HEZKUNTZA-PROPOSAMENA. Hezkuntza hobetzeko zoru pedagogiko eta etikoa

2017-11-01

 

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak hezkuntza hobetzeko proposamena aurkeztu du. Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak izenekoa. Dokumentua adosteko, urtebeteko hausnarketa egin dute sare guztietako irakasle eta hezitzaileek, eta hainbat adituk haien ekarpenak egin dituzte, horien artean, Mondragon Unibertsitateko, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, UEUko eta Baionako Unibertsitateko hainbat irakaslek. Herritarrei, irakasle eta hezitzaileei, eskola eta institutuei, gertuko administrazioei eta hezkuntza eskumenak dituztenei zuzendua dago dokumentua.

 

 
 

Haurra, garapena, hezkuntza, kalitatea, familia, eskola, jendartea… eta, horrela, zerrenda oso luzea osa genezake HEZIKETAren inguruko hitzekin. Hitz bakoitzak bere barnean esanahi sakona darama. Dudarik ez. Baina denok berdin ulertzen ote ditugu hitz horiek? Non hasten da hezkuntza? Noren erantzukizuna da? Nork hartzen du parte hezkuntzan? Nork hartu beharko luke parte hezkuntzan?… Eta, eskolari begira jarrita, duela bi mendeko egitura administratiboarekin eta iragan mendeko prestakuntzarekin, hezi al daitezke gaur eguneko haurrak?

Hausnarketa, eztabaida eta lanketa luzearen ondoren, Hik Hasi egitasmo pedagogikoak hezkuntza hobetzeko proposamen bat aurkeztu zuen pasa den urriaren 21ean Donostian. Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak. Eskola hobetzeko, baina hazkuntza- eta hezkuntza-baldintzak hobetzeko proposamena ere bada dokumentua. Heziketa ikuspegi hutsetik egindako ariketa librea da Donostian aurkeztu zuten dokumentuaren muinean dagoena, eta han azaldu bezala, “belaunaldi berrientzat onena helburutzat hartuta, aurrera begira jarri eta jauzi kualitatibo bat egiteko oinarriak edo beharrezko zorua finkatzen laguntzeko asmoz taxutu dugu proposamena, EAE-ko une koiunturaletik harago, aurrera begirako ikuspegiz eta Euskal Herri osorako”.

Hik Hasiren ekimenez, urtebeteko hausnarketa egin dute  sare guztietako irakasle eta hezitzaileek, eta hainbat adituk haien ekarpenak egin dituzte, horien artean, Mondragon Unibertsitateko, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, UEUko eta Baionako Unibertsitateko hainbat irakaslek hezkuntza hobetzeko proposamena adosteko. Egungo egoeraren diagnosia egin zuten lehendabizi (zertan asmatu da? / zertan huts egin da? / zer arrisku aurreikusten ditugu?) eta ondoren hainbat gako adostu zituzten guztien artean hezkuntza hobetzeko. Aurkezpen ekitaldian dokumentuaren lanketan eta hezkuntza hausnarketan parte hartu duten aditu eta eragile batzuek hartu zuten parte: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nora Salbotx, EHU-ko Lore Erriondo, Mondragon Unibertsitateko Nerea Alzola, Oinherri herri hezitzaileen saretik Joxe Mari Agirretxe Porrotxek eta Hik Hasiko ordezkari Kontxi Aizarna eta Xabier Sarasua irakasleek eta Hik Hasiko koordinatzaile Joxe Mari Auzmendik.

Dokumentua administrazioei zuzendua dago, hezkuntza konpetentziak dituzten administrazio guztientzako eztabaidarako proposamen dokumentua da. Baina baita eskola eta institutuentzako ere, barne eztabaidarako eta eraldaketarako. Baina era berean, herritarrak, familiak eta herrietako administrazioak (udalak) ere dokumentuaren hartzaileak dira, guztiok baitaukagu hezkuntzan ardura: “Enfokea aldatu behar dugu hezkuntza hobetuko badugu: hezkuntza guztion ardura da, guztiok hartu behar dugu gure erantzukizuna”.

 

SARRERA

Hik Hasi egitasmoak 22 urte daramatza hezkuntzako hainbat praktika aztertzen, prestakuntza eskaintzen, hezkuntza-eragileei elkarrizketak egiten eta nazioarteko hezkuntza ezagutzen eta ezagutarazten. Sorreran, euskal hezkuntzan gabiltzan guztion elkargunea izateko asmoa zuen, eta horretan jarraitzen du. Orain, urtebetez Euskal Herriak behar duen hezkuntzaz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ondoren, bere ekarpena egitea erabaki du.

