina dutela ikaskuntza prozesuan, baina horri baino garrantzia handiagoa ematen dio testuinguruari; testuinguru horrek pertsona guztiei ikasteko bidea irekiko dien ezaugarriak izan behar ditu. Arazoa ez da ikasle batek dakien edo ez, baizik eta testuinguruak hainbat bitarteko eta erreminta eskaintzen ote dizkion ikaskuntza bermatzeko.

Hori horrela izanik, gelako espazioetan ikaskuntzari eta parte-hartzeari mugak ezartzen dizkioten elementuak gutxitzea edo ezabatzea litzateke helburua. Nola lortzen da hori?

Ikasle batek bere ezaugarrien eta jasotzen dituen laguntzen arteko doikuntzaren arabera ikasten du. Ikaslearen ezaugarriak eta testuinguruaren ­ezaugarriak uztartzearen ondorio da ­ikasketa-prozesua. Ikuspegi hori kontuan izanik, aniztasunaren kudeaketari eta inklusioari erantzuteko modurik ­onena hezkuntza-laguntza doitua da. Gakoa ikasleari sostengua eta laguntza ematea da, eta, horrela, ikasle horrek, bere gaitasunekin, egoera batean parte hartu eta ikasi ahal izango du.

“Ikaskuntza egokitu” kontzeptua darabilzu aniztasunaren kudeaketa eta inklusioa gako gisa jartzeko. Zeri deitzen diozu “ikaskuntza egokitu”?

Bi elementu izan behar dira kontuan ikaskuntza egokitua kontzeptuak zer esan nahi duen ulertzeko. Batetik, ­irakaskuntzaren oinarrizko helburuak berberak dira ikasle guztientzat. Hortaz, ikasle batek munduko arazorik larrienak izan arren, xedeak ezin dira aldatu. Bestetik, helburu horiek oso esperientzia eta ibilbide desberdinen bidez lor daitezke, hau da, oso bide desberdinetatik irits gaitezke jomuga berberera. Hortaz, ikaskuntza egokituan, irakasteko era moldatzen da ikaslearengana eta ez ikaslea irakasteko modura.

Zein testuinguru mota sor daitezke, ikasle bakoitzak berarentzat egokiena den ibilbidea egin dezan?

Testuinguru batzuetan, errazagoa da ikasteko ibilbide desberdinak egiteko aukera izatea. Gure helburua, beraz, ikaskuntzarako bide desberdinak sortzeko malgutasuna duten espazio eta testuinguruak sortzea da. Aniztasunari erantzun nahi dion eredu orotan, erantzun hori ikaskuntza egokituaren iragazkitik pasatzen ez bada, ikasleak egokitu beharko du irakasteko modura, eta ez alderantziz. “Nik gauzak era honetara ­egiten ditut, eta egingo dugu modua ­ikasleak horretara molda daitezen”; ­ideia horixe dago ohiko estrategien azpian. Nik kontrakoa proposatzen dut: “Nik gauzak honela, horrela eta hala ­egingo ditut, ahalik eta jende gehienarengana iristeko”. Horrexegatik, irakasteko moduak eta testuinguruak ­egokitu behar dira ikaslearengana, ez ­irakaskuntzaren helburuak edota edukiak.
Bestalde, testuinguruak dibertsifikatu eta malgutu behar dira, bereziki hiru esparrutan: eskolako jardueretan eta lanetan; ikasleak gelan jokatzen dituen roletan, eta ikasleek gelan besteekin dituzten harremanetan. Eta egokitzea ez da murriztea. Askotan, egokitzea eduki hau kentzea edota beste hura murriztea dela ulertzen dugu, edo antzekoren zerbait. Baina estrategia ez da edukiak gutxitzea edo erraztea, baizik eta laguntza handitzea, aberastea eta ikaskuntza egoera egokiak ugaritzea. Horretarako, irakaskuntza tradizionaleko idatzi gabeko lege bat hautsi beharko dugu segur aski: ezin dugu jarraitu denok gauza bera aldi berean egiten. Curriculum bakar batek ere ez du horrelakorik esaten, baina gela gehienetan indarrean dagoen praktikaren parte da.

