AITA LUCIANO

2020-02-01
 
 

H

ezkuntzari eta haurtzaroari dagokienez, urte gutxitan gauzak hainbesteraino aldatu direnez, ez gara apenas ausartzen duela ez horrenbeste nola bizi ginen gogoratzera. Gure garaian sozializatzeko bidea eman zigun eskola frankista haren ezaugarria autoritarismoa zen, agintekeriaren gorazarrea nahiz muturreko larderia, eta haren ikuspegia guztiz espainola, inperiala, handioski erridikulua eta barregarriro epikoa. Ikasgela batzuetan, Cara al Sol ereserki falangista abesten zen, eta, beste batzuetan, arrosarioa errezatzen zen. Txintik atera gabe, badaezpada. Nazionalkatolizismoa, mota batekoa nahiz bestekoa, edo bietakoa.

Ez ziren garai atseginak, ezta sistema gizagabe hartan ikasi zuten irakasleentzat ere. Urte haietan, ohikoak ziren paliopeko prozesioak, galako trikornioak zeremonietan eta elizetako lehen lerroan, ezertarako balio ez zuten baina agertokiko atrezzoan parte hartzen zuten sableak. Legeak −eta sinesmen kristauak− hala aginduta, ideario bat ikasi genuen, zeinaren ezaugarriak baitziren erretorika nazionala, gazteleraz mintzo zen jainko batengana zihoan inperioa, miseria gorria eta desarrollismo basatia, suntsitzailea eta izugarri gustu txarrekoa.

Gure eskola erlijiosoan irakasten ziharduten apaizak saiatzen ziren hondamenditik zerbait nola edo hala salbatzen. Aita Lucianoren kasua datorkit gogora. Haren izena siziliarra iruditzen zitzaidan. Azeri samarra, diskretua, hizkera patxadatsua zuena eta barnekoia, losintxak eta handikeriak maite ez zituena; ez dut uste inoiz otuko zitzaionik egunen batean berari buruz idatziko nuenik. Historiako eskolak ematen zizkigun, eta gure garaia ulertzen lagundu zigun. Nafarroa zela euskaldunen jatorria. Gure herriaren historia Nafarroaren historia dela, eta ez genuela besterik eduki, geurea zenik behintzat, azken hamar edo hamabi mendeotan.

Gure irakaslea zelarik, harekin nolabaiteko konfiantza eta konplizitatea lortu genuenean, bide erlijiosoa zergatik hautatu zuen kontatu zigun. 36ko gerraren hasieran, Nafarroako bere herrian, Molaren basapiztiek bi aukera eskaintzen zizkieten ideia errepublikarrak edo sentimendu euskaltzaleak zituztenei: “frontea ala fusilamendua”. Lucianok, liburu batzuk irakurria eta inguruko gehienak baino azkarragoa izaki, hirugarren bide bat aukeratu zuen. Apaizgaitegia. Eta horrela libratu zen, beste batzuk beste aukeretako batean zein bestean hiltzen zituzten bitartean. Gerra bukatuta, Franco irabazle zelarik, ez zen bere ezkutalekutik irtetera animatu, eta pentsatu zuen hobe zela bertan geratzea. Horrela, apaiz egin zen. Alabaina, apaiz zuhur eta eszeptiko hark bere sinesmena zeukan, eta bere ikuspegia zuen “izpiritu nazionalak” zituen ideiei, erlijioari, infernuari, espainolen loriari, Cara al Sol ereserkiari, errekonkistari, errege godoen zerrendari eta curriculum ofizialak estu-estu zaintzen zuen horri guztiari dagokionez.

Hezkuntza-sistema ezin eskasagoa zen, ustela eta gezurtia. Baina hezitzailearen gaitasunak gabeziak gainditzen zituen. Irmotasunez, konbentzimenduz eta transmititzeko trebetasunez, Lucianok gure herriaz zuen ikuspegia, zuhurtzia, nafarra izatearen memoria, euskaltasuna eta herriek askatasuna izateko duten eskubidea erakutsi zizkigun, frankismoaren garairik beltzenean. Horixe dauka irakaskuntzak; sistemak asmatu edo porrot egin dezake, baina beti da ezinbestekoa (eta ezin asmatuzkoa) pertsonaren eragina. Graham Greenek idatzitakoa ekarriz, giza faktorea.