J. IÑAKI ETXEZARRETA ARIZMENDI IKASTOLAKO ZUZENDARI OROKORRA
“Hezkuntzaren funtzio inportanteenetako bat humanismo aktiboa lantzea da, horrek eramaten gaitu eraldaketara”
Profesionalki etxeko nahi eta gogo sentituenen kontra hautatu zuen irakasle izatea, eta geroztik bizitza osoa darama euskal hezkuntzan murgilduta, bereziki ikastolen mugimenduari lotuta. 19 urterekin hasi zen irakasle herriko ikastolan, Urretxu-Zumarragakoan, eta 24 urterekin izendatu zuten zuzendari. Herritik Gipuzkoara eman zuen urratsa ondoren, GIE Gipuzkoako Ikastolen Elkartera, eta handik Euskal Herrira, Ikastolen Konfederaziora. Guztietan zuzendari karguak betetakoa da eta ikastolen mugimenduaren une giltzarrietan lekuko eta partaide izatea egokitu zaio. Euskarazko ikasmaterialgintzan ere lan nabarmena egindakoa da: Urretxu-Zumarragako Ikastolako irakasleek egin zituzten Elkarren euskarazko lehen testuliburuak, Elkar-GIE lankidetza bultzatu zuen eta Ikaselkarren sorrera egosten hartu zuten parte. 2013az geroztik Arizmendi Ikastolako zuzendari orokorra da eta Arizmendiri guztiz eskertua dago jubilatu aurreko urteetan proiektu interesgarri bat zuzentzeko aukera emateagatik eta “nire bokazioarekin eta mundua ikusteko erarekin bat eginda bukatzeko aukera izango dudalako”.
Euskal hezkuntzan 45 urteko ibilbidea egin ondoren, Arizmendi Ikastolako zuzendari orokorra zara azken zazpi urteetan. Ofizialki jubilatu aurreko zure azken lan-jarduna izango da eta pedagogia berritzaileen erreferente bihurtzen ari den ikastola bat utziko duzu. Zer eredu mota ari zarete eraikitzen?
Ni 2013an iritsi nintzen Arizmendira eta ordurako aurreko zuzendaritza eraldaketa oso sakona planteatzen zuen proiektu bat abiatzen ausartu zen, “proiektu berria” deitzen ziotena, Rafael Cristobalek lagunduta. 2009an hasi ziren eta 2013az geroztik sartu berri ginen zuzendaritza kideon egitekoa proiektu horri gorputz teoriko bat ematea izan da. Haur Hezkuntzan abiatutako planteamenduari hezkuntza prozesu osorako ikuspegia ematea izan da gure zeregina, hasi Haur Hezkuntzatik eta Batxilergora eta Lanbide Heziketara arte, Amaia Anterok gidatuta.
Proiektuari Konfiantzaren Pedagogia izena eta izana (marko teorikoa) erantsi zitzaizkion. Hezkuntza desberdin bat planteatzen genuen, baina eskola desberdin batekin. Bi kontzeptu horiek oso inportanteak ziren guretzat. Alegia, ezin zitekeen egin planteamendu pedagogiko huts bat, modernoa, abangoardista eta eraldatzailea, eskola desberdin batean egiten ez bazen.
Hezkuntza desberdin bat eskola desberdin batean. Konfiantzaren Pedagogia da hezkuntza desberdin hori, eta zein da horri lotutako eskola desberdina?
Hortik abiatuta egin dugu gure ikastolaren definizioa. Guretzat ikastola euskaldunon hezkuntza-autoeraketa da, alegia, euskaldunon hezkuntza-autogestioa. Beraz, planteatzen duguna da guk, euskaldunok, sortu dugula ikastola, ez duela gobernu batek sortu, eta gainera, sortu dugula hezkuntza jarduera jakin baterako, eta beraz, estrategikoa dela. Batzuentzat hitz horrek ez dauka edukirik, baina niretzat eduki sakon-sakona du: pertsonaren ikuspegi bat da, gizartearen ikuspegi bat da, nazio baten ikuspegi bat eta mundua ulertzeko ikuspegi bat, hezkuntza. Eta autogestionarioa planteatzen dugunean esaten dugu bai pertsona hori, bai gizarte hori, bai herri edo nazio hori, eta bai mundua ere beste morrontzarik gabe ulertzen dugula, alegia, askea, eta beraz, bere buruaren jabe. Erabakitzailea.
