EUROPAKO HEZKUNTZA-SISTEMATIK IKASTEN. Ikoitz Arrese

2017-11-01

Hezkuntza herri baten eraikuntzan oinarrizko zutabea omen da. Nolako hezkuntza, halako herria; nolako hezkuntza, halako jendartea. Hezkuntza, beraz, herri eta herritar kultu eta ikasiak hezteko tresna nagusiena omen da. Esan zuen Nelson Mandela berak: “Hezkuntza jendarte eraldaketarako tresnarik eraginkorrena da.” Malcon X-k ere egin zion erreferentzia hezkuntzari: “Hezkuntza etorkizunerako tresna da.” Eta baita Maria Montessorik ere: “Hezkuntzaren lehenengo zeregina bizitza astintzea da, baina libre utziz, garatu dadin.”

 

 
 

Ez da nire kontua soilik, beraz, hezkuntzak Euskal Herriaren eraikuntzan zein jendarte eraldaketan izan dezakeen garrantzia ikaragarri handia dela pentsatzea. Esaera horiek buruan, hainbat gertakari suertatu ziren Euskal Herrian, hezkuntzaren arloan, iragan ikasturtean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, lehenengoz, munduko mapan Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereak toki propioa lortu zuten. Honek, gainera, hainbat eskumen ekarri zituen Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin, tartean, Euskararena. Beraz, aukera leiho bat irekia dugu euskal hezkuntzak aurrera egin dezan eta are eta gehiago zabaldu dadin. Bernat Etxepare lizeoaren obrak bukatzear zeuden garai hartan ere.
Nafarroara salto eginda, aipagarrien suerta zekigukeen afera lurralde osoan euskaraz ikasteko eskubidearen bermea izan zen. Alegia, sare publikoko ikastetxeetan D ereduan ikasteko aukera errealaren egikaritzea. Motel doan zabalpena bada ere, Nafarroako “aldaketarako gobernuak” urratsak ematen jarraitu behar du, ausardiaz. Nafarroa aitzindari izan behar da bestelako hezkuntza- eredu euskaldun eleaniztun baten aldeko jardunean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, berriz, Nafarroan bezala, LOMCEren aplikazioaren enegarren ikasturtean sartuak geunden, kasu honetan Heziberri 2020ren bitartez. Ehunka familiak, ikaslek zein herritarrek tinko erakutsi zuten beste behin ere lege inposatu horrek ezarri nahi dituen errebalidei planto egitea posible dela. Gainera, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Itun baterako urratsen bat emango zuela iragarri zuen. Tarte horretan, gehiengo sindikalak hainbat mobilizazio eta greba deituak zituen Jaurlaritzaren murrizketa politiken kontra.
Testuinguru horretan, eguneroko jardunetik begirada altxatu eta herri honentzat eskaintza erreal baten beharra genuela ondorioztatu genuen EH BILDUko kideok. Hori dela eta gure borondaterik zintzoena agertu genuen herri gisako Hezkuntza Akordio tinko, parte-hartzaile eta burujabea erdiesteko.
Hainbat eta hainbat ekarpen egin genizkien herritarrei, hezkuntza eragileei, erakundeei eta alderdi politikoei Maddalen Iriarte eta Rebeka Uberaren laguntzaz aurkeztutako proposamen publikoan (www.labur.eus/5z069). Denek, jendarte desorekak gainditu eta atzean ikaslerik utziko ez duen Euskal Herrian eraiki nahi dugun hezkuntza-sistema burujabearen bidean urratsak egiteko.
Baina, zer-nolako hezkuntza-sistema da irudikatzen dugun hori? Asko hitz egiten dugu bestelako hezkuntza eredu batez, baina, zein da hori? Espainiar zein Frantziar Estatuek urte luzez inposatu digutenaren eredu iguala da? Zein da ikaslearen benetako papera hezkuntza ibilbidean? Zein funtzio dute irakasleek? Eta familiek? Zein lan-baldintza izan behar dute langileek? Zer ulertzen dugu ikastetxeen autonomiaz? Finantziazioa ikastetxeek jaso behar dute, ala ikasleek? Nolakoa da sistema publikoa? Zer-nolako harremana dute ikastetxeek eta auzo zein herriek? Nolako egitura izan behar du gure sistemak?
Egia esan, galdera lar gure buruetan eta erantzun zehatz gutxi. Hala ere, hezkuntza-sistema burujabeaz etengabean ari bagara, galdera horiek askatu beharrean gaude. Eta gauzak horrela, bilera eta bilera artean munduan zehar dauden hezkuntza eredu eraldatzaileak ezagutzeko ideia bururatu zitzaigun.
Horri tiraka, lehenengo urrats gisa, ipar Europako sistema batzuk erakusteko aukera mahai gaineratu genuen eta iragan irailaren 22an egin genuen Nazioarteko Hezkuntza Konferentzia izan zen horren emaitza. Bertan Finlandia, Herbehereak, Suedia, Danimarka eta Gales-eko ereduetatik ikasteko aukera izan genuen.
Bi zati izan zituen konferentziak: goizekoa eta arratsaldekoa. Egia esan, harro esan dezaket arrakasta itzela izan zutela biek, bai kuantitatiboki zein kualitatiboki utzitako ondorioengatik.
Goizean Euskal Herriko erakunde, elkarte, hezkuntza eragile eta norbanakoekin egin genuen lan-saioa. Bertan, beste askoren artean, Udalbiltza, UEU, UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deusto, Euskadiko Eskola Kontseilua, ELA, LAB, Steilas, CCOO, Erkide, Ikastolak, Sortzen, Ehige, Heize, Gure Platera Gure Aukera, Kontseilua, Hik Hasi eta EH BILDUko kideok izan ginen nazioarteko gonbidatuekin.
