AVE MARIA ikastetxe publikoa, Errotxapea: Euskararen lehen urratsak erdal giroko eskoletan

1996-12-01
Errotxapeako Ave Maria Ikastetxe Publikoan D eredua ireki dute aurtengo ikasturtean. Gurasoen gogoak eta lanak emaitza eman dute, eta 17 haur hasi dira euskal lerroan. Iruñeko Alde Zaharreko San Francisco eskola publikoan, berriz, iaz ekin zioten lerro honi eta oso gustura daude.
 
 
Errotxapeako Ave Maria Ikastetxe Publikoan D eredua ireki dute aurtengo ikasturtean. Gurasoen gogoak eta lanak emaitza eman dute, eta 17 haur hasi dira euskal lerroan. Iruñeko Alde Zaharreko San Francisco eskola publikoan, berriz, iaz ekin zioten lerro honi eta oso gustura daude.



Errotxapeako Ave Maria Ikastetxean D eredua jartzeko ekimena gurasoek hasi zuten. Orain dela lau urte inguru, gobernuan UPN zegoelarik, hasi ziren asmo hau aurrera eramaten. Legearen arabera, gutxienez 20 ikasle behar dira euskal lerroa irekitzeko. 94-95 ikasturtean 15-17 haur bildu ziren, eta ezetza eman zion gobernuak.

Tripartitoa sartu zenean, ordea, gauzak aldatu egin ziren. Juanjo Ziganda gurasoak dioenez "San Franciscokoei ekainean irekitzeko aukera eman zitzaien, baina guri irailean. Ordurako, ordea, gurasoek beren haurrak beste ikastetxeetan matrikulatuta zeuzkaten". Hala ere, ez zuten etsi eta iazko azaroaren bukaera aldera 15 guraso elkartu ziren auzoan. Lehen eskaera egin ondoren, Hezkuntzara bidali zuten. "Ez zitzaigun erantzunik bidali" dio Juanjok "baina baikor geunden San Franciscon13 haurrekin ireki zutelako. Optimismo hori jendeari kutsatu genion".

Guraso hauek bi helburu zituzten: eskola publikoa eta euskalduna izatea. Biekin ados zegoen jendea elkartu ziren aurrera jotzeko. Eta azkenean... baietza eman ondoren, ikasturte honetan 17 haur matrikulatu dira D ereduan.

Irakaskuntza publikoaren zentzuari buruz hitz egiterakoan Udal Ikastolak eta gainontzeko ikastolek ere baldintza egokiak emanez Nafarroako Gobernuaren ikastetxe publikoak izan nahiko luketela aipatzen da. Honi jarraituz, Juanjok zera dio: "Auzoko batzuk nahiago dute bere haurrak ikastoletara bidaltzea, guk, aldiz, auzoan mantentzea aukeratu dugu. Badakigu gure umeekin hasi den andereñoak ez duela plaza finkorik eta zenbait irakaslek, funtzionaritza sistema dela medio, lanpostu hori hartzera etorriko direla. Hala ere, hau da guk egin dugun apostua".

Oraingoz bi urteko 17 haur dira Ave Maria Ikastetxe Publikoan euskaraz ari direnak. Euskal lerroak Lehen Hezkuntzara arte jarraipena izango du. "Baina legeak hori dioen arren, errealitatean gauzak beste era batera egiten dira. Erdal ereduan inor matrikulatzen ez bada, eskolan euskara hutsa egiten ez digute utziko" erran digu Juanjok.

Baina oraingoz, oso kontent daude. "Hasieran APYMA guraso elkartearekin arazoak izan genituen, ez baitzuten euskal lerrorik onartzen. Zuzendaria ere nahiko beldur zen, baina legea ondo ezagutzen genuela ikusita, kokildu egin zen eta ez zen gure kontra jarri aurreko urteetan bezala". Jantokiko begiraleak ere erdaraz zein euskaraz jakitea eskatu zuten, eta inolako trabarik gabe onartu zitzaien.



San Franciscoko urtebeteko esperientzia

Iruñeko Alde Zaharreko eskola publiko honetan iaz ireki zen D eredua 13 haurrekin. Aurten, bestalde, 30 haur izan dira euskal lerroan matrikulatu direnak. Horrela, euskarazko bi gela osatu dira.

Guztira euskarako hiru irakasle daude eta horietako bat da Belen Marko. Berak esan digunez "Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzaren artean 70 haur inguru daude eskola osoan. Horietatik 43 euskal adarreko Haur Hezkuntzan daude. Beraz, erdia baino gehiago osatzen dugu". Aurten euskal adarrean 30 haur matrikulatu diren heinean, erdal adarrekoak hiru izan dira. Gauzek horrela jarraitzen badute, hemendik urte batzuetara G (erdara) ereduan ez dela inor ere matrikulatuko uste du Belenek.

Euskal eta erdal lerroak batera bizi izan duten esperientziaz galdetu ostean, elkarrekin harreman gutxi dutela esan digu Belenek. "Hasieran beldur ziren, ez zekiten nola funtzionatuko zuen eta ez zuten erraztasun handirik eman. Iazko ikasturtean beraiek bezala funtzionatzen dugula ikusteko aukera izan zuten, nahiz eta beste helburu batzuk izan".

Helburu desberdinak eta lehentasunak ere bai. Erdal adarrekoek elkarbizitzari ematen diote lehentasuna, eta euskal lerrokoek hizkuntz ereduari. Hori dela eta, zenbait liskar sortu ziren beraien artean. Adibidez, jolas garaia ordu berean ala desberdinetan egin. Azkenean bakoitzak ordu desberdinetan egitea erabaki zuten.

Funtzionamendua ez dute guztiz berdina eta harreman gutxi dute beraien artean. "Lehendik dauden irakasleak nahiko itxiak dira. Euskaldunen azpian zerbait gehiago dagoela uste dute. Baina, liskar guztien gainetik, elkar errespetatzen dugu".

Dena dela, zentroan bere lekua egin nahian diraute. Gobernuak diru kopuru bat ematen dio zentroari lerro berri bat irekitzeagatik. Zentroa zentralizatuta dagoela dio Belenek, eta kontuz ibili behar dutela beraiei dagokien diru hori beste zerbaitetan gasta ez dezaten.