Irakasleriaren osasuna

1996-12-01
Hezkuntza Sistemaren erreformak ikasgela guztiak astindu ditu. Baina ez hori bakarrik. Irakasleok ere erdi-erdian harrapatu gaitu eta guregan ere eragin zuzena izan du. Gure lanaren zentzuaz eta esanahiaz erreflexio bat egiteko aukera eman digu. Eta horrekin batera, gure egoera pertsonalaz ere bai. Izan ere, honek guztiak eragin zuzena du gure eguneroko lanean, gure animoan, gure nekean, gure gaixoaldietan...
 
 
J. M. Esteve, S. Franco eta J. Vera pedagogoek irakasleon egoera gertutik aztertu dute. Azken urteetan gizartea asko aldatu da eta hezkuntza erreformak ere horren ildotik etorri dira. Aldaketa horien aurrean denok ez dugu egokitzeko gaitasun bera. Betidanik ezagutu duen auzoa denbora gutxian nola aldatu den ikusten duen bizilaguna ere nola jokatu eta moldatu ez dakiela geratzen da. Eta irakasleoi ere gauza bera gertatzen zaigu. Irakaskuntzako erreforma berrien aurrean segurtasun eza sortzen zaigu. Eta horren ondorioz, jarrera eszeptiko edo baztertzaile asko sortzen dira. Gizartearen aldaketa azkarraren ondorioz irakaskuntzako baldintza psikologiko eta sozialak aldatu egiten dira. Horrek irakasleon izakeran eragin ezkorrak sortzen ditu, eta hori izendatzeko malestar docente espresioa erabili ohi da.

Ezinegon hau laguntza faltagatik, gizartearen kritikagatik eta ardura guztia irakasleongan uzteagatik sortzen da. Hau konpontzeko egoera guztiak aztertu behar dira eta arlo guztiak hartu kontutan: hasierako prestakuntza, etengabeko trebakuntza, material hornidura eta erantzunkizuna-lan denbora-soldata arteko erlazioa.

Wolfgang Mitter alemaniarrak "desengainu etapa" bat ikusten du mendebaldeko hezkuntza sistemetan (Ekialdeko zein Europa erdialdeko estatu sozialista ohietan ere antzematen hasi dena). Bere ustetan irakasleen lana azpibaloratu egiten delako gertatzen da hori.



Hezkuntza sistemako aldaketak

Gizartearen aldaketa azkarrak izugarrizko eragina izan du irakasleok jokatu behar izan dugun paperean. Pedagogoek zenbait faktore aipatzen dute:



Irakasleriari gehiago exijitzen zaio

Denborak aurrera jo ahala irakasleriaren erantzunkizunak ugarituz joan dira. Gaur egun, irakasle baten lana ez da arlo kognoszitiboan soilik geratzen. Bere materia jakiteaz gain, irakaskuntza errazten jakin behar du, pedagogo efikaza izan behar du, lan-taldearen antolatzailea... eta gainera haurren oreka psikologiko eta afektiboa, integrazio soziala, heziketa sexualaz e.a. arduratu behar du.

Gizartearen eskariak gero eta handiagoak diren arren, irakasleon hasierako prestakuntza ez da batere aldatu. Horregatik, ez da harritzekoa errealitatearekin txokeak izatea.



Beste agente sozializatzaileen inhibizioa

Hezkuntza arloan erantzunkizun guztia eskolari ematen zaio. Hezkuntzaren ardura berea soilik dela uste da, eta familiak, lagunak... ez dutela zeregin hori.



Eskolatik kanpoko informazio iturrien sorrera

Informazio iturri hauen sorrerak (eta batez ere telebistak) irakaslearen papera aldarazi egin du. Gauza asko masa komunikabide horien bidez ikasten dituzte haurrek eta horrek dena aldatzen du. Telebista programa batek sortutako motibazioa eta irakaslearen azalpenak sortutakoa ezin dira parekatu. Irakasleak informazio iturri horietako informazio potentziala bere lanean sartu behar du.



