Herriko iturri bat berreskuratu dute Lizarran

2019-12-01

Lizarrako Remontival auzoan, 1856an eraikitako iturri bat zegoen. Azken hamarkadetan, iturria eta ingurua sasiak hartuta eta utzia egon dira, harik eta Remontival ikastetxeko D ereduko hezkuntza-komunitateak lekua garbitu, txukundu eta berreskuratu duen arte. Esperientzia berezia eta aberatsa izan da azken hiru urteotan auzolanean aritu diren gurasoentzat, herritarrentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat, eta txoko berezi bihurtu da Remontival iturria.

 
 

Iturri zaharretik 

edaten dut

ur berria edaten

beti berri den ura

betiko iturri zaharretik

J. Artze

 

 

R

emontival iturria berreskuratzeko prozesua kezka batetik abiatu zen: umeek kontaktu gutxi dute naturarekin. Lehen Hezkuntzako Encarni Valencia irakasleak eta talde eragileko kideak dio konturatuta zeudela ikasleek naturarekin harreman gutxi zutela. “Gure gelak nolakoak diren behatzen hasi ginen, gure patioa nola zegoen... eta konturatu ginen gure eskolako patioetan ez dagoela naturarik, eta gela barruan dugun natura arbel interaktiboan dagoena dela, sarekoa, ez zuzenekoa. Naturarekiko kontaktu falta hori normalizatuta genuela ohartu ginen, eskolan ez genuela baliabiderik naturarekin erlazionatzeko. Kezka horretatik abiatuta, natura berreskuratzeko, sentitzeko eta bizitzeko beharra sentitu genuen”.

Nahi horrek bultzatuta, ingurura begira hasi ziren, auzotik gora zegoen olibadira, eta hantxe topatu zuten aspaldi herrian oso garrantzitsua izan zen Remontivaleko iturria, sasiz betea, erabat utzia. “Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza bat baliatuz, aitzurrak, guraize handiak eta hainbat material erosi, eta iturria berreskuratzeari ekin genion”, azaldu du Valenciak. Bi ikasturtez jardun ziren ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak lekua garbitzen: sasiak kentzen, iturriaren hormatik ateratzen ziren belarrak eta zuhaitzak kentzen, horma berritzen, harrizko eskailerak garbitzen eta erabilgarri uzten, txakurren kakak biltzen... “Ni udaleko langilea naiz”, dio Alfontso Rived gurasoak, “eta hau garbitzera etortzea egokitu zitzaidan. Udaleko langileok oso gustura egin genuen lana izan zen, herriko txoko bat berreskuratzen ari ginelako herritar guztientzat”.

Denen artean, 1856ko iturria berriz bistaratzea lortu zuten. “Iturburu naturala da, han bertan sortzen da ura, eta garai batean jendeak etxera eramaten zuen hango ura, giltzurrunetarako ona zela-eta. Gaur egun, ordea, ura ez da urte osoan ateratzen. Inguruan egin diren eraikuntzen ondorioz, azal freatikoa jaitsi egin da, eta orain, euri gehiago behar da ura ateratzeko. Urtean behin ateratzen da orain, euri edo elur asko egiten duenean. Bitartean, urik gabe egon ez dadin, beste leku batetik ekartzen den ura ateratzen da iturritik”, azaldu du Valenciak.

 

Natura eta artea uztartzen

Bi ikasturtez lekua berreskuratzea lortu zuten, eta 2018-2019 ikasturtean, beste urrats esanguratsu bat egin zuten: Uharteko Arte Garaikideko Zentroak egiten duen deialdian parte hartu zuten, proiektu bat aurkeztuz, eta hura hautatu egin zuten. “Iturriaren koloreak” izeneko proiektuarekin, gauza gehiago egin zituzten iturriaren inguruan. Talde eragileko Gaizka Zubizarreta irakasleak dioenez, “proiektu honekin, gure bi kezka batu genituen: nola gerturatu naturara, eta nola hurbildu arte-hezkuntzara. Bi puntu horiek uztartu, eta proiektuarekin erantzun nahi izan genien galderei. Hemen, osagai guztiak genituen: berreskuratutako ingurune natural bat, arte-hezkuntzan izandako esperientzia bat (2017-2018 ikasturtean egina), eta parte hartzeko prest zeuden gurasoak eta hezkuntza-komunitatea. Izan ere, eskolak ikuspuntu garaikide batetik inguruan eragin dezakeela sinesten dugu, eta horri ekin genion”. Proiektuaren funtsa zen iturriaren inguruan hainbat esku-hartze edo jarduera garatzea, ikuspegi garaikide batetik.