Gaur egun, aniztasunaren kudeaketarekin loturiko auzirik gehienak ikasi nahi ez duten ikasleekin loturikoak direla diozu.
Ikasle askok ez dute ikasi nahi guk eskaintzen dizkiegun testuinguruetan. Arazoa ez da ezin dutela ikasi, baizik ­eta ez dutela nahi. Hori hainbat arrazoigatik gertatzen da. Batzuetan, sekulako ­arrakala sumatzen dute eskola barnean jarduteko eta jokatzeko moduaren eta eskolaz kanpokoaren artean. Beste batzuetan, berriz, eskolan proposatzen zaien jokoan parte hartzea erabakitzen dute ikasleek, nahiz eta interesik ez ­izan han eskaintzen zaien horretan, badakitelako trukean nota jakin bat jasoko dutela edo gerora ikasketa zehatz batzuk edo beste batzuk egiteko atea ­irekiko zaiela.

Ikasleek motibazio falta dute, hortaz.

Hori hala izanik ere, gauza bat argitu nahi dut: irakasleek ikasleak motibatu behar dituztela dioen teoriaren aurka nago. Ikasleek motiboak sobera dituzte. Eta guk ez daukagu haiek motibatu beharrik. Izan ere, gaur egun motibatzeak esan nahi du zerbait desatsegina proposatu behar diegula eta  proposatutako hori ikasleek “irenstea” nahi dugula. Eta gakoa ez da hori; aitzitik, gure egitekoa parte hartzeko eta esperimentatzeko erakargarri gertatzen zaizkien espazioak sortzea da, euren bizipenetatik gertu dauden jarduerak planteatzea eta haientzat zentzua izango duten zereginak proposatzea. Horiek dira gakoak, eta, kasu horretan, eurak bakarrik motibatuko dira.

Aniztasunaren kudeaketa eguneroko jardunaren erdigunean jartzeko erabakia hartzeko orduan, zein paper jokatzen du zentroak?

Zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeak antsietate eta larritasun handia ­eragiten du sarri. Izan ere, askotan, ezin duzu, kosta egiten zaizu, nahi duzu baina ez daukazu erremintarik… Hori lanketa indibidual bat balitz bezala ikusteari uzten diozunean eta eginkizun kolektibo bat dela konturatzen zarenean, zailtasun horiei beste era batera aurre ­egiteko gai zarela konturatzen zara ,eta ezina ez da horrenbesterainokoa. Hortaz, zentroaren eta kolektiboaren funtzioa oso garrantzi handikoa da. Gainera, nire ikuspegitik, aniztasunari erantzun inklusiboa eman ahal izateko, ­ikasgelaren ingurunea da gakoa; eta gelak eskolako sistemaren parte dira, ­eta horrelako ikuspegirik eta babes ­orokorrik izan gabe, horrelako aldaketek ez dute aurrera egiten normalean.

Maila anitzetan lan egiten duen “egiazko” ikasgela da zure ustez aniztasunaren kudeaketarako egokiena. Zehaztu dezakezu?