Proposamen gehienak eskolan zentratzen badira ere, heziketaren ikuspegi globala izan nahi dugu oro har, herri hezitzailearen filosofiaren bidetik. Izan ere, haurrak etxekoen ardurapean igarotzen du denboraren % 80. Eskolan, denboraren % 10-12 igarotzen dute (zenbat eskola-ordu dituzten, 5 ala 6), eta, eskolaz kanpoko jarduerei edo aisialdiari dagokio gainerakoa, % 8-10 inguru. Haur-eskoletako haurren kasuan ere, % 16ren inguruan dabiltza. Argi dago etxekoen bidez jasotzen den heziketa dela oinarrizkoena, eta, beraz, familiei lagundu egin behar zaie egoera egokiak izaten eta seme-alabak ongi hazten eta hezten.

Eskolak garrantzi handia du, nola ez. Han sozializatzen da haurra; lagun-taldea egiten du; ikasketetarako eta bizitzarako oinarrizko egituraketa eraikitzen du; etxetik ekar ditzakeen desabantailak leuntzen ahalegintzen da; gurasoen taldeak sortzen dira... Baina jendartean sortzen diren zailtasunak, erronkak edota arazoak bideratzeko, ardura gehiegi jarri da haren gainean. Eskolak asko egiten du, eta are gehiago egin dezake, baldintzak hobetzen badira. Bestalde, eskolaz kanpoko jarduerak eta aisialdia gero eta pisu handiagoa har-tzen ari dira gure munduan. Eta modu egokian tratatu behar da hori.

Azken hamarkadetan, horrelako esaldiak entzun izan ditugu hainbat pedagogo, psikologo eta hezitzaileren ahotik: “Duela bi mendeko egitura administratiboa dugu; aurreko mendekoa dugu prestakuntza, eta mende honetako ikasleak hezten ditugu”. Hezitzaile askok egiten du bat diagnostiko horrekin. Baina nola egiten zaio aurre egoera horri? Nola hobetu dezakegu gaur egungo hezkuntza? Hik Hasiren ustez, jendarteak izan behar du heziketaren protagonista; heztea bere egitekoa dela sentitu behar du, eta arduraz bizi behar du. Asko lagun dezake horretan gertuko kudeaketak. Hori da Europan indartzen ari den ildoa, inbertsioak hobeto kudeatzen lagun dezakeelako, jendeak bereago sentitzen duelako heziketa, eta herritar arduratsuagoak sorraraz ditzakeelako. Gaur egungo antolaketa (urruneko kudeaketa, burokrazia handia, sareen arteko zatiketa, gurasoen, ikasleen, irakasleen eta herritarren arteko banaketa…) mesfidantza-iturri da. Hik Hasik jendarte bateratuagoa lortu nahi du, konfiantzan gehiago oinarrituko dena, kooperatiboagoa, eta ekitatea eta kohesio soziala sustatuko dituena.

Hezkuntzak duen garrantzi soziala kontuan hartuta, beste antolaketa mota bat proposatzen du Hik Hasik. Hik Hasiren ustez, denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema berriak −Euskal Hezkuntza Sistema Publiko batera-tzaile, sozial edo inklusiboak, esan genezake− hiru oinarri edo ezaugarri izan behar lituzke:

  • A. Finantzaketari eta hezkuntzako esku-hartzearen jarraipenari dagokienez, PUBLIKOA izan behar du, eta hezkuntza-eskumena duen administrazioa izango da funtzio horien arduraduna.
  • B. Eskola bakoitzak AUTONOMOA izan behar du, bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko, bai ildo edo estilo pedagogikoari dagokionez, bai ikastetxearen barne-antolaketari dagokionez (jangelaren kudeaketa hezitzailea barne). Ildo pedagogikoaren ikuspegitik, estatuek aspalditik dute eskolako hezkuntza-jardueraren norabidea beren menpe hartuta. Bada garaia hezkuntza-egitasmo bakoitzak bere kabuz hausnar dezan, eta erabaki dezan zer funtzio bete beharko lituzkeen bakoitzaren bidez mamitutako eskolaratzeak: gizarterako hezteak ez du esan nahi estatuek eta botere ekonomikoek zehaztu behar dutenik ikaslearen azken profila; aitzitik, zer gizartetan bizi behar duten kontuan hartuta bada ere, haurra den horretan aitortuz, haren identitate propioa garatzeko hauspoa emanez, berez dituen gaitasunak garatzen lagunduz eta komunitateko partaide izateko bideak jarriz lortuko da ekarpenik aberasgarriena.
  • C. Jaiotzatik nahitaezko eskolaratzea amaitu bitarteko hezkuntza-jarduera familiak bizileku duen udalerrian gertatzen da gehienetan. Horregatik, edozein udalerritako hezkuntzako esku-hartzean, ezinbestekoak dira HEZKUNTZA-ERAGILEEN arteko lankidetza, GERTUKO ADMINISTRAZIOAREN inplikazioa eta HERRIKO GAINERAKO ERAGILEEN partaidetza. Udalerriko hiru eragile mota horien arteko lankidetzan eta antolaketan nahi adina sakondu ahal izan beharko genuke, udalerriko hezkuntza antolatzeko eskumena eta bitartekoak udalaren esku uzteko aukera ere emanez, hala nahi izanez gero.

