‘Ikuspegi teknopedagogiko kritikoa’ eraikiz
IKTak eta konpetentzia
digitalak hezkuntzan izeneko liburua argitaratu du UEUk, EHUrekin elkarlanean, IKTen alorreko 32 adituk idatzia eta Mikel Iruskietak, Montse
Maritxalarrek, Amaia
Arroyo-Sagastak eta Abel Camachok koordinaturik. Bi erakundeek 2016-2017 ikasturtean abian jarritako graduondokoa dago
liburuaren oinarrian.
Z
ertan laguntzen dio teknologiak hezkuntzari? Zer interakzio berri ematen dio teknologiak ikasleari? Ikasleen eta irakasleen arteko harremanean, nola lagun dezake teknologiak? Teknologiaren bitartekotza erabilita, noraino irits litezke ikasleak? Zer muga gainditzen lagun diezaioke teknologiak ikasleari? Une honetan, koronabirusaren krisiak ikastetxe guztiak itxi dituen eta irakasle asko eskolak modu birtualean ematen ari diren une honetan, inoiz baino indar handiagoz jarri dira mahai gainean teknologien eta hezkuntzaren uztarketaren inguruko galderak. Hilabete batzuk lehenago, itaun horien inguruko hausnarketak bildu zituen UEUk eta EHUk elkarlanean argitaraturiko IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan liburu mardulak. Erantzunak askotarikoak dira; izan ere, aditu ugarik parte hartu dute liburuaren osaketan, baina iparrorratz berberarekin idatzi dute guztiek euren atala: teknologiaren erabilera irakasteko praktiketan eta ikasteko prozesuetan uztartu behar dela ikusten dute. “Hezkuntza eta teknologia uztartzea moda kontua dela dirudi, baina binomio hori errealitate bat da, eta errealitate horri uko egitea ez da gure aukera —azaldu zuen Amaia Arroyo-Sagasta irakasle eta liburuaren koordinatzaileetako batek aurkezpenean—. Hezkuntzak erantzun egin behar dio ikasleen testuinguru errealari”.
2016-2017 ikasturtean antolatu zuten UEUk eta EHUk elkarlanean heziketa, IKT-ak eta hezkuntzan konpetentzia digitala lantzeko graduondokoa: HEZikt: IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan izenekoa. Graduondokoaren helburu nagusia teknologiak hezkuntzan (eta bereziki euskal hezkuntzan) nola eragin duen (eta nola eragiten ari den) aztertzea da, bai eta horrek ekarriko lituzkeen abantailak eta arriskuak zein diren ikustea ere. Eta, hain zuzen ere, graduondoko horretatik abiaturik ondu dute IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan liburua. Argitalpen berri honekin, maila akademikoan hezkuntza- eta teknologia-gaiak jorratzen dituen euskarazko alorrean zegoen hutsunea betetzea izan da egileen helburuetako bat, Mikel Iruskieta graduondoko irakasleak liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez: “Euskarazko bibliografian badaude aldizkari garrantzitsuak eta ekarpen garrantzitsuak, baina bibliografia egiteko beharra badago, eta liburu honek arlo asko eta egile asko hartzen ditu. Eta uste dugu oinarri bat jarriko duela”. Horrez gain, liburuaren bigarren helburua graduondokoa webgunetik harago zabaltzea da: “Graduondokoa online den arren eta nahiko irekia den arren —modularra da eta zatika egin daiteke—, pertsona guztiek ezin dute parte hartu. Liburuarekin, graduondokoaren ateak webgunetik harago zabaldu nahi genituen, jendeak ikus dezan graduondoko honetan zer lantzen dugun”. Hirugarren helburua diziplinartekotasuna lantzea izan da, hezkuntza eta teknologiak hainbat ikuspegitatik uztartzea: “Gaian adituak diren irakasle asko elkartu ditu liburuak. Graduondoko irakasle gehienek parte hartu dugu, eta, gainera, kanpoko jendea ere gonbidatu dugu idaztera, eta horrek ikuspegi ezberdin asko batzea ekarri du”. Lan guztia barnebiltzen duen helburu nagusia, ordea, hala liburuarena nola graduondokoarena, euskaraz ikertzen duen komunitatea sortzea da: “Konpetentzia digitalak, teknologia, hezkuntza, hizkuntzen irakaskuntza eta, oro har, horrelako gaien inguruan hezkuntza formalean eta ez formalean ikertzen duen euskarazko komunitatea sortzea da gure helburua”.