Hezkuntzaren inguruko kontsentsu sozialaren apurketa

Orain dela urte batzuk hezkuntzaren bitartez igorri behar ziren baloreen inguruan kontsentsu bat zegoen. Sozializazioa bateratzailea zen, haurrak kultura nagusian barneratu eta integratzen ziren. Gaur egun, ordea, sozializazioa dibergentea da. Alde batetik, gizarte pluralista batetan bizi gara, talde sozial desberdinak daude eta bakoitzak bere baloreak defendatzen ditu. Beste aldetik, hezkuntzan onartu egin da gizarte multikultural eta eleanitzaren dibertsitatea. Ondorioz, arragoaren eredutik eskilararen eredura igaro da hezkuntza.

Ez da harritzekoa aniztasun horren aurrean nahasketa eta zailtasunak topatzea irakasleok. Frantzian neska musulmandarren kasuan zalantza hori sortu zen. Emakumearen berdintasuna errespetatzen bazuten, neska horien jatorrizko kultura ez errespetatzeagatik salatuak izango ziren. Eta tradizio kulturalak mantentzea erabakiz gero, sexu desberdintasuna iraunarazteagatik.



Irakaskuntzaren jarduneko kontraesanen handitzea

Irakasleon arteko kontraesanak ugaritu egin dira eta eredu bat defendatzen duen edonor kontra dagoen beste batekin topatuko da. Arazoa areagotu egiten da irakasleak aukera garbi bat egin ez badu, hezitzaileak diren baloreak zeintzuk iruditzen zaizkion ez baldin badaki, zeintzuk bultzatu eta baztertu behar dituen ez baldin badaki. Hori definitua daukan irakasleak ere kritikak jasoko ditu, baina gutxienez defendatzeko eta argudiatzeko gai izango da.

Gainera, irakasleoi ikasleen adiskideak eta laguntzaileak izatea eskatzen zaigu, baina baita beraien ebaluatzaileak izatea ere. Alde batetik haurrei autonomia garatzen lagundu behar diegu. Eta bestetik, talde lanean jardun behar du bertako arauak errespetatuz. Beraz, hemen ere kontraesanak sortzen dira, eta horien erdian gaude gu. Gizarteak biharko haurrak hezitzea eskatzen digu, oraindik etorkizuna nolakoa izango den jakin gabe.



ezkuntza sistemarekiko espektatiben aldaketa

Elitearen irakaskuntza batetik masaren irakaskuntzara pasa gara. Ranjarden ustez, honen ondorioz hezkuntza dibertsifikatu eta malgutu egin da. Baina eliteko irakaskuntzan bezain emaitza onak ezin ditugu espero.

Lehen irakasle titulazioek status bat ematen zuten. Baina orain ez dute ezer ziurtatzen, aparteko ikastaroak eta ezagutzak bilatu behar dira (informatika, hizkuntzak...).



Gizarteak hezkuntza sistemarekiko zuen laguntzaren aldaketa

Aurrekoaren ildotik jarraituz, alde batetik gurasoek beraien haurrentzat espero zutena eskolak ez diela ematen ikusten dute. Eta bestetik, hezkuntzaren zabalpenak eta masifikazioak ez du berdintasunik ekarri. Ondorioz, hezkuntza etorkizun hobe baten promesa delako pentsamendua alde batera utzi da. Eta noski, porrot horren erantzukizuna irakasleoi leporatu zaigu.

Gauzak ondo baldin badoaz, gurasoek beraien haurrak ikasle onak direla pentsatzen dute. Baina gauzak okertzen baldin badira, orduan irakasle txarrak direla uste dute.



Irakaslearen balorazio sozialaren gutxitzea

Orain dela urte batzuk irakasleen jakituria eta bokazioa estimatzen ziren. Orain, ordea, Europa mendebaldeko lurralde guztietan maila bereko titulazioa duten beste profesionalak baino beherago kontsideratzen dira. Horregatik, ez da harritzekoa Frantzia, Alemania, Suedia eta Britania Handian irakasleak urrituz joatea.

Irakasleen soldata ez bada promozionatzen eta daukagun irudia ez bada hobetzen, hezkuntza erreformak porrot egingo du. Izan ere, irakasleen motibazioa oinarrizkoa da erreforma behar den bezala aurrera eramateko.



