Nerabeen metamorfosia kontrolatu nahian
Käffka-eremuetan kokatu ditu Kamikaz antzerki-kolektiboak 2049. urteko nerabeak. Emoziorik gabeko gizarte batek nerabeen pasioak eta bulkadak kontrolatzeko sorturiko eremu horietako batean, elkar ezagutuko dute Lirian eta Orion neska gazteek, eta euren amodio-historia bizi ahal izateko bidea bilatuko dute. Lesbianismoa ikusgarri egiteko eta aniztasun afektibo-sexuala lantzeko tresna gisa ere sortu dute antzezlan hezitzaile hau Amancay Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Miren Gaztañagak, Gehitu LGTB elkartearen eskariz. Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Iraia Elias, Oier Guillan eta Mikel Ibarguren aktoreek taularatzen dute. Urtebeteko ibilbidea egin du dagoeneko.
2
049. urtera garamatza Käffka antzezlanak. Gris platinoa eta zuri nuklearra dira nagusi oholtzan. Estetika futuristak, tekno musikak, koloreek, robot itxurak eta eskailera metalikoek etorkizunera garamatzate, pasioak lekurik ez daukan gizarte berri batera. Urruneko eszenak dira, agidanez, baina gaur-gaurko gaia dute jopuntuan: emozioak, askatasuna, maitasuna, nor izatea... Nerabezaroak barnean biltzen dituen gatazka eta korapiloak harilkatzen ditu Kamikaz kolektiboaren Käffka antzezlanak.
Urtebeteko ibilbidea egin du dagoeneko Amancay Gaztañagak, Miren Gaztañagak eta Erika Olaizolak osatzen duten kolektiboaren antzezlanak, baina data berriak dituzte oraindik 2020. urte honetarako, eta Käffka antzezlanak azaleratzen dituen kezka eta hausnarketak ahalik eta nerabe gehienengana iritsarazteko helburuarekin jarraitzen dute egileek, abiapuntuan eta jomugan nerabeak —eta aurrenerabeak— baititu Kamikaz kolektiboaren obra hezitzaile honek.
Izenburuak iradokitzen duen bezalaxe, Franz Kafkaren Metamorfosia lanetik gertu dago Käffka antzezlana, nahiz eta mende oso batek baino gehiagok bereizten dituzten bi sorkuntza-lanak. “Gu Franz Kafkaren oso jarraitzaileak gara —azaldu zion Amancay Gaztañagak Gara egunkariari—, eta nerabezaroa metamorfosi ikaragarria denez, nik behintzat horrela bizi izan nuen, hitz-joko hori egitea erabaki genuen”. Käffka-eremuak kontrol-eremuak dira, antzezlanak irudikatzen duen urtean sistemak nerabeak kontrolatu ahal izateko erabiliko dituen instituzioak, hain zuzen ere. “Nerabezaroa deskontrol-etapa bat denez, etorkizun horretan, Käffka-eremuak sortuko dituzte, nerabezaroa pasatzeko instituzio handiak. Gazteak eremu horietatik ateratzen direnean, gizarte kontrolatu eta desberdin batera doaz”.
2049. urteko gizartea oso kontrolatua eta neurtua irudikatzen dute egileek; uste dute ordenak garrantzi handia izango duela, eta irudikatzen dute herritarrek pasioak eta haserreak kudeatzeko zailtasunak izango dituztela. Pasioak lekurik ez daukan gizartea da 2049koa, antzezlanean entzun daitekeen bezala. “Pasioak ekartzen dituen ausardia eta kaosa ekidin nahian sortu dira Käffka-eremuak”, dio pertsonaia batek. Etorkizun horretan, Amancay Gaztañagak aurkezturiko kontrol-eremu horretan, elkar ezagutuko dute Lirian eta Orion neska gazteek, eta elkarrekin maiteminduko dira. Bai Lirianek eta baita Orionek ere naturaltasunez eta askatasunez bizi dute euren arteko maitasuna, baina gizarteak ez. “Gizartea da arazo; gizartea bera da gatazka”.
