ORAIN: Kontzentrazioa lantzeko erlaxazio ariketak

2015-11-01

Kontzentrazioa lantzeko erlaxazio ariketak

 ‘Orain’ CDa argitaratu du Hik Hasik, kontzentrazioa lantzeko erlaxazio ariketekin. Marina Pintos piano eta yoga irakaslea da diskoaren egilea. Kontzentrazioa eta erlaxazioa lantzeko euskarazko ariketen falta sumatuta ekin dio lanari. Berak sortu ditu diskoan jasotako ariketak, eta musika zein ahotsa ere bereak dira. CDan bildutako ariketak eskolan zein etxean landu daitezke eta haurrentzat nahiz helduentzat aproposak dira.

 
 

Esperientzia handia du Marina Pintosek ikasleei zein irakasleei, haurrei zein helduei

kontzentrazio- eta erlaxazio-saioak ematen. Musika ikasketak egiten ari zela yogarako zaletasunak harrapatu zuen eta bi diziplina horiek lantzen dihardu azken hogei urteotan. Gaur egun, eskolaz eskola ibiltzen da yoga egiteak dakartzan onurak partekatzeko. Ikasleak zein irakasleak trebatzen ditu, besteak beste, yogaren bidez erlaxatzen eta arreta lantzen ikas dezaten.
Ibilbide horretan Pintos jabetu da haurrek ere badakitela zer den antsietatea, zer den estresa edota lasaitasunik eza, eta kontzentratzeko gaitasun txikia dutela. “Konturatu nintzen yogak lagundu ahal ziela haurrei ere. Hainbat urtez landu dut yoga haurrekin eta sekulako onurak sumatu ditut. Eurak ere lasaitzen, erlaxatzen, kontzentratzen… ikasten dute”. Eta bide horrek irakasleei zuzenduriko ikastaroak sortzera eraman du Pintos. Alde batetik, irakasleen estres maila handia delako, eta eurak lasai daudenean haurrak ere lasaiago daudelako; eta, bestetik, eskolan haurrekin lantzeko aukerak proposatu nahi izan dituelako, oso interesgarria iruditzen baitzaio eskolako lehen bost minutuetan edota egunean bitan kon-tzentratzeko eta lasaitzeko ariketak egitea. “Irakasle edo hezitzaile izatea ez da lan erraza, berezkoa duen lanaz gain, ikasleen kontzentrazio eza, dispertsioa, motibazio falta, emozio aztoratuak, jarrera desegokiak eta abar presente baitaude”.
Ikastaroetan landutakoari irakasleek eurek jarraipena emateko ekin zion CD-a prestatzeari Pintosek, baita kontzentrazioa nahiz erlaxazioa lantzeko euskarazko ariketan falta sumatu zuelako ere. “Bereziki, Hik Hasirekin ematen ditudan Udako Ikastaroetatik jaio zen ideia. Ofizioz irakasle diren nire ikasleak saioan landutako ariketak ea grabatuko nizkiekeen eskatuz etortzen zaitzaiz-kidan, eurak eskolan edo etxean lantzen jarraitu nahi zutelako. Orduan bururatu zitzaidan, helduentzat ez ezik, haurrentzat ere aproposa zen zerbait presta nezakeela, gero eskolan erabil zezaten”.

Momentua bizitzen ikasteko

Kontzentrazio eta erlaxazio ariketak sortzeaz gain, musika eta ahotsa ere berak jartzea erabaki zuen Pintosek. Pianoari lagunduta, berriz, Luis Puentek moldatu eta jo ditu sintetizadore zatiak.
Orotara 12 piezaz dago osaturik diskoa. Lehen 8ak adinaren arabera daude sailkatuta, 4 urtetik hasi eta helduetaraino. Ariketa horietan, batetik, momentuan, orainean, arreta jartzeko baliabideak eskaintzen ditu Pintosek. Hain zuzen ere, hortik datorkio izena diskoari. “Niretzat oso garrantzitsua da hori ikastea, hau da, oraina bizitzen ikastea”. Ariketa guztietan dago kontzentratzeko gaitasuna lantzen duen alderdia. Batzuetan erlaxazioaren bidez lantzen da; beste batzuetan, berriz, bisualizazioen bidez nahiz arnasaren edota emozio baikorren bidez.
Horietaz gain, musikaz bakarrik osaturiko 4 pieza ere baditu diskoak. Xedea da irakasleek beste ariketak adibidetzat harturik, euren ariketa propioak sortzea, aurrean daukaten taldera eta momentura egokituz. “Adibidez, 8. ariketa gustatzen bazaie, baina luzeegia iruditzen bazaie, beraiek euren erara sortzeko modua dute. Norbaitek soilik musika jarri eta erlaxatu nahi badu ere, horretarako aukera ematen du diskoak”.
CDan ageri diren adinek eta ariketek orientabide gisa balio dutela dio Pintosek, baina ez direla modu zurrunean interpretatu behar. “Nik diskoan ematen ditudanak aholkuak dira eta malgutasunez ulertu behar dira. Ideia bat da, hor dago, baina norberak egin behar du berea. Laburtzeko, luza-tzeko, ariketa desberdinak egiteko jokoa ematen du diskoak”.