MINDFULNESSA ETA HEZKUNTZA
Zer egiten dute meditazioak eta zientziak bat eginda?
Gure gaur egungo gizarte moderno eta estresatu honetan, indartsu azaldu da azken boladan mindfulness mugimendua, arreta osoa esan nahi duena. Meditazioan oinarritzen den entrenamendu mentala da mindfulnessa, arreta orain gertatzen ari denari lotzen irakasten duena. Zertarako balio diezaguke une honetan, gure Mendebaldeko mundu modernoan, oinarria duela 2.500 urte baino gehiago duen antzinako teknika horrek, lurraldearen beste aldetik, Ekialdetik, datorrenak? Izan ere, mindfulnessa gaur egungo zientziaren ekarpena izanda ere, oinarria budismoan duen teknika bat da. Mestizaje bat da, Ekialde espiritualaren eta Mendebalde pragmatikoaren arteko elkartzea, eta hor dago, agian, haren balioa: gure gizarteak ahaztu duen alderdi bat lantzen du, barne-errealitatea, eta gaur egungo gizarte azeleratu honen abiadura moteltzera dator, gure buruak patxada eta lasaitasuna izan ditzan, baina Mendebaldeko zientziak garatu dituen ezagutzak alde batera utzi gabe.
Eta zer egiten dute zientziak eta meditazioak bat eginda? Printzipioz, badirudi bi ontologia desberdinez ari garela. Ontologiak errealitatea ulertzeko moduari erreparatzen dio, eta pentsa daiteke errealitatea ulertzeko modu desberdinak direla zientzia eta budismoa. Baliteke horrela izatea, baina horrek ez du esan nahi elkarrekin joan ez daitezkeenik, edo batak bestea ezin ernal dezakeenik. Horixe da mindfulnessa, neurri batean: antzinako budismoaren praktikan eta jakiturian oinarritzen da, eta, era berean, gaur egungo mugimendu transdiziplinarioa da, unibertsitate-munduko askotariko zientzia-korronteez elikatu dena: psikologiak, biologiak edota neurologiak ekarpenak egin dizkiete horren urrutitik zetozen jakituriei, gure gaur egungo hizkuntzara moldatuz, sistematizazio garbia emanez, eta ulergarri eta praktiko eginez, une honetan bizi ditugun desafio eta egoerei moldatzeko bide moduan.
Mindfulnessa bizipenetan, praktikan, oinarritzen da batez ere, eta meditatzen irakasten du: arreta une honetan gertatzen ari denari zuzentzen ikasten dugu, jarrera jakin batekin, onarpenez, epairik gabe eta adiskidetasun-jarrera batekin, alegia. Entrenamendu mentala da mindfulnessa, barneko eta kanpoko bizipenak orainean bizitzen irakasten duena. Mindfulnessak kontuan hartzen du pertsonaren barne-errealitatea, eta introspekzio-lana egiten laguntzen du, norberaren ezagutzan sakontzeko. Norberaren pentsamendu, sentsazio eta emozioez ohartzen irakasten digu, eta, kanpoan, gure inguruan eta beste pertsonengan gertatzen ari denari adi egoten ikasten dugu.Zientzia gertutik ari da mindfulness praktikak dituen eraginak ikertzen, eta agerikoa da arretaren entrenamendu hori norberaren ongizaterako eta zirraren bizipen positiborako bide bat dela. Askotariko ikerketek argi frogatu dute mindfulnessa praktika-tzeak aldaketak dakartzala garunaren funtzionamenduan: estres maila eta antsietatea jaitsi egiten dira, jarrera enpatikoa eta elkarren arteko ulermena hobetu egiten dira, eta, horri esker, posible da harreman oparo eta osasuntsuagoak izatea. Baina mindfulnessak zerikusi estuagoa du bizitza bizitzeko modu batekin, alderdi fisiko eta psikologikoetan dituen onurekin baino. Hala ere, meditazioaren onurak egiaztatzeko zientziak egindako berrespena ezinbestekoa izan da, mindfulnessa hainbat testuingurutara egokitzeko: enpresa-munduan, psikologian eta, nola ez, hezkuntzan, askotariko ekarpenak ari da egiten mindfulnessa, bai ikasleei eta bai irakasleei begira. Mindfulnessak irakasleei egiten dien ekarpenaBadirudi lasaitasun eta arreta eske dabilela hezkuntza, eta, horren aurrean, irtenbide eraginkorra izan daiteke mindfulnessa, hezkuntzak aurrez aurre dituen egoerei eta desafioei erantzuteko. Arras konplexua da hezkuntza-prozesua, eta, alde batetik, irakaste-prozesua eta, bestetik, ikaste-prozesua batzen ditu. Bi norabideotan, per-tsonaren izate osoa dago inplikatuta: alderdi kognitiboa, sentsazioak, emozioak, ingurua, motibazioa... Horiek guztiek parte hartzen dute hezkun-tzaren jardunean. Eta, bi bazterretan, bada zerbait ezinbestekoa dena, hezkuntzaren esparruko harremana gauzatzeko: arreta eta lasaitasuna izatea.Lasai dagoen pentsamenduak, estresik ez duen buruak, hobeto irakasten eta ikasten du. Beraz, ikasleek eta irakasleek arreta eta lasaitasuna behar dituzte, haien arteko harremanak fruitu emankorrak izan ditzan, eta ezagutzaren transmisioa eraginkorra izan dadin.Mindfulnessak bi arlotan ekarriko dizkio aldaketak irakaslearen jardunari: haren egoteko moduan, eta egiteko moduan.Maila pertsonalean, irakaslearen egoteko modua alda dezake mindfulnessak. Lanbide zorrotza da