HIRUKIDE IKASTETXEA: Ikasleak, gatazketan bitartekari lanetan
Ikasleak, gatazketan bitartekari lanetan
Ikasleen arteko gatazkak konpontzeko bitartekariak dituzte Hirukide ikastetxean, duela sei urtetik hona. Ikasleak beraiek dira bitartekari horiek. Adostokian elkartzen dira gatazka izan duten lagunak, eta, bitartekarien laguntzarekin, adostutako konponbide bat ematen diote beraien artean sortutako arazoari.
Beste hainbat eskolatan bezala, Hirukide ikastetxean ere irakasleari zegokion epaile lanak egitea, duela sei urte arte. Bi ikasleren artean gatazkaren bat sortuz gero, helduari zegokion arrazoia nork zuen ebaztea, gaiztoa nor eta zintzoa nor zen esatea. Gaur egun, oso bestelakoa da egoera. Izan ere, bitartekaritza-programa abian jarri zutenetik, horretarako prestakun-tza jaso duten hainbat ikaslek bitartekari lanak egiten dituzte, gatazka bat izan dutenen artean. Bitartekaritza-programa ezagutarazteko eta, bide batez, bitartekari lanetan jardun diren ikasleei aitortza egiteko, ekitaldi bat antolatu zuten urrian, Tolosako Kultur Etxean.
Gatazka kudeatzeko erremintak
“Edozein lantoki, lagun talde edo familiatan bezala, eskolan ere gatazkak sortzen dira. Helburua ez da inoiz gatazkarik ez izatea, absurdoa bailitzateke hori; gure nahia da gure ikasleei tresnak eta baliabideak ematea, gatazka horiei aurre egiteko”, azaldu zuen Tolosako ekitaldian Hirukideko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zuzendari Pello Agirrezabalak. Ikasleei eman nahi dieten baliabide horietako bat hauxe litzateke: “Elkarrekin aurrez aurre begietara begiratuz esertzeko gaitasuna”.Hain zuzen, horretarako jarri zuten abian bitartekaritza-programa. Horren baitan, zenbait ikasle gataz-ketarako bitartekari izendatu dituzte, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzako 1. eta 2. mailetan, eta zeregin horretarako trebatu dituzte. 15 ordu inguruko prestakuntza jaso dute, batik bat adimen emozionalarekin lotuta: besteari entzuten, errespetuz hitz egiten, sentimenduak adierazten... ikasi dute trebakuntza-saio horietan. Astean bizpahiru ordu eskaintzen dizkiote prestakuntzari, horietatik erdiak eskola-orduetatik kanpo.Bitartekari horien zeregina da, besteak beste, arazoren bat ote dagoen behatzea; eta, halakorik bada, ikastetxeari jakinaraztea. Adibidez, ikasleren bat bakartuta uzten badute gainerakoek, bitartekariek ikasle horrekin hitz egingo dute, zer gertatzen den jakiteko, bai eta gainerako ikaskideekin eta irakasleekin ere. Edo, ikastetxera ikasle berri bat iristen bada, bitartekari bat ondoan izango du etengabe, taldean sartzen lagun-tzeko. Eta, noski, bi ikasleren artean gatazka bat sortzen denean, adostutako konponbide bat lortzeko lan egiten dute bitartekariek: “Bitartekariek ez dute ezer konpontzen; norbaitek haien zerbitzua eskatzen badu, haien zeregina zubi bat eraikitzea da, non komunikazioa posible izango den gatazka izan duten horien artean”. Horretarako, Adostoki deiturikoak sortu dituzte.Adostokiak bilgune
Ekitaldian emaniko bideo batean ikus zitekeenez, Adostokietan elkartzen dira gatazka izan duten aldeak eta bitartekari lanetan ari diren ikaskideak. Gerta liteke gatazka hori biren artekoa izatea, edo bi lagun talderen artekoa. Azken kasu horretan, lagun talde bakoitzak ordezkari bat aukeratu behar du Adostokira joateko. Han biltzen direnean, arauak azalduko dizkie bitartekariak: ezin dute eten bestearen solasa hizketan ari denean; ezin dute izengoitirik erabili edo iraindu; bestearekiko zintzo jokatu behar dute... Joko-arauak garbi daudenean, bitartekariak aldeetako bakoitzari zer gertatu den azaltzeko eskatuko dio. Horren ondoren, arazo horren aurrean nola sentitzen diren adierazteko eskatzen die, bai eta bestearen egoera bizi izan balute zer sentituko zuten agertzeko ere. Azkenik, zer konponbide bururatzen zaion azaldu behar du alde bakoitzak. Hortik abiatuta, bide bat adostu behar dute arazoari aurre egiteko. Adostutako hori idatziz jasoko dute bitartekariek, eta bi aldeek sinatuko dute. Irakasle talde batek egiten dio jarraipena Adostokian egositakoari. Hala, bi astean behin elkartzen dira bitartekariak eta irakasleak, gatazkari eta adostutakoari jarraipena egiteko. Bilera horiek eskola-orduetatik kanpo izaten dira normalean, eta hauxe diote bilera horiez: “Azken 6 urte hauetan bestelako hainbat bilera bertan behera utzi ditugun arren, hauek sekula ere ez”. Izan ere, bitartekari lanetan ari diren ikasle horiek babestuta sentitzea da ikastetxearen helburua.Hirukideko zuzendariaren esanetan, kostatu egin zitzaien hasieran gazteek adostutako horri balioa ematea eta aintzat hartzea: “Ez gaituztelako balio horietan hazi, eta ohituta geundelako epaile lanak egiten”. Baina hauxe ikasi dute: “Gatazka ikasleek izan dutenez, poztu egin behar dugu, adostutakoa haientzat baliagarria bada”. Izan ere, prozesu horren bidez ikasleek sentitzen duten ordaintza “oso inportantea” da. Horregatik, prozesua hobetzen saiatzen dira, eta, horretarako, baliagarri zaie Adostokira joaten diren ikasleek betetzen duten balorazio-orria. Horri esker hautematen dute zer hobetu behar duten, zer lantzen jarraitu behar duten, edota ikasleentzat zailtasun gehien zerk sortzen duen.Bigarren Hezkuntzan desberdin