Beraz, horren arabera planteamendu ideologiko jakin bat dugu, planteamendu politikoa, ikastola horrela ulertzen dugulako: bere erabakiak berak eta beste inork hartzen ez dituen entitate komunitarioa da ikastola.
Hori dena Konfiantzaren Pedagogiaren muin-muinean dago. Izan ere, guk zera planteatzen dugu: umea, nerabea, gaztea, heldua dela bere buruaren jabe. Bere buruaren jabe izan dadin, lagundu egin behar diogu heziketa prozesuan, pertsona hori guztiz autogestionarioa, guztiz autoerregulatua eta guztiz bere buruaren jabe izateko. Era horretako pertsonak ditugun heinean, gai izango gara gizarte moduan herrian, bailaran, nazioan eta munduan beste eraldaketa bat bultzatzeko.
Horrek lotura handia dauka Jose Mari Arizmendiarrietaren pentsamendu sozialista, autogestionario, kooperatibo eta solidarioarekin. Oso planteamendu humanista egiten zuen, gizartea pertsonen artekoa ulertzen zuen eta hori oso ondo lotzen da hezkuntzarekin. Azkenean, hezkuntza pertsona haztea eta lantzea da, baina pertsona ezin daiteke hazi eta hezi ez badu besteekin batera egiten. Hori oso ondo lotzen da gure herriak daukan joera komunitarioarekin. Alegia, planteatzen duguna da pertsona indartsua, eraldatzailea, euskalduna eta jantzia, baina aldi berean pertsona hori komunitatea indartzeko. Hartara, komunitateak ere parte hartu behar du ume, nerabe, gazte horren heziketan.
Eraldaketa aipatzen duzunean, zein da buruan daukazuen eraldaketa? Zein eraldaketa motaz ari zara?
Eraldaketa soziala planteatzen dugunean hainbat arlotan ari gara planteatzen. Hasteko, gaur egungo gizarteko erronkekin lotuta dauden Garapen Jasangarriaren Helburuak daude, gure ingurumenaren jasangarritasunarekin eta elementu fisiko eta naturalekin lotuta. Hori oso-oso lotuta dago euskararen aberriarekin. Euskalduntze prozesua behin ere pentsatu ez genuen mailetara iritsi da, baina oraindik sekulako lana daukagu egiteko, eta gainera, erronka berriak sortzen zaizkigu etorri berrien familiekin eta haien seme-alabekin. Genero kontuak ere hor dauzkagu; asko aurreratu dugu, baina asko dago egiteko oraindik.
Guk ez ditugu egiten gure estrategiak heziketa hori bultzatzeko soilik, baita gure ikasleek gero beteko dituzten rol sozial desberdinetarako ere. Eta rol sozial desberdin horiek beteko dituzte lagunartean, familian... eta baita herriaren geroan ere. Alegia, momentu batean planteatzen duguna da gure herriaren geroan esku hartuko duten enpresariak, herri honen geroaren instituzio politikoetan zein eguneroko bestelako eginkizun xumeetan parte hartuko duten pertsonak praxian heztea ume-umetatik. Alegia, gure proiektu pedagogikoak ezin dira inondik ere kontenplatu eraldaketari begira ez bada. Egiten dutena egiten dutela, izan dadila gizartean inpaktu bat edukitzeko. Eta gizartean inpaktua izan daiteke familian, lagunartean, eskolan bertan, enpresa batean, instituzio politikoetan eta beste hainbat esparrutan.
Eraldaketa hori ez da gertatzen behin nerabeak edo gazteak adin bat betetzen duenean eta automatikoki “jada prest dago hori egiteko” esanda. Ez. Txiki-txikitatik berak ikusi eta bizi behar du eragin dezakeela eta eragin behar duela bere ingurunean, bere buruarengan eta besteengan. Konfiantza eduki behar du horretan, eta aldi berean, konfiantza horrek eraman behar du gauzak zuzendu, egokitu edo hobeto egitera, eraldatzera. Beraz, bere bizitza-proiektua eraikitzen laguntzea, beste pertsona eredu batera eramango duena. Hori Arizmendiarrietaren idazkien muin-muinean dago, eta kanpora joan garenetan ere antzeko ideiak dituztenekin egin dugu topo.