Horrek esan nahi du era askotako ikasleei, guztiei batera, bakoitzari bere mailan ikasteko aukera eskainiko dien ikasbideak diseinatu behar ditugula. Hori da oinarrizko ideia eta ez da erraza, baina ezta ezinezkoa ere. Etxeko eremuari dagokion adibide bat jarriko dut: demagun hiru ume ditudala —2 urtekoa, 4 urtekoa eta 10 urtekoa—. Hiru seme-alaba horiek nirekin batera mahaia jartzen parte hartu dezakete? Ba al dago horretarako inolako arazorik? Ez, ezta? Ba berdin egin dezakegu ikasgelan. “Mahaia jartzea” ekintza erreala da, haurrarentzako esanguratsua da eta zentzua du, eta gainera, hainbat ekintzaren bidez parte hartu dezake horretan.
Beste autore batzuek ikasgela “ikaskuntzarako diseinu unibertsalean” oinarrituz antolatzea proposatzen dute. Arkitekturaren diseinu unibertsalaren filosofia berbera du hezkuntzarako egindako proposamen horrek ere. Eraikin bat diseinatu behar dugunean, hasieratik erabaki dezakegu eskailerak egin edota maldak jarri. Bigarren aukerak zein onura ditu? Malda horrek bidea erraztuko dio gurpildun aulkian doanari, baina, horrez gainera, erosketetako karroarekin doanarentzat, nahiz bastoiarekin ibili behar duen helduarentzat, zein eskailerak igo ezin dituen haurrarentzat ere abantaila izango da. Hau da, aukera horrekin ez dira aterako irabazten ustez egokitzapenak behar dituzten haiek soilik, baizik eta eraikin horretan ibilbi behar duten pertsona guztiak. Horrek, baina, eraikinaren hasierako ideia aldatzea dakar. Eta beste gauza oso inportante bat ere ahalbidetzen du: diseinua malgutzen badut, gerora askoz ere egokitzapen espezifiko gutxiago egin beharko ditut.

Baina, tradizioz, kontrara jokatu dugu, ezta?

Zailtasunak dituzten ikasleentzat, tradiziorik handiena duen erantzuna zera da: “Mailarik ematen ez duena, kanpora”. Kasu horretan amaitu dira zailtasunak eta amaitu dira aniztasunaren kudeaketak: Gela horretan egoteko nahikoa baldintza betetzen ez dituzten ikasleak baztertu egiten dira. “Ikasle honek ez luke gela honetan egon behar”, oso maiz entzun izan dugun esaldia da. Baina nire galdera zera da: Gela horretan egon behar ez badu non egon behar du, bada?
Zailtasunak dituzten ikasleekin tradizioz hartu izan den beste neurri bat haurrak taldeka banatzea izan da, errendimendu mailaren arabera. Bistakoa da horrek ere hezkuntza inklusibotik gutxi duela. Beste aukera bat izan da zailtasun handienak dituztenak gelatik ateratzea eta beste gela batera eramatea beste irakasle batekin, bereiztuta, ohiko ikasgelan egiten diren antzeko jarduerak egiteko. Eta egokitzapen indibidualak ere, tradizioan, maiz erabili izan dira: “Gaia dena da, edukiak direnak dira, dauden jarduerak daude…
eta zuri, iristen ez zarenez, gauza batzuk kenduko dizkizut edo beste batzuk erraztu”. Guk hori guztia iraultzea proposatzen dugu maila anitzetan lan egiteko aukera ematen duen “egiazko” ikasgelaren ideiarekin.

Zein ezaugarri ditu ikasgela mota horrek?

Kontuan izan behar dugun lehen ezaugarria da ikasleek egiazko jardueretan parte hartuz ikasten dutela, hau da, maila pertsonalean nahiz sozialean euren helbururen bat betetzen den kasu haietan ikasten dutela. Adibide batzuk jartzearren, ikasleek idazten badute, norbaitentzat idatzi behar dute; ikasleek emaitza batzuk aurkezten badituzte, testuingururen batean aurkeztu behar dituzte; ikasleek komunikatu behar baldin badute, egiazko norbaitekin komunikatu behar dute… Hortaz, eskain diezaizkiegun ikasleei zentzu apur bat gehiago duten jarduerak.
Zentzua kontzeptuak sekulako garrantzia du. Izan ere, horrek kontuan izan beharreko beste ezaugarri batera garamatza: etengabe erlazioak bilatzera eskolan ikasten denaren eta bizitza errealaren artean. Funtsezko galdera bati erantzuten diote ikasleek: “Zer zerikusi dauka eskolan egiten dudanak nire bizitzarekin?”. Batak bestearekin zerikusirik ez duela ondorioztatzen badu ikasleak, horrek ez diola ezertarako balio sentituko du eta eskolan parte hartzeari utziko dio. 
Horrez gain, ikasleek jarduera komun batean, maila ezberdinetan, parte hartu dezaten ikasgela konplexuagoak behar ditugu, zarata handiagokoak, askozaz ere ordena gutxiagokoak, malguagoak, aukera gehiago eskaintzen dituztenak… Eta hori ez dago gaur egun egiten diren hainbat praktikatatik urruti: proiektukako funtzionamendua, tailerrak, txokoak, ikerketa-jarduerak… Hori guztia tradizio pedagogiko eta didaktikoan oso txertatuta dago eta baditu urte batzuk. Beraz, ez da hain ezinezkoa ere.

