ESKOLAK ITXITA, LAGUNTZA- SAREAK IREKITA

2020-05-01

Beste hilabete batez konfinamenduak ikastetxeak itxita mantendu ditu. Ondorioz, ikasle asko online ari dira eskolak jasotzen eta lanak eskuratzen, nor bere etxetik, bere ordenagailutik, pantailaren beste aldetik, eta ez da gauza bera. Denak dira horren jakitun, ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Informazioa eta interakzioa bermatzeko ekilibrista lanak egiten ari dira guztiak eta egoera eta premia berri horietatik sortu dira laguntza-sareak. Modu batera edo bestera, Euskal Herri osoan laguntza-sareak sortzen ari dira eta horietako hiru esperientzia bildu dira hemen: Donostiako Axular lizeoan ikasle ohiak ari dira ikasleei laguntzen, Etxarri-Aranatzeko Andra Mari ikastolan praktiketako ikasle ohiak eta Lasarte-Oriako Oriarte institutuan ikasleak.

 
 

A

zken aste hauetan ohiko eskolabideak zeharo aldatu dira COVID-19aren krisiaren eta horrek ekarri duen konfinamenduaren ondorioz. Ikasle eta irakasleen arteko aurrez aurreko komunikazioa eten egin da eta online deitzen dugun erlazio bidea zabaldu. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua bi hanken gainean dabil: informazioa eta interakzioa. Aurrez aurre zein distantziaz separaturik, ikasketa prozesu guztiek informazioa eskatzen dute eta informazio hori asimilatzeko interakzioa. Aurrez aurreko irakaskuntzan irakasleari dagozkio, nagusiki, bi egiteko horiek. Informazioa emateko liburuen (edota beste bitartekoen) laguntza izaten du eta interakzioa izaten da hortik aurrera bere lan denbora gehiena betetzen duena. Nola aldatzen da egoera didaktikoa onlineko irakaskuntza garatzen denean? Ikasleak informazioa jasotzen du eta hemen galera txikia da informazio hori ongi egituraturik baldin badago. Baina zer gertatzen da interakzioarekin? Bada, kaleidoskopioa zabaltzen dela eta joan-etorrien kopurua biderkatzen dela.

 

Baina irakaslea bakarra da eta ikasle bakoitzak berea behar du. Horregatik da egoera honetan horren garrantzitsua komunikazioa mantenduko duten pertsonen, irakasleen lana egingo duten beste pertsonen, kopurua handitzea. Geroz eta irakasle eta laguntzaile gehiago, orduan eta atendituagoak egongo dira ikasleak eta geroz eta hobea izango da interakzioaren kalitatea. Online irakaskuntzan, ohiko irakaskuntzan bezala, informazioaren eta interakzioaren kalitateak baldintzatuko du arrakasta, baina onlineko irakaskuntzan zaila da interakzioaren kalitatea bermatzea irakaskuntzaren atal honetaz arduratzen diren pertsonen kopurua ez bada handitzen. Erreportaje honetan bildutako esperientziak ideia horien adibide dira. Ikastetxeko ikasle ohiak, irakasle praktiketako ikasle ohiak edota ikasleak beraiek izan daitezke irakaslearen funtzioa bete dezaketenak beste ikasle batzuentzat, denbora eskaini dezaketenak ikasleei laguntzeko eta interakzioa bermatzeko.

D

onostiako Axular lizeoan Etxeko LanKide ekimena jarri dute martxan desberdina eta ezohikoa den egoera honetan ikasleei laguntzeko. Ikasle ohiak ikasleei laguntzen jarri ditu egitasmo honek.

Berehala konturatu ziren egoera honetan hainbat ikaslek laguntza gehigarria beharko zutela, tutorearen eta gurasoen babesa jaso arren. Itziar Redondo egitasmoaren koordinatzaileetako bat da eta laguntza hori mota askotakoa izan daitekeela dio: “Guraso batzuek ez dute euskara menderatzen eta ez dira gai sentitzen seme-alabei laguntzeko; beste batzuk ez dira gai eduki horiek erakusteko, batik bat DBHn; beste batzuek etxetik kanpo lanean jarraitu behar dute eta ez dute aukerarik seme-alaben aldamenean egoteko; beste batzuk teknologia berriekin ez dira moldatzen. Beraz, batzuei zein besteei lagundu egin behar geniela ikusten genuen eta ikasle ohiengana jo genuen laguntza bila”.