Beraz, aipatutako ideia eraldatzaileekin eta pedagogia berritzaileekin dabilen jende gehiagorekin ere topo egin duzue. Norabide berean zabiltzate guztiok?
Bai, guk pentsatzen dugun hori eta egiten dugun hori beste toki batzuetan ere pentsatu dute eta egin dute edo egin nahi dute. Ez da Euskal Herrian den fenomenoa bakarrik, beste leku batzuetan ere badaude gauzak beste era batera planteatu eta egin nahi dituztenak. Orduan, ez da utopia bat planteatzen ari garena, bat baino gehiago gara eta sare bat josi behar dugu horrelako planteamenduetan sinesten dugunok elkarrekin jarduteko, hezkuntza eta eskola desberdin bat egiteko bakoitzak bere lekutik eta bere ezaugarriekin.
Adibidez, eskola eraldatzaileen ASHOKA sarean parte hartzen dugu eta zer pentsatua eragin dit horrek. 45 urtetan euskal irakaskuntzan jardun eta gero, nagusiki hezkuntza euskaldunari begira egon naizela, azken 10 urteotan konturatu naiz gogoeta oso partekatua dagoela hainbat testuingurutan, eta badugula ikastekorik eta eskaintzekorik beste testuingurukoekin jardunean.
Bizitzen ari garen errealitate eta mundu berri honen baitan, badago galdera jakin batzuei erantzun bat aurkitu nahia. Testuinguru kultural eta politiko desberdinetan antzeko galderak egiten ditugu eta erantzunak oso antzekoak dira. Eta ausartuko nintzateke esatera barregarri geratu gabe, badagoela humanismo berri baten bila dabilen jendea eta bilaketa hori humanismo jakin batean ardaztuta dagoela; alegia, umea, nerabea, gaztea zentroan jarrita. Hori oso konstantea da ezagutzen ditudan hainbat esperientzia pedagogiko berritzailetan eta beraz, oso erraza zaigu horren inguruan aritzea.
Ez dakigu zer gertatuko den gure planteamenduarekin, baina momentu honetan arrakasta itzela du eta familia gazteek hori nahi dute. Ez dakiguna da hau garatzen doan heinean gaur egun dauden instituzioek —tartean botere publikoek, indar politikoek eta oso kontserbadoreak diren elementuek— hori egiten utziko ote duten. Hori da dagoen galdera ikurra. Bistan da honek ibilbide bat daukala eta eskolan dagoen jendearen baitan dagoela.
Marko teoriko hori nola ari zarete jartzen praktikan? Zein dira eraldaketa horren gakoak?
Eraldaketa guztietatik inportanteena pertsonala da. Konfiantzaren Pedagogiak planteatzen duen estrategiara pasatzeko rol aldaketa egon behar du. Izan ere, ikaslea jartzen dugu erdian, eta beraz, lehenbiziko eraldaketa irakasleen rol aldaketa da. Ikasleak bere prozesua egin behar duen heinean, irakaslea ez da jada prozesuaren muina. Horrek aldaketa mentala eskatzen du eta ez da batere erraza. Zeren pertsona guztiok gara azturak eta ohiturak ditugun animaliak eta oso seguru egon beharra dugu aldaketa bat egitera goazela. Eta noski, horretan lagundu egin beharra daukagu, eta ez formazioarekin soilik.
Aldaketa honek eskatzen du gurasoak edo pertsona helduak prozesu horretan sartzea. Alegia, onartzea eskola espazioaren barruan ikasle eta irakasleez gain beste batzuk egon daitezkeela. Ez modu iraunkorrean, baina bai une jakinetan. Hori ere aldaketa nabaria da, irakaslea ohituta dagoelako beste inor gabe aritzen.
Hirugarren aldaketa da irakasleek elkarrekin modu kooperatu batean jardun behar dutela, ez direla programazioa koordinatzera mugatu behar, baizik eta fisikoki ere elkarrekin aritu behar dutela espazio batean. Lan egiteko modu berriak agertzen dira, beraz: kotutoretza, koirakasletza... Alegia, irakaslea jada ez dago bakar-bakarrik, baizik eta beste batzuekin batera. Nola-halako kooperazio profesional berria ezartzen da.