Liburuak teknopedagogiaren gai, ikuspuntu eta joera nagusien egungo egoeraren berri ematen du, eta, horretarako, puntako 32 egile batu dituzte liburura. Iruskietarekin eta Arroyo-Sagastarekin batera, Montse Maritxalar eta Abel Camacho irakasleak izan dira liburuaren koordinatzaileak. Maritxalarrek azaldu zuenez, “teknologiaren eta hezkuntzaren arloetan Euskal Herrian dugun argazki bat eskaintzen digu liburu honek. Liburuan parte hartu duten idazleak ez dira edonor, arlo horretan adituak dira, eta esparru zabala hartzen dute”.
Ikuspuntu kritikoa
Hezkuntza eta teknologiak hainbat ikuspuntutatik batzen ditu liburuak, errealitatea biak bereizten saiatzen bada ere: “Alde batetik, eskolak dauzkagu, oro har hitz eginda, betiko praktikak eta betiko materialak erabiltzen jarraitzen dutenak; eta, beste alde batetik, ikasleak ditugu, eskolatik irtetean errealitate digitalean guztiz murgilduta daudenak. Ideia orokorra da gaur eguneko ikasleak, teknologiaz inguraturik jaio eta hazi direnez, adituak direla eta oso iaioak direla teknologietan. Baina ez da horrela. Gu kotxez inguratuta jaio eta bizi gara, baina horrek ez gaitu egiten motor gaietan aditu, edo ez garamatza kotxe batek nola funtzionatzen duen ulertzera”. Ikasleen kasuan ere gauza bera gertatzen dela uste du Arroyo-Sagastak, eta ikasleen testuinguru erreal horri eskolak erantzun egin behar diola nabarmentzen du: “Muinera joanda: teknologia geletan txertatu izan da, baina gure ustez, irakasteko eta ikasteko praktiketan uztartu behar da, ikasteko prozesuen izaera kontuan hartuta bideratu eta sustatu behar da erabilera hori, konpetentzia digitala areagotze aldera, eta ondoren hitz egingo dugu tresnei buruz”. Teknologia digitalek hezkuntzako erronkei erantzuteko modu ugari ekarri dituzte dagoeneko: inklusioa, nonahikotasuna, ikasmaterialen aniztasuna eta moldagarritasuna eta arreta pertsonalizatua, besteak beste, baita euskal curriculuma inplementatzeko aukera ere. Horiek guztiak, egileen ustez, “uztartu egin behar dira gaur egungo hezkuntzan, euskararen eta euskal komunitatearen ikuspegitik”.
Graduondoko irakasleen ustez, “ikuspegi teknopedagogiko kritikoa” eraiki behar da. “Teknologia eta pedagogia uztartzeko begirada kritikoa eraikitzen ari gara —azaldu zuen Arroyo-Sagastak—. Horrek esan nahi du informazioa, datuak, ikerketa eta ebidentziak kontuan hartuta joango garela eraikitzen, eta baliteke orain baiezkotzat jotzen duguna hemendik bi urtera aldatzea edo birmoldatzea edo guztiz iraultzea: teknologia oso arin aldatzen baita”. Liburuaren egileen aburuz, irakasteko praktikak teknologiaren beharra du, eta orain da teknologiak eta hezkuntzak ikuspuntu kritiko batetik bat egiteko unea. Bi egiteko ezartzen dizkiote teknologiari hezkuntza-berrikuntzaren alorrean: “Batetik, ikaskuntzan egin beharreko atazetan laguntzea edo hobetzea, hots, aurrez aurreko ikaskuntzaren kalitatea hobetzea, eta, bestetik, ikaskuntzari balio erantsia ematea, hau da, testuinguru digitalean zentzu gehiago duten atazak eta metodoak bultzatzea.”
Irakasleei, ikasleei eta komunitateari zuzendua
Liburuaren egileak irakasleak dira, eta teknologiei begiratzeko ikuspuntua pedagogikoa da, beraz. Arroyo-Sagastak azaldu zuenez, irakasleak dira liburuaren hartzaile zuzenenak, baina ikasleei eta, oro har, hezkuntza-teknologien binomioan interesa duten irakurle guztiei zuzentzen zaie, baita gurasoei ere.
Kepa Sarasola UEUko zuzendariak euskal komunitatearentzat oparitzat aurkeztu zuen IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan liburu berria, UEUren katalogoko 463. zenbakia, eta bere erakundeak argitaletxe gisa egiten duen lana nabarmendu zuen: “Liburugintzaren alorrean, UEUren helburua bikoitza da: azpiegitura bibliografikoa sortzea, batetik, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea, bestetik. Unibertsitate-mailako ikasketa zein ikerketan bibliografia zabala edukitzea ezinbesteko baldintza da unibertsitate-eredu osasuntsu bat lortzeko. 1978. urtean lehen liburua argitaratu genuenetik, dagoeneko 463 izenburu ditugu gure katalogoan, eta unibertsitate-mailako euskarazko testugintzan dekano bilakatu gara”.