Horrez gain, Europan eredu ditugun herrialdeetako batez besteko hezkuntza-inbertsioa kontuan harturik, argi dago nabarmen handitu behar dela inbertsio hori.

Amaitzeko, Hik Hasiren hezkuntza-proposamena irekia dela esan nahi dugu. Hauxe eman du urtebeteko hausnarketak. Prest gaude edonorekin partekatzeko, besteen proposamenak entzuteko, hitz egiteko, adosteko… Azken finean, gure herriko hezkuntza-egoera hobetu nahi duten guztiek alboan izango gaituzte.

 

EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZA HOBETZEKO GAKOAK

1. Hezkuntza-jarduera balio hezitzaileetan oinarritzea

  • Herri hezitzailea filosofiaren azpian, Euskal Herri osoko hezkuntzako, euskararen arloko eta aisialdiko 14 eragilek bat egin dute (OinHerri elkartea), oinarrizko hainbat balio lantzeko eta, horrela, jendartea hobetzeko asmoz. Egoki ikusten dugu balio horiek hezkuntza-proiektuetan txertatzea eta eguneroko praktikan kontuan hartzea: Haurraren kultura aitor-tzea eta errespetatzea. Parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera eskaintzea. Aniztasunean berdin eta parekide izanez aritzea. Ingurumenarekin bizitzen ikastea. Ingurumen kulturala zaintzea. Harremanetan, euskara lehenestea. Elkarlanean aritzea, eta auzolana sustatzea. Komunitatean bizitzea.
  • Gure herriko ohituren transmisioan iritsi zaizkigun hainbat balio desiragarri aintzat hartzea −duintasuna, eskuzabaltasuna, ekimen-zaletasuna, egiarekiko eta askatasunarekiko jarrera, harreman orekatuen aldeko sena...−.
  • Nolako mundua edota etorkizuna nahi dugun egoki irudikatzea, eta horrekin koherenteak izatea: heziketaren helburu gisa, mundu hobe bat lortzea hartuko genuke. Guk hartutakoa baino mundu hobea uztea ondorengoei. Mundua iraunkor bihurtzea: naturarekin biziz, kultura-aniztasuna  errespetatuz, osasuna zainduz, elkartasuna landuz, taldeko egitasmoak indartuz…
  • Hezkuntzak herritar arduratsuak, irizpidedunak, kritikoak eta baikorrak sortzeko eta, norberak dituen dohainak ezagututa, jendartean ongi kokatzeko balio behar du.

 