Hirugarren elementu horretatik laugarren bat eratortzen da: adin desberdinen eta taldeen arteko nahasketa. Ikaskuntza prozesuan adinak nahastean jakinduria desberdinak sortzen dira, aniztasun handiagoa dago eta hori kudeatu behar da. Garai bateko nekazal giroko eskoletan eta eskola txikietan bazeuden eta badaude horrelako esperientziak, baina eskola klasikoan ez zegoen horrelakorik.
Eta azken errematea, esandako guztia ahalbidetuko duen espazio arkitektonikoa.
Elementu horiek denak koktel-ontzian sartuz gero, irakaslearen rol klasikoa krisian sartzen da. Horregatik, eraldaketa pedagogikoa eta eskola desberdin bat egiteko horretan, ideia edo proiektu on bat edukitzea ez da nahikoa, baizik eta proiektua nola laguntzen duzun eraldaketa bidean. Eraldaketaren pakete osoa hartzea komeni da, horrela jartzen baitira eraldaketa gertatzeko baldintzarik onenak.
Gero, eraldaketa horren barruan sakondu egin behar da eta sakontzeak esan nahi du hobeto ezagutu beharko dituzula metodologia eta materialen aukerak, eta askoz ere lan zorrotzagoa egin beharko duzula zure lana programatzeko eta antolatzeko garaian. Gu jada fase horretan gaude. Gure irakasleek igerian ikasi dute eta orain urpekariak izan behar dute. Beraz, 2009an hasi, 2013an gorpuztu eta orain, 2020an, eraldaketa egin ahal izateko bideari ikuspegi metodologiko bat ematera iritsi gara, prototipo bat edukitzera.
Zer esan nahi duzu prototipo bat daukazuela diozunean?
Prototipoa egin-moldea da, hezkuntza-prozesuaren etapa guztiak bateratzen dituena. Haur Hezkuntza Lehen Hezkuntzakoarekin, Bigarren Hezkuntzakoarekin, Batxilergokoarekin eta Lanbide Heziketakoarekin lotura koherentea egiten duena. Prototipoak ikasleak bizi dituen ikaskuntza-esperientziak antolatzen ditu, ikaskuntza autogestionarioa eta komunitarioa burutzeko.
Horrela, egunak eta asteak modu jakin batean hasi, garatu eta bukatzen dira. Egunaren hasieran harreman emozionala lantzen da: nola etortzen diren ikasleak eta gurasoak ikastolara, nola sartzen diren talde komunitariora, zer dakarten etxetik... Komunikatzea, elkarren berri izatea eta elkarreganako interesa agertzea elementu humanoak dira. Behin hori eginda, eguneko zereginean kokatzea garrantzitsua da: zer proiektu daukagu esku artean, non bukatu genuen atzo, zer egin behar dugu gaur, planifikazioaren zein zatitan gaude, tailerrak nola antolatuko ditugu, zein materialekin, zer funtzio jokatzen dute gure prozesuan... Elementu horiek lantzeak mentalki kokatzen laguntzen du, eta beraz, prozesua norberaren eskuetan geratzen da. Autogestioak kontrola norberak edukitzea ahalbidetzen du.
Tutoretzarekin eta aisialdiarekin batera guk GPS deitzen dioguna lantzen dugu. Planteamendu filosofiko eta barnekoekin lotua dago, norberak bere nia ezagutzearekin. Besteekin egoteko uneak bezalaxe, norberak bere espazio partikularra eduki behar du bere barne gogoeta egiteko.
Eta amaitzeko, egunaren amaiera: banoa hemendik, zer egin dut, zerekin noa, bihar nola bideratuko dugu... Bukaerako kontrola.
Prototipoak adin desberdinen, eta ikaskuntza prozesuaren konplexutasunaren arabera, tempus propioak ditu. Tempus horietan proiektuak eta dinamika desberdinak lantzen dira. Orden bat dago, hau ez da anarkia bat, eta autogestioaren bidez kudeatzen da.
Prototipo hori etapa desberdinetara eramaten ari gara eta hurrengo urrats garrantzitsua guretzat giltzarri den etapan egingo dugu: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan eta DBHko 1. eta 2. mailan. BATU deitu diogu proiektuari eta diseinu iraultzailea du. COVID-19aren eraginez inplementazioa atzeratu beharrean aurkitu gara, espazioetan obrak ezin izan ditugulako egin, eta 2021-2022 ikasturtean martxan jartzea aurreikusi dugu.
