Antzuolako herri eskola:

1996-02-01
Psikomotrizitatea Hezkuntz Proiektuaren ardatzetako bat izatera iritsi den eskola.

Azken urte hauetan, Antzuolako Herri Eskola, Berrikuntza Pedagogikoan sinisten dugun guztion erreferente garrantzitsuenetakoa bilakatu da.

Duela hamabost bat urte, 81/82 ikasturtean zehazki, hasitako prozesu luze bat izan da. Urte haietan eskolan gabinete psiko-pedagogikoa zegoen eta bi psikologo etortzen ziren eskolara, bata psikomotrizista eta bestea prestakuntza egiten ari zena.

Haur Hezkuntzan psikomotrizitateko saioak egiten hasi zirenean, beste irakasleen inplikazioa eskatu zuten eta klaustro mailan irakasleen heziketa planteatu zen.
 
 
Nola egin zenuten heziketa hori?

Haur talde bat osatu genuen eta eskolaz kanpoko orduetan gurasoen onespenarekin saio batzuk antolatu genituen. Saio bakoitzean bi psikomotrizistak eta bi irakaslek hartzen genuen parte, beste irakasle guztiak behatzaile lana egiten zutelarik. Saioaren bukaeran, taldeko hausnarketa eta azterketa bat egiten genuen eta oso lagungarri suertatu zitzaigun egiten genituen gauzak zergatik egiten genituen konturatzeko eta baita haurrak beste era batez ikusi eta ulertzeko ere.



Heziketa Psikomotriza aurrera eramaten zenuten bitartean konstruktibismoaren inguruan ere zenbait hausnarketa eginak zenituzten, ezta?

Bai, ordurako berrikuntza prozesu batean murgilduta geunden eta konstruktibismo mundua aztertzen ari ginen. Teoria mailan Piaget, Kammi eta beste autore batzuk irakurtzen genituen bitartean, Bartzelonako IMIPAEko zenbait jenderekin kontaktuak mantentzen genituen.

Arlo honetan motore lana Erdi Ziklokoek egiten zuten, une hartan Matematikaren inguruan zenbait hausnarketa egiten ari baitziren.



Horrelako lan bat eskolako orduetan bakarrik egin al daiteke edo esfortzu berezi bat eskatzen du?

Ba, denok dakigu eskoletan zein mugatuta gauden denbora aldetik. Guk uste dugu egunero ordubete bakarrik erabiliz ezinezkoa dela. Garbi dago esfortzu berezi bat egin behar dela, baina aldi berean oso aberasgarria dela pentsatzen dugu.

Hasieran, beharbada, ordu gehiago sartzen genituen. Urteak aurrera doazen neurrian ikasten zoaz, baina beti duzu zerbait aldatzeko.



Psikomotrizitatea eta konstruktibismoa. Nola uztartu zenituzten proiektu batean hain desberdinak diruditen bi marko hauek?

Psikomotrizitate saioetan gertatzen zena ikusita, haurrak nola mugitzen ziren, zer jarrera zuten, eta abar, eta geletan garai hartan eramaten genuen dinamika aztertzean, horrek Haur Hezkuntzako gelen antolaketa berplanteatzera eraman gintuen: txokoen antolaketa, metodologia...

Psikomotrizitateak irakasleen artean kezka berriak sortarazi eta gauzak beste era batera ikusteko eta planteatzen lagundu zigun.

Gero, dinamika hau Hasiera Ziklora zabaltzean, talde lana askoz gehiago indartu zen eta hausnarketa eta azterketa handitu egin zen.

Hori praktikan, baina arlo teorikoan ere, B. Acouturierren helburu eta praktikaren artean eta C. Kammi-k planteatzen zituenen artean kointzidentzi handiak zeudela konturatu ginen eta posible zela bi marko ezberdin hauen artean marko berri bat sortzea.



Prozesu hau Hasiera Ziklora berehala zabaldu zenutela diozue. Nolako inplikazioa izan zuen irakurketa/idazketan, matematikan...?

Psikomotrizitateak, 1. eta 2. maila Haur Hezkuntzarekin gehiago lotzeko eragina izan zuen eta txikiekin egiten genuen moduan, Hasiera Zikloan ere gai baten aukeraketa egiten hasi ginen, ahal genuen guztia globalizatuz. Hau dela eta, dena aldatzen joan zen. Matematika arloan lana asko egina zegoenez, beste arloetan baino errezago suertatu zitzaigun.

Hala ere, prozesu hau ere oso poliki eman zen. Aldaketak ez ziren egun batetik bestera ematen. Irakurketa/idazketa adibidez, ez zen berehala aldatu. Guk segurtasuna lortzen genuen heinean aldatzen genituen gauzak. Horrek oso garbi geratu behar du.



Inportantea izango zitzaizuen une haietan aholkulari onak izatea ezta? Gabinete psiko-pedagogikoa...

Bai, hori dudarik gabe! Gogoeta baten ondoren zerbait aldatzeko modua zegoela konturatzetik aldatzera iritsi arte denbora asko pasatzen zen, eta prozesu horretan psikologoek garrantzi handia izan zuten, guk praktikan ikusten genuena beraiek teorizatzen laguntzen baitziguten.