2. Haurrek oinarri sendoak finkatzeko bizitzako lehen urteek duten garrantziagatik, hainbat neurri hartzea

  • Zaintza familiaren testuinguruan nahiz erakundeen eta haur-eskolaren testuinguruan gauzatu, oinarrizko helburuaren printzipio nagusia lehenestea eta berrestea: haurraren interesa. Haurren eskubideen barruan kokatu behar da hori, eta haur txikiaren garapen orokorraren mesedetan gauzatuko da.
  • Haurraren gurasoek baimen ordaindua luzatzeko aukera izatea, haurrak urtebete izan arte, gutxienez. Europako hainbat herrialdetan, aukera hori eskaintzen da dagoeneko.
  • Lehen hiru urteak bete arte, haurrak etxean zaintzeko eta hezteko erraztasunak ematea.
  • Aukera horren ordez edo osagarri gisa familiek harrera edo zaintza moduak aukeratuz gero (udalen haur-eskolak, partzuergoko haur-eskolak, bestelakoak, haurtzaindegiak, kabi-etxeak…), behar beste leku ahalbidetzea, eta ahalik eta harrera, zaintza edo heziketa onena eskaintzea.
  • Egoki litzateke kontuan hartzea Haur Hezkuntzarako Europar Sareak erreferentzia gisa hartzen dituen haur kopuruak, heldu bat 0-12 hilabete bitarteko 4 haurrekin egoteko, hau da, 1/4 erlazioa; 1/6, 12-24 hilabete bitartekoekin; 1/8, 2-3 urte bitartekoekin; 1/12, 3-4 urte bitartekoekin, eta, 1/16, 4 eta 5 urtekoekin.
  • Gizartean adin horri zuzentzen zaion eskaintza zabalaren aurrean, ezinbesteko eta berehalako gogoeta publiko, sakon eta unibertsalari ekitea, haurren garapena bermatuko duten kalitatezko baldintzak azter daitezen.
  • 0-3 adin-tarteko haurren garapenak dituen berezitasun propioak kontuan hartuta, aro hori ez dela hezkuntza hutseko aroa eta, are gutxiago, eskolaren aroa azpimarratzea; izatekotan ere, hezkuntzaren aurretiko garaiaren edo familiaren eta eskolaren arteko zubi garaia besterik ez da.
  • 0-3 adin-tarteak duen garrantzia kontuan hartuta, etapa horretan hezitzaile gisa lana egiteko prestakuntzan sakontzea, adin horietako haurren garapenaren ezagu-tzan batez ere.
  • Haur-eskoletako langileen lan-baldintzak eta soldatak Haur Hezkuntzako beste zikloetako langileenekin homologatzea. Bestalde, langile horien lana babesteko profesionalen taldeak izatea.
  • Kalitatezko arreta goiztiarra eskaintzea, haurren garapenean sor daitezkeen zailtasunen aurrean lankidetza egokia baliatzeko; eta profesionalak eta familiak elkarrekin lan egin dezaten bideak eskaintzea.
  • Haurrek eta gurasoek partekatuko dituzten espazioak eta jarduerak antolatzea, profesionalen laguntzarekin.

 

3. Oinarrizko Hezkuntza osoa pertsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea, eta nerabezaroa bereziki gertutik jarraitu beharreko aroa dela jabetzea

  • Oinarrizko hezkuntza osoan, pertsonaren hainbat alderdiren garapena ahalbidetzea: ezagutzazkoak, emozionalak, etikoak eta sozialak. Haur txikienekin, ikasteko bitartekoa jolasa izatea, eta, handitzen ari diren neurrian, bizitza errealarekin lotuko duten egitasmoak lantzea.
  • Bigarren Hezkuntzan, heziketak pisu handiagoa hartzea. Ikasgaiak irakasteaz gain, bizitzen eta pentsatzen laguntzeko eta hezteko prestatutako irakasleak izatea.
  • Ikasgai bakoitzeko irakasle espezializatu bat izan beharrean, arloetako irakasle erreferenteak edukitzea. Ikuspegi soziokulturalean oinarrituko diren eta bizitzaren eta munduaren ikuspegi konplexua landuko duten proiektu globalizatzaileak lantzea.
  • Gorputz-heziketari, filosofiari eta adierazpenarekin lotutako arloei (hitzaren baliagarritasuna, antzerkia, bertsolaritza, musika, plastika, kanta, dantza, poesia, publikoaren aurreko aurkezpenak…) ordutegi zabalagoa eskaintzea, emozioak bideratzeko bitarteko egokia delako artegintza.  
  • Hautaprobak edota selektibitatea eta tankerako probak kentzea, ikasketa-prozesua modu desegokian baldintzatzen dutelako.
  • Ebaluazioak, oro har, zertan hobetu behar den ezagutzeko balio izatea, eta hobekuntza horretarako zer bitarteko jarri behar diren erabakitzeko. Pertsonarengan eragina duen testuinguruaren ebaluazioa egitea, orain arteko kalifikazio-sistema bertan behera utziz eta une oro ikasleen autonomia zainduz.

 