Hasteko, proiektuaren berri eman zitzaien ikastetxeko D ereduko guztiei: irakasle zaharrei, berriei, gurasoei eta ikasleei. “Langileriaren aldetik mugikortasun handia duen ikastetxea da, eta aurreko bi urteetan egindako lanaren berri eman zitzaien irakasle berriei. Garrantzitsua da informazioa edukitzea”, dio Zubizarretak. “Gurasoen kasuan, ikasturte hasierako bilerak aprobetxatu genituen informazioa emateko. Ikasleen kasuan, aurreko urteetako jardueren jarraipen modura ikusi zuten. Pozik entzun zuten proposamena: lekuarekiko harremana aberasteko aukera ematen zuen, jarduera gehiago egitea zekarren, eta asko motibatzen zituen horrek”. 

Informazioa ematearekin batera, galdetegi bat banatu zitzaien denei: ikuspegi garaikide batetik, zer esku-hartze mota egitea proposatzen duzu? Jasotako galdetegietatik, tutore bakoitzak bildutako informaziotik eta ikasleek esandakotik proposamen ugari aurkeztu ziren, eta talde eragile bat sortu zen hori guztia bideratzeko; honako hauek osatu zuten: ikastetxeko hiru irakaslek, Uharteko Arte Garaikideko Zentroko hezkuntzako arduradun batek, udal-arkitektoak eta aurreko urteetan aritutako hainbat gurasok.

Hala, ekintzen bidez, proposamen horiek forma hartuz joan ziren, eta, ikasturte amaierarako, emaitzak ikusi ziren.

- Ikasleen erakusketa: tutorearekin zer lanketa plastiko egin adostu zuen maila bakoitzak; hau da, naturan dauden elementuetatik abiatuta, zer sortu zezaketen erabaki zuten. Talde batean, iturria irudi gisa hartu, eta mihiseak egin zituzten margotzeko hainbat teknikarekin. Beste talde batean, pertsonaiak egin zituzten harriekin, zuhaixkekin edo adaxkekin. Beste talde batek txorimalo erraldoi bat egin zuen, eta pigmentu naturalekin margotu. Esperimentuak egin zituzten tokiko landareekin eta koloreekin, eta kolore sorta bat aurkeztu zuten. Laugarren talde batek iturriaren balio sinbolikoa eta materiagabea landu zuen, iturri horrek urteetan zehar izan duen balioa. Horretarako, hainbat herritar heldurengana jo zuten, eta haiek txikitan eta gaztetan iturri horretan zer egiten zuten galdetu zieten. Horrela, iturriarekin harremana izan zuten Lizarrako herritarren testigantza horiekin, bideo bat osatu zuten. Beste talde batek soinuak grabatu eta argazkiak atera zituen, eta proposamen bat egin zuten horrekin. Ikasleen proposamen guztiak erakusketa batean bildu ziren ikasturte amaieran.

- Trencadis: Alatz Lopez gurasoak trencadis teknika erabiliz, iturriaren inguruan dagoen eserlekua apaintzea proposatu zuen. “Trenca zer?”, galdetu zioten. “Kolore askotako azulejuak eta baldosak puskatu, eta horiek horman itsastean datza teknika hori. Aproposa iruditu zitzaidan umeekin egiteko”, azaldu du Lopezek. Gurasoek kezka apur batekin ikusten zuten mailuarekin azulejuak puskatze hori, eta irakasleak ere ez zeuden oso ziur lortuko zen emaitzaz. Haur Hezkuntzako Txus Urra irakasleak eta talde eragileko kideak gogoan du zer zalantza zituzten: “zer kolore aterako zen, diseinu bat beharko ote genuen aurretik, ez ote ginen oso bortitzak izango hainbeste kolorerekin naturagune honetan... Alatzek esaten zigun lasai egoteko, ongi aterako zela, beti ongi ateratzen dela trencadisa, eta halaxe izan zen, zoragarri atera zen”. Alatz Lopezek bazekien ongi aterako zela, “bat-bateko teknika bat da, inprobisatua, pentsatu gabea. Ohituta gaude gauzak ongi pentsatuta, planifikatuta eta aurretik dena zehaztuta egitera, eta hau zuzeneko ekintza da. Gainera, emaitza beti ongi ateratzen da, eta gehienen gustukoa izan ohi da”.