 

Axularkide egitasmoan biltzen diren ikasle ohiengana jo zuten laguntza eske. Aldi berean, LH 5. mailatik Batxilergorako familiei ea laguntza osagarria nahi zuten galdetu zitzaien. “Informazio hori guztia bildu eta aztertu egin genuen zuzendaritzan orientatzaileen laguntzarekin. Alde batetik ikasleen beharrak zein ziren, bestetik ikasle ohiek eskaini zezaketena zer zen, eta ondoren, ikasle-bidelagun bikoteak osatu”. Guztira 25 bikote ari dira parte hartzen.

 

Bidelagun izateko izena eman duten ikasle ohiak profil anitzekoak dira: ingeniariak, lorezainak, dendariak, erizainak, unibertsitsateko ikasleak... Denetarik dago. Xabier Arraztio, esate baterako, arkitektoa da; horrez gain, Axularreko ikasle ohia eta bertako guraso gaur egun —LHko 5. mailan ditu seme-alaba bikiak—. DBH 3. mailako ikasle bati laguntzen ari da. “Lehenbiziko bi egunak elkar ezagutzen pasa genituen”, kontatzen du. “Bat-batean beste baten etxean sartzen zara, ez zaitu ezertaz ezagutzen, nik ere ez bera, eta beraz, oso garrantzitsua da elkar ezagutu eta konfiantza giro bat sortzea: zer pelikula gustatzen zaizkizu, zer ari zara irakurtzen... bere bizitza, azken finean. Behin hori finkatu ondoren egin ditzakezu beste gauza batzuk”. Arraztiok dio hortik aurrera beraien egitekoa ez dela edukietan zentratu, lan ohituretan baizik. “Gure kasuan hori izan da premiazkoena: antolaketa, ordutegia, lan-ohiturak finkatzea... alderdi horietan eman diot nire laguntza”. Izan ere, banakako laguntza hau ematean konturatu dira bidelagunak ikasle bakoitzaren beharrak eta zailtasunak zein diren.

 

Nerea Goitia June Galan DBH 3. mailako ikasleari laguntzen ari da, eta beraien arteko harremana oso erraza izan dela diote biek. “Berehala konektatu dugu, ez dugu Xabierrek dioen bezala denbora pasa behar izan konfiantza lortzeko eta oso-oso gustura nabil berarekin”, dio Nerea Goitia bidelagunak. Astean hiru egunetan jartzen dira harremanetan bideokonferentzia bidez, egunean ordubete gutxi gorabehera, baina malgutasunez jokatzen dute beharren eta lanen arabera. “Hasieran beti komentatzen dugu zer moduz gauden, eta gero edukiak lantzen hasten gara”. June Galan ikasleari ondo datorkio Nereak eskaintzen dion laguntza. “Irakasleak online ematen digu eskola 30 ikasleri, eta Nerea nirekin bakarrik dago. Oso desberdina da. Nerea iturri azkarragoa da eta berarekin kontaktatzen dut”. 

 

Enpatia handiz bizi du Goitiak esperientzia hau eta horrexek bultzatu du parte hartzera, hain zuzen ere: “Ingenieritza ikasketak egin ondoren, orain doktoradutza ikasketak egiten ari naiz eta Juneri gertatzen zaion gauza berbera pasatzen zait niri ere; eskolak online jasotzen ari naiz eta badakit zer den hori. Aurrez aurrekoan dinamika gehiago dago, online oso hotza egiten da. Nik ere eskertuko nuke horrelako laguntza”. Gainera, guraso biak Axularreko irakasleak ditu Goitiak, eta etxean ikusten du zein zaila den betidanik aurrez aurre egin diren jarduerak digitalizatzea.

Juneren ama Amaia Estala oso gustura dago alaba jasotzen ari den laguntzarekin eta bidelagunarekin. “Nerea erabat inplikatuta dago, uneoro hor dago edozein zalantza edo galderatarako. Egoera zaila bizitzen ari gara eta gure kasuan telelana eta etxea kontziliatzea ez zaigu erraza suertatzen ari. Ni etxetik lanean ari naiz, aita ere bai, seme txikiagoa daukagu eta hari ere lagundu behar zaio, jatorduak prestatu behar ditugu eta abar; lan bolumena igo zaigu. Horrez gain, euskaraz ez dakit oso ondo eta zailtasun akademikoak ditugu DBHn lantzen ari diren edukiak azaltzeko”. Gurasoek guraso rola dutela dio Estalak, eta ez irakasleena. “Esplikatzen hasten naiz, ez daukat hainbesteko pazientziarik eta azkenean haserre bukatzen dugu. Egoera horrek tentsioa sortzen du, eta nahikoa tentsio bizitzen ari gara bizitzen ari garenarekin horrez gain beste bat sortzeko ikastolako edukiengatik”.

