NOLA ATERA BEHAR DIRA ARGAZKIAK DOKUMENTAZIO NARRATIBOAK EGITEKO?

2015-11-01

NOLA ATERA BEHAR DIRA ARGAZKIAK DOKUMENTAZIO NARRATIBOAK EGITEKO?

 
 

Artikulu honen helburua eskoletan irudi dokumentalak egiteko moduari buruzko iradokizunak eta argibideak ematea da. Dokumentatzeko modu bakoitzak gaitasun tekniko batzuk eskatzen ditu; irudiak ulertzeko eta prestatzeko modu jakin batzuk. Ez da gauza bera panel bat egitea edo liburuxka bat argitaratzea; edota kartel bat egitea, powerpoint bat muntatzea, edota DVD bat editatzea.

Hemen, zehazki, irudi finkoen dokumentazio-oinarria landuko dut; hau da, argazkigintza, dokumentazio gisa. Eta horrelako irudiak egiteko zenbait irizpide aipatuko ditut.

 

Ez da gauza bera dokumentatzea eta argazkiak ateratzea

Dokumentatzea begiratzen ari garen hezkuntza-prozesu baten lekukotasun estetikoa eta narratiboa uztea da, modu bisualean, ikus-entzunezkoan nahiz idatzizkoan. Beraz, Mónica Guerrak (2011) dioenez, entzutearen pedagogiarekin estuki lotuta dagoen proiektu baten ezinbesteko osagaia da: ikusi eta irakurri egin daitekeen entzunaldia. Dokumentazioa ez da mugatzen lehendik dauden gauzak ikusgarri egitera; gauzak existitzea ere eragiten du; batez ere, ikusgarri egiten dituelako eta, horren ondorioz, posible egiten dituelako. Hezkuntza ulertzeko modu bat da, eta barnean hartzen ditu haurrek egin dutenaren edo egingo dutenaren inguruko ziurgabetasuna, enigma eta misterioa ere. Dokumentatzea gertatutakoaren gainean egindako interpretazio idatzia da. Azken batean, metainterpretazio bat da; izan ere, irudien bidez, haurrek bizi duten egoera gure ustez nola interpretatzen duten interpretatzen dugu. Gabriel Villotak dioenez, onartu beharra dugu: argazki-makinak inoiz ez du «leialtasunez» erreproduzitzen aurrean duen errealitatea, baizik eta hura aldatu eta eraldatu egiten du, halabeharrez. Zergatik eraldatzen duen? Bada, erabakiak hartzen ditugulako; adibidez, zer sartu planoan, zer ikuspegi eskaini, noiz egin klisk, eta abar. Prozesu hori aurrera eramateko, gainera, ezinbestekoa da jarrera egokia izatea, etikaren, gorputzaren eta dokumentalaren aldetik.Deskribatu besterik egiten ez duen argazki bat (esaterako, Xabier eta Anne purea jaten ari dira) ez da narrazio dokumental bat. Narrazio dokumental batek Xabier eta Anerentzat purea jateak zer zentzu duen ulertzea eskatzen du; haurren, exegesiaren eta heuristikaren ikuspegietatik, batik bat. Dokumentazioa ez da jazotako gertakarien kronika erreala. Alderdi ugari azaldu behar ditu irudiak: umeen asmoak, beren begirada bereziak, janaria ulertzeko duten modua, beren erronkak, beren kultura, beren zirrarak, harremanen aldetik elkarrekin egoteak haientzat duen zentzua, ideien trukea, kutsatzeak, imitazioak, erritmoak eta elkarrizketak.Irudi dokumentalak, gainera, zaindua eta estetikoa izan behar du teknikaren aldetik. Horretarako, ezinbestekoa da irudiak sortzen diren testuinguruak eta agertokiak ere ederrak izatea. Lortzen dugun irudi bakoitzak bertuteak eta balioak, mugak eta traizioak ezagutarazten eta aurkitzen ditu, haurtzaroko, bizitza profesionaleko, familiako eta eskolako gure irudiei dagokienez. Horixe da aurrera eraman behar dugun lehenengo analisietako bat.Irudi batek, kontakizun bihurtzeko, mezu zehatzak komunikatu behar ditu. Forma eta edukia semantikoki lotu behar ditu: narrazioak esanguratsua izan behar du, eraginkorra, egiatia, konplexua, ikuspegi ugari emateko gauza dena, interpretazio eta berrelikadura anitzekoa.

