231. editoriala: Zein garrantzitsua den hezitzaileek transmititzen dutena!

2018-10-01

IKASTURTE BERRIAK BEREKIN DAKARREN URDURITASUNAREKIN BATERA, FRESKOTASUNA ETA INDAR BERRIA ERE BADAKARTE HEZITZAILEEK ETA IRAKASLEEK.

 
 

Ikasturte berriak, urte berriak bezalaxe, zirrara sortu ohi du. Zerbait berria hastearen sentsazioak eta urduritasunak bat egiten dute asmo berriekin. Promesa, erronka eta helburu berriak ez dira falta izaten. Freskotasuna edo indar berria ere bai, kezkei aurre hartu nahian. Euskal Herriko ikastola batean 4 urteko haurrekin dabilen hezitzaile batek esana da ikasturte honen hasieran: “Banuen umeak ikusteko gogoa!”. Uda aurretik 3 urteko gelan bukatu zuen ikasturtea, eta orain 4 urteko gelan hasi du ume berberekin. Uda osoan haurrak ikusi gabe egon ondoren, ikusteko gogoa, alajaina! “Zenbat hazi ote dira? Zenbat aldatu ote dira? Zer kontu ekarriko ote dizkidate?”. Buruan ezezik, gorputzean ere sentitzen diren galderak dira. Eta pozgarria da hezitzaile baten ahotik horrelakoak entzutea, grina hori ikustea.

Antzeko gogoa eta kemena sumatu genuen 0-3 adin tarteko hezitzaileei zuzenduriko formazioaren bukaeran. Bi urteko iraupena duen formazioa bukatu zuen ekainean laugarren promozioak, eta irailean banatu zitzaizkien akreditazio-diplomak. Ekitaldi batean bildu ziren Hik Hasi komunitateko kideak, formazioko irakasleak eta ikasleak. Ikusi besterik ez zeuden ikasle horien aurpegiak! Bi urteko formazioak eskatzen duen lanaren eta esfortzuaren ondoren, emaitzarekin gelditu dira: euren lanean lagungarri izango duten prestakuntza. Horrek ematen duen poztasuna eta betetasuna islatzen zitzaien aurpegiko irribarrean. Jarreraren eta hitzen bidez, aldiz, ikasitakoa praktikan jartzeko gogoa adierazi zuten. Baita bizitutakoa euren artean partekatzen segitzeko asmoa ere. Eta egunerokoan haurrei eta gurasoei eskaintzeko intentzioa ere bai. Formazioko irakasleentzat, bestalde, esker hitzak besterik ez zituzten izan.

Formazioko irakasleak ere gustura aritu ziren diplomak banatu eta banatu laugarren urtez. Eta beste bi ere etorriko dira: 5. promoziokoek bigarren ikasturtea egingo dute aurten, eta 6. promoziokoek lehendabizikoa. Hasierako ilusio eta bizipozarekin jarraitzen dute formazioko irakasle horiek Loris Malaguzzi italiarraren eta Emmi Pikler hungariarraren ikasgaiak zabaltzen. Umeekin nahiz hezitzaileekin gozatzen dute. Dakitena bizi egiten dute eta horixe da transmititzen dutena. Indar eta energia hori jasota joaten dira formazioko ikasleak. Hori berekin daramate. Eta haurrekin harremanetan jartzen direnean, hor izango dute.

Antzeko zirrara eta gogoarekin hasiko ziren Euskal Herriko hainbat eta hainbat hezitzaile eta irakasle irailean eskolak ematen. Bokazioz lan eginez eta haurrekin gozatuz jarraituko dute. Elkarbizitza horretan aberastuz. Harreman horretan hartuz eta emanez. Zalantzarik gabe, jardun hori txalotu eta aitortu egin behar da barruko sugar hori itzal ez dadin. Bejondeizuela eta ikasturte berri on!