FORMAZIOA KIROL HEZITZAILEAN

2015-12-01

Kirol hezitzailean formatzea beharrezkoa da? Zergatik? Zertarako?

 Ikasturte honetan aditu-ikastaro bat prestatu dugu “Kirol-hezitzailea” deitzen dena, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak, hain zuzen, eta Athlon erakundeak bultzatuta, urtarrila-ekaina bitartean. Zergatik? Nondik dator formatzeko beharra?

 
 

Ez da azaldu behar gaur egun gure gizartean kirolak eta jarduera fisikoak daukaten garrantzia fenomeno kultural, ekonomiko, politiko… moduan. Alde batetik gero eta kontzienteago gara zein onuragarriak diren gure bizitzan, eta gero eta presenteago daude  gure egunerokotasunean; beste alde batetik, kirol batzuk momentu oro daude lehenengo planoan komunikabideetan eta gizarteak gorputzaren inguruan zabaldu dituen irudia eta exijentziak hainbat lekutatik heltzen zaizkigu.

Bigarren alderdi horrek indar handia dauka: elite kirolak, errendimenduari begirako kirolak eta kirol konpetitiboak jarduera fisiko guztiak zipriztintzen dituzte gaur egun, baita hezkuntza esparruan egiten direnak ere, askotan hezitzaileak beraiek konturatu gabe.
Hezkuntza fisikoko irakasle, eskola kiroleko irakasle, aisialdiko begirale… Zein da zure ikuspegia? Zer-nolako jarduerak egiten dituzu zure ikasleekin edo zure taldearekin? Zer ikuskera dago haien atzean? Denen garapena bultzatzen da  zure taldean eta denak sentitzen dira taldearen parte edo errendimendu motore altuagoa eman ahal dutenak soilik eta batez ere? Zein beste alternatiba daude?
Hausnarketaz harago, tresnak eta baliabideak behar ditugu egunerokotasuna eraldatzeko eta gure praktika gure ikuspegi hezitzailearekin koherentea izateko. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak berariaz hezitzaile eta esanguratsu bihurtu behar ditugu, ahaztu gabe kirol esparruan ere ikasle konpetenteak formatu behar ditugula.

Hezkuntza inklusiboaren ikuspegia

Hezkuntzaren munduan hori da hain zuzen aldarrikatzen dugun ikuspegia: kirola eta jarduera fisikoa pertsona guztientzat da onuragarria, denen ongizaterako tresna da eta denen garapen integralerako tresna, berdin zeintzuk diren norberaren ezaugarriak, eta, aldi berean, ezaugarri horiek oso kontuan izanda. Izan ere, pertsona guztiak desberdinak diren kontzientziatik abiatuta, hezitzaileok gurekin jarduera fisikoa egiten duten ume, gazte eta heldu bakoitzaren ezaugarriak, premiak eta egoerak kontuan hartzen ditugu.
Esan berri duguna oso ezaguna da teoria mailan eta gure diskurtsora heldu da, baina gure eguneroko praktika nolakoa da? Zein estrategia erabil daitezke hezitzaileok kudea-tzen ditugun saioetan, hori horrela izan dadin? Unea da azkeneko urteotan kirolaren didaktikaren arloan garatu den jakintza baliatzeko eta jarduera berritzaileak proposatu eta gauzatzeko.

Gizarte kohesiorako tresna

Maila pertsonalean aritzeaz gain, maila soziala oso kontuan hartu nahiko genuke. Kirola tresna eraginkorra da gizarte-dinamizazioarekin eta gizarte-berrikuntzarekin lotuta, baldin eta helburu hori kontuan har-tzen badugu diseinatzen eta burutzen ditugun jardueretan.
Adibide argi bat kulturartekotasuna da: beste herrialde batzuetatik etorritako ume, gazte eta heldu berrien integrazioari begira jarduera fisikoak beste herritarrekin elkarrekintzarako aukera paregabea ematen du, are bertako hizkuntzak ondo jakin gabe, eta ezaguera eta eskarmentu desberdina daukatenen artean elkarbizitza sustatzeko parada ere eskaintzen du. Parte hartzaileen arteko harremana, onarpena eta errekonozimendua sustatzen dira. Generoa eta aniztasun afektibo-sexualaren inguruan asko dago egiteko eta garaia da kirola eta jarduera fisikoaren esparruan aurrerapauso sendoak emateko.
Aldi berean badakigu aisialdiko jardueretan eta eskola kirolaren arloan zein ahalegin interesgarriak egin diren euskara sustatzeko eta parte-hartzaileei erabiltzeko aukerak emateko. Esperientzia horietatik asko ikasi ahal dugu eta ezaguera hori gure jarduera hezitzailean baliatu. Integrazioa, genero-trataera, euskararen normalizazioa, bizikidetza, gatazkaren kudeaketa, frustrazio eta garaipenaren kudeaketa… gako-hitzak dira. Horretarako taldeen kudeaketan eta dinamizazioan trebatzea ezinbestekoa da.
Aukera dagoenean, komunitatearen baliabideak detektatzea eta erabiltzea eta sare lana egitea izango da gure lanaren beste helburu bat. Aniztasunaren trataera da, maila pertsonalean nahiz sozialean, kirol hezitzailearen ardatza; aipatutako alderdiei arreta jartzen badiegu gure egunerokotasunean, balio erantsi handia ekarriko du gure ahaleginak.

Alderdi garrantzitsu batzuk

Hezitzailea “profesional gogoeta-tsua” izatea garrantzitsua da (gaztelaniaz profesional reflexivo deitzen dena). Zer da? Etengabe ikasten duen profesionala eta bere jardueran etengabe berrikuntzak aplikatzen dituena. Zertan datza prozesua? Norberaren jardueraren kontzientzia hartzea, jarduera propioa analizatzeko tresnak erabiltzea eta, birdiseinatzeko tekniken bidez, praktikan aldaketak eta hobekuntzak txertatzea. Eta zikloa jarraitzea, zeren prozesu gogoetatsua etengabe gertatzen da.  
Beste alde batetik, kontuan izan behar dugu kirol hezitzailea ez dela izango kirola eta jarduera fisikoa egiten dutenen “irakaslea” soilik. “Aholkulari” ere izatea garrantzi-tsua da: alegia, berak dakiena bere erakundearen zerbitzura jartzea (ikastetxean, eskola kirolean, federazioan, udaletxean…). Hori modu eraginkorrean egiteko tresnak ezagutzea eta aplikatzea ezinbestekoa da.

Jarduera profesionalizatzeko

Aurreko guztia dago jasota Kirol Hezitzailea aditu ikastaroan. Nola garatuko da? Parte-hartzaileak saio presentzialak izango ditu astean behin urtarriletik ekainera, aritu eta aditu batzuk etorriko dira esperientziak partekatzera, praktikaldi bat egingo da erakunde batean, proiektu bat egingo da erakunde horrekin lotuta… Mondragon Unibertsitatearen webgunean informazio osoa aurkitu daiteke.
Ohar garrantzitsua bat: aurreko lerroetan aipatutakoari buruzko ezagutza pertsona profesionalizatzeko tresna izango da. Ziur aski irakurlea konturatu da tresna hori ez dela soilik orain arte esparru horretan lan egin ez dutenentzat eta etorkizunean bertan aritu nahi dutenentzat; dagoeneko lanean dihardutenek ere merezi dute haien jarduera analizatzeko eta aberasteko aukera.