BATU proiektua iraultzailea izango dela diozu. Zergatik?
Hortxe dagoelako hezkuntza prozesuaren kaxa beltza. Oso ohikoa da gurasoei adieraztea “orain jada zuen seme-alabak DBHn daude eta hau serioa da”. Zergatik esaten dugu hori? Zer salto dago hor? Planteatzen dugun diseinua iraultzailea dela diot, besteak beste, oso bestelako ebaluazioa planteatzen ari garelako. Hortik saiatuko gara gure ekarpenik handiena egiten.
Gure planteamendua ebaluazio hezigarrira hurbiltzea da. Ebaluazio kalifikatzaileari ahal den espaziorik txikiena eskaintzea. Ebaluazioaren adierazleak berrituta, horiei buruzko datuak jasotzea eta horien gaineko irakurketa dosier batean islatzea. Portfolio modukoa. Dosier horretan pertsonak bere garabidea ikusiko du. Hor egongo dira bere lanak eta hor dokumentatuko du eraikitzen doan ezagutza, emaitzak, iruzkinak...
Politikoki ere ari gara mugitzen lege barruan aukera izan dezan ebaluazio hezigarri horrek. Errege dekretu batek arautzen du kalifikazio bidezko ebaluazioa eta eskatu duguna da lege dekretu horrek gurea bezalako planteamenduak ere ahalbidetzea.
Beraz, Lehen Hezkuntzako azken bi mailak eta Bigarren Hezkuntzako lehen biak batu ditugu eta prozesu bakarra planteatzen ari gara. Ez ditugu LH eta DBH bereizita ikusten, etapa bakar bat bezala baizik, 10-14 urte bitartekoa. Prototipoa hartu eta adin horietara eramaten ari gara eta horrek beste eraldaketa bat ekarriko du, zeren Bigarren Hezkuntzako irakasle gehienak beren ikasgaian soilik lan egiten ohituta daude eta hemen ez dugu horrela planteatzen. Ikasle bakoitza irakasle askoz gutxiagorekin egotea planteatzen dugu, prototipo horren arabera jardutea, koirakaskuntza, arloak diziplinartekoak eta globalak izatea, lanketa espezifikoa behar dutenean tailerren bidez egitea...
Alderdi akademikoak ere edukiko du bere lekua, baina pertsonaren eraikuntzaren mende egongo da, bereziki pertsona da interesatzen zaiguna, nola ematen diogun bakoitzari bere proiektua egiteko aukera, autogestiorako aukera, eta aldi berean, autogestio kolektibo horren bitartez, edo talde kooperatiboen bitartez, edo adin desberdinetakoak nahastuz, nola egiten duten jardun hori elkarrekin. Irakaslearen eskema mentala aldatu egiten da, ez doa eskolak ematera, baizik eta heztera, eta hezten ari zaren neurrian beste eskema batekin jokatu behar duzu.
Euskararen irakaskuntzari dagokionez ere irakaslearen rola aldatu egiten da Konfiantzaren Pedagogiarekin: lehen irakaslea erdigunean zegoen eta hizkuntza erregistro eroso eta jori baten bitartez bermatzen zuen ikasleek gutxieneko abilezia bat edukitzea euskaraz. Orain zer?
Haurra txikia den heinean murgildu egiten da eta kito. Baina 9-15 urte bitarteko adinean berandu eskolatzen direnentzat ez daukagu baliabiderik. Eta baliabiderik ezean, estrategia falta da. Horregatik, gure planteamenduan ikasle horiei zuzendutako estrategia aproposa sartu nahi dugu bai ikaslearen hezkuntza prozesuari dagokionez eta baita euskalduntzeari dagokionez ere. Horretarako, adin horietarako euskara ikasteko metodo bat behar da, curriculum propio batekin eta ikas materialekin. Une honetan ofizialki ez dago ezer online, ez dago formularik, ez dago curriculumik.
Eta honen guztiaren erdian COVID-19a. Zer ekarri eta erakutsi dizue egoera berri honek?
