Hizkuntza ohitura berriak sustatzen

2020-02-01

'Eusliderrak' egitasmoak dagoeneko hamarkada beteko ibilbidea egina du Berrizen. DBHko ikasleen artean hizkuntza ohitura berriak sustatzeko egitasmo honek ikasleei eurei eskaintzen die eragile izateko gidaritza edo lidergoa. Sustatzaileen arabera, egitasmo honi esker “hizkuntzen inguruko aurreiritzi batzuk aldatzea lortzen dute, ikasleek proiektuak garatzen ari diren bitartean euskaraz egiten dute, gaiarekiko sentimendu positiboak pizten dituzte, eta erabileraren datuek gora egiten dute”.

 
 

D

uela 10 urte sortu zuten Berrizen Eusliderrak egitasmoa. Berrizko Udalak sustatutako proiektua da. Udalak hasiera batean bertako langileekin aurrera eramandako dinamikari, Berriz BHI ikastetxea batu zitzaion. Azken urteetan AEK-k gidatzen du Eusliderrak programa, Udalak hala eskatuta. Aipatzen dutenez, “Ahize-AEK aitzindari izan delako egitasmo honetan”. DBHko 3. mailako ikasleei zuzentzen zaizkie dinamikak eta zikloka antolatzen dituzte ikastaroak. 

Hiru helburu nagusi ditu Eusliderrak egitasmoak. Alde batetik, hizkuntzaren garrantziari buruzko informazio esanguratsua ematea ikasleei eta horrekin batera, hizkuntzekiko jarrerak lantzea. Bigarrenik hizkuntza-lidergoa eta talde-lanaren kontzeptuak jorratzea –lidergoaz hitz egitean, berdinen arteko lidergoa kontuan hartuta, beti ere–. Eta azkenik, eraldaketa sustatu eta hizkuntzari lotutako portaera berriak sortzea da hirugarren helburua.

Zikloka egiten dituzte ikastaroak eta ziklo bakoitzak ikasturte bat hartzen duela dio Maialen Begiristain AEK-ko koordinatzaileak eta Eusliderrak egitasmoko dinamizatzaileak. Ziklo bakoitzak hiru fase dituela gaineratzen du: “Lehenengo fasean, girotze kanpaina bat egiten dugu, ikastetxearen laguntzarekin; bigarren fasean aurrez aurreko hiru motibazio saio egiten ditugu ikasleekin; eta hirugarren fasean ikasle boluntarioek proiektuak garatzen dituzte bikoteka edo talde txikitan”. 

Begiristainen ustez, girotze kanpainan “beharrezkoa” da ikastetxearen atxikimendua: “Parte-hartzaileen jakin-mina piztea izaten da helburua lehendabiziko saio hauetan. Guk materialak eramaten ditugu eskolara, eskuorriak, piruletak… Eta girotze saio honetan beharrezkoa zaigu ikastetxearen laguntza helburuak betetzeko”. 

Bigarren fasean aurrez aurreko hiru saio egiten dituzte ikasleekin. Saio horiek Euskal Herriko Unibertsitatateko Psikologia Sozialeko Sailarekin batera prestatu dituzte eta honako edukiak lantzen dituzte: 

Lehenenengo saioa: aldaketa abiatzeko baldintzak jarri eta informazio esanguratsua emaiten zaie ikasleei, “haien portaerak aldatzen lagunduko duten faktoreak lantzeko”. Bigarren saioa bitartean etxerako lan “dibertigarri eta umoretsu” bat ematen zaie ikasleei, lehendabiziko saioko haria ez galtzeko. 

Bigarren saioa: aldaketa sustatzeko saioa izaten da. Ereduak eta baliabideak eskaintzen zaizkie ikasleei aldaketa egingarria dela ikustarazteko. Bigarren etxerako lan bat bidaltzen zaie hirugarren saiora bitartean egiteko. 

Hirugarren saioa: etxerako bidali zaien lanarekin feedback-a egiten dute eta landu dutena balioan jartzen dute. 