4. Irakasle-hezitzaileen prestakuntza egokitzea

  • Irakasteak, zaintzeak eta hezteak duten garrantziagatik, ezin liteke edonor izan hezkuntzako profesionala. Beharrezkoak dira gaitasuna, prestutasuna eta prestakuntza.
  • Irakasle Eskolan, Pedagogian, Psikologian eta unibertsitateko beste hainbat ikasketatan, ikasleen sarreran honako arlo hauek balioestea: ikasketa-mailaz gain, haurrekin aritzeko gaitasuna, jarrera, gizarte hurbilarekiko konpromisoa, enpatia, elkarlana, ardurak hartzeko prestutasuna...
  • Maisu-maistrak eta irakasleak goi-mailako prestakuntza behar du, honako hauetan oinarritua:
    1. Haurtzaroaren Eskubideetan oinarritutako irakaskuntza.
    2. Psikopedagogian eta soziopedagogian oinarrizko prestakuntza sendoa.
    3. Metodologia berrietan prestatua.
    4. Informazio eta Komunikazioen Teknologien arloan ezagutza izatea.
    5. Curriculuma Euskal Herriko errealitate kulturalean oinarrituta egotea.
    6. Taldean lan egiteko, egoera berriei erantzuteko eta familiekin eta inguruko komunitatearekin harremanetan aritzeko gaitua egotea.
    7. Oinarrizko euskara hizkuntzan oso doitua, hizkun-tza idatzian zein ahozkoan gaitua eta goi mailako erabilera izatea, ezinbestean.
  • Prestakuntzako zutabea ikaslearen garapen pertsonala izatea, betiere profilarekin lotuta.
  • Prestakuntzan, teoria praktikari lotuago egotea. Prestakuntzaren hasieratik, haurrekin aritzea, ikastalde baten tutorearekin batera. Izan ere, bien artean aritzeak onurak ekarriko dizkio heziketa-prozesuari, eta bikote hezitzailearen abantailei probetxua aterako zaie.
  • Horretarako, gomendagarria da unibertsitatea eta eskola elkarlanean aritzea, konfiantza lortzea, eta eskolak eta unibertsitateak modu irekiagoan eta gertuagoan lan egitea, bi aldeentzako onurak lortzeko. Horren barruan, ikerkuntza eta berrikuntza proiektuak lankidetzaren bidez garatzea.
  • Laneko lehen urteetan, irakasle hasiberriek hezitzaileen taldeen laguntza izateko bideak sustatzea.
  • Ikaskuntza-prozesuetan, hobekuntza sustatzen duten faktoreei eta baldintzei buruzko ezagutza teorikoa eta praktikoa etengabe eraikitzen jarraitzea.

 

5. Eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektu propioa izatea

  • Eskola-elkarteak hezkuntza-proiektua bere sentitu behar du. Hau da, bere zentroarekiko atxikimendu handia izan behar du. Hori lortzeko modurik eraginkorrena eskola-elkarteak berak bere hezkuntza-proiektua diseinatzea, eztabaidatzea eta adostea litzateke. Beharrezkoa da horretarako hainbat alderdiren arteko elkarlana eta konfiantza lortzea (ikasleak, langileak, familiak, eragileak, udalak…). Izan ere, eskolak komunitate gisa funtzionatzen duenean, emaitza hobeak lortzen ditu, arlo guztietan.
  • Zentro bakoitzak bere proiektuarekin bat datozen langileak aukeratzeko autonomia izan behar du. Ildo horretan, zentro bakoitzak bere prozesu propioa egin behar du, bere beharren araberako bidea egiteko aukera izan dezan.
  • Eskumena duen administrazioari egokituko zaio izaten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, egiten ikasi eta ikasten ikasi ideien inguruan oso oinarrizkoa izango den curriculum bat zehaztea, eta hezkuntza-eragileekin barneko ebaluazio-sistema adostea.

 

6. Egoki prestatutako zuzendaritza, ondo aukeratua, eta lantalde egonkorra

  • Ikastetxe guztiek izan behar dute eskolaren beharretara egokitzen den zuzendaritza-taldea aukera-tzeko eskubidea eta autonomia, betiere, kudeaketa pedagogikoa lehenetsiz eta lidergo pedagogikoa indartuz.
  • Prozesu parte-hartzaileak bultzatu behar ditu, ikastetxeko pertsonen gaitasunak aintzat hartuta, eredu adierazkorrak eta hierarkikoak alde batera utzita.
  • Postu bakoitzerako behar den prestakuntza espezifikoa eskaintzea eta ikastetxean aukeratutako zuzendaritza hori epe baterako egonkorra izatea (3-5 urte).
  • Administrazio-lana egiteko, horretaz dakiten eta eskolaren hezkuntza-proiektuarekin bat egiten duten langileak aukeratzeko eskubidea izatea.

