Haurrek eskubidea dute errealitatearen osotasuna ezagutzeko. Artzain Oneko 36. Txanda, hezkuntzako langileak

1996-12-01
 
 
Artzain Oneko ekimenari erantzunez sare desberdinetako 14 lagun bildu ginen Donostian abuztuak 17tik 24ra aste beteko gose-greba burutzeko asmoz.

Elkartasunak bildu gintuen, nork bere oporren atsedena eten eta honela 36. txanda osatu genuen, hezkuntzako langileena.

Baraualdi ordu amaigabetan tripa-zorriak ere isiltzen diren horretan, otorduak elkarrizketa luzez ordezkatu genituen. Zuen atxikimendua jaso duen manifestua orduko emaitza da eta baita egin genituen, eta orrialde honen bidez aurkeztu nahi dizkizugun gogoetak ere.

Etorkizuneko gizon eta emakumeen heziketa gure esku dago neurri handi batean. Gizarte honetan kultura, balore eta justiziaren transmititzaile izatea da gure eginkizunetako bat, besteak beste. Betebehar hau, ezpairik gabe, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula! Egungo egoera adibide: Zein justiziaz hitz egin behar dugu legeak diseinatu eta indarrean jartzeko ahalmena duenak berak betetzen ez dituenean? Oinordetan jaso dugun legeak edozein hiritar behartu eta babesten duenaren printzipioa hankaz gora bota dutenean, hiritarren artean baititugu preso politiko, sozial eta insumisoak.

Euskal gizartean ematen ari diren gertakariek eta orain arte jasotako atxikimenduek Euskal Herrian dauden bi errealitateak isladatzeko espazioa eta beharra dagoela adierazten dute. Eta guk, hezitzaile bezala, ezin diogu nabaritasun honi begiak hertsi.

Egun administrazioa eta zenbait zuzendarik ahalegina egiten dute egoera honek presentzia eta oihartzunik izan ez dezan ikastetxeetan, irakaskuntzaren neutralitatearen izenean. Azken hiruzpalau urte hauetan Curriculumaren zehar lerrotan pakea, tolerantzia, aniztasuna, giza-eskubideak... eta hainbat balore aipatzen dira. Estatuaren biolentzia guztia alboratzen dute eta honela gazteak manipulatzen ari dira. Euskal Herriaren sektore garrantzitsu baten errealitatea baztertu nahi dute. Euskal Herriak bizi duen errealitatea bere osotasunean, aberastasunean eta korapilo guztiekin landu behar dugu ikastetxeetan.

Urrun dauden herrien eskubideak ulertzeko eta errespetatzeko dugun elkartasuna erabili beharra daukagu gure herriarekiko.

Euskal Curriculuma darabilkigu hitzetik-hortzera eta oinarri izango diren herri honetako historia, gure izaera jasotzen duten abesti herrikoiak...ezagutu, aztertu eta ikasteko eskubidea dute gure ikasleek, eta gaur egun honek guztiak oztopo handiak ditu.

Gazteek eskubidea dute Euskal Herriak duen burujabetasun eskubidearen berri jakiteko. Langabezia, behin betiko lanpostuak aurkitzeko zailtasunak eta gazte gehienengoan eragina duten beste hamaika arazo hurbildu nahi dizkiegu eta guztion artean aztertu, sakondu, kontrastatu eta iritzi ezberdinekiko errespetoa eta bakoitzak bere ideiak defendatzeko ohiturak sartu nahi ditugu gazteongan.

Gazteek eskubidea dute gizartean dauden sentsibilitate eta ikuspegi desberdinak ezagutzeko askatasunez.

Ziur gaude guztiok gure eguneroko lanean gure ikasleak osotasunean hezi nahi ditugula heldutasunerantz, eta horretan egiten dugula ahalegin handiena.

Hezkuntzako profesionalak garenez gauza hauek gure ikastetxeetan gauzatu daitezen saiatu behar dugu, ahalik eta baldintza egokienetan. Ondorengo hauek ditugu helburu:

- Ikasle eta gurasoen eskubideak errespeta daitezen ahaleginduko gara.

- Pertsona kritikoak, elkartasunean sinistu eta praktikatzen dutenak, horretarako baldintzak sortuz ikastetxeetan.

- Iritzi propioa duten gazteak, heldutasunerantz animatuz.