Hiru saio horiek eta gero, ikasle boluntarioekin lan egiten dutela aipatzen du AEK-ko koordinatzaileak. “Zerrenda bat jartzen dugu gelan eta egitasmoarekin jarraitu nahi duten ikasleek izena ematen dute”. Zerrendak jaso ondoren, beste hiru saio egiten dituzte, honako helburuarekin: “Ikasleak parte-hartzaile izatetik eragile aktibo bilakatzea”. Prozesu horretan ikasle boluntarioek bikoteka edo talde txikitan ekintza sozial bat eramaten dute aurrera. Begiristainek azaltzen duenez, “haien aisialditik gustuko dituzten ekintzak identifikatu eta ekitaldi batean aurkezten dituzte, betiere euskara oinarri hartuta. Lanketa horrekin lortzen dute beraiek euskaraz ondo pasatzea”. 

Ekintza horrekin bukatzen dute ziklo bat. Baina egitasmoa ez da hor amaitzen. Koordinatzaileak kontatzen duenez, “2. zikloan, lidergoa indartzeko 3. DBHn Eusliderrak izan direnak, hau da, boluntarioak izan direnak, izango dira DBH3ko ikasleen saioak dinamizatuko dituztenak. Prozesu honetan, DBHko 4. mailan dauden ikasleekin egiten dugu guk lan. Formazioa ematen diegu, baliabideak eskaintzen dizkiegu eta ikasleak eurak izaten dira DBH3koekin lan egiten dutenak etapa horretatik aurrera”. 

 

Emaitzen neurketa eta balorazioa

Saio horietan guztietan emaitzak neurtu eta baloratu egiten dituzte Begiristainek azaltzen duenez, “etengabe”. Aurrez aurreko saioen aurretik eta ondoren galdetegiak betetzen dituzte ikasleek. “Batetik, euskararen erabilera neurtzen da galdetegi horien bidez, eta bestetik, saio bakoitzaren asebetetze maila ere bai”, dio.

Lortu dituzten emaitzen artean hiru puntu nagusi azpimarratu ditu AEK-ko koordinatzaileak: “Hizkuntzen aurreiritzien gainean iritzi batzuk aldatzea lortzen dugu, batetik. Proiektuak garatzen ari diren bitartean euskaraz aritzen dira eta gaiarekiko sentimendu positiboak pizten ditugu, bigarrenez. Eta azkenik, euskararen erabileraren datuek gora egiten dute prozesua eta gero”. 

 

Ikasleak eurak gidari

Ikasleak eurak izaten dira egitasmo honetan protagonista eta parte-hartze modu horrek aparteko balioa ematen dio proiektuari. Maiora Altzerreka garaitarra Eusliderreko partaidea izan zen Berrizko Institutuan ikasle zen garaian. Aipatzen duenez, “ikasleok euskaraz lan egiten duen beste ikasle talde bat eredu moduan ikusteak, eta gainera, dinamikek funtzionatzen dutela konturatzeak, ikasle gehiago euskaraz aritzera animatzen du”. 

DBHko 3. mailan zegoenean ikasle boluntario modura parte hartu zuen egitasmoan eta kontatzen duenez, beraien urtean ginkana bat antolatu zuten: “Jolas batzuk prestatu genituen institutuan zehar eta elkarrekin aritu ginen jolasean. Esperientzia polita da. Horrelako ekintzetan ikasleak asko animatzen dira eta harremanak sortzen dira ikasle nagusiagoen eta gazteagoen artean”.

DBHko 4. mailara pasatzean, Euslider moduan aritu zen Altzerreka, beste hainbat ikaslerekin batera. Formakuntza bat jaso zuten eta hor jasotakoa ikasle gazteagoekin lantzen aritu ziren. Ikasleak kontatzen du konfiantzazko giro bat sortzen dela ikasleen artean eta egiten den lanketaren balorazioa positiboa ikusten du: “Testuingurua ez da erraza. Berrizen nerabeen artean euskara ez da asko erabiltzen, eta euskaraz ere erlazionatu eta bizi gaitezkeela ikustarazteko balio digute saioek. Zentzu horretan, aurrerapausoak baliagarriak dira eta gainera, positiboa da ikasleok erabakitzen dugula parte hartu edo ez”.