 

Jarduteko modu posible bat

Hogei urte baino gehiago daramatzat Iruñeko udal haur-eskoletan atelierista gisa lanean. Nire lanbidearen zati garrantzitsu bat hezkuntza-prozesuak dokumentatzea da. Modu asko daude dokumentatzeko. Ikerlan bat egiten dugunean, adibidez, begien aurrean gertatzen dena berehala harrapa-tzen saiatzen naiz, horren ondoren, bizitakoaren berri emango duten irudi egokiak aztertzeko eta aukeratzeko. Modu bat baino ez da hori.Baina, dokumentazio zehatzak aurrera eraman ahal izateko, bada beste estrategia bat ere, aurrekoa osatzen eta berrelikatzen duena, planifikatuagoa eta taldean beste hezitzaile eta zuzendari batzuekin batera egin ohi dudana. Orain azalduko dut.Eskoletan profesionalek eguneroko bizitzako alderdiren baten inguruko irudiak egiteko eskatzen didatenean, nik, lehenik eta behin, gai horren inguruan egin dituzten behaketak eta gogoetak eskatzen dizkiet: zer ikusi duten, zer interpretatu eta hausnartu duten, zein diren beren galderak, beren proiektua. Zehazki zer komunikatu nahi duten ulertzen dudanean, papera eta bolaluma hartu, eta behaketa zuzena egiten dut, esan didatena nire behaketekin finkatzeko. Gero, bilera bat egiten dugu, eta nik egindako behaketak modu kritikoan balioesten ditugu. Nire behaketek badute oinarri estetikoa ere: osaera kromatikoa, eremuan dauden objektuen desordenen inkoherentzia, keinu egokiak eta desegokiak, altzarien kokapen espazialak, etab. Horrek zenbait aldaketa garrantzitsu eragiten ditu hezkuntza-praktikan, bai eta behaketa eta gogoeta berriak ere.Gero, dokumentatu beharreko sekuentziak aukeratzen ditugu, eta horiek nola dokumentatu zehazten dugu. Horretarako, erabaki garrantzitsuak hartu behar ditugu aldez aurretik, eta argazkigintzako zenbait alderdi tekniko ere aintzat hartu behar ditugu.

 

Azaleko irudiak eta sekuentzia-irudiak

Azaleko irudiak irudi bakar batean biltzen du esan nahi dugun guztia. Sekuentzia-irudiak hainbat argazki dira; normalean, prozesu bat adierazten duten irudiak, prozesu hori denboran zehar nola garatu den azaltzen dutenak. Zerbait behar bezala azaltzeko, ahalik eta argazki eta plano gutxien erabiltzen saiatu behar dugu.

 

Argazki-planoak, enkoadraketaren irekiduraren arabera

Erabaki garrantzitsua da plano egokia aukeratzea, eta irudiaren enkoadraketarekin zerikusia du: zer jarriko dut bisorearen barruan, eta zer utziko dut kanpoan? Jarduteko modu horren arabera, irudi dokumental bat ez da eskolan gertatzen den guztia biltzen duen gauza objektibo bat; subjektuen arteko eraikin bat da, besteekin partekatu nahi dugun gauza zehatz bat biltzen, interpretatzen eta komunika-tzen saiatzen dena.

 

- Plano orokorra

Funtsean, informazioa ematea da haren funtzioa. Ikuslea testuinguru jakin batean kokatzen laguntzen du. Batez ere, haurrak une eta leku zehatz batean jartzen ditu.- Plano amerikarra edo ¾ planoaHaurrak belaunetik mozten dituen planoa da. Espazioari buruzko informazioa eta espazio horretan kokatzen ditugun subjektuen ekintzei buruzkoa ematen digu.

 

- Plano ertaina

Haurrak gerritik gora ateratzen dituen planoa da. Ez du lehen planoaren intentsitate psikologikoa, baina ondo jasotzen du keinu-hizkuntza, umeen ekintzei adierazpen-indarra ematen baitie.