Ohikoa genuen Informazio eta Komunikazio Teknologien erabilera areagotzea ekarri digu. Hezkuntza telematikoa aplikatu behar izan dugu baliabideak genituelako horretarako. Eta konturatu gara irakasleek askoz lan gehiago egin dutela, jarraipena egunerokoa izan dela, eta pertsonalizazioa behin ere iritsi ez zen punturaino iritsi dela. Pantailaren bidez etxeetan sartu da irakaslea eta familiaren berri berehala edukitzeko aukera izan du, lehen baino gertuago egon da. Era berean, familiek seme-alabek ikastolan beste lagunekin, talde kooperatiboetan eta abar egiten zutena ezagutu dute. Irakaslearen rola askoz gehiago erregulatu dute, zer eta nola egiten duen.
Konturatu gara aurrez aurrekoa ez dagoela ordezkatzerik. Baina ere berean, online hezkuntzak aurrez aurrekoak ematen ez dituen beste aukera batzuk ematen ditu eta horiek baliatu nahi ditugu orain. Osagarriak izan daitezke.
Jabetu gara eta praktikan jarri dugu hilabete hauetan familiek ere ebaluazioan parte hartu behar dutela. Eta ikasleek ere albokoaren ebaluazioan parte hartu behar dutela.
Baduzue planteamendurik irailerako?
Ziurgabetasuna ez da gainditzen, eta onartu behar dugu, kostatzen zaigun arren, egoera hau agian ez dela behin behinekoa, baizik eta iraunkortasun handiagokoa. Beraz, hasteko, GPS lan bat egin behar da, norbera kokatzeko.
IKTen aurrekontuan aurreikusita daukagu azpiegitura teknologikoa, wifia eta abar zentroetan bermatzea. 700 ordenagailu eskatu ditugu familientzat, ikasleentzat, irakasleentzat... Datorren ikasturtean hau baldin bada errealitatea, ordenagailuak eduki behar ditugu. Eta egoera hobean baldin bagaude, ordenagailu horiek lau hilabete hauetan ikasi duguna gure espazioetan baliatzeko erabiliko ditugu.
Aldi berean, Arizmendiren Berrikuntza Pedagogikoaren arduradunak, Amaia Antero buru dutela, prototipoa oinarri hartuta, elementu berri horiek denak nola txertatu aztertzen ari dira, 5. mailatik aurrera etxera eramateko ordenagailua izango dute-eta.
Sehaskako haurrekin eta LHko 2. mailara arte pentsatzen ari gara material manipulatibo gehiago beharko dugula konfinamendu bat etorriko balitz. Kasu horietan gurasoei zein material eskain diezaiekegun pentsatzen ari gara euren umeekin esperientziak bizitzeko.
Edonola ere, iraila baino lehen ekainean eta uztailean ikasleak ikastolan izan daitezen aztertzen ari gara eta eskaintza ludiko sozializatzailea egingo dugu. Batxilergoko 2. mailan eta DBH 4.ean aurrez aurrekoa egiten ari gara, emozionalki elkarrekin egoteko beharra dutelako azterketen azken txanpa prestatzeko. Gainerakoei ez etortzeko esan diegu, ondo kontrolatuta daukagulako egoera. Kasu jakin batzuetan deituko diegu lan jakin batzuen inguruan zerbait egiteko edo bi edo hiru elkarrekin jarriko ditugulako lan bat edo dena delakoa egiten.
Haur eta Lehen Hezkuntzako gurasoei, berriz, galdetegi bat egin diegu eta ikastola udan irekitzearen aldekoak dira 400-500 guraso eta beharrizan hori zaindu behar dugu.
Gurasoak eta haurrak zaindu, baina osasun-neurriak betez. Haurrek kontaktua behar dute, baina nola egiten da hori maskara eta distantziekin?
Ezinbestekoa da kontratu sozial bat egitea gurasoekin. Umea lurrera eroriz gero guk besoetan hartu eta laztandu egingo dugu. Umeen artean elkar ukituko dute, eta materialak ukitu eta partekatuko dituzte. Beraz, jakin badakigu hori dela egoera. Garbitasuna mantenduko da, noski. Gurasoek, agian, umearen egoeraren arabera, egun batzuk ikastolan pasa beharko dituzte hezitzaileekin batera, umea lasai eta konfiantzan egon dadin. Eta kolaboratzeko eta parte hartzeko aukera izango dute. Egitasmo bat egingo dugu eta egitasmo hori gurasoekin partekatu eta hitzartuko dugu.