irakasleena. Eguneroko gauza dira nekea eta estresa irakasleen artean, eta ez da harritzekoa. Ez da erraza egunero-egunero 24 pertsona dauden gela batean sartzea, eta zerbait irakastea bakoitzak bizi duen egoeran eta guztion artean sortzen den egoeran. Irakaslearen egoera pertsonalak erabateko eragina du haren jardunean: irakaslea nola dagoen, modu batekoa edo bestekoa izango da gelako giroa. Ondo daki hori hezkuntzan dabilenak.Eta, era berean, irakaslearen egoera pertsonala baldintzatuko dute gelan gertatzen diren egoerek; izan ere, joan-etorrikoak dira pertsonen arteko harremanak. Irakasleak egunerokotasuna mindfulness jarrera batekin bizi badu −hau da, orainean kokatuta, onarpenez eta adiskidetasun-tratu batekin−, aldaketak ekarriko dizkio horrek haren jardunari, inolako zalantzarik gabe. Hor jarraituko dute hezkuntzak egunerokoan dituen zailtasunek, ez dira desagertuko; baina aldatu egingo da horiek bizitzeko modua. Badago Mexikoko indigenek erabiltzen duten esaldi bat: “Begirada aldatzean, mundua aldatzen da, mundua aldatze-an begirada aldatzen den bezalaxe”. Horixe da mindfulnessak egiten digun ekarpenetako bat: gure pentsamendua baretzen hasten garenean, orainean egotean datzan esperientzia bizi dugunean, aldatu egiten da guk munduari begiratzeko dugun modua, gure begirada. Orainean bizitzea ikasi beharreko zerbait bihurtu da gehienontzat, zeren etengabeko jardunean ari da geure burua, pentsamenduetan, plangintzetan edota isiltasunik gabeko marmarrean sartuta, orainetik kanpo. Oraina bizitzeak garrantzi berezia du irakaslearentzat, beti orainean gertatzen baitira hezkuntza eta ezagutzaren transmisioa. Horregatik, pentsamendua baretzeak eta orainean kokatzeak aurrean daukan taldearen egoera argiago antzemateko aukera emango diote irakasleari. Era berean, irakaslearen lasaitasunak lasaitu egingo ditu ikasleak ere. Irakasleak bere ereduarekin irakasten du batik bat, eta, sarritan, irakaslearen barne-egoerak baldintzatzen du taldearekin duen harremana. Lasaitasuna, emozio guztiak bezalaxe, kutsakorra da. Norbait lasai badago, nolabait transmititu egingo da hori, eta hobetu egingo da gelako giroa.Mindfulnessak balio du duguna onartzen ikasteko ere, eta horixe da egiten digun beste ekarpen garrantzitsu bat. Bizi ditugun egoerak eta esperientziak onartzen irakasten digu mindfulnessak. Horren ohituta gaude epaiketara, kritikara, etiketak jartzera, non mekanismo horietatik irteteak aldaketa handi bat adierazten duen. Ikasleei epaitu gabe begiratzen badiegu, etiketak baztertzen baditugu, beste aldaketa handi bat ekarriko du horrek hezkuntzaren bizipenean. Baina, noski, ez da horren erraza epaiketak alde batera uztea eta onarpena bizitzea. Entrenatu egin beharko dugu arlo hori ere; ikasi egin beharko dugu, eta hori egiteko modu bat gure arnasa eta gure gorputza aztertzea eta onartzea izango da.Bitxia badirudi ere, gauzak diren moduan onartzeak geure burua aldaketarantz irekitzeko aukera ematen digu. Onarpen-jarrera horrek, mendeko lekuan jarri ordez, barne-indarra ematen digu, geure eskuetan ez dagoen horren aurka borrokatzeari uzteko eta geure eskuetan dagoena egiteko.Gure autoezagutzan sakontzeko bide bat ere bada arreta osoa entrenatzea. Gure barne-munduarekin harremanean jarriko gaitu mindfulness praktikak, gugan gertatzen den horri behatu ahal izateko. Horrela, geure burua ulertzen eta onartzen dugunean, bestea hobeto ulertuko eta onartuko dugu.Irakaslearen egitekoari dagokionez ere, ikasgelan erabiltzeko tresna bilaka daiteke mindfulnessa. Zeharkako tresna bat izango da, oso ariketa erraz eta azkarrekin ikasleen arreta bideratzen lagunduko diguna, alegia. Arreta arnasan jartzeak duen balioa praktikatu arte, ezin dugu susmatu ere egin zeinen baliagarria den hori. Soilik arnasa hartzeak eta arreta hor mantentzeak bat-batean gure barne-egoeran sortzen duten aldaketa oso azkar senti dezakegu; izan ere, zuzen-zuzeneko harremana dago arnasaren eta pentsamenduaren artean. Adibidez gelako giroa lasaitzeko esku-eskura daukagun baliabidea da arnasa. Horren zaratatsuak diren ikasgelatan isiltasunerako uneak lortzeko, baliagarria izango da mindfulnesseko ariketak egitea, gero, bai irakasleak eta bai ikasleek ikasgaiarekin modu lasaiagoan eta arreta gehiagorekin jarrai dezaten.Mindfulnessaren atzean dagoena gizakion kontzientziaren eraldaketa da. Hezkuntza −bai irakaste-prozesua, bai ikaste-prozesua− modu berri batean bizitzeko aukera eman diezaguke mindfulnessak, ardaztzat norberaren ardura, onarpena eta adiskidetasuna hartuta. Egitean baino gehiago izatean oinarritzen den bide bat da, ekintzatik sentitzera joko duena, lorpenean baino gehiago bizipenean oinarritzen dena.