Lesbianismoa modu baikorrean bizi dute Lirianek eta Orionek, horixe baitzen Gehitu LGTB elkarteak Kamikaz kolektiboari egin zion eskakizuna, bi neska gazteren arteko amodio-harremana “naturaltasunez eta askatasunez” taularatzea. Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkartearen enkarguz egin du Kamikazek Käffka obra, eta, ibilbidean zehar, Ortzadar LGTB elkartea ere batu zaio ekoizpenari. Gehituk Harrotasunaren Antzerkia izeneko programa bat dauka haur eta nerabeentzat, gay eta lesbianen inguruko gaiei buruzko antzerki didaktikoak egiteko. Baina ohartu ziren programa horren barruan ez zutela sekula lesbianismoa ikusgarri egiten zuen antzezlanik ekoitzi, eta lan horri ekin zion, Gehituk kezka baitzeukan lesbianismoa gaur egun oraindik ez delako behar bezain ikusgarri gure gizartean: “Lesbianismoaren eremuan lan egiten dugun emakumeok kezkatzen gaituen gai bat zera da: lesbianen agerikotasunaren defizita, izan ere, iruditzen zaigu, gayen presentzia publikoa nabarmenagoa eta onartuagoa den neurrian, gehiago mugatzen dela emakume lesbianaren existentziaren agerikotasuna. Eta, are gehiago, gure garapenaren adin goiztiarrenetan, nerabeek eta aurrenerabeek erreferentzia heteropatriarkal mordoa jasotzen dute zinemaren eta telebistaren bidez”.
Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Miren Gaztañaga, beraz, kezka horretatik hasi ziren nerabeentzako antzezlana sortzen eta idazten, eta, ondoren, Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Iraia Elias, Oier Guillan eta Mikel Ibarguren aktoreekin osatu dute taldea. Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga dira zuzendariak. Gehituren enkarguari erantzuteko, zientzia fikziora jo zuten egileek, baliabide bikaina baita etorkizun distopiko bat gaur-gaurko arazoak kontatzeko; bi emakumezko-pertsonaia sendo sortu zituzten, maitasun-harremana naturaltasunez kontatzeko. Protagonista gaztetxoez gain, badira pertsonaia helduak ere: kinkilari misteriotsu bat, Käffka-eremuko andereño arduraduna, kanpotik etorritako ikuskari beldurgarria...
Nerabeak erdigunean
Lesbianismoa eta nerabeak uztartzeko eskaria zuen Kamikaz kolektiboak; izan ere, antzerkian ere, nerabeak ahaztuak daude, Gaztañagaren iritziz: “Nerabeak ahaztuta uzten dira beti, baita antzerkian ere. Haurrentzako eta helduentzako antzerkia badago, baina tartean daudenentzat, ez. Garrantzitsua da etapa horri zuzentzen diogun begirada”. Gehiturentzat ere garrantzitsua zen lesbianismoa ikusgarri egingo zuen antzezlana 12-17 urte bitarteko gaztetxoei zuzentzea nerabezaroa “metamorfosi-etapa bat” delako, “non gure ni propioa eraiki behar dugun. Beraz, garrantzitsua da nerabeei lesbianismoaren ikuspegi positiboa azaltzea, gure gizartean estereotipo negatiboak jasaten jarraitzen baitute”. Gehitukoek nerabeei erreferenteak eman nahi dizkiete, lehentasunezkotzat baitute lesbianen errealitatearen ikusgarritasunean aurrerantz egitea, “normalki ezkutatua baitago gizartearentzat oro har eta baita emakume lesbianentzat beretzat ere, eta emakume horiek nerabeak nahiz helduak izan, erreferentzia erakargarri, positibo eta onbidezkoak aurkitu gabe jarraitzen baitute gure gizarte heteropatriarkal honetan”.
