GAYARRE ikastetxe publikoa, Erronkari: Erronkaribarra, belaunaldi berria iragana eta geroa uztartuz

1996-02-01
Pirinemendien magalean isildu omen zen euskara. Amildegi malkortsuetan jadanik ez da Aitorren hizkuntz zaharraren oihartzunik eta Erronkaribarreko aiton-amonek beraiekin eraman omen dituzte betirako supazter txokoan bere gurasoei ikasitako mintzaira eta ipuinak. Haraneko mendi eta errekek soilik gordetzen dituzte arbasoengandik aurreko mendeetan jasotako euskal izenak, behin izan zenaren lekuko leial.

Baina sua ez da erabat amatatu. Erronkariko eskolako jolastokian sei haur ari dira jolasean, haien ezpainetatik bere gurasoek betirako galdua uste zuten hizkuntzaren doinu samurra datorkigu. Unai, Oihane, Luken, Edurne, Arantxa eta Unai dira, iragana eta geroa uztartuz.

Erronkaribarra Nafarroako ipar-ekialdeko kantoia da, Zuberoa eta Aragoiarekin mugan. Nafarroako Hizkuntza Politikaren arabera, zonalde mistoan dago kokaturik. Ikasurte honetan Erronkariko Gayarre ikastetxe publikoan D ereduko gela bat zabaldu da. Kristina Sanz erronkariarra (11 kilometrora dagoen Burgi herrikoa) gela horretako irakaslea dugu, proiektu honen bultzatzailea.
 
 
Aurtengo hau da D ereduan hasten den lehenengo taldea, orain arte ez al zegoen ikasketak euskaraz egiteko eskaririk?

Bai, urte asko dira D ereduaren eske ari direla, baina bere ikasketak euskaraz burutu nahi zituzten ikasleen % portzentaia araututa dagoenera iristen ez zenez, behin eta berriro uko egin zaio eskaera honi.



Eta zer erantzun ematen zitzaien ikasle hauei?

Ikasle hauek A ereduan sartzen zituzten eta eredu horretan osatzen zituzten beren ikasketak, ez zuten bestelako aukerarik. Orain ate hau zabaltzen zaigu.



Lorpen hau ez zen lan erraza izango...

Urteetako ahaleginaren erantzuna izan da. Ikasturte honetarako baldintza guztiak betetzen ziren: Erronkaribarrean 7 haur zeuden matrikulatzeko eta hauetako 6ren gurasoek beren seme-alabak euskaraz hezi ahal izatea eskatu zuten. Hasieran eskubide hau ukatu bazitzaien ere, iskanbila askoren ondoren, udan, guztia konpondu zuten eta azkenik gobernu aldaketarekin D ereduko gela zabaltzea lortu zuten.



Erronkaribarrean ba al da D ereduko beste ikastetxerik?

Aurten zabalduriko gela da haraneko bakarra eta bertan euskaraz hezi nahi duten Erronkaribarreko haur guztiak biltzen dira. Izaba herri handiena bada ere, ikasturte honetarako ez zegoen haurrik matrikulatzeko adinean, baina heldu denerako 4 egongo dira eta guztiak hona datoz. Aurtengo sei hauek Burgi, Garde eta Bidankozekoak dira.



Ikusten al diozu iraupenik D ereduari?

Aurrikus dezakegunak itxaropenez betetzen gaitu. Talde berri hau heldu den urtean matrikulatzen diren 3 urteko haurrekin egongo da eta 14ko taldea osatuko dute. Bi urte barru, hau da, 5 urte dituztenerako, berriz, 20ko taldea izango da. Adin desberdinetako haurrak elkartuta egon arren, D ereduak jarrai dezake. Izaban bada beste eskola bat, baina ez dute D eredua zabalduko.

Eta D ereduko gela bat zabaltzeko Administrazioak hainbat oztopo ipintzen zituenean ez al zen haranean ikastola bat zabaltzeko aukerarik ikusten?

Erronkaribarrean oso biztanle gutxi daude, ez dago zentru pribaturik ere. Uztarrotzen bazen ikastetxe publiko bat eta itxi egin behar izan zuten ikaslerik ez zegoelako eta orain hona etortzen dira. Izabakoa eta hau dira haranean geratzen diren ikastetxe bakarrak eta DBH dela eta ez dela Izabako ikasle nagusienak ere hemen biltzen dira.



D eredua hautatzen dutenek izango al dute DBH hemen egiteko aukerarik?

Erronkaribarrari ez diote DBH eman. Beraz, ikasle hauek Zangotzan, Iruñean edo Irunberrin jarraitu beharko dituzte ikasketak. Baina gaztelerazko ereduetan daudenak ez daude egoera hobean, Iruñera eraman nahi dituzte ikasketak jarraitzera.



Horiek beranduagoko kontuak izango dira. Zer nolako esperientzia izan da orain artekoa?

Ari dira euskaraz ikasten, adin berdinekoak izateak lana errazten du, 3, 4, eta 5 urtekoak nahasturik baleude, zaildu egingo luke. Oso pozik eta gustora nago.



Baina hurrengo ikasturtean nahasturik egongo dira 3 eta 4 urtekoak...

Heldu den ikasturtean hasiko diren 2 haurrek badakite euskaraz eta ordurako hauek ere moldatuko dira. Beraz, berriek errazago izango dute.



Zuk eman diozu hasiera proiektu honi, zuk jarraituko al duzu?

Beno, hori ez dakit. Interinoa naizenez, heldu den urtean plaza hau hutsik geratzen bada soilik izango dut eskuratzeko aukera, aurten gertatu den bezala. Iaz Zizurreko ikastetxean egon nintzen D ereduan, 3 urteko haurrekin hau ere.



Baina lanpostu hau beste batek eskatuko balu...

Irakasle berriak jarraitu beharko luke esperientzia eta ikasleentzat ez dut uste oso lagungarri izango litzatekeenik.



Ikastetxe honetan ba al dituzu lankide euskaldun gehiago?

Guztira 10 irakasle gara. Hauetatik A ereduan dagoenak badaki euskaraz. Beste bi irakaslek ere bere kasa ikasi dute, baina gazteleraz ematen dituzte eskolak.



Eta ikasleen gurasoak euskaldunak al dira?

Aurtengo 6 ikasle hauen gurasoak erdaldunak dira, zertxobait ikasi duten arren. Heldu den urtean bi ikasleren gurasoak izango dira euskaldunak, bata gipuzkoarra eta bestea A ereduan diharduen gure lankide bat.

Hizkuntza ez ezagutu edo gutxi ezagutu arren, euskararen alde daude eta hemengo hizkuntza, galdu den euskara, berreskuratu egin nahi dute.



Orain gutxi Izaban hildako amona omen zen azken euskalduna. Badirudi berarekin eraman duela Erronkaribarreko arbaso zaharren hizkuntza. Urte asko eman ditugu Erronkaribarreko azken euskaldunaren bila, hiltzen zen aiton-amona bakoitzarekin hiltzen zitzaigularik euskara inguru basati hauetan berreskuratzeko itxaropena.

Edurne, Unai, Luken, Unai, Oihane eta Arantxa dira belaunaldi berria. Zero puntua. Aurrerantzean atzeraka zenbatuz joan garena ugalduz joango da eta beharbada egunen batean bere ohiturak hain zintzo gordetzen jakin duen haran honetan euskararen zurrumurrua entzun ahal izango dugu lehengo legez. Hala Bedi!