Kronika

1996-12-01
 
 
5.000 Atxikimendu hezkuntzako langileen manifestuari
Azaroak 28an Bilboko Albia hotelean Euskal Presoen eskubideen alde oraingoz jasotako 5.000 atxikimenduak aurkeztu ziren.
Artzain Onean joan den abendutik herri ekimena antolatzen ari den gose-grebaren 36. txanda osatu zuten hezkuntzako 14 langilek plazaratutako manifestua ikastetxe eta sindikatu guztiei luzatu zitzaien "14tik 2.000ra zabaldu baietz" lelopean.
Gose-grebalarien aurrikuspen guztiak gainditu dira eta oraindik irekita dago kanpaina, datozen egunetan atxikimendu gehiago jasotzea espero dutelarik.
Prentsaurrekoan adierazi zutenez, "norbaitek sinadurak aztertzeko astia hartuko balu, ikusiko luke hezkuntza den ozeano zabal honetan mota guztietako arrainak daudela" jasotako sinaduren jatorriari aipamena eginez.
Baita ere azpimarratu zuten, kanpaina honetan zehar Euskal Herrian egun dauden bi errealitateak isladatzeko espazioa eta beharra garbi agertu dela.
Bildutako sinaduren kopia bana bidaliko diete Hego Euskal Herriko eta Nafarroako hezkuntza arduradunei, Nafarroa, EAE, Espainia, Frantzia eta Europako parlamentuei eta baita ere sindikatu eta hezkuntza alorreko aldizkariei.
Bide batez, ekimen hau nazioarteratzeko konpromezua hartu zuten, dagoeneko emanak dituztelarik zenbait urrats.
Amaitzeko, Artzain Oneko 36. txanda osatu zuten hezkuntzako langileek bere eskerrik beroenak luzatu nahi izan zizkieten manifestua sinatu duten eta datozen egunotan sinatuko duten guztiei.

Lanbide Heziketan arazoak
Iruñeko Salesianos zentroan iskanbilak handitu dira azkenaldian. Azaroaren bukaeran hasi eta abenduaren 19 arte 13 egunetan greba egingo dute bertako 31 irakaslek. Beraien eskaera zera da: lehen Foru Patronatuaren menpe zeudenean, bertatik soldataz gain jasotzen zuten gehigarria mantentzea. Zentroak, ordea, gehigarri hori kentzeko ahalmena duela uste du. Soldata gehiagarri hori mantentzeak eskolaren jarraipena arriskuan jarri bailezake.
Bien bitartean, 1.360 ikaslek komunikatu bat kaleratu zuten, zuzendaritza eta irakasleei, elkarrekin hitz egin eta arazoari irtenbidea bilatzeko eskaria luzatuz.
Irakurle gazteak suspertuz
Abenduaren 16 eta 17an Miarritzeko hirugarren literatura azoka burutu zen. Hiriko hiru liburudenden ekimenez antolatzen den azoka da.
Aurreko urteetan bezala, liburuak ikusi eta erakusteko aukera eskaintzeaz gain, mahai-inguru eta eztabaidetan parte hartzeko aukera ere izan zen.
Hauek guztiak, batik bat, gaztetxoen literatura aztergai zutela burutu ziren.
Bertan Euskal Herriko ordezkaritzaz gain beste herrialdetako ordezkaritzak ere izan ziren euren produktuak aurkezten.
Euskaraz argitaratutako materialen ordezkaritza Zabaltzenen esku egon zen.

KOMETA aldizkaria sortu berria da
Bi hilabetez behin KOMETA aldizkariak XIRRIXTAri jarraipena emango dio. Biak umeen adinei egokituak. Bata, Xirrixta, 4-8 urte bitartekoentzat prestatua eta bestea, Kometa, zortzi urtetik gorakoentzat.
Ipuinak, jolasak eta errezetak osatzen dute KOMETAren edukia. Irakurketa lantzeko ipuin luzetxoa da, lehenengo zenbakikoa 42 orrialde ditu esaterako. Ataletan banaturik dago, era honetan bakoitzak bere erritmoan irakur dezakelarik.
Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) 1992an sortu zuen Xirrixta aldizkaria. Bi urte beranduago Xirrixta Zaleak elkartearen esku utzi zuen ardura guztia. Iaz Letrazopa elkartea sortu zen eta egun elkarte bi hauek argitaratzen dituzte Xirrixta eta Kometa.

Ezina ekinez egina
Eguraldiari kasurik egin gabe, ekitaldiz betetako aste bateri amaiera emanez, azaroaren 17an ateak zabaldu zituen ofizialki Ikasberri ikastolak.
Azken hilabetetako nekeak alde batetara utzi eta harrotasunez erakutsi zuten eraikuntza berri eta dotorea bertara hurbildu zen jende ugariari.
Guraso eta ikasleen ttuntturro hots eta dantzen artean ugariak izan ziren Ikastolen Elkartetik Antonio Kanpos eta Hezkuntza Sailetik Eneko Oregik zuzendu zizkieten zoriontasun hitzak.
Ikastolako sarreran egun honen oroigarri eta igarotako neke eta egindako lanaren lekuko Euskal Herria irudikatzen duen burnizko egitura bat ipini zuten, honek haek guztiak gogorarazten dituen eraikuntzaren lehen harria eusten du. Goenatxok ipini zuen bertan. Kosta egin zitzaion harria jasotzea, ez baitzuen inoiz hainbeste ilusio eta asmo barneratzen zituen pisua jaso!