Itziar Alduntzin ‘THE FLOOR IS LAVA’

2017-11-01

 

 

 
 

Hik Hasi-tik deitu nindutenean beraienean “Atzeko Atetik” sartzeko, (zutabe honen izen iradokitzailea), lan zurrunbilo batean harrapatu ninduten eta beraien proposamenari “bai” azkar eta pentsatu gabeko batekin erantzun nion eta…lanean segitu nuen, zurrunbiloan gustura.
Egun hartatik esanen nuke bi hilabete edo pasa izan direla honez gero eta orain (bai, azkeneko momentuan, bezperan) bi egun daramatzat zutabe honetan zer konta nezakeen pentsatzen.
Hezkuntzaz aritzeko zutabe bat zela esan zidaten eta nire oroitzapenak konta nitzakeela.
Ez nuen nire bizipenen zutabe bat izatea nahi, ordea. Hori nori interesatzen ahal zaio? Baina zertaz aritu orduan? Hezkuntza-sistemaren azken 50 urteotako garapen edo garapen ezaz? Berezko hezkuntza sistema baten beharraz? Espainiar estatukoarenaren gabeziez edota urrutiko intxaurren edonoren inbidia omen den Finlandiakoaren bikaintasunaz? Golden 5az edo azken PISA-z igual! Oso gai interesgarriak denak baina batere inspiratzen ez nautenak zutabe bat idazteko. Zertaz idatzi orduan?
Bada horretan nenbilela, zer demonio konta nezakeen pentsatzen, ohartu naiz zutabe honetxek mugiarazi dizkidala sekula santan joan ez diren oroitzapenak. Eta pentsatzen jarrita…ez dut ikasketen oroitzapenik! Jolasena bakarrik. Ez dakit ona edo txarra den hori baina hala da. Memoria selektiboaren kontua izanen da, noski.
Beti jostetan, horrela gogoratzen ditut ikastolako urteak:
Txingoan, kaniketan, Barriletean, raketan, soka-saltoan, A pillar edo Alturitas-en, oraingo The floor is Lava-n. Horietxek ditut gogoan, kito. Besterik ez .
Gelan sagarra sokatik zintzilik jarri eta eskuak atzean genituela, hozka txiki bat nork osten zion ibiltzen ginen. Jolas horrekin, eta oraingo hezkuntzan erabili ohi diren kontzeptuak erabilta, psikomotrizitatea, kolektiboa eta… pazientzia landuko genituen, ez baitut uste sagarrari azala ere altxatzera ailegatu nintzenik sekulan.
Bestela, ikastola ondoan zen Iturri Zaharrea-ra joaten ginen. Sekretuak konpartitzera, bizitzaz aritzera eta batez ere…zapoak akabatzera. Harrika gainera, biolentziaz. Hor biologia ikasiko genuen. Heriotza bera lantzeko modu bat ote zen? Edo… zergatik demonio hiltzen genituen zapo gaixoak!
Gainerakoan kanikak zeuden. Oh, kanikak! Oraindik ere bat eskuan hartzeko aukera izan dudanean, liluratuta uzten nauten kristalezko harribitxiak. Kaniketan seguruenik ere beste zerbait ikasiko genuen. Zer ez galdetu, ez dakit eta! Hizkuntza gutxituak behar bada, Kaniken Hizkuntza Gutxitua: “Txiba-txibika, buenpie; tute-matute-retute buentrespies; Gua eta e-li-mi-nau”.
Joko horiek eta beste hamaika dira bada, ikastolako nire oroitzapenak. Leitzako Mikel Deuna ikastola desagertuan egindakoak, atarian bi palmondo handi zituen indiano etxe elegantean pasatakoak. Ikastolara beti marmitarekin joaten nintzeneko gogorapenak. Hutsik eraman eta etxera bueltakoan amonaren etxean gelditu eta marruka ari ziren ukuiluko behien esnez beteta bueltatzen nintzenekoak, pozik, jostetan nahikoa ibili eta gero.
Atzo gure mutikoaren ikastolako bilerara joan nintzen. Haur Hezkuntzan dabil eta, nire gozamenerako, andereñoek jolastuz erakusten dietela ohartu nintzen, fitxak alde batera utzita (bidenabarrean esan nahiko nuke, nire harridurarako orain dela mende erdiko fitxa berberak direla, Urtxintxakoak). Hori poza 35 urte georago jostetan erakusteaz ari zirela aditzea! Zorionak Ibai Ikastola, horregatik eta aurten 50 urte betetzen dituzulako. Jolas urte askoz!