Haur Hezkuntza, Hasiera Zikloa... Psikomotrizitateari jarraipena eman al diozue?

Katalunian dagoeneko badaude esperientzia batzuk. Gu orain ari gara proiektu bat egiten, baina planteamendu ezberdin batekin. Ezin da Haur Hezkuntzan psikomotrizitateak duen planteamendua hartu eta Erdi Ziklora pasatu. Hasiera Zikloak planteamendu ezberdinak dituen bezala, Erdi Zikloak bereak izan beharko ditu.

Bestalde, iaz arte Heziketa Fisikoaz arduratu den pertsona egonkor bat ez dugu inoiz eduki eskolan. Orain badugu eta hori ere nabaritzen da. Pertsona horrek ikuspegi berri batekin aldaketa batzuk egiten ari delako.



Psikomotrizitatea egiten duzuen mailetan, zeintzuk dira jartzen dituzuen helburu nagusiak?

Psikomotrizitate mailan, komunikazioa, haurrak autonomo izatea, iniziatiba hartzea, jakinmina azaltzea, berak pentsatzen duena adierazteko gai izatea...

Helburu hauek gelan ere planteatzen ditugu noski, baina psikomotrizitate gela espazio berezi eta egokia da hauek lortu ahal izateko.

Gela horretan, beste geletan eman ezin den gorputz inplikazioa ematen da, erabiltzen den materialaren berezitasunagatik eta espazio beragatik.

Lehen ikasgeletan bagenituen bai motore arloa bai joko sinbolikoa bultzatzeko espazio batzuk, baina kendu egin genituen. Ikasgela ez zela produkzio horiek bideratzeko toki aproposena ikusten baikenuen eta toki berezi bat bagenuelako hori guztia bizitzeko.

Zuen esperientzia beste eskola batera alda daitekela uste al duzue edo zuek egindako prozesu luzea beharko litzateke?

Lekuz aldatu... denok nahiko genuke horrela izatea, baina ez dela erreala uste dugu. Toki batean eman den prozesua beste tokira eramatea zaila da, baina esperientzia konkretu baten erreferentzia izateak gauzak aldatzen erraztu dezake.

Hala ere, prestakuntza bat behar da eta prestakuntza horretan lagunduko duten pertsonak ere bai. Prestakuntzarik gabe zaila ikusten dugu horrelako prozesu bat aurrera eramatea.



Orduan edozein proiektuarekin aurrera jotzeko, prestakuntza ezinbestekoa dela uste al duzue?

Aurrera egin behar dela esatea edo pentsatzea lehenengo pausoa litzateke. Konbentzituta egon behar dugu proiektuak zerbaiterako balio duela eta gure lanerako ona dela; bestela ezin dituzu gauzak aldatu.



Aldatzeko nahia egonez gero, zein nolako baldintzak ikusten dituzue hori aurrera eraman ahal izateko?

Garrantzitsuena, gure ustez, proiektuaren atzean ekipo bat egotea litzateke. Horrek ez du esan nahi ezinezkoa denik beste era batera egitea. Normalean jende gehiena lana egiten bakarrik ohituta dago, baina horrelako prozesu batean talde bat atzean edukitzeak garrantzi handia du. Taldean aberastu egiten zara.

Beste bat, lehen aipatu duguna litzateke, hau da, prestakuntza edo trebakuntza. Jendeari normalean asko kostatzen zaigu irakurtzea, pentsatzea...

Jendeak gauza praktikoak behar ditu: "hau eginez gero... hau lortu daiteke".

Bai egia da, praktikotasun hori ikusi gabe askotan kosta egiten da aurrera jotzea. Guri ere kostatu egin zitzaigun, baina garrantzi handia du. Lehen esan dugun bezala errezeta majikorik ez dago. "Honi funtzionatu badio niri ere funtzionatu behar dit" esateak ez du balio. Edozein proiektu aurrera eramateko hiru ardatz hartu behar dira beti kontutan: teoria, praktika eta hausnarketa.



Beste zerbait aipatu nahi al duzue?

Guretzat oso inportantea izan zen berrikuntza bat aipatu nahiko genuke: haur txikien lehen eskolaratze era.



Gurasoekin gelara etorri, egokitzapenerako denbora eman...

Bai, oso gustora gaude aldaketa horrekin; alde batetik haurrak askoz ere lasaiago eskolaratzen direlako eta bestetik, gurasoekiko komunikazioa askoz ere aberatsago bihurtu delako.



...eta bukatzeko?

Bukatzeko, orain dela hamar urteko psikomotrizitate saioak eta oraingoak ez direla berdinak, seguruenik hemendik lau urtera egingo ditugunak ezberdinak izango diren bezala. Dena aldatzen doa, gu ere aldatzen goazen neurrian; baina, gu gaur egun gauden puntuan, egin dugun bidean, atzera egitea ezinezkoa izango litzateke.

Orain dela hamabost urte Acouturier, Piaget, Kammi... eta beste autore batzuekin hasi ginen eta oraindik ere jarraitzen dugu hauekin bueltaka.

Hau ez da inoiz bukatzen!