TEJEDOR, Alfonso:

1996-12-01
DBHren ezarpenaren barruan berrikuntza nabarienetako bat Teknologiaren ezarpena izan da. Arlo berria da, gutxi zabaldua. Baina hemendik aurrera ikasle guztiek ezagutu beharrekoa. Horretarako irakasleriak ere prestatu egin behar dugu. Nafarroan prestakuntza horren inguruan ibili da, eta dabil, Alfonso Tejedor, Hezkuntza Saileko aholkularia.
 
 
Nola gauzatu da Teknologiaren ezarpena?

Iaz DBHko lehen zikloan ezarri zen eta aurten 2. ziklokoko lehen kurtsoan. Ezarpena, oro har, prozesu bat izan da. Azken sei-zazpi urtetan prestatzen egon gara irakasleok. Prozesu honetan bi etapa egon dira: esperimentala eta gauzapena.

Etapa esperimentala lanbide heziketako zentroetan jarri zen, REM bezala ezagutzen duguna, alegia. Hornidura eta funtzionamendu aldetik egokitua zegoen. Eta irakasleriak ere prestakuntza sakona zuen. Astean lau orduz irakasten zen teknologia.



DBHn gauzak asko aldatu al dira etapa esperimentalarekiko?

Bai. Alde batetik ikasleen adina igo egin da. Bestetik, astean bi ordura murriztu da gai hau. Baina aldaketa txarrena irakasleen artean eman da. Plaza berriak sortu dira eta irakasle tituludunek bete dituzte lanpostu horiek. Baina irakasle berri horiek ez daude Teknologia emateko prestatuta. Honek izugarrizko eragina izango du gerora ere.

Honetaz guztiaz gain, institutuetan ere ezarri da teknologia. Eta zentro hauetan ez dago lanbide heziketan adinako sentsibilizaziorik gai honekiko.



Orduan, ez al da inolako prestaketarik egon irakasleriarentzat?

Bai, bai, ikastaroak egon dira. Teknologiarako "hurbilketa" ikastaroak egin ziren iaz. Bertan erreformaren zergatiak azaldu zitzaizkien irakasle berriei, teknologia zergatik agertzen den curriculumean sartuta eta zer nolako teknologia ari garen bultzatzen.

Azken orduan oinarrizko gauzak irakatsi zitzaizkien, gauza praktikoak. Izan ere, irakasleak tresnak erabiltzen ez baldin badaki, ikasleak beharbada ohartzen dira eta atzera jotzen dute.



Aurten beste ikastarorik antolatu al duzue?

Bai, didaktika ikastaro bat prestatu dugu. Ikasgelan sortzen diren zalantzak argitzeko asmoz planteatu da. Teoria alde batera utzi, eta praktikara zuzenduko da.



Liburu eta material aldetik, beste arloetan bezala, hutsune nabarmenarekin topatuko zineten.

Hala da. Iaz ez zegoen testu libururik. Tafalla eta Peralta inguruan nahiko material landua eta zehatza atera da, eta irakasleentzat interesgarria.

Baina material falta baino okerragoa izan zen teknologia departamentuaren falta. 94/95 ikasturtean zentroko nahiz esparruko proiektu curricularra planteatu zen, eta maila horietan dokumentu batzuk prestatu ziren. Baina, REMen izan ezik, beste zentro guztietan ez zegoen teknologia departamenturik. Niretzat hori hutsune nabarmena izan da ezarpen prozesuan.



Prozesu honetan zehar irakasleak aholkatzeko norbait egon al da?

Bai, hori izan da nire lana. Ezarpenaren garaian sartu nintzen ni eta orientazio pixkat emateko ikastaroak antolatzeari ekin nion. Lehen aipatutako 400 orduko ikastaroa prestatu nuen.



Azpiegitura aldetik, nola aurkitzen dira ikastetxeak teknologia irakasteko?

Sare publikoa hornidura aldetik nahiko ondo dago. Esfortzu handia egin da eta oinarrizko materiala eta tresneria zentro guztietara banatu da. Arazo larriena eguneroko gastuetan dago. Lanbide Heziketa eta REMekoak beharrezkoak diren gastu horiek egitera ohituta daude, baina institutuetakoak ez.

Bestalde, sare pribatua askoz okerrago ikusten dut. Batzuek ez dute minimoa den 100m2-tako tailerrik. Dena den, hori konponduko dela suposatzen da.



Teknologia ikasgai bezala harturik, zein filosofiarekin planifikatu da?

Teorikoki lehenengo ikasturtean proiektu itxiekin egingo da lan, eta hurrengo ikasturteetan aukerak zabaldu egingo zaizkie ikasleei. Bost helburu lortzen saiatu behar du: afektiboa, motorikoa, gizarteratzea, jakituria eta erlazioa. Teknologiak "kulturala" izan behar du, ez eskulan edo lanbide heziketaren osagarri edo zientzia laguntzaile.



Dena den, lan munduarekin harreman bat mantendu beharko da, ezta?

Bai, helburua ez da ikasgelan geratzea, gizartera ateratzea baizik. Adibidez, orain haur jolasak lantzen ari gara. Ikasleek aiton-amonek bere aisialdian zer egiten zuten ikertzen dute, zein tresna erabiltzen zuten... Antzinako infomazioa lortu eta gaur egungoarekin konparatzen da. Horrela izpiritu kritikoa sortzen zaie ikasleei.



D eredua zein egoeratan dago?

Gazteleraz material gutxi baldin bazegoen, euskaraz are eta gutxiago. Hiru-lau irakaslek prestatutako itzulpenak zeuden iaz. Aurten argitaletxe desberdinek materiala atera dute.

Dena den, libururik ez edukitzeak irakasleari askatasun bat ematen dio, eta hori ona da.