 

7. Ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatzea helburu

  • Eleaniztun diogunean, esan nahi dugu gai izan behar dutela euskara, gaztelania ala frantsesa, eta atzerriko hizkuntza bat bizitzako hainbat esparrutan egoki erabiltzeko.
  • Euskaldun diogunean, euskara bizitzako hainbat esparrutan erabiltzeko gai izateaz harago, euskal kulturaz, historiaz, identitateaz eta berezitasunez jabetu behar dutela eta, jabetu ez ezik, horren guztiaren partaide sentitu behar dutela ere esan nahi dugu. Hemengo kultura-aniztasunean errotuta eta mundura zabalik egongo diren pertsonak hezi nahi ditugu.
  • 2008an, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatuta, Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen txostena adostu zuten hainbat hezkuntza-eragilek, EHIKek, EHIGEk, Kristau Eskolak, Sortzen-Ikasbatuazek eta Hik Hasik, zehazki. Abiapuntu egokia da, gure ustez. Izan ere, beste hainbat neurriren artean, hauxe nabarmentzen du:
    1. Murgiltze- eta mantentze-ereduak lehenesten ditu.
    2. Zabaldu beharreko diskurtsoan, hizkuntzen irakaskuntzan euskarari lehentasuna emateak zer abantaila eta alde on dituen azpimarratzen du.
    3. Hizkuntzaren Normalizazio Plana gauzatzeko, ikastetxean arduradun lanpostua sortzea eta dagozkion bitartekoak ematea planteatzen du.
    4. Derrigorrezko Hezkuntza hasi aurretik, ikasleei hizkuntzen aurretiazko ebaluazioa egitea proposatzen du.
    5. Behar handiagoa dutenei premiaren araberako laguntza eskaintzea aurreikusten du, eta, bereziki, euskara-maila apalagoa dutenei (ikaslea edo zentroa) premien araberako bitartekoak jartzea.
    6. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek hizkuntza bakoitzean lortu beharreko maila Europako hizkuntzen erreferentzia-esparruaren arabera neur-tzen du.
  • Herri-mailan, hezkuntzaren eta hizkuntzaren arloetako eragile guztiak koordinatuz, gune eta jarduera hezitzaile bateratzaileak antolatuko dira, herriko hizkuntza premiei erantzun adostua emateko.

 

8. Herrietako hezkuntza-plana, hezkuntza premiei erantzuteko

  • Uste dugu gertuko kudeaketak beharrak hobeto detektatzeko eta hobeto erantzuteko balio duela. Horretarako, udalek eskumenak eta bitartekoak behar dituzte hezkuntzarekin lotutako gaietan.
  • Herri bakoitzean, hezkuntza-plan bat egitea eta sustatzea udalarekin, herriko ikastetxeetako elkarteetako arduradunekin, hezkuntzako profesionalekin eta hezkuntzan interesa duten beste eragileekin. Dinamika horretan, pisu handia izan beharko lukete hezkuntzako profesionalek.
  • Hezkuntza-planaren funtzioen artean, hauek azpimarratuko genituzke:
    1. Haurren interesak zaindu ahal izateko, herriko hezkuntza-, osasun- eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa bermatzea.
    2. Herriko oinarrizko hezkuntza-ildoa edota curriculuma adostea eta garatzea.
    3. Etorkin berriei begira harrera- eta egokitze-plan bat egitea, hau da, herrira iritsi berrien beharrei erantzutea. Haien egokitze- eta heziketa-beharrei erantzuteko, kontuan hartzea bai haiek eta bai herriko eragileak.
    4. Etorri berrientzat eskolatze-plana prestatzea, udalarekin, etorri berriekin eta eskolekin batera. Oro har, matrikulatzeko irizpideak adostea, matrikulazio-kanpainak egitea, eskoletara egokitzea eta gai horren inguruan sor daitezkeen kezkak bideratzea.
    5. Herriko hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko koordinazio-lana egitea.
    6. Modu esperimentalean bada ere, udal-eskolak sortzeko aukera izatea, dagozkien eskumenekin eta finantzaketarekin.
    7. Behar denean, hainbat programa edo hezkuntza-plan adostea inguruko herriekin.

 

9. Antolaketa administratiboa denontzako modukoa eta bateratzailea

  • Konfiantzan eraikia
  • Parte-hartzearen erraztatzailea
  • Gardentasunez bizia
  • Gertuko kudeaketan oinarritua

 