Solasaldi benetan interesgarria izan genuen, izan ere, aukera polita izan zen euskal hezkuntzaren argazkia nazioarteko lagunei erakusteko eta baita guk euren herrialdeetako zertzelada batzuk jaso genitzan ere. Egia aitortzeko, ez dakit etorritako gonbidatuek aurkeztu genizkien 25 eragileen aurkezpenaren ondoren gure errealitatearen argipenak jaso zituzten edo nahasmen handiagoa sortu zitzaien… baina tira, gustura egon zirela ezin dezaket ukatu.
Eurek lehenengo pertsonan kontatutakoari dagokionez, aipu bat egitea inportantea deritzot: etorri ziren ipar Europako herrialdeetako ordezkariak ez dira Gobernukideak. Hau da, GUE/NGL eta The Greens/EFA Europako Legebiltzar Taldeetako alderdietako kideak dira, EH BILDUren bide-lagunak. 5 kasuetan, gainera, oposizioan dauden alderdiak dira. Beraz, bereziki interesgarria izan zen euren kontakizuna, izan ere, euren hezkuntza-sistemei kritika eraikitzailea egiten diete.
Bilera horren zerbait deigarria azpimarratu beharko banu, aipatu ditudan hezkuntza-sistema horiekiko dugun begirune idilikoa litzateke. Idilikoa izanik ere, badituzte askatuta ez dituzten korapiloak, dena hain polita ez denaren seinale. Nazioartean hezkuntzagatik ezagunak diren herrialde horietan ere pairatzen dituzte murrizketak, irakasleen lan-baldintzak kasu batzuetan ez dira egokienak, migrazioa arazo gisa kokatzen dituzten korronte xenofoboen mehatxua dute…
Kritiketako bat PISA azterketari dagokionez duten jarrera izan zen. Hau da, PISAn horren emaitza onak ateratzen dituzten herrialdeak izanik, nik behintzat, pentsatzen nuen ebaluazio-eredu horrekin konforme edota eroso egongo zirela. Baina non nire sorpresa, kontrakoa dela euren iritzia. Danimarkako ordezkariak argi eta garbi esan zuen: “PISAk ez digu inongo ekarpenik egiten. Ni behintzat ranking horretatik irten egingo nintzateke.” Zer pentsa eman zidan baieztapen hain tinko horrek.
Konferentziaren arratsaldeko saioa, berriz, herritarrei irekia izan zen. Ikaragarria izan zen jendearen erantzuna. Iratzar Aretoa lepo beteta zegoen. 285 pertsona bildu ginen bertan eta arratsalde osoan zehar luzatu zen mahai-inguruaz gozatu genuen. Horrenbeste hilabeteetako lanari erantzun zioten eskola komunitateko kideek eta pozgarria izan zen, gainera, ostiral arratsaldea izanik ere gerturatu zen irakasle mordoa ikusi izana.
Gehiago ez naiz luzatuko, ez naiz ni nor eta etorri zitzaizkigun lagunen hitzartzeak laburbiltzeko. Hala ere, konferentzian parte hartu zuten Finlandiako Mikko Niemela, Herberehetako Peter Kwint, Suediako Daniel Riazat, Danimarkako Mai Villadsen eta Galeseko Leanne Wood-ek aurkeztutako guztiaren berri izan nahi duen orok aukera du ondorengo loturaren bitartez ikusteko: www.labur.eus/hwng1.
Azkenik, EH BILDUn egindako I.go Kongresu Eratzailean adostutakoari jarraiki hezkuntzaz egiten dugun hausnarketa utzi nahi dut.
“Euskal Herriak ez du hezkuntza-sistema propiorik. Frantziar eta Espainiar estatuen legeak, dekretuak eta markoak inposatu zaizkigu. Hori dela eta, ez dugu gure hezkuntza-sistema propioa kudeatzeko eta arautzeko burujabetza osorik. Hala ere, urteetan zehar, herri ekimenez egindako esfortzu nekaezinek berezko hezkuntza eredu bat eraikitzea posible egin dute.
Euskal herritar guztiek dute kalitatezko hezkuntza bat eta beren nahi eta gaitasunen araberako etengabeko prestakuntza bat jasotzeko eskubidea. Horretarako, hezkuntza-eredu propio bat defendatu behar dugu. Eredu horrek, alde batetik, euskal curriculuma izango du ardatz, eta, bestetik, 0 urtetik 18ra bitarteko hezkuntza, lanbide-heziketa eta unibertsitate-sistema bilduko dituen eredu publiko, herrikoi, paritario eta parte-hartzean oinarritutako bat.
Hezkuntza-sistema publiko baten aldeko apustua egiten dugunean, botere publikoek jendarte osoari dagozkion hezkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharra dutela hartzen dugu kontuan. Euskal hezkuntza publikoa herri-ikuspegi publikoan kokatzen dugu. Euskal sistema publikoa, gure ikuspuntutik, botere publikoak eta hezkuntza-komunitateak diseinatzen, antolatzen, planifikatzen, kudeatzen eta garatzen dutena da”.

Beraz, hau esanda, Nazioarteko Hezkuntza Konferentzia bukatzean esan nuen berdinarekin amaituko dut nire ekarpen xume hau: ”Maddalen Iriartek Rosa Parks gogoan esandakoari aipu eginez, zenbat eta gehiago obeditu, orduan eta txarrago tratatu gintuzten. Inposatzen diguten eredua desobeditu eta Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propioaren alde egin dezagun orduan! Eskerrik asko denei!”