Dena dela, hori guztia aurrera eramateko, lehendabizi hezitzaile eta irakasleoi hainbat urrats egitea dagokigu.
Zer dela-eta? Irakasleak beldurtuta daude?
Bai. Konfinamenduak ondorio psikologiko eta sozialak eragin ditu. Batzuk ezagunak zaizkigu dagoenekoz. Beste batzuk, berriz, ikuskizun ditugu.
Etxean egoten ohitu gara eta horrek halako ostrazismo mota bat sortzen du pentsatzeko eran. Egunero etortzen eta sozializatzen ez bazara, horrek zure beldurra areagotu egiten du, baina aldi berean erosotasun bat eragiten du, kasu gehienetan. Eta erosotasun horretan zure familia-tribu txiki horren baitan zaude, dena kontrolpean edukiz. Hurrengo fasera pasatu garenean, lanera etor gaitezke, baina kutsatzeko arriskua egon daitekeela-eta, beldur hori eragin digute. Dordokak egiten duen bezala, gure oskolean erosoago gaude. Eman diren baldintza soziologiko eta psikologoengatik etxea bihurtu da, inoiz ez bezala, izugarrizko indarrarekin, babesleku bakarra, salbuespenak salbuespen.
Agintariak indartu dira, esanak esan. Askoren jarrera da: “Gobernuak esan arte, edo derrigortu arte, etxean geratuko naiz”. Izugarria da.
Beraz, geure buruak desaktibatu behar ditugu ezuste, ziurgabetasun eta beldur horietatik. Konfiantza landu beharrean gaude, berriro ere. Bestela, bloketatuta gaude eta ez gara kapaz pentsatzeko, ez gara kapaz sortzeko eta ez gara kapaz momentu honetan beste egoera bat irudikatzeko.
Edonola ere, gizakiok inoiz ez diogu uko egiten barruan daramagun errebeldia horri. Eta testuinguru batean edo bestean, beti ateratzen zaigu. Bizi dugun egoera honek baldintzatu eta mugatu egingo gaitu, baina daukagun grina hori ez digu kenduko. Eta hori da hezkuntza-prozesuan lantzen duguna. Lan hori egiten dugu, gure baitan daukagu hori edukitzea. Horregatik, humanismoa ezin daiteke soilik izan pasiboa, kontenplaziozkoa eta transzendentala. Humanismoak aktiboa izan behar du, aktiboa sozialki, nor bere buruarekiko eta besteekiko. Eta horrek eramaten zaitu eraldaketara, iraultzara, inkonformismora. Eta hori da hezkuntzaren funtzio inportanteenetako bat, humanismo hori lantzea.
Autogestioa aipatu duzu behin baino gehiagotan eraldaketaz eta zuen proiektuaz mintzatzean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak COVID-19ak sortutako egoera kudeatzeko ikastetxeei eta zuzendariei autonomia eman dienean, ez da ondo ikusia izan. Zer iruditu zaizu zuri?
Niri oso ondo iruditzen zait autonomia ematea, baldin eta Hezkuntza Saila guk hartutako erabakietan sartzen ez bada. “Hori ikastetxeak ikusiko du” esaten bada, ongi, guk ikusiko dugu eta guk erabakiko dugu, baina gero ez iezaguzu esan zer egin behar dugun. Hori ere gertatu baita; norberak ez egitea, eta besteei egiten ez uztea.
Legez, Administrazio publikoa da ikastetxe publikoen jabea, eta haien ugazaba den heinean, horietan guztietan erabakia hartu behar du. Eta zenbait une kritikotan ez da ausartu. Horrekin mugatu du gainerako ikastetxeon jokabidea, gure gizartearen eta ekonomiaren beste eragile askoren jarduna baldintzatu den bezala. Administrazio publikoa oso boteretsua izan arren, ezin du osasun giroa zaintzen duen ekimen herritarra gelditu. Hobe lankidetzan aritzea eta horretarako ikastetxeen gestio ahalmena errespetatzea. Hezkuntza euskaldunaren arrakasta du lekuko. Autogestioa izan da eta izango da gure indargunea.