Curriculumetako edukien aldaketa

Ziur al gaude irakasten duguna ezin dela beste ezagutza hobeago batez ordezkatua izan? Curriculuma aldatu daiteke eta honek segurtasun eta konfindantza eza sorrarazten dizkigu. Curriculum aldaketa hauen aurrean prestatuta egon behar dugu ikastaroak eginez. Horrela desinformazioa eta segurtasun eza gaindituko ditugu.



Errekurtso materialen eskasia eta lan baldintza urriak

Gaur egun irakaskuntzaren kalitatea bermatzen duena irakaslearen borondatezko lana da. Azpiegitura arazoak, altzairu falta, gela egokirik eza... hauek guztiek irakaskuntzaren kalitatean eragina dute. Izan ere, gobernuek hezkuntzara bideratzen duten diru kopurua oso minimoa da: Grezian Barne Produktu Gordinaren %2,2a inbertitu zen 1987an, Estatu espainiarrean %3,3 eta Portugalen %4,2. Beste zenbait lurraldetan gehiago inbertitzen da: Suedian %7,6, Kanadan %7,4 eta Holandan %6,9 eta Arabia Saudin %10.

Lan egiteko inguruneak eragin handia du irakasleongan, eta zenbait gauza aldatzea ez dago gure esku: ordutegi arazoak, barne arauak, instituzioak edo ikuskapenak ezarritako aginduak, zentroko beste ekintzetarako denbora beharrak e.a. kalitateko hezkuntza bat eskaintzea mugatzen dute.



Irakasle-ikasle harremanen aldaketa

Bien arteko erlazioa ez da orekatua. Gaur egun, ikasleak edozein eraso fisiko, psikiko edo hitzezko salatu dezake. Bestalde, zentroetako egoera ere okertu egin da, eta askotan klaustroa ere ez da gai soluzio bat aurkitzeko. Derrigorrezko hezkuntzak ere gatazkak areagotu egin ditu. 16 urterarte ikastetxera joan beharrean aurkitzen dira. Eta derrigortasun horren ordezkari hurbilena irakaslea denez, denak bere aurka.

Irakasle lanaren zatiketa.

Klaseak emateaz gain, lan gehiagotaz arduratu behar izaten dugu: lan administratiboak, programazioa, ebaluaketa, erreziklapen ikastaroak, gurasoen bisitak, eskolaz kanpoko ekintzak, klaustroak, mintegiak, materialak zaindu, jolas-garaiak eta jangelak zaindu... Azkenean denbora falta izaten dugu eta askoz ere gehiago nekatzen gara.

Horrez gain, irakasleen lana zatitu egin da eta espezializazioa gero eta garrantzitsuagoa da. Baina arlo eta gai guztietarako espezialistak ez daude oraindik. Askotan, gainera, bete gabeko lanpostuak osatzeko arazo burokratikoak direla eta, irakasle batek gai bat baino gehiago irakatsi behar izaten ditu.



Irakasle lanaren etorkizuna

Geure etorkizunak ere ez dizkigu buruhauste gutxi sortzen. Gaur egun irakasleon lanpostuak ez daude erabat ziurtatuta. Eskola pribatuak, ikastetxearen egoera txarra baldin bada, lanpostuak mantentzeko gaitasunik ez du izango. Eta ikastetxe publikoan aurten betetako lanpostua, datorren ikasturtean desagertu egingo da beharbada. Beraz, lanean jarraitu ahal izateko ikastetxez aldatu beharra izaten dugu. Ezegonkortasun honek fustrazio eta etsipen handiak sorrarazten dizkigu. Geure geroak eskuetatik alde egiten digu eta etengabeko moldaketa bat eskatu.

Bestalde, hizkuntz arazoak ere bete-betean harrapatzen gaitu. Gizartearen eta irakasleriaren euskalduntzea ez doaz erritmo berean. Gizartearen eskakizunei erantzuteko adina irakasle euskaldun ez dago. Euskara dakiten irakasleak falta dira, eta hizkuntza menperatzen ez dutenak lekuz kanpo ikusten dute beraien burua. Hauen arteko fustrazioak eta kezkak ere izugarriak dira.