 

Gurasoen eta irakasleen zereginak aipatzean, Arraztiok ulertzen du guraso batzuk edukiekin laguntzeko gai ez sentitzea. “Baina antolaketan edozein gurasok lagundu diezaieke seme-alabei, adibidez, 22:00ak baino beranduago ohera ez joaten, ikasten hasiarazten, irakurtzeko animatzen... Horretarako ez ditugu edukiak behar. Horretan guraso izan behar dugu, ez besterik”.

 

Babesa eta gertutasuna

 

Edukiak lantzeko aukera izateaz gain, gertutasuna sentitu dutela azpimarratzen du Estalak, eta ikastolaren aldetik horrelako ekimena martxan jartzea izugarria izan dela, oso ondo etorri zaiela. “Nik uste dut ikasleek behar dutela beren irakasleak, tutoreak eta bidelagunak beraiengatik kezkatzen direla sentitzea. Ez akademikoki bakarrik, baizik eta ‘zer moduz zaude, nola daramazu, zer behar duzu...’ galdetzea”. Alabak ere baietz dio, hori eskertu duela. Itziar Redondo koordinatzailea ere ados dago horrekin. “Egiten dutena baino gehiago sentitzen dutena da. Babes sentimendua mantentzen laguntzen du ekimen honek”. Horren adierazle da Aste Santuko oporretan ere batzuek hartu-emanean jarraitu izana. “Gainera, etxean gurasoekin euskaraz hitz egiten ez duten ikasleei ongi etorri zaie, nola dauden jakiteko deitu dieten bitartean euskaraz hitz egiteko aukera izan dutelako”. 

 

Gustura egoteaz gain, hausnarketarako tartea ere eman die esperientziak. “Babesaren alderdia gehiago landu beharko dugu aurrerantzean”, dio Redondok. “Eduki batzuk kendu beharko ditugu eta gure haur eta gazteak babestuta sentitzeko zer behar duten ikusi. Begietara begiratu behar diegu eta zer behar duten ikusi”. Arraztiok ere agian edukietan eta curriculumean aldaketak egin beharko direla ikusten du. “Zergatik jakin behar dugu logaritmo nepertarrak nola egiten diren? Ni arkitektoa naiz eta ez naiz gogoratzen nola egiten diren logaritmoak. Batzuetan gero erabiltzen ez diren edukiak irakasten dira”. 

 

June ikasleak dio aldaketa handia izan dela eskolak online jarraitzea. “Eskolak jasotzen jarraitzen dugu, baina ez da gauza bera. Pantaila baten atzean gaude eta nire ustez hobe da ikastolara joan eta aurrez aurre jasotzea”. Aurrez aurrekoa eta arreta pertsonalizatua aipatu ditu Junek. Irakasleek ezin diete banakako arreta eskaini 30 ikasleri. “Nork egin dezake hori ikastetxe batean?”, galdetzen du Arraztiok. “Orientatzaileak. Baina orientatzaile bakarra baldin badago 800 ikaslerentzat? Agian orientatzailearen funtzioa eta zeregina garrantzitsua dela ikasiko dugu krisi egoera honetan eta orientatzaile gehiago behar ditugula ikastetxeetan”.

E

txarri-Aranatzeko ikastolan ere ederki antzeman dute ohiko eskolabideak zeharo aldatu direla. Garbi ikusi dute konfinamendu egoerak ikasle batzuen beharrizanak areagotu dituela. Arazo horri irtenbide egokia emateko Etxarri Aranatzeko Andra Mari/Sakana ikastolak unibertsitatean irakasle ikasketak egindako eta ikastolan praktikaldia burututako ikasle ohien laguntza baliatu du. Une honetan DBHn bost ikasle ohik eta LHn beste batek eskaintzen diete beraien denboraren parte bat bederatzi ikasleri ikasketa telematikoek sortutako zailtasunak kudeatzen laguntzeko. 

