Hezkuntza hobetzea denon ardura da

2017-11-01

ESKOLAK BERE HEZKUNTZA PROIEKTU PROPIOA IZATEA BALDINTZA GARRANTZITSUA DA ESKOLAK NORABIDE ZUZENEAN SEGURU LAN EGIN DEZAN, AUTONOMIAZ, BEHAR ADINAKO FINANTZIAZIOAZ, ETA LANTALDE EGONKORRAREKIN.

 

 
 

Eta zergatik? Zertarako? Eta hau zer da? Eta hori? Eta bestea? Eta nola? Eta non?...” agortezina dirudi eskolan hasi berri den haur txiki baten jakin-minak. Baina tamalez, askotan, —gehiegitan— kamusten joaten da haurraren jakiteko irrika, herdoiltzen, lausotzen, apaltzen, mugatzen, mozten... eta handitzen-handitzen doan neurrian, haurra aspertu egiten da eskolan. Ez beti, ziurrenik ez gehienetan, baina askotan —gehiegitan— ikusten dugun errealitatea da. Haurraren errua ote?
Edo, akaso, eskolak berak, administrazioek, sistemek, jendarteak, egiturek badute erantzukizunik haurraren jakin-min horri eutsi eta indartu beharrean kamustu eta apaltzean?
Hik Hasi egitasmo pedagogikoak urteak daramatza hezkuntza hobetzeko ideiak mahai gainean jartzen, hezkuntzako hainbat praktika aztertzen, prestakuntza eskaintzen, hezkuntza-eragileei elkarrizketak egiten eta nazioarteko hezkuntza ezagutzen eta ezagutarazten. Orain, urtebetez Euskal Herriak behar duen hezkuntzaz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ondoren, hezkuntza hobetzeko ekarpena egitea erabaki du: Kalitatezko hezkuntza berma-tzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak izenekoa.
Balioetan hezteko hezkuntza proposamena da —haurraren kultura aitortzen eta errespetatzen duena; parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskaintzen duena; aniztasunean berdin eta parekide izanez ariko dena...—. Ikuspuntua eskolatik zabaltzen duen proposamena da, herrira, herritarrengana, gertuko administrazioetara. Gaur egungo antolaketa (urruneko kudeaketa, burokrazia handia, sareen arteko zatiketa, gurasoen, ikasleen, irakasleen eta herritarren arteko banaketa…) mesfidantza-iturri dela ikusten baitugu. Aldiz, Hik Hasiren ustez, jendarteak izan behar du heziketaren protagonista; heztea bere egitekoa dela sentitu behar du, eta arduraz bizi behar du.
Eta, era berean, haurra bere osotasunean hartuko duen hezkuntza proposatzen du Hik Hasik datozen orriotan aurkezten dizun dokumentuak. Aldaketa horrek, lehenik haurrari egingo dio mesede, eta beraz jendarteari, baina baita gure eskolari ere. Haurrek oinarri sendoak finkatzeko bizitzako lehen urteek duten garrantziagatik, hainbat neurri hartzea proposatzen du Hik Hasiren dokumentuak, eta Oinarrizko Hezkuntza osoa pertsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea, nerabezaroa bereziki gertutik jarraitu beharreko aroa dela jabeturik.
Herria aipatu dugu, herritarrak eta gertuko administrazioa, baina eskolari duen garrantzia aitortzen dio proposamen honek. Eskolak bere hezkuntza proiektu propioa izatea baldintza garrantzitsua da eskolak norabide zuzenean seguru lan egin dezan, autonomiaz, behar adinako finantziazioaz, egoki prestatutako zuzendaritza ondo aukeratuarekin, eta lantalde egonkorrarekin.
Irakasle, eskuartean duzun dokumentua hezkuntza hobetzeko proposamen bat da. Hausnarketarako eta eztabaidarako tresna. Proposamen serioa, zintzoa, hausnartua eta hezkuntza hobetzeko benetako borondatez egina. Belaunaldi berrientzat onena helburutzat hartuta, aurrera begira jarri eta jauzi kualitatibo bat egiteko oinarriak edo beharrezko zorua finkatzen laguntzeko asmoz taxutu duguna une koiunturaletik harago. Irakasle, herritar, guraso, edo ikastetxe, auzo, herri gisa, hezkuntza hobetzeko balioko diguna hartu eta erabiltzeko proposamena duzu hurrengo orriotan. Eskerrik asko!