  • Europan, gertuko gestioa ari da indartzen azken hamarkadetan hezkuntzaren esparruan, inbertsioak hobeto kudeatzen direlako, jendeak hezkuntza-egitasmoa bereago sentitzen duelako, eta parte-hartzean eta demokrazian sakontzen laguntzen duelako. Erreferentzia egokiak izan daitezke
  • Finlandia, Danimarka, Estonia eta beste hainbat estatutako eredu deszentralizatuak (ia eskola guztiak udalen ardurapekoak dira), edo Italiako Reggio Emilia udalerrian 0-6 urte bitarteko haurrak eskolatzeko erabiltzen duten antolaketa-eredua (udalak zuzenean kudeatzen dituen eskolek eta kudeatzen ez dituenek osatzen dute).
  • Bestelako antolaketa-eredu bat ere izan liteke. Antolaketak, funtsean, oinarrizko irizpide hezitzaileetan ados egotea ahalbidetu behar luke,  eta, bakoitzaren aniztasuna eta autonomia errespetatuz, herriko plangintza komuna egitea.
  • Eredu horrek, hezkuntza formala (eskola), ez-formala (eskolaz kanpoko ikasketak) eta informala (etxea, aisialdia, kalea…) elkarrekin aritzeko bidea erraztu behar luke.
  • Hik Hasik, denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema planteatzen du −Euskal Hezkuntza Sistema Publiko bateratzaile, sozial edo inklusiboa, esan genezake−. Horregatik, proposamen hau egiten du eskolentzat:
    • A.    Hezkuntza-eskumena duen administrazioak diru publikoz finantzatzea, eta finantzaketa horren guztiaren jarraipena egitea.
    • B.    Eskola bakoitza autonomoa izatea bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko, bai ildo edo estilo pedagogikoari dagokionez, bai ikastetxearen barne-antolaketari dagokionez.
    • C.     Udalak herri-mailako hezkuntza antolatzeko eskumena izatea.

 

10. Jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa izatea

  • Herri baten garapenean hezkuntzak betetzen duen zeregin garrantzitsuagatik, plangintzaren erdigunean kokatu beharko litzateke, eta inbertsio-lehentasunen artean aplikatu.
  • Batez beste Europan erabiltzen den inbertsio-irizpidera iristeko plan bat egin behar litzateke. Inbertsioa nabarmen areagotzea ekarriko luke horrek.
  • Antolaketa-eredu berriak eraginkorra izan nahi badu, ikasleek aukera izan behar dute plangintza komunean dauden edozein ikastetxetan matrikulatzeko, baldintza berberetan.
  • Horrek berarekin dakar sortuko den eredu-bateratzailearen plangintzan dauden ikastetxe guztiek finantzaketa nahikoa jasotzea, oinarrizko hezkuntzan (0-18 urte) gutxienez; ekitatea (behar handiagoa duenari laguntza handiagoa eskaintzea) eta herritarren arteko kohesioa izango dira horretarako iparrorratzak.
  • Jarraipen gardena izan behar luke finantzaketa horrek.

 

ZERK BULTZATU GAITU PROPOSAMENA EGITERA? 

Hezkuntza hobetu nahi bada, hezkuntzaz hausnartu behar da, eztabaidatu, adostu. Hik Hasin etengabeko gogoetagaia da hezkuntzaren hobekuntza: zer indargune dituen, zer ahulgune, zer norabide duen, zer garapen ari den izaten azken hamarkadetan, eta abar.

Hausnarketa horietatik abiaturik, eta hezkuntza-eragile garen aldetik, orain arteko gure jardunean pauso bat
harago emateko beharra sentitu dugu: Euskal Herriko hezkuntzan behar ditugun aldaketak eragiteko indar eta bultza egiteko premia sentitu dugu, administrazioetatik zer dekretu, zer erreforma edo zer lege berri etorriko den zain geratu gabe. Ildo horretatik, gure hausnarketan
sakontzea eta beste hezkuntza-eragileekin nahiz administrazioekin partekatzea erabaki dugu. Diagnosi honetatik abiatu gara:

Zer arlotan asmatu da?

  • Oraindik bazterketa sozialeko egoerak pairatzen dituzten kolektibo eta ikasleak badiren arren, gaur eta hemen, haur guztiek dute eskolatzeko eskubidea bermatua, alfabetatuak izatekoa eta derrigorrezko ikasketak egitekoa.
  • Aurrerapen handia egin da eskolaren bidez herritarrak euskalduntzen.
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen proposamena hezkuntza eragile nagusien artean adostu da.
  • Gure herriko curriculum propioa gauzatzeko ahalegina egin da.
  • Heziketa zentroetan egon diren iniziatibek eta elkarrekin lan egiteak hezkuntza hobetzeko balio izan dute.
  • 0-3 urte bitarteko haurrekin lanean ari diren profesionalen prestakuntzan aurrerapausoak egin dira, bai zaintzan eta baita hezkuntzan ere.
  • Lanbide Heziketan egiten ari diren ikerketak eta proiektuen garapena.
  • Profesionalen aldetik, haurren heziketa prozesuan familiek izan behar duten garrantziari buruzko kontzientzia handitu da.
  • Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa herri eta pertsona gisa ditugun eskubideetan oinarritua adosteko borondatearen erakusgarri da.