Zein beste ezaugarri izan behar ditu irakasleak kontuan?

Informazioa aurkezteko era askotako moduak erabili behar ditu, ez soilik ikas- edoeta irakas- prozesuan, baita ebaluazioan ere. Ikasleari bere prozesuan zehar lagun egitearen ideia ere garrantzitsua da; baita ikasleekiko hartu-emanean errespetuz jokatzea eta ikasleei kontrola ematea ere. Ikasleekin, talde heterogeneoetan —anitza eta malgua— lan egin behar dugu: ikasle ezberdinek momentu ezberdinetan bata bestearekin lan egin dezatela, rol desberdinak esperimentatuz. Gainontzean ikasle iritsi berriak ikasle etorri berriekin taldekatuko ditugu, ikasle dizdiratsuak ikasle dizdiratsuekin…
eta, horrela, eskolaz kanpoko desberdintasunak errepikatuko ditugu gela barnean ere. Ikasle bakoitzaren indarguneak kontuan hartzea, baloratzea eta indartzea ere garrantzitsua da. Ikasle guztiei maila altuko pentsamendu unitateetara irits daitezen laguntza eman behar zaie, izan ere, behar bereziak dituzten ikasleen irakaskuntzan
oso errotua dago ikasle horiek oinarrizko elementuetara bakarrik hel daitezkeela pentsatzea, baina hori ez da horrela. Kontua da goragoko pentsamendu mailetara iristeko zein laguntza mota jasotzen duten: ikasle guztiek egin behar lituzkete analisiko jarduerak, edota sintesikoak edota juiziozkoak eta baloraziozkoak. Gertatzen da, ordea, batzuek laguntza handiagoa behar izaten dutela beste batzuek baino. Gainera, ikasleekin etenegabe hausnartu behar da haien ikaskuntza-prozesuaren eta emaitzen gainean, eta ebaluazioak kontuan hartu behar du ikasleen esfortzua eta garapena.

Ezaugarri horietako asko dagoeneko eskola ugaritan kontuan izaten dituzte. 

Bai, egia da, eta ziur asko ezaugarri horietako bakoitza bera bakarrik hartuta ez da oso originala izango. Nire ustez, guztiak batera ikustean hartzen dute balioa, hala gure ikasgelaren ikuspegi orokor egokia izango baitugu. Egun batetik bestera gure eskolak ezaugarri horiek guztiak izatea lortuko dugu? Ez dakit eta ez zait inporta, baina lortzen badugu gure ikasgela ezaugarri horietako batean hobea izatea, jada aurrera egin dugu. Deskribatu dugun testuinguru horretan inork egokitzapen indibidualik behar ez izatea lortuko dugu? Ez, eta plangintza pertsonalizatuek beharrezkoak izaten jarraituko dute.

Hortaz, era guztietara ere, plan pertsonalizatuak beharrezkoak izango dira.