Nerabeak antzezlana ikusi ostean erreferentzia berri positiboekin etxeratzea lortu nahi dute sortzaileek eta ekoizleek, baina, era berean, eta Amancay Gaztañagak Berria egunkariari esan zion eran, gustatuko litzaieke gazteek buruan hainbat hausnarketa eta galdera dituztela ateratzea: “Gai honekin, garrantzitsua iruditzen zitzaigun, emozionalki konektatzeaz gain, etxera joandakoan nerabeek buruari buelta batzuk ematea, eta esatea: ‘Ni nola sentitzen naiz bizitza beste era batera ikusten duten pertsonen aurrean?’ Haustura bat egotea nahi genuen, eta haustura horretan arrazoiak ere bere lekua izatea”.
Egileek uste dute lesbianismotik harago, maitasun erromantikoak ezarritatiko arauetatik urrun dagoen maitasun-harreman zintzoa publiko osoarentzat aberasgarria dela, helburua maitasunari lotutako gaiei buruzko hausnarketak egitea baita, irudi estereotipatuetatik urruntzea eta harreman positiboak azaltzea, ohiko maitasun erromantikoari kontrajarriz: “Proiektu hau interesgarria da LGTBI komunitatearentzat eta talde feministentzat, nahiz ikasgelen barnean, nahiz kanpoan aniztasun afektibo-sexuala lantzeko tresnak bilatzen dituen hezkuntza-komunitatearentzat ere”. Amancay Gaztañagak dio, amodio-harremana baliatzen dutela baita ere nerabeei zuzenean eragiten dieten bestelako gai batzuk eszenaren erdigunera ekartzeko: “Gazteek sentitzen duten askatasun falta eta entzunak ez izatearen sentsazioa daude erdigunean. Nerabezaroa oso erabaki potoloak hartu behar dituzun garaia da; bizitzan zure bidea zein izango den erabaki behar duzu, eta, aldi berean, deskontrol handiko etapa bat da”.
Eszenen erritmoan, pertsonaien hizkeran, musikan, eszenografiaren soiltasunean... hainbat gakotan antzematen da nerabeak oso kontuan dituen antzezlana dela Käffka. “Nerabeak oso kontuan izan ditugu kontatzeko moduan: erritmo handia bilatu dugu, testu gutxi dago mezua zuzenagoa izateko, jolas asko daukan antzezlan bat da...” Horrela, Kamikaz kolektiboari eta Gehituri gustatuko litzaieke nerabeak euren kabuz antzerkira joatea: “badirudi derrigortuta bakarrik joan daitezkeela antzerkira, eskolatik edo. Nahi dugu nerabeak antzerkira joatera animatzea, bakarrik edo kuadrillan, beraientzat baitago eginda lan hau”.
Nerabezaroa erdigunean daukan antzezlana izan arren, aurrenerabeez eta nerabeez gain, publiko orokorrari zuzenduriko antzezlana da, ikuspegi hezitzailea adin guztietako jendeari zabaldu nahi baitiote sortzaileek. “Helduek ere oso ondo pasatzen dute”, ziurtatu du Gaztañagak. Urtebete honetan, Bilboko Pabellon 6 aretoan estreinatu zutenetik, nerabeak hezteko interesa erakutsi duten ikastetxe, kultura-zentro eta gune alternatiboetan antzeztu dute Käffka. “Hunkituta geratzen da jendea, eta hori beti da pozgarria —dio Gaztañagak—. Esan digute barre egin dutela, negar egin dutela, ustez gaindituta zegoen gatazka batez jabetu direla, eta abar.” Agus Perez Berria egunkariko kritikariak ere ikuspuntu zabala nabarmendu zuen antzezlan hezitzailea nabarmentzeko idatzi zuen artikuluan: “Aretoa leporaino bete duten ikusle helduek eta askoz gazteagoek gozamen handia hartu dute egiaren bilaketaz, bizitza librearen abenturaz eta sexu berekoen arteko amodioaz hitz egiten duen lan suabe, baikor eta aurreratu honekin”.