 

- Lehen planoa

Burua eta sorbaldak hartzen ditu. Umeen keinuetan, aurpegiko espresioetan, sentimenduetan, pentsamenduetan eta asmoetan jartzen du arreta.

 

- Xehetasun-planoa

Haurren atal bat jasotzen du: zerbait egiten ari den eskua, begiratzen ari diren begiak, seinalatzen ari den hatza, oin baten hizkuntza, objektu baten xehetasuna... Haurren prozesuak ulertzen laguntzen du, eta zehaztasun poetikoekin lotzen.Argazki-planoak, angeluazioaren araberaOso garrantzitsua da kamera zer norabidetan kokatzen dugun, errealitatearen inguruan eman nahi dugun ikuspegiari buruzko erabaki bat adierazten duelako.

 

- Normala

Kamera haurren begien pare-parean kokatzen da. Dokumentatzen hasteko, plano hau erabiltzea gomendatzen dut nik, haurren ekintzei ondo, gertutik eta modu enpatikoan jarraitzeko modua ematen duelako. Beraz, esaterako, ume bat lurrean buruz behera etzanda jolasten ari bada, guk maila horretatik bertatik atera beharko dugu argazkia. Beste erabaki garrantzitsu bat plano hori nolakoa izango den zehaztea izango da: umearen aurpegiaren kokapenari dagokionez, aurretikoa izan daiteke, edo albotik egin daiteke, edota apur bat biratua, etab.- MurgilduaKasu honetan, argazki-kamera goitik behera kokatuko dugu: gure ikuspegitik, lurrera zuzenduta. Haurrei argazkiak ateratzeko orduan gehien erabiltzen dena horixe dela iruditzen zait. Arretarik gabe edo gaizki erabiliz gero, haurrak txikiagotu egiten ditu; edota, haurrekin konparatuta, heldua goragoko maila batean eta urruti dagoen sentsazioa eman dezake. Ez da oso egokia haurren espresioak behar bezala islatzeko eta beren zirrarak jasotzeko, buruak edo ileak traba egin dezaketelako.

 

- Zenitala

Plano honetan, kamera lurrarekiko perpendikularrean kokatzen dugu. Ondo eta neurriz erabiltzen bada, oso lagungarria izan daiteke haurren jokabidearen zenbait alderdi atera-tzeko. Adibidez, mahai baten gainean dagoen paper zati batean idazten ari bada haur bat, oso eraginkorra izaten da haurrak orriaren gainean dituen eskuen plano zenitala egitea, tresna grafikoa bere arrastoa uzten ari den bitartean.

 

- Kontramurgildua

Umeei behetik ateratako argazkiak dira. Plano mota horrek areagotu egiten du erretratua atera zaion subjektuaren garrantzia, handitu egiten duelako. Oso noizean behin erabiliz gero, oso eraginkorra da haurren kulturari buruzko xehetasunen berri emateko.

 

- Nadir puntua

Zenitaren aurkakoa da. Adibidez, haur bat jolastokian zeruari begira badago eta berak ikusten duen hodei zehatzari argazkia ateratzen badiot, nadir plano bat litzateke hori.

 

- Holandesa

Kamera albo batera okertzen dugunean, angelua holandesa dela esaten dugu. Narrazioarekin lotuta nahita hartutako erabakien ondorioz baino ezin da erabili. Besterik ez.

 

- Plano subjektiboa

Pertsonaia baten begiradarekin bat datorren planoa da. Oso lagungarria da umeen ekintzen, asmoen edo ikuspegi posibleen berri emateko. Adibidez, neska batek mutiko bati botatzen dion begirada xehetasun-plano batean jaso ostean mutiko horren plano ertaina egiten badugu, neska hori zeri begira dagoen ulertzen lagunduko dugu. Plano baliotsu hori erabiltzeko, oso behaketa zehatzak egin behar dira, eta erabaki etiko zuhurrak hartu.

Ondo dokumentatzeko, plano bakoi-tzaren erritmoa eta planoen aurreikuspen eta antolakuntza egokiak zentzu osoz bateratu behar dira.

