TXANTXARIAK TELEBISTA SAIOA. Eduki pedagogikoak eta kalitatezkoak

2016-01-01

Urtxintxak, 3-8 urte inguruko haurrei zuzenduriko telebistako kapitulu berriak prestatu ditu. ‘Txantxariak telebista’ izenez ezagutzera emango dira, eta urtarriletik apirilera Euskal Herriko tokiko telebistetan ikusteko aukera izango da. Horretaz gain, ‘www.txantxariak.com’ webgunean ere eskuragai egongo dira.

 
 

Beste urtebetez, Txantxariak Telebista saioaren kapitulu gehiago sortu ditu Urtxintxak haurrei eduki entretenigarriak eta pedagogikoak eskaintzeko xedez. Haurrentzako ekoitzitako euskarazko saioen eskasiari aurre egin nahi dio proiektu honek.

Telebista saio hauen bitartez, heziketaren ikuspegitik kalitatezko edukiak helarazi nahi zaizkie haur, hezitzaile zein gurasoei. Izan ere, Atzio Orexa Urtxintxako koordina-tzaileak azaldu bezala, telebista saio horiek haurren heziketa prozesuan eragile aktibo izateko sortu dituzte: “Haurrei ekarpen bat egin nahi izan zaie. Horrexegatik, haiekiko errespetua eta begirunea aintzat hartu ditugu kapitulu bakoitzeko edukiak diseina-tzerakoan”.
Azken batean, Urtxintxak, aisialdia hezteko baliagarri dela frogatu nahian, bertan sortu eta ekoitzitako telebista saio bat euskal eskola eta familien eskura jarri nahi izan du, aisialdiaren erabilera positibo eta hezi-tzaile bat eskaintzeko asmoz. “Gure helburua haurren jakin-mina asetzen duten gaiak eta egunerokotasunean izaten dituzten kezkak lantzeaz gain (gaua, loa, beldurrak, erabakiak, gaixotasunak, musika, zahartzaroa, berrerabilpena, akatsak, desioak, ametsak, konfiantza, hizkuntzak…), telebistaren parean momentu atsegin bat pasa ahal izatea da. Eta, bide batez, kalean erabili ditzakegun jolasak transmititzen ditugu”.
Jolasaren garrantzia ezagutzera eman nahi du Txantxariak Telebistak. Horrez gain, euskarazko jolasak eta abestiak zabaldu nahi ditu, eta kaleak gizarteratzeko gune garrantzitsua direla nabarmendu. Gainera, hainbat balio sustatzea du helburu, besteak beste, hauexek: Berdinen eta desberdinen arteko harremanen oparotasuna, norbanakoari errespetua, egunerokotasunaren plazeraren bizipena, haur eta helduen arteko harreman ludikoaren aberastasuna, emaitza jakinik eskatzen ez duten epairik gabeko jarduerak…
Orexak esplikatutako moduan, kapitulu bakoitzak interesgune zehatza du, eta saio bakoitzeko atalek lotura zuzena dute lantzen den gaiarekin. Hala, kapitulu guztietan Txantxariak eta haurrak ikusi ahal izango dira hainbat ekintza egiten. Besteak beste, ondoko kapituluak aurreikusten dira: platoan grabatzen diren istorioak, kaleko jolasak, mundua ekarri, haurrak protagonista, eskulanak, erreportajeak, irratsaioak, ipuinak…
Txantxariak: munduan zehar, han eta hemen dabiltzan pertsonaiak
Braulio astoa lagun dutela, Mari Txipi, Arantxa Zabalete, Antxon eta Txantxibiri Kamino dira Txantxariak Telebista saioko protagonista. Pertsonaia horien laguntzaz, jolasten hasteko hainbat aukera proposatzen dizkie Urtxintxak haur, irakasle zein gurasoei.
Txantxarientzat jolasa bizitzen ikasteko era bat da. Hala diote
www.txantxariak.com webgunean, euren aurkezpen testuan: “Jolasen bidez ikasten dugu gure buruari helburuak jartzen. Jolasa, pertsonen arteko harremanak errazteko modua da, taldeak osatu eta trinkotzekoa, lagundu eta lagundua izatekoa. Jolasa haur eta helduen arteko loturak estu-tzeko bidea da, bizitzaren alderdirik atseginenez elkarrekin gozatzeko bitartekoa”.  Horrexegatik, Txantxarien bitartez, ia ahaztuta dauzkagun jolasak gogora ekarri nahi dituzte, eta, horrekin batera, baita jolas berriak ikasteko aukera eman ere.