Ikasleek ere ongi gogoratzen dute. Gehien gustatu zitzaiena hori izan zela diote: “Etxetik ekarri genituen baldosak. Eta baita mailua, eskularruak eta urpean ibiltzeko betaurrekoak ere, begiak babesteko. Asko gustatu zitzaigun, eta oso polita geratu da”. Valencia irakasleak erantsi du Remontival ikastetxeko umeek motxilan beti ekartzen dituztela eskularruak: “Estutxea eta erregela bezalaxe, beste elementu bat gehiago da. Izan ere, edozein unetan etor gaitezke hona”.

- Ibilbide sentsoriala: Monica Villanueva gurasoak ibilbide sentsoriala egitea proposatu zuen, Alfontso Rivedekin batera. “Naturan gehiegi esku hartu gabe, bertako landareak errespetatuz, egituratu eta bukatu gabeko gauza bat egin nahi genuen”, dio. “Interesgarria iruditzen zitzaidan aparteko materialik gabe zerbait sortzea. Horrela, banbuak jarri genituen zintzilik, eta, mugitzen zirenean, soinua egiten zuten. Enborrak ere jarri genituen, gainetik pasatzeko. Eta usaindun landareak ere bai, bidexkan zehar”.

- Iturriaren ondoan, arbel beltz bat jarri dute irakasleek eta gurasoek, iturriaren harrizko hormetan margotu ordez, han margotzeko, idazteko... ikasleek.

- Etxola moduko egurrezko egitura bat egin dute, hara igotzeko, azpitik pasatzeko eta abar.

- Cromlech forma emanez, enborrak jarri dituzte denen artean lurrean, esertzeko eta lasai egoteko, solasaldiak egiteko edo edozein jarduera didaktikori jarraipena emateko.

Proposamen horiek guztiak biribiltzeko, inaugurazio-ekitaldi handi bat egin zuten. “Alkatea etorri zen”, gogoratu dute ikasleek. “Eta musika-emanaldi berezi bat ere izan zen”, diote. Zubizarretak berretsi digu emanaldi berezia izan zela, “arraroa batzuentzat, erakargarria beste batzuentzat, edo aspergarria, infinitua… Normalean entzuten ez dugun musika izan zen; musika eskolakoek espresuki inauguraziorako prestatu zuten, musika garaikidean eta esperimentalean oinarritua. Ura izeneko musika-pieza bat sortu zuten: ez zen harmonikoa, instrumentuen beste erabilera bat egiten zuten… erabat esperimentala. Uste dugu eskolak beste sentsibilitate musikal batzuk adierazi behar dituela, komertzialak ez direnak eta eskolatik kanpora entzun ohi ez direnak”. Beste ikasle batek poesia errezitaldia du gogoan inaugurazio egunetik: “Iturrian jatorrizko ura urtean 15 egunetan baino ez da izaten, eta guk ur hori hartu egin genuen egun horietan. Ur hori beirazko ontzi txikietan sartu genuen, eta, Joxean Artzeren olerki bat jarrita, parte hartu zuten guztiei banatu genien erakusketa egunean”.

 

Amaiera-datarik gabeko proiektua

Landutako guztiarekin, bizia eman diote lekuari, eta umeak eskolatik atera, eta hara joaten dira arratsaldea pasatzera. Talde eragileko Zubizarreta irakasleak dio haurrak eskola-orduetatik kanpo iturrira joatea garaipen bat dela naturarekiko harreman horretan, eta, horrez gain, ikuspegi garaikide batetik hainbat lanketa egitea ere sormenari bide bat ematea izan dela. 2017-2018 ikasturtean Juan Gorritiren bisita jaso zutenean, ikasle batek artea zer zen galdetu zion artista nafarrari. “Artea sentitzea eta ingurunearekin komunikatzea da”, erantzun zion. “Horixe egin du proiektu honek, eta hori egiten jarraituko du”, dio Zubizarretak. “Proiektu honek ez du amaiera-datarik. Ikasketa-prozesua etengabea den moduan, hau ere etengabea da. Ez da izan esku-hartze batzuk egitea eta kito. Aurretik, bi urteko lana egin zen ingurua garbitzen; proiektu honekin, natura eta artea lotu ditugu, eta, aurrera begira, beste proiektu eta lan batzuk egingo dira”.