Aldaketen aurreko jarrera

Aipatu ditugun aldaketa guztien aurrean denok ez dugu berdin erreakzionatzen. Normalean lau jarrera sortzen dira:

1- Aldaketa onartzen dutenak.

2- Aldaketak sortzen dien estuasunari aurre egiteko gai ez direnak. Estuasun honek alde egin nahia sortzen du, inhibizioa eta errutina.

3- Aldaketaren aurrean kontraesanez betetzen direnak, eszeptikoak. Itxaropena eta zalantza agertzen dira aldi berean, onarpena eta desenkantua.

4- Aldaketari beldurra diotenak. Hauengan larritasuna nagusitzen da.



Jarrera hauek irakaslearen pertsonalitatean arazo psikologikoak sor ditzakete. Eguneroko lanetik ihes egiteko nahia eta lan hutsegiteak sortzen dira. Hurrengo tauletan EAEko irakasleen arteko lan hutsegiteen portzentaiak ikus daitezke (taula 1 eta 2).

Gaixotasun desberdinak direla eta sortzen diren lan hutsegiteen portzentaia ez da txantxetakoa. Urtetik urtera kopurua jeitsiz joan bada ere, ez da asko aldatu. Bigarren taulan ikus daitekenez, 92-93 ikasturtean guztira %31,74 irakaslek hartu zuten baja. 95-96an, berriz, %28,47ak, baina Gipuzkoa kontutan hartu gabe. Oinarrizko hezkuntzan portzentaia altuagoak daude, eta lanera joan gabeko egunak ere gehiago dira.

Lan hutsegite horien portzentaia aldatu egiten da hilabetearen arabera. Otsaila eta martxoan eman ziren kasurik gehienak Bizkaian 92-93 ikasturtean. Eta Araban gauza bera gertatu zen 94-95 ikasturtean (grafiko 1 eta 2).

Baina zeintzuk dira lan hutsegite hori eragiten duten gaixotasun nagusienak? Infekzioak eta parasitoak, batez ere. Otorrinolaringologiak ere nahigabe bat baino gehiago sortu zituen. Buruko arazoak ere irakasle askori eragin zien. Lanera joan gabe pasatako egun gehienak gaixotasun osteomuskularrengatik eman ziren: 30.158 egun orotara. (taula 3).





Elkarri entzunez berrindartu" laguntza taldeak

LASA, Arantxa

Irakasleoi, beste guztiei bezala, gaixotasun askok eragiten digute, aurreko tauletan frogatu ahal izan dugun bezala. Baina gu arazo psikologikoei begira jarri gara. Sendagilearengana joan, baja hartu eta botika bat hartuz desagertzen ez diren sintomak izaten ditugu gure barnean. Horrelako kasuetan zer egin dezakegun, aurrera nola jo dezakegu jakiteko, Arantxa Lasarekin hitz egin dugu.



"Irakasleon arteko arazo eta gaixotasun hauei aurre egiteko ez dugu sendagileengana joan beharrik" esanez hasi zaigu hizketan Arantxa Lasa. Amurrioko DBHko ikastetxean irakasle da Arantxa eta era berean, irakasleen arteko laguntza taldeetan dabil. Talde hauetaz aritu gara berarekin, hain zuzen ere. Irakasleon arazoak eta traumak elkarrekin hitzeginez eta entzunez konpontzeko aukera badagoela dio, sendagilearengana joan gabe eta dirurik gastatu gabe. Tailer hauek horretarako dira.

"Gorputzak sendatzeko gaitasuna duen bezalaxe, geure buruak ere badu gaitasun hori. Horretarako ez du medikamendu edo kanpoko ezer behar. Behar duena gure aldetik arreta eta kasu gehiago egitea da. Hori lortzen dugu gure saioetan". Arantxak aipatu digun ideia hau mundu osoan zehar zabalduta dago, eta hemen orain dela hiru-lau urte hasi ziren. Autoestima bajua, bakardadea... norberaren arazoak ez zirela konturatu ziren, gizarte honetan asko zabalduta zegoena baizik. Eta irakasleen artean ere bai. "Irakasleon portaera, jarrera, lan hutsegiteak eta sentimendu guztiek badute zerikusirik gaur egungo eskolaren funtzionamenduan". Hori dela eta, irakasleak laguntza taldeetan elkartzen hasi ziren arazoari irtenbideak bilatzeko denen artean.