 

Fokuratzea eta eremu-sakontasunaEremu-sakontasuna fokuratutako eremuaren aurrean eta atzean dagoen eremua da, garbi ikusten diren lehenengo eta azken puntuen artean kokatutakoa. Zentzu horretan, neska baten plano ertaina egiten badugu, atzealdea fokuratzeko edota fokutik ateratzeko erabakia hartu dezakegu. Reflex kameretan, diafragman kontrolatzen da alderdi hori.

 

Une zehatza

Gogoan dut nola behin liluratuta begira egon nintzaion jolastokiko bazter batean belarra behin eta berriz laztantzen zuen haur baten eskuari. Haren eskuak gozatu egiten zuen hosto txikien artean. Nik kartel baterako azaleko argazkia atera nahi nuen, xehetasun-planoa erabilita. Pentsatzen ibili nintzen zein izango zen prozesu horren funtsa islatuko zuen une magiko zehatza, betiereko une lapurtua. Une horretantxe sakatu behar da kliskagailua; ez lehenago eta ez beranduago.

 

Irudiak biltzea

Espero ditugun edo ezagutzen ditugun irudiak lortzeak ez du esan nahi bat-batean, ustekabean, beste irudi batzuk ezin ditugula lortu. Azken finean, dokumentazio-estrategia honetan, erabaki gehienak aldez aurretik hartzen dira, dokumentazio-proiektua zehaztasunez eta zorroztasunez egiteko. Gero, egindako irudiak zehatz-mehatz aztertu, eta horietako batzuk aukeratuko ditugu. Aukeraketa hori egiteko, zenbait irizpide betetzen ditugu:

 

- Haurren, gure lanbidearen, eskolaren, familiaren irudia

Gogoan dut behin, haurrak bazkaltzen ari zirela, jangelaren plano orokorra, ia zenitala, egin nuela, eskailera altu batetik. Ume batzuek jarrita zeukaten ordurako adur-zapia; beste batzuek, ez. Argazkian, hezitzailea zutik ageri zen, ume bakoitzari banan-banan adur-zapia atzetik jartzen, haurrei begiratu ere egin gabe. Irudiaren beste angelu batean, purez betetako 20 plater zeuden, mahai baten gainean. Denak berdinak ziren, denak maila berbereraino beteak, denak umeei emateko prest. Beste hezitzaile bat ere ikus zitekeen, plater gehiago bete-tzen. Argazkia hartu, eta hezitzaileei erakutsi nien; profesional bikainak dira. Beren hezkuntza-proiektuaren dokumentazio-komunikazioan, ume bakoitzari zioten errespetua erakutsi nahi zuten; egunerokotasunaren barruan, betiere. Hala geneukan aurrez adostuta: nik balio horiek islatu behar nituen argazkian. Baina, nik erakutsi nien argazkia homogeneizatzailea eta estandarizatzailea zenez, ez zituen aipatutako balioak behar bezala islatzen. Hortik abiatuta, aldaketa garrantzitsuak egin zituzten hezkun-tza-praktikan; adibidez, umeei zenbat janari nahi zuten galdetzen zieten, eta bakoitzari bere janaria hartzen lagun-tzen hasi ziren. Horretaz gain, umeei adur-zapia jartzeko moduaz hitz egin genuen: noiz jartzen zieten, haurrak horretarako prest zeuden, adur-zapia jartzean elkarri nola begiratzen zioten... Aldaketa horiek guztiak egin zituztenetik denbora batera, berriro joan nintzen irudiak hartzera, eta, orduan atera nituen argazkietan, askoz ere hobeto eta modu naturalagoan islatzen ziren hezkuntza-proiektuaren balio teorikoak. Osatutako dokumentazioan, hezitzaile bat ikus dezakegu, makurtuta, ume bati adur-zapia jar-tzen, elkarri begira daudela. Han eta hemen, beste ume batzuek dagoeneko jarrita daukate adur-zapia. Halaber, estetikoki aukeratutako ontzi batetik janaria hartzen eta bere platerera ateratzen ari den neska bat ikus dezakegu.

 

- Azterketa formala eta teknikoa

Plano egokia aukeratzea jada esan dudanarekin lotuta dago, eta zerikusia du irudiaren kalitate teknikoarekin ere: enkoadraketa eta fokuratze egokiak, kontrastea, osaera, indar-lerro bisualak, tentsio dinamikoa, testura, indar bisuala, bektoreak, orekak eta desorekak, artistikotasuna, argitasun egokia, kromatismo naturalak, irudia zuzen egotea, pixelazio-maila, unea, argazkia mugituta dagoen...