Valenciak ikasturte honetako jarraipena aipatu du. “Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntza jaso dugu ingurumenarekin lotutako jarduerak egiteko, eta horiek egituratzen ari gara. 6. mailan, esate baterako, sendabelarrak landuko ditugu: ikusiko dugu ea sendabelarrak badauden, ez dauden, zein dagoen, tindaketak egingo ditugu... Abiatu gara, eta ikusiko dugu zer sortzen den eta zer egiten dugun. Beti sortzen dira ezustekoak. Iaz, adibidez, 1912ko txanpon bat aurkitu genuen garbitzen ari ginela. Alfontso XII.aren edo XIII.aren garaikoa. Garai hartan Lizarrara etorri zen, eta haren omenez asmatu zuten Larrain dantza”.

 

Parte-hartze arrakastatsuaren gakoak

Lorpen bat izan da iturriaren inguruan ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak biltzea. Zubizarretak dio inplikazio handia lortu dela, eta, horretarako, giltzarri izan direla komunikazioa eta antolaketa. “Hasieratik ondo komunikatuta egon den proiektua izan da, ongi azaldua, oso irekia proiektua aberastuko duten proposamenetara eta aldaketetara. Ez da gauza itxi bat izan, zeren jendeak ez du identifikaziorik sortzen eta lanarekiko motibaziorik pizten itxita dagoen gauza batekiko. Bigarren alderdia antolaketa izan da. Hezkuntza-komunitateko partaide guztien ordezkaritza izan duen talde eragilea sortu dugu. Eskolak oso barneratuta duen hierarkia bertikala apurtu, eta modu kolektiboan kudeatu dugu. Denok garbi geneukan helburua proiektua gauzatzea zela, eta serio hartu dugun lana izan da”.

Villanueva gurasoak dio irakasleen motibazioak erakarri zuela bera, eta baita umeak gozatzen ikusteak ere. “Gune askea da haientzat, eta egiteko gauzak daude, patioko hormigoitik aparte”. Horrez gain, memoriaren kontua aipatu du Lopezek. “Iturri hau aspaldikoa da, eta hori berreskuratzea garrantzitsua da guretzat. Txikitan hona etortzen zirela kontatu digute herritar batzuek, eta leku hori berreskuratu egin dugu”. Urra irakasleak erantsi du gogoan duela 80 urtetik gorako gizon batek eta haren alabak kontatutakoa: biak joaten ziren iturrira, eta bat-batean, alaba konturatu zen berak ez zuela bere alaba iturrira ekarri. Katea apurtu egin zen. “Eta guk katea lotu egin dugu. Horretaz konturatu naiz, eta lotura hori berreskuratzea oso polita iruditzen zait”. Aldi berean, kontatu digu bera 3 urteko haurrekin hasi dela iturrira joaten, eta 11 urtera arte jarraituko dutela. “Psikomotrizitate-gelara joatea izugarria izaten da 3 urtekoentzat, baina, hara edo iturrira joan nahi duten galdetuta, nahiago dutela iturrira diote. Lotura polita lortu dugu, eta mantendu egin behar dugu”.

Ikasleek diote gustatzen zaiela iturrira joatea. “Gorago, gure txabola daukagu egina, eta gustatzen zaigu hor ibiltzea gure kasara”. 

Rivedek uste du lortuko dutela txukun mantentzea. “Hazia ereinda dago, umeen lekua da, bereganatu dute, eurena sentitzen dute, eta uste dut zainduko dutela eta jarraituko dutela hona etortzen”. Zubizarreta ados dago eta hauxe gaineratu du: “Jarraipena emateko, funtsezkoa da babesa lortzea, eta hori da orain arte lortu dena, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa”.