Bai, baina horrek irakaskuntza pertsonalizatu eta indibidualizatuarekin du zerikusia. Ez du esan nahi pertsona horrentzat curriculum alternatibo bat
egingo dugunik eta, besteak ohiko jarduerak egiten ari diren bitartean, berarentzat beste zerbait prestatuko dugunik. Baizik eta testuinguruaren eta proposatzen ari naizen jardueraren ezaugarriak aztertzea, eta egoera horretan pertsona horrentzat oinarrizkoena dena aukeratzea eta lehenestea esan nahi du. Hortaz, ikuspegi erabat desberdina ari gara planteatzen.

Gela berean bi irakasle batera aritzearen aldekoa zara. Zein aukera eskaintzen ditu irakaskuntza partekatuak?

Esan dugun guztia egingarria izan dadin oso bitarteko indartsua izan daiteke bi irakasle batera jardutea. Maila askotako irakaskuntza eta irakaskuntza partekatua elkar elikatzen dira. Zer esan nahi du horrek? Maila askotan egiten diren jarduerak hobeto aterako direla gelan irakasle bat baino gehiago badaude. Eta era berean, irakaskuntza partekatua hobea izango da, maila askotan jarduteko aukera ematen duten ariketa horiek egiten baditut.

Ikasgelan eta eskolan inklusioa bermatzeko, armoniari ere berebiziko garrantzia ematen diozu.

“Armonia” diodanean balio partekatuak izateaz ari naiz, hau da, ikasgela balio berberak dituzten pertsonen komunitate bilakatzeaz. Aniztasunaren kudeaketa egokia izan dadin funtsezkoa da armonia. Zer gertatzen da askotan? Aniztasunari erantzuteko ikastetxe askotan dauden baliabideek estigma eragiten dutela. Ikasleek ez dute errefortzuko gelara joan nahi. Zergatik? Seinalatuta daudelako. Normala da, nik ere ez nuke joan nahi. Kontua da ohiko hainbat ideia eta balio indartzea: gelakide guztiok sinetsi behar dugu erratzeagatik ez dela ezer gertatzen, galdetzeagatik ez dela ezer gertatzen, zenbait jarduera aldamenekoak baino motelago egiteagatik ez dela ezer gertatzen, albokoarekin alderatuta gaitasun diferenteak edukitzeagatik ez dela ezer gertatzen…

Inklusiorako proposatzen duzun ibilbideak ez dirudi samurra.

Behetik hasita, hau da, praktikatik hasita aldatu behar dira gauzak eta hori ez da erraza.Praktika aldatzeak ez du ­esan nahi gelan erabiltzen dudan teknika bat aldatzea, baizik eta ni neu aldatzea esan nahi du, hau da, irakaslearen identitatea aldatzea. Eta horretarako, ­edo oso konbentzituta egon behar dut, edo izugarrizko ezina sentitu behar dut. Izan ere, aldaketa horrek politikak aldatzea eskatzen du, kulturak aldatzea, ikuspegiak aldatzea, ideiak aldatzea… eta hori oso konplexua da.
Psikologiaren arloan nagusitzen den idea da pentsatzea bakoitza den bezalakoa dela. Eta bakoitza dagokion lekuan dagoela. Eta psikologook esan izan ohi dugu “zu lotsatia zara, zu bihozbera zara, zu berekoia zara, zu bizkorra zara…”. Baina azken ikerketek erakusten dute hori ez dela horrela. Pertsona bat era askotakoa izan daiteke bizi duen momentuaren eta dagoen ingurunean arabera eta hori kontuan izatea oso inportantea da.

Aldaketarako zein da gakoa?

Aldaketa prozesuak gerta daitezen jendeak errekonozitua sentitu behar du, eta parte hartzeko eta ekarpenak egiteko gauza. Gainera, kontuan izan behar dugu ikasleak anitzak diren moduan, zentroak eta irakasleak ere halaxe direla. Hortaz, apustuak zein izan behar du? Egin daitekeen aldaketa egitea. Eta aldaketa hori askotan mikroaldaketa izango da. Baina aldaketarik txikiena ere garrantzitsua da.