“Ikastolako zuzendaritza taldeak bideratuta, Lehen Hezkuntzako etapa bilera batean, ikastolan bertan irakasle ikasketetako praktiketan aritutako unibertsitateko ikasleek hainbat umeri laguntzeko aukera ipini zen mahai gainean”, kontatzen du Itziar Aldaz orientatzaileak. “Ideia hori ontzat hartu eta orientazio praktiketan zegoen ikasle bati eskaini zitzaion aurrera eramateko aukera. Emaitzak positiboki baloraturik, DBHn detektatutako beste behar batzuei antzeko soluzioa ematea pentsatu zen”. 

Laguntza saio hauek eraginkorrak izateko lehen urratsa laguntzailearen eta ikaslearen arteko lotura emozionala ziurtatzea da. Behin hori lortuta, irakasle laguntzailea ikaslearen itzala bihurtzen da, goiz osoko ibilbidean bere parean joanez. Hori guztia posiblea da bien artean goizaren hasieratik meet bidezko konexioari esker. “DBHko etapan, ikasleek ordu eta erdiko hiru saio dituzte eta saio bakoitzean irakasleek egin beharreko lanaren azalpena eta jarduerak planteatzen dituzte. Helburua proposatutako lana saio horietan bukatzea da, arratsaldea familiarekin edota beste jardueretan pasatzeko aukera emanez”, azaltzen du Estitxu Ruiz Pedagogia Terapeutikoko irakasleak. 

 

Koordinazioa da bermea

 

Laguntza eskaintzeko urrats hauek jarraitu dituzte: 

- Meet-en ikaslearekin konektatu eta ikasleak pantaila aurkeztu. Laguntzaileak ikasgelara joateko orientabideak ematen dizkio eta egokitzen den saioan sartzeko eskatu. 

- Arloko irakasleak planteatzen duen lana irakurri: batzuetan Meet-en konektatzeko irakasleak eskatzen du eta beste batzuetan aginduak idatziz daude. 

- Saio horretako lanak planifikatu eta zalantzak argitu edo bideratu (irakasleari galdetuz…).

- Lanak entregatu dituztela ziurtatu. 

- Goizearen bukaeran zer falta zaien ikusi eta ez badute egin irakaslea informatu zergatia azalduz.

Hori guztia aurrera eramateko baldintza batzuk bete behar dira. “Lehenik eta behin, irakasle taldeak, orientatzailearekin batera, zein ikaslek behar duen laguntza erabaki behar du. Bestalde, familia informatu eta bere oniritzia jaso. Azkenik ikastolako IKT arduradunaren inplikazioa ezinbestekoa da”, deskribatzen du Ruizek. Eta ondoren, noski, lan honen jarraipena egitea beharrezkoa da. “Horretarako, orientatzailea eta irakasleak praktiketako irakasle laguntzaileekin kontaktuan aritzen dira”, gehitzen du Aldazek. 

Esperientzia honek inprobisazio une asko izan ditu, inplikatuta dagoen jende guztia koordinatzea ez baita lan erraza. Funtzionamendua momentuan sortu diren elkarrekintza eta egoeretara egokitzen joan da. Ondorioa? “Oso esperientzia polita eta onuragarria izaten ari da ikasle zein irakasleentzako. Etxarriko Andra Mari ikastola oso eskertua dago ikastolan praktikaldia egin zuten unibertsitateko ikasle ohiek azaldu duten borondate onarekin eta eskerrak ematen dizkiegu hau posible egin duten guztiei”. Gainera, laguntza-sarea hedatuz doa: hasieran irakasle ikasketak egiten ari ziren eta praktikaldiak ikastolan egin zituzten ikasle ohien laguntza jaso baldin bazuten ere, jada beste ikasketa batzuk egin dituzten ikasle ohiak ere animatu dira ikastolako ikasleei laguntzeko.

I

kasleek orain arte ohitu gabeko modu berri batean jarraitu behar dute ikasten, irakasleek bidaltzen dizkieten lanak egiten, eskolak bideokonferentzia bidez jarraitzen eta abar. Batzuk erraz moldatzen dira, beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Eta hori beste inork baino hobeto dakite beraiek. Horregatik, elkarri lagundu diezaioketela konturatu dira Lasarte-Oriako Oriarte institutuko ikasleak eta ikasleen arteko laguntza-sare bat jarri dute martxan. Institutu horretako eta Usurbilgo Udarregi ikastolako ikasleak ari dira parte hartzen.