Bitartekaritza-zerbitzua LHko 5. eta 6. mailetan ematen dute nagusiki, baina, DBHko 1. eta 2. mailetan, ikasle laguntzaile deiturikoak daude. Izan ere, batik bat gatazkaren ebazpena da helburua LHn, adostutako konponbidea, betiere. Eta, beraz, ahalik eta lasterren esku hartzen dute gatazka bat sortzen denean. DBHn, aldiz, bitartekarien lana behatzea da batik bat, eta arazoen prebentzioarekin dago lotuta. Hala, ikasle laguntzaileak eta irakasleak hamabostean behin elkar-tzen dira, eta behatutakoaren berri ematen dute; hau da, ikasleek arazoren bat sumatzen badute, irakasleari jakinarazten diote. Bileran bertan erabakitzen dute zein kasutan esku hartu eta zeinetan ez, eta, egitekotan, nork egingo dituen bitartekari lanak. Batxilergoan, aldiz, Cyberkide programa dute abian. Horren bidez, batik bat sare sozialetan gerta daitezkeen arazoak lantzea dute helburu. Bai LHn eta bai DBHn, badira bitartekari guztiek bete beharreko arau batzuk, eta diskrezioa da horietako bat. Diskrezioarekin batera, errespetua eskatzen zaio bitartekariari. Eta, noski, bitartekarietako batek harremana badu gatazkaren parte den aldeetako batekin, ezin izango du parte hartu arazo hori konpontzeko prozesuan.Zubiak gizartera
Hirukideko ordezkarien ustez, komunikabideetan eskolarekin eta hezkun-tzarekin loturiko gaiak agertzen direnean, gatazkarekin eta arazoekin lotuta izaten da nagusiki. Garrantzi-tsua iruditzen zaie, beraz, bizikide-tzaren inguruan egiten den lana ere gizarteratzea eta hezkuntzarekin loturiko gaiak modu positiboan agertzea. Horregatik, duela 3 urtetik, bizikide-tzaren inguruko foroa antolatzen dute gizarte-eragileekin; urrian Tolosako Kultur Etxean egindakoaren antzekoa da. “Gizartean dauden erakunde batzuekin partekatu nahi genuen gure lana, eta, bide batez, ikasleei ikusarazi nahi genien jende asko ari dela bizikidetzaren inguruan lanean eta gatazkak nola kudeatu aztertzen; hori guztia ez dela eskolako irakasleei bururaturiko harrikada bat, alegia”. Urriko saioan, askotariko eragileek egin zuten bat Hirukidekoen deialdiarekin, eta ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Baketik zentroak, Osakidetzak, Tolosako Bizikidetza Foroak, Tolosako alkateak edota Zumarragako gazte heziketarako zentroko ordezkariek. Agirrezabalak esker ona agertu zien han bildu ziren erakundeei: “Zubiak eraiki behar ditugu; eskolak kanpora irten behar du, eta zuen laguntza paregabea da horretan”.Ekitaldira hurbildutako erakundeek aukera izan zuten Hirukiden bitartekari lanetan ari diren ikasleekin bizipenak partekatzeko. Elkarri galdetu zioten ea zer egiten zuten gatazka-egoera zehatz batzuen aurrean, eta iritziak trukatu zituzten.Ekitaldiaren amaieran, erakundeetako nahiz Hirukideko ordezkariek omenaldi bat egin zieten bitartekari lanetan jardun duten ikasleei, eta diploma bana eman zieten. Gainera, bitartekari lanetan hasiko direnei zapi gorria (bitartekarien ikurra) eman zieten.Bizikidetza, Hirukideko parte
Hiru ikastetxek bat-egitetik jaio zen Hirukide, duela 13 urte. Bat-batean, proiektu bakar baten inguruan elkarlanean hasi behar izan zuen hiru tokitatik zetorren jendeak; “lan egiteko hiru kultura” adierazten zituzten. Aitortu zutenez, bidea ez zen erraza izan hasieran, baina argi zuten bide berri horretako helburu nagusien artean hau lortu behar zutela: “Bizikidetza positiboa lantzea, horretan sinestea eta gure ikasleengan hazi bat ereitea”. Gauzak horrela, adimen emozionalaren inguruko prestakuntza sakona jaso dute 13 urte horietan egin duten ibilbidean, “hori baita eskolaren oinarrietako bat”. Prestakuntza hori irakasleei zuzentzen zitzaien hasiera batean; izan ere, “ikasleekin zenbait gauza landu ditzakezu, baina inportanteena da zer transmititzen diegun; zaila da geuk barneratuta ez duguna transmititzea”, Agirrezabalaren ustez.Horren ondoren eta bitartekaritza-programa abian jarrita, ikasleek ere adimen emozionalaren inguruko prestakuntza jaso dute. Izan ere, irakasleetako batek ekitaldian azaldu zuena ekarriko dugu gogora: “Eskolak bizitzarako prestatu behar baditu, oso ikasgai garrantzitsua da hori. Denbora asko inbertitzen dugu programa honetan, baina, emaitzak ikusita, merezi duela uste dugu”.