 

-Testuinguru edo agertoki estetikoaren azterketa

Nire iritziz, zarata zera da: irudi baten ustekabeko xehetasun bat, normalean atzealdean dagoena, eta argazkia arazorik gabe ikustea oztopatzen duena. Apalategiko apal batean utzitako jertse hori zimurtu bat izan daiteke, irudiaren angelu batean dagoen haurraren muki bat, erabat lekuz kanpo dagoen objektu bat... Adibidez, haurren plano ertain zoragarriak ikusi ditut, baina, atzealdean zaratak agertzen zirenez, irudiok onartezinak bihurtzen ziren, eta lehen planoak transmititu nahi zituen balioekin inkoherenteak ziren. Nik, askotan, hauxe iradokitzen dut: eszenaren protagonista nagusia estaltzea, eta irudia nola gelditzen den ikustea; era horretan, hobeto aztertu ahal izango ditugu agertokia eta beste xehetasun batzuk: bigarren mailako protagonistak, objektuen antolaketa, horien ordena, koloreak... Jakina, hori ez da alderdi formal bat bakarrik; horrek eremuen estetikari buruz –estetika eta dekorazioa ez dira gauza bera– gogoeta egitea eta plano horren irudia aldatzeko erabakiak hartzea eskatzen du; ikasgela, komuna, jangela, logela, lantegia nahiz patioa izan.

 

- Eskuragarri dauden planoen konbinazioa

Garrantzitsua da egindako dokumentazio-planoen antolaketa, erritmoa, konbinazioa, ordena, eta abar aintzat hartzea.Photoshop eta bestelako programei esker, horrela iragazitako argazkiak zuzentzeko aukera izango dugu oraindik ere, hala nola beren enkoadraketa, distira, kontrastea, kroma... Baina, plangintza egokirik gabe, ezin izango ditugu zuzendu argazki batzuk, eta, gainera, denbora asko galduko dugu.Irudi horiekin guztiekin, nahi dudan dokumentu mota egiteko oinarri egokia dut orain: powerpointak, panelak, liburuxkak... Baina, horretarako, artikulu honen mugak gainditzen dituzten erabaki tekniko eta artistiko berriak hartu beharko ditut.

 

Amaitzeko hasiera bat

Hona nire gogoeta pertsonal bat. Haurren irudi dokumentalak hartzen ditudanean, gero eta gehiago jabetzen naiz nire autobiografiaren erretratua egiten ari naizela nolabait. Adibidez, haurrak eskua belarraren gainean jarri zuenean, neurri batean, hiru bat urte nituenean belarrak nire eskuetan kilimak egiten zizkidan oroimen atsegina etorri zitzaidan burura. Haurrei buruzko dokumentazioak neure burua hobeto ezagutzeko eta nire haurtzaroko irudiak gogorarazteko aukera historiko paregabea eskaintzen dit. Albert Solék esaten duenez, dokumentalean bilatzen dena ez da irudikatzeko dugun ahalmena, geure buruari zer eta nolakoak garen azaltzekoa baizik. Identitate-kontua da. Orain dela gutxi hasi naiz horretan pentsatzen. Badakit, eta halaxe adierazi didate hainbat hezitzaile eta irakaslek ere, aipatutako guztia egiteko denbora eta baliabide ugari behar direla –giza baliabideak, batez ere–, ratioak bihotz-gogorrak direla eta estresa, askotan, saihetsezina dela. Gaia gertutik ezagutzen dut, eta iritzi horretakoa naiz ni ere; baldintza hobeak aldarrikatzen ditut haur eta helduentzat. Baina eskoletan argazki ugari egiten jarraitzen dugu. Nire ustez, kontziente izanez, ahalegina eginez eta profesionaltasunez edota adierazitako zenbait irizpideri jarraituz, haurren, gure lanbidearen eta eskolaren irudia hobetu dezakegu. Hori gure erantzukizun etikoa, estetikoa eta politikoa ere bada. Eta zenbait profesional –aipatutako baldintzetan daudenak haiek ere–, hori lortzen ari dira.