Bilbon hamabostean behin irakasle talde bat elkartzen da. Zestoara, berriz, irakasle, ikasle, guraso zein gaiarekin interesa duen edonor hurbiltzen da astean behin. Eta hiru hilabetean behin Antzuolan egun osoko tailerretan biltzen dira guztiak. Baina zer egiten da bilera eta tailer horietan?

Irakasleak elkartu eta eskolan dituzten arazoez hitz egiten da. Partaide bakoitzak bere txanda izaten du bere pentsamendu eta sentimenduak adierazteko. Bitartean, besteek entzun egiten dute isilik, aztertu gabe, aholkurik eman gabe. "Erreflexio bat egin ondoren konturatzen gara irakasle lanak zer suposatzen digun pertsona bezala eta gizarte honetan hori nola baloratzen den. Gaur egun irakaslea ez dago batere baloratuta. Beti ordu gutxi egiten ditugula lan esaten zaigu. Baina ordu horietan jasaten dugun presioa ez da kontutan hartzen. Gela batetan 25-30 haurrekin egotea gogorra da. Ez da matematika irakastea soilik. 25-30 pertsona daude, bakoitza bere sentimendu, arazo, emozio eta momentu txarrekin... Nola irakatsiko diezu matematika bakoitzak berea kanporatu nahi badu?"

Haur horien sentimenduekin batera agertzen da irakaslea ere bere egoera eta sentimenduekin. Baina emozio horiek ez ditugu adierazten, ezkutatu egiten ditugu. Eta horiexek kanporatzea da laguntza talde hauen zeregina. Helburua asaskatzea da, emozioak ateratzen uztea: negarra, dardara, farra... "Sentimendu horiek kanporatu ondoren zer egin dezakegun pentsatzen dugu denon artean. Elkarrekiko konfindantza lortzen dugu eta horrek indarra ematen digu". Arazoak norberarentzat gorde beharrean ozenki adierazteak zama arintzen du. Laguntza taldeetan frustrazio guztiak aireratzeko aukera izaten da, ikuspuntu konstruktibistak aukeratzekoa, helburuak argitzekoa eta bizitzari ilusio berriak ematekoa.

Irakasle gehienen arazoak apatia eta estresa direla dio Arantxak. Hasieran irakasle eta pertsona guztion nahia gauzak ongi egitea baldin bada ere, umeekin ez da lortu nahi den guztia lortzen beti. Errealitatean kolpeak hartzen dira beti, zailtasunak daude guraso, administrazio, zuzendaritza... aldetik, laguntza falta, inok zugan siniste eza... Eta azkenean, hasierako ilusioak galdu eta orduak betetzera bultzatzen gaitu. Frustrazio horrek dakar apatia.

Tentsio iraunkorrak, bestalde, estresa sorrarazten du. Gaizki sentitzen gara eta azkenena gelatik alde egin beharra ere izaten dugu sarritan.

Hezkuntzaren Erreforman arazo hauek guztiak kontutan hartu behar dira, zeren hezkuntza sistemaren aldaketan irakasleen aldaketak eragin izugarria du. Irakasleok garen bezala agertu behar dugu eta besteak errespetatuz. Ireki egin behar dugu, sensibilizatu eta aldatu. Horrela egoera pedagogikoan erabateko konpromezua hartzeko gai izango gara.

Ikasleekiko erlazioa ere aldatu egingo da. Pertsona bezala hartu behar dira eta heziketa humanoago bat eman. Beraiekin ikasi ere egiten da eta hartu-emaneko heziketa bat landu behar da.



Talde honek antolatzen dituen tailerretan parte hartu nahi duenak jar dadila Arantxarekin harremanetan 945-399411 telefonora deituz.