ESTIMULAZIO AFEKTIBOA

2017-07-01

Urte hauetan guztietan (hogeita hamar urte baino gehiago badira) era guztietako ikastetxetan egoteko zoria izan dut, dela ipuin-kontalari modura,  dela idazle modura. Saio ugaritan izan dut aukera harremanak egiteko eredu pedagogiko “eraldatzaileak” jasotzen dituzten ikasleekin eta eredu pedagogiko “ez hain eraldatzaileak” jasotzen dituztenekin: etorkinekin, herri txiki zein handietakoekin, hainbat gizarte-klasetakoekin..., eta esan behar dut ustekabe galantak izan ditudala. Gertatu izan zait eredu pedagogiko “eraldatzaileak” zituzten ikastetxeetako ikasleek erakustea, batzuetan, jarrera hotza eta aseptikoa; eta, alderantziz, metodo “ez hain eraldatzaileetako” ikasleek erakustea jarrera aparta, hots, eredugarria. Horregatik, behin baino gehiagotan galdetu izan diot neure buruari ea ba ote dagoen beste zerbait eredu pedagogikoen gainetik haurren jarrera baldintzatzen duena.                 Urte batzuk badira galdera horrekin bueltaka nabilela, eta, jada, esan behar dut, urteen poderioz, ondorio batzuetara iritsi naizela. Besteak beste, hauxe esan dezaket nire lanaren testigantza gisa: eredu guztien gainetik, irakasleen inplikazio emozionala erabakigarria da haurren jarreretan. Eta zer esan nahi dut inplikazio emozionala kontzeptuarekin? Bada, hein handi batean, irakasleek pathosa (mundu afektiboa, sentikorra...) garatua izatea, mundu arrazionalaz zein kognitiboaz gain. Sarritan konturatu izan bainaiz, irakasleak emozionalki inplikatzen badira, edota, beste hitz batzuetan esanda, gogoa eta gustua erakusten badute (esan nahi da jarrera enpatikoa), askoz ere pasio handiagoz bizitzen dutela ikasleek proposatzen zaien jarduera, eta, horren ondorioz, beste jarrera bat erakusten dutela, askoz ere positiboagoa. Gainera, sentimenduak ere gehiago parteka-tzen dituztenez, gehiago inplikatzen dira, eta gehiago balioesten dute eskaintzen zaiena: arreta handiagoa jartzen dute, patxada handiagoa agertzen, galderak egiteko irrika erakusten, jakin-mina azaltzen, lilura, harridura, umorea, enpatia... zeren, autonomia eta iniziatiba sozialaz gain, gaitasun digitalaz eta zientzietarako gaitasunaz bereiz, ESTIMULAZIO AFEKTIBOA baitute garatua.                                        Hauxe da galdera: zer egiten du irakasleak horrelako estimulazio afektiboa edukitzeko ikasleek? Txillida eskultoreak esaten zuen txikitan izan zituela irakasle asko, baina maisu gutxi. Eta zera zioskun: irakasle gehienek erakutsi egiten ziotela soilik; aldiz, benetako maisuek harremanetan jartzen zutela bizitzarekin.                                          Bada, nik ere gauza bera esan dezaket txikitan izan nituen irakasleez. Denak ziren aldarte berekoak, materia berekoak ez esateagatik, hots, grisekoak. Alabaina, ezagutu nuen maisurik emozioak partekatzen zituena. Eskerrak! Hark pasadizoak kontatzen zizkigun, eta nireak izango balira bezala bizitzen nituen; halako eran, ezen kontzepturik abstraktuenek ere zentzua baitzuten eta ulermena izugarri errazten baitzuten. Eta ni, pozik. Irakasle hark, agian, ez zituen oso metodo “eraldatzaileak” erabiliko, baina niretzat, behinik behin, huraxe izan zen eraldatzaileena: erakusteaz gain, bizi egiten zuen esaten zuena, programazio guztien gainetik. Hark bizi, eta guk (nik) ere bizi, enpatia lagun.                                                  Eta gaur egun ere berdin pentsatzen dut. Zeren, horrelako irakasle bat aurkitzen duzun bakoitzean, arnasa hartzen duzu. Joaten zara ikastetxe batera, dela idazle modura edo dela ipuin-kontalari modura, eta ziur zaude inplikatuko dela. Badakizu kontatzen ari zarena ikasleekin batera biziko duela. Eta, orduan, gauza miragarri bat gertatzen da: bat-batean, bihotzaren begia zabaltzen zaizu, eta, bat-batean, edermintzen zara, buruak ulertzen ez dituen arrazoiak direla medio. Haurrek esaten dizute gustura egon direla, eta zuk erantzuten diezu: ni ere bai zuekin. Eta eskerrak ematen dizkiezu haurrei eta, batez ere, irakasleari, espazioa eta denbora hain ondo bizi, partekatu eta zaintzeagatik.