Ikasleen asanbladatik hasi dira ekimen interesgarri eta berritzaile hau kudeatzen eta antolatzen, besteak beste, Elorri Armendariz eta Malen Arregi ikasleak. “Gora Ikasleon Borroka mugimenduan antolaketa berri bat sortu nahi da, eta une honetan Kargatzen prozesua ari da aurrera eramaten hainbat ariketa eta ekimen eginez. Konfinamendu garai honetan ikasleen beharrak zein diren jakin nahi izan da eta ideia horri tiraka etorri da ikasleen sareak sortzeko enbidoa. Guk, enbido horri heldu egin diogu”.

Izan ere, horretarako motiborik badela ikusi dute. “Batzuk ondo jarraitzen dute ikasketa-prozesua eskolak online eginez, edukia irakurri eta ulertuz, baina beste batzuei gehiago kostatzen zaie, laguntza behar dute: bideoak azalpenekin edo beste zerbait”, dio Armendarizek. “Baina irakasle guztiek ez dute hori egiten, eta orduan, konturatu ginen guk geure artean elkarri lagundu geniezaiokeela. Iruditu zitzaigun ondo legokeela ikasleen arteko sare bat sortzea horretarako”.

Sare sozialak baliatu dituzte egitasmoa martxan jartzeko. “Galdetegi bat pasa genuen sare sozialen bidez ikasleen artean zer behar zeuden ikusteko, bai Oriarte institutuko ikasleen artean (DBH 3-4 eta Batxilergoa) eta bai Udarregi ikastolako DBHko ikasleen artean ere. “Batzuk agian etxean wi-firik ez zutela edukiko pentsatzen genuen, edo ordenagailua faltako zitzaiela”, kontatzen du Armendarizek. “Baina gehienbat apunteen eta etxerako lanak pasatzeko beharrarekin aurkitu gara. Eduki aldetik dago behar gehien, ez baliabide aldetik”.

Hori ikusita drive karpeta bat sortu dute eta 45 ikasle inguru ari dira berau partekatzen. “Bi taula bereizi ditugu, Udarregi ikastolako edukientzat bat eta Oriarte institutukoentzat bestea, ematen duten edukia ez delako berdina”, azaltzen du Arregik. “Taula bakoitza ikasgaika antolatu dugu, maila bakoitzeko ikasgai bakoitzarentzat karpeta bat sortu eta hor ikasgai horri dagokion edukia sartzen dugu. Ikasle parte-hartzaileei ahal dituzten apunteak igotzeko eskatu diegu”. Horrela, ikasleek beraiek osatutako materialarekin ari dira betetzen karpetak.

 

Eman ta zabal zazu

 

Batzuek apunteak igo eta beste batzuek erabili, hori da ikasleen arteko sare honen funtzionamenduaren ardatza. Eta baita eskatu ere, gaineratzen du Armendarizek: “Norbaitek ikasgai edo gai jakin bateko apunteak nahi baldin baditu, eskatu ditzake, eta ondoren, apunteak dituenak karpetan sartu”. Arregik gaineratzen duenez, “edozein unetan idatzi dezake nahi duenak. Adibidez, nik Matematikako integralak ez baldin baditut ulertzen eta laguntza nahi baldin badut, eskatu dezaket eta norbaitek bideotxo bat bidali diezadake azalpenak emanez edota bideokonferentzia bidez biok harremanetan jar gaitezke”.

Irakasle batzuk ere ikasleekin harremanetan jarri dira laguntza emateko prest daudela esanez, eta ikasleek asko eskertu dute hori ere.

Momentuko beharrei erantzuteaz gain, sare bat eratu eta harremanak sortzeko balio dezake ekimenak. “Orain edukian dago beharra, baina agian hemendik bi astetara beste behar batzuk sortuko dira eta moldatzen joango gara”, dio Arregik. “Hasiera batean konfinamendu egoerarako pentsatuz sortu dugu, baina ondo funtzionatzen baldin badu aurrerago ere erabiltzen jarrai dezakegu. Hau da, nahiz eta aurrez aurreko eskoletara bueltatu, ikasleok apunteak eskatzen eta jartzen jarrai dezakegu”, gehitzen du Armendarizek.