Zer arlotan hobetu behar da?

  • Eskolak ez dira gai izan ikasleen portzentaia handi bat euskalduntzeko.
  • Hasierako mailetan ikasleak euskalduntzeko ahalegin eta inbertsio handia egin ondoren, derrigorrezko hezkuntza aldiaren amaieran, batxilerrean eta heziketa zikloetan, sistemak berak “deseuskalduntzen” ditu gaztelaniazko edo frantsezezko ereduak bultzatuz eta euskalduntze prozesua ahulduz.
  • Irakasteko erabiltzen diren testuliburu eta bestelako material ugarik ez dute errespetatzen euskal kultura, eskubide berdintasuna, ingurumena edota generoen arteko parekidetasuna.
  • Gure herriko curriculum propioa ez da orokortu praktikan.
  • Geletan ematen den aniztasunari erantzuteko estrategia eta baliabide nahikorik ez da jarri, eta migratzaileen konzentrazioa eskola jakin batzuetan gertatu da.
  • Oinarrizko konpetentzien garapena bermatuko lukeen marko metodologiko koherenterik ez dago erreferente gisa.
  • Burokratizazioa: gestioaren kalitateari gehiegi erreparatu zaio eta gutxiegi lidergo pedagogikoari.
  • Ikastetxeetako hezkuntza baldintzatzen duten hainbat neurri administrazioak hartu ditu. Horrek eta irakasleriaren egonkortasun ezak zailtasun handia sortzen dute hezkuntza proiektua garatzerakoan.
  • Zentroen autonomia ez da handitu.
  • Formazio iraunkorra sarri askotan maila pertsonalean geratzen da eta, ondorioz, ikastetxeko hezkuntza proiektuak ez dira gauzatzen eta sendotzen.
  • Gure artean eredu edo esperientzia alternatibo interesgarriak sortu dira, eta haien berri zabaltzeko ahalegina ere egin da, neurri batean. Edonola ere, ez dugu lortu haien arteko sare bat sortzerik, ezta ikerketarako eta analisirako esperientziatzat edo proiektu pilotutzat hartzerik ere. Ez dugu autonomiarik horrelako ekimenak normaltasunez gauzatu ahal izan daitezen, eta ofizialtasunaren barruan tokia egin diezaiegun, eta okerrena da behar dugun autonomia hori aldarrikatzeari ere utzi egin diogula.
  • Jolastuz ikasten da, ikasketa emozioetatik baizik ezin baita abiatu; baina gure eskoletan jolasteko, ekimena izateko, barre egiteko aukera gutxi dago.
  • Aurkakoa aldarrikatzen den arren, eskolek ikasleak uniformizatzen dihardute, neurri batean behintzat. Programak lehenesten jarraitzen dugu, eta horren ondorioz, ez dugu haur bakoitza den horretan errespetatzen, ezta haren erritmoa eta interesak ere. Arloka eta mailaka zehaztutako curriculumean enkorsetatzen dugu jakintza eta ikaskuntza prozesua, eta modu horretan, haur bakoitzaren ezaugarri eta interesetatik urrundu egiten gara, eta oharkabean, haurrari berez duen ikasteko grina itzalarazten diogu.
  • Espazioaren antolaketa murriztailea egiten du ohiko ikasgelak, eta haurrek mugitzeko askatasun gutxi dute. Naturatik urruntzen ditugu haurrak, eta gero Agenda 21eko programen bitartez sentsibilizatu nahi ditugu, ingurumenarekiko arduraz jokatzen ikas dezaten.

Ikusten ditugun arriskuak

  • Zatiketa linguistikoa. Bitarteko nahikorik ez dago ikasle askoren oinarrizko euskalduntzea lortzeko. Ikasle horiek guztiak desabantaila egoeran uzteko arriskua dago.
  • Zatiketa soziala. Hezkuntza Sistema sareka antolatzeak, baldintza desberdinetan tratatzeak, sailkapena, liskarrak eta banaketa soziala dakartza, eta, kasu ba-tzuetan, bazterketa.
  • Hezkuntza proiektuen indargaltzea. Eskolen beharrei ez erantzuteak (legedia, babes falta, bitartekoen murrizketak…) indarra galtzea, desanimoa eta desilusioa ekar dezake.
  • Gaur egun, administrazioaren erabaki ahalmena hain handia izateak pasibitatea sor dezake, administrazioak zer